Emakumeak borrokan

Ala bazan edo ez bazanů Urumean behera jaisten zan

  • Txotx denboraldia abiatu berri dela aitzakia hartuta, Astigarragako Petritegi eta Lizeaga sagardotegiek martxan jarri duten ekimena ekarri dugu orriotara: hainbat mende egin dute atzera, sagardoak historian izan duen lekua ezagutarazteko.

Itsaso Zubiria Etxeberria @itsasozubiria
2015eko urtarrilaren 18a
Antzina, ala izeneko ontzietan garraiatzen zuten sagardoa, Astigarragatik Donostiara, Urumean behera. Ala berreraiki dute (goiko ezkerreko irudian) eta Pasaiarako bidea egin dute, sagardo barrikak barruan (beheko argazkietan). 2016an, duela mende batzueta
Antzina, ala izeneko ontzietan garraiatzen zuten sagardoa, Astigarragatik Donostiara, Urumean behera. Ala berreraiki dute (goiko ezkerreko irudian) eta Pasaiarako bidea egin dute, sagardo barrikak barruan (beheko argazkietan). 2016an, duela mende batzuetako ohitura errepikatuko dute (irakurri hurrengo orriko koadroa).

Petritegik eta Lizeagak XV eta XVI. mendeetara egin dute bidaia, baserri-dolare bien jatorriaren bila, hasiera batean familiako arbasoen bizimodua ezagutu asmoz, eta Urumea ibaiak izandako garrantziarekin egin dute topo. Ur korronteak lotzen ditu Astigarraga eta Donostia, eta bi herrien arteko harreman sareen aztarnak aurkitu dituzte artxiboetan (gehienbat salerosketei buruzko idatzietan). Donostiako aberatsek bazuten interesik sagarrondoen lurretan, sagardoak bai baitzeukan merkatuan bezerorik. Zenbait jauntxok Astigarragako baserri-dolareak erosi zituen, bertan urtean zehar lan egingo zuten maizterrak sartu eta emaitzak poltsikoratzeko. Eta bigarren zati horretan rol esanguratsua zuen Urumeak, ibaian barrena garraiatzen baitzuten sagardoa barrikatan; eta noski, sagardoa bezala beste hainbat gai.

Zer da Donostia, Urumea gabe?

Teoria batek zalantzan jartzen du Donostia den moduko merkataritza hiria izatera iritsiko ote zen Urumea bezalako salerosketa eta garraio ibairik izan ez balu. Diote, mugimendu horiek izugarrizko bultzada eman ziotela hiriaren garapenari, eta beraz, hori gabe agian gauzak beste modu batera bideratuko zirela. Zaila da ziurtasunez jakitea hiriaren bidea bestelakoa izango zenentz, baina Urumearekin zer izan den ezagutzeko behintzat iraganeko aztarnak badaude; eta ibaian ibiltzen zen mugimenduarekin merkatu handia ireki zitzaion Donostiari eta donostiarrei.

Sagardoa Ternuaraino

XVI. mendean Ternuarainoko bidaiak egiten zituzten euskal arrantzaleek eskorbutoaren kontrako edari gisa erabiltzen zuten sagardoa. Astigarraga inguruetan baserri-dolareak erosita zeuzkaten Donostiako jauntxoek bazuten itsas-bidaia horien berri, eta negozioa ere usainduko zuten. Hilabeteak pasatzen zituzten arrantzaleek lurrik zapaldu gabe, eta sagardoa zen ontzietan bizirauteko eramaten zuten elementuetako bat. Egarria asetzeaz gain, infekzioak eta gaixotasunak ekiditeko aproposa zen edaria.

Pasaiatik abiatzen ziren itsasontziak Ternuarantz. Hala, lehen Donostiaraino Urumea ibaian behera garraiatutako sagardoa Pasaiako portura bideratzen zuten. Litro ugari sartzen zuten itsasontzietan, eta behar horiei denei erantzuteak sagardoaren produkzio eta merkaturatze handia eskatzen zuen. Produktuak uretan barrena garraiatzen bazituzten, logikak agintzen du egongo zirela karga eta deskargarako portu txikiak ibaian zehar.

Artxiboetan aurkitutako informazioaren arabera, bai Lizeaga eta bai Petritegi sagardotegiei buruzko lehen datuak XVI. mendekoak dira. Ordurako, idatzietan Donostiako jauntxoak ageri dira Petritegiren eta Gartziategi baserri-dolarearen (gaur egungo Lizeaga sagardotegia dagoen baserriaren) jabe. Bi nagusiren eskuetan zeuden: batetik Petritegiko nagusia, Pedro Martinez de Igeldo, eta bestetik Lizeagakoa, Juan Sanchez de Araitz.

Albaola Fundazioaren kolaborazioa

Albaola Itsas Ondarearen Fundazioa da, eta euskal uren, itsasoaren eta itsasgintzaren historia aztertzea du helburu. Sagardoaren bueltan hasi zen proiektu honek, baina, Urumea ibaiaren merkatari mugimenduarekin eta itsas munduarekin badu lotura, zeharkakoa edo zuzena. Hala, egitasmoan urei dagozkien atalak Albaola Fundazioa bera ari da bideratzen. Urumea bazterretan egon ziren portuen inguruko informazioa biltzen dihardute, esaterako, eta bat berreraikitzeko asmotan dira. Astigarragaren eta Ergobiaren artean lau portu egongo ziren susmoa dago: Arbizu Portu (Aiozategi bezala ere agertzen da idatziren batean), Ergobia, Murgia eta Gartziategi. Azken hau, izenak iradokitzen duenez, gaurko Lizeaga sagardotegiaren (Gartziategi baserriaren) paretsuan egongo zen, eta horixe izango da berreraikiko duten portua. Bertan ala (egurrezko ontzia) sagardoz bete eta Donostiaraino jaisteko asmoa dute, garai batean egingo zuten bezala.

Astigarragan ere geratzen zen sagardorik

Sagardo guztia, dena den, ez zuten Donostiako aberatsek eramaten. Urteko uztaren zati bat –badirudi zati horren kopurua jauntxoak berak erabakitzen zuela– baserri-dolarean geratzen zen, ez ordea gaur egun txotx denboraldian kupela irekitzen den gisan irekitzeko. Era antolatuan zabaltzen ziren sagardotegiak, bata bestearen atzetik. Herrian hainbeste baserri-dolare bazeuden, zozketaz erabakitzen zen bakoitza irekitzeko txanda; eta dolare bakoitzeko sagardoa bukatu ahala zabaltzen zen hurrengoa. Guztietako sagardoa edango zela ziurtatzen zuten horrela. Herritarrentzako irekita egoten ziren, baina jendea ez zen, gerora ohitura bilakatu den moduan, bertara jatera joaten. Pitxarretan saltzen zen zukua.

Sagardotegi batetik besterako desberdintasuna nagusien edo jauntxoen esku zegoen, haiek erabakitzen baitzuten dolarean maizterrarentzat zenbat sagardo utzi nahi zuten. Sagardotegi bakoitzean sagar-zuku kopuru ezberdina egoten zen, baina ez uztaren edo produkzioaren arabera, nagusien eskuzabaltasunaren arabera baizik.

1765ean lege aldaketa

Zozketaz sagardotegiak banatu eta merkatua erregulatzen zuen legea 1765ean aldatu zuten. Hortik aurrera, herritarrek edo erosleek ez zeukaten ordena jakin bat errespetatu beharrik, eta sagardotegiek eskaintza zabaltzen hasi ziren, kazuelatxoak kasu. Segur aski, inflexio puntua izan zen momentu hori baserri-dolareen eta sagardoaren bidean, eta gune hauetara aisialdian gerturatzen hasiko zen jendea.

Alaren jaitsiera Urumean barrena

Sagardoa barrikatan, orain mende batzuk arbasoek egiten zuten moduan, alan jaisteko asmoa dute Urumean behera, Astigarragatik Donostiara. Baina 2016an izango da hori, Donostia kulturaren hiriburu izendatuko dutela aprobetxatuz. Asteburu osoko plangintza dute buruan antolatzaileek, eta lanak hasiak dira dagoeneko. Egitarauan hizki handiz, Alaren jaitsiera Urumean barrena. Horretarako, ontzia bera, garai batean izango zenaren modukoa, berreraikita dago; portua falta, ordea. Mende batzuk lehenago gaur egungo Lizeaga sagardotegiaren parean-edo zegoen Gartziategi portua berregiteko asmoa dute, Albaola Itsas Ondarearen Fundazioak lagunduta. Bertan beteko dute ala, sagardoz betetako barrikaz, Donostiara abiatu aurretik.

Baina ekitaldia probestuz, Astigarragako hainbat eragileri asteburuan parte hartzeko ateak zabaldu dizkiete; bi sagardotegiren historia txikia oinarri, herri oso baten ibilbidea dela azpimarratu baitute antolatzaileek. Talde eta herritar guztientzat egin nahi dute txokoa, bakoitzak bere alea jarri eta guztien artean egitarau osatuagoa lantzeko.
 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Sagardo denboraldia

Sagardo denboraldia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude