Migrazioak eraikitako nortasun berriak

  • Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak landutako datuek diote EAEn bizi diren Afrika Beltzeko gizonen kopuruak emakumeena bikoizten duela 2002az geroztik. Datu hutsez harago, gutxiengo horren eguneroko errealitatea eta migrazioak eurengan utzi duen arrastoa ezagutu nahi izan dugu.

Euskal Herrira migratu duten emakume afrikarrek, eguneroko zailtasunen gainetik, atsegin dute elkarri laguntzeko eta ongi pasatzeko batzea.
Euskal Herrira migratu duten emakume afrikarrek, eguneroko zailtasunen gainetik, atsegin dute elkarri laguntzeko eta ongi pasatzeko batzea.Iure Eizagirre

Jeanne Rolande Dacougnak hurbiletik bizi du emakume afrikar beltzen egoera, senegaldarra eta kultura arteko bitartekaria delako, besteak beste. Berdintasun eta genero arloko ikasketa espezializatuen amaierako lanean, migrazioak EAEko emakume afrikarrengan eragiten dituen aldaketez hausnartu du. “Pertsonak euren kultura egokitzen doaz, bakoitzak berea dakar jatorritik, baina beste herrialde batera heltzean kultura hori ulertzeko modua eta balioak egokitu behar dira. Aztertutako emakumeen kasuan, aldaketok izaera berrien eraikuntza ekarri dute, balio berriak hartu eta lehendik zituzten batzuk alde batera utzi dituztelako. Hangoa eta hemengoa hartuta, nortasun transnazionala eraiki dute eta horrek ahalduntze prozesua eragin du emakumeengan”.

Afrika Beltzeko hainbat herrialdetako zortzi emakume elkarrizketatu ditu Dacougnak eta ondorioztatu du aldaketak kosta egiten direla, hemengo bizimodura egokitzea kostatzen den adina. Migratzen duten emakume gehienek familia berriz elkartzeko egiten dute, hau da, senarra etortzen da lehenbizi eta emaztea ondoren. “Orokorrean, hau nolakoa den ikusi nahi dute. Gustura daude etorri izanaz, baina hemengo bizimodua gogorra egiten zaie hasieran, gero egokitzen doaz”. Batzuentzat, hango girotik ihes egiteko modua ere bada migratzea: “Ezkondutakoan, asko senarraren gurasoen etxera joaten dira bizitzera eta amaginarrebak agintzen die zer egin behar duten, ez dute mugitzeko askatasunik. Ondorioz, hona ekartzeko eskatzen diete senarrei”.

Irabazi adina galdu duenik bada, senarrak ekindako bideari jarraitzeagatik, jatorrizko herrialdeetan egindako goi mailako ikasketekin bat zetozen lana eta goi-erdi mailako estatusa utzi behar izan baitu hainbatek. Horietako batek honakoa adierazi zion Dacougnari: “Gustatuko litzaidake Afrikan bizitzen jarraitzea. Ez dut esan nahi ezer irabazi ez dudanik, baina balantzea eginez, hona etorrita asko galdu dudala uste dut. Han lanean egongo nintzateke, postu finkoa nuelako, ikasi eta gustuko nuen horretan”. Hala mintzo da beste bat: “Hemen bizitza oso gogorra da, oso zaila da aurrera egitea. Mailaz jaitsi naiz, han diplomatura atera eta horretan ari nintzelako lanean. Baina hemen ez da gauza bera, hemen aukera duzun horretan egiten duzu lan”. Lan arlotik begiratuta, Senegalen bere burua gehiago baloratzen zuela aitortzen du elkarrizketatuak.

Galdutako ikasketak

Jatorrizko herrialdean ikasketak eginda, gurean lana errazago aurkituko dutela uste dute, baina hizkuntzak batetik eta ikasketak balioztatzeak bestetik, egitekoa zailtzen dute. Balioztatzea oso prozesu luzea eta garestia dela, eta gehienetan gaitasun-proba eginarazten dietela argitu du Dacougnak. “Drama bat da, oso ongi prestatutako jendea da, baina hemen egoera kaskarrean daude eta ez dute titulua balioztatzeko ikasten hasteko indarrik. Eta hori gabe, ikasketarik ez bazenu bezala da, ezin dute lanik egin ikasitako horretan; ikasketa gutxi dituen migratzailearen estereotipoa sortzen du horrek”. Dena den, aitortu du gurera unibertsitate ikasketadun emakume gutxi heltzen direla, kolonizazioen ondorioz harreman gehiago dutelako Frantzia edo Erresuma Batuarekin, eta hara edo Ipar Amerikara joan ohi direla.

Fatima Ndiaye senegaldarra batxilergoa eginda etorri zen Bilbora, 18 urterekin unibertsitate ikasketak egitera. Gauzak uste baino motelago joan ziren, ordea: “Ez nekien sistemak nola funtzionatzen zuen hemen, beste herrialde batetik bazatoz lehenbizi selektibitatea egin behar da. Horrek urteak galarazi zizkidan. Administraritza eta Finantzak Heziketa Zikloa egin behar izan nuen eta Senegalen ikasten hasia nintzen gaztelania hobetzen lagundu zidan”. Oraindik ez ditu unibertsitate ikasketak amaitu, baina bukatzean master bat egiteko asmoa du.

Zenbaitek, paperik ez izateagatik bidean galdu ditu ikasketak: “Biziraun behar baduzu ikasketak alde batera uzten dituzu”. Ikasketa “faltaren” ondorioz, kualifikazio gabeko lanpostuetan aritzen dira Afrika Beltzeko emakumeak eta sarri arrazakeria pairatzen dute.  Etxeetan lan egiteko, esaterako, estereotipoak nagusitu dira: emakume beltzak ez direla hain maitekorrak, ezin dituztela pertsonak ongi zaindu, eta basatiagoak eta menderakaitzak direla, ez dituztelako etxe batzuetako lan baldintzak onartzen.  Ondorioz, merkataritzan, azoketan, egiten dute lan askok; hondartzetan, txirikordak egiten, beste batzuek; kontserba-industrian kostaldean bizi direnek; garbiketan eta ez jendaurrean, ostalaritzan dihardutenek…

Bikote harreman berrituak

Emakume beltzen migrazioak aldaketak eragin ditu harremanetan: bikotea berdinen arteko hartu-emanean oinarritu behar dela aldarrikatzen dute. Afrikan, adibidez, gizonek orokorrean ez dute etxeko lanik egiten eta hemengoek gero eta gehiago egiten dituztela ikusita, etxeko zereginetan parte hartzeko eskatzen diete senarrei, ingurune berri batean daudela argudiatuz. Gizon asko pausoa ematen ari dira, baina emakumeek hain barneratuta dutenez horiek beraien lanak direla, kosta egiten zaie eskatzea. “Emakume eta gizonarenak diren eremuen mugak mugiarazteagatik errudun sentitzen dira”, dio Dacougnak. Bestalde, bikotekideen arteko elkarrizketa eta euren arteko eta seme-alabenganako maitasun adierazpen publikoak txertatu nahi dituzte egunerokoan.

Afrikan ere ari dira aldaketak ematen. Dacougnak dioenez, emakumeak hezkuntzarako aukera gehiago izateak eta unibertsitatera joateak harremanak izateko, pentsatzeko eta nork bere burua hautemateko modua aldatu du. Autonomia ekonomiko handiagoa izateak aldaketak eragin ditu gazte hiritarren artean.

Ndiaye belaunaldi berri horretako kide da, Dakarren jaio eta hezia. Afrikan emakumeak duen lekuaren inguruan galdera ugari erantzun eta estereotipo askori aurre egin behar izan dio hemen, baina aipatu du bere haurtzaroa eta nerabezaroa ez direla izan Euskal Herriko lagunek izandakoarekiko hain ezberdinak. “Dakar hiriburua da eta han beste bizimodu bat dago, nekazaritza inguruekin alderatuta; landa eremuan emakume batzuk ez dira eskolara joaten, gehienak etxeko lanetan aritzen dira, garapen eta baliabide gutxiago dutelako”.

Atzean uzteko ohiturak

Afrika Beltzeko emakumeek migrazioarekin atzean utzitako ohituren artean dago genitalen mutilazioa, eta horren kontrako borrokari ere ekin diote. “Badakite hori emakumeen giza eskubideen aurkakoa dela eta inolaz ere ez dute nahi beraien umeek hori pairatzerik”, azaldu du Dacougnak.

Herrialde afrikarretan erabat sustraitua dagoen poligamiaren kontra ere ari dira, gazteak bereziki. Kasu honetan, poliginia da zehazki, hots, senarrak emazte bat baino gehiago izatea. Herrialde ugaritan legezkoa da ezkontza eredu hori, baina kultura arteko bitartekariak dioenez, emakume gazteek euren senarrei argi uzten diete ezkontza monogamoa ez bada, ez direla ezkonduko, ezkongabe izateko arriskua bere gain hartuz. “Emakumeek planto egiten dutenez, sarri monogamia sinatzen du bikoteak, baina gero gizona beste emakume batekin ezkontzen da erritu tradizionalen bitartez”. Dacougnak elkarrizketatutako emakume gehienak (zortzitik zazpi) poliginiaren aurka daude. “Nire ustez, familia desegitea eta umeak bakarrik uztea eragiten duen arrazoi nagusietakoa poligamia da. Ume asko sistematik kanpo geratzen dira, amak haurra mantentzeko ahal duena egin arren aitak hilabete hemen, beste bat han eta hirugarrena beste nonbait pasatzen badu, ezin duelako. Gainera, hiesa eta bestelako gaixotasunak oso zabalduta daude Afrikan eta ama hilez gero, seme-alabak noraezean geratzen dira, batzuk amonarekin, besteak izebarekin, amatzakoarekin…”. Elkarrizketatu bakarrak defendatu du poligamia, etxean bizi izan duela, Senegalen emakumeen kopurua gizonena baino handiagoa dela, eta norbera ezkondu eta besteei horretarako aukerarik ez ematea berekoia dela argudiatuta.

Gurean poligamia ez da legezkoa, eta ondorioz, gizonezkoek ezezkoa jasotzen dute poligamia aipatuz gero. Beste irtenbide batzuk bilatu behar izaten dituzte: monogamoa dela dioen beste ezkontza ziurtagiri bat atera eta emazteetako bat –gehienetan gazteena– etortzen da emazte ofizial gisa; besteak jatorrizko herrialdean geratu, txandatu edo turista bisarekin etortzen dira. Azken horiek agiririk gabeko migratzaile bihurtzen dira.

Emakume ezkondua izateak duen balioa da poligamiaren arrazoietako bat. “Senegalen gaur egun emakumeak independenteagoak eta langileak izan arren, dagoeneko gogorarazten ari zaizkit 24 urte ditudala eta ez nagoela ezkonduta. Inguruko denak ezkontzan pentsatzen ikusten ditut eta ni, aldiz, ez. Presio sozial handiagoa dago, ez familiarena bakarrik, gizartea duzu egiten duzunari begira”, dio Ndiayek.

Amatasuna emetasun

Dacougnaren esanetan, seme-alabak izateak balioztatzen du ezkontza, baina emakume beltzentzat esanahi gehiago ditu amatasunak:  “Emetasunaren oinarria da, emetasuna amatasunaren bitartez finkatzen da”. Afrikan baliorik handiena duen gauzetako bat da eta zenbat eta ume gehiago izan, orduan eta estatus hobea izango dute emakumeek. Inguru berrira egokitu beharrak, umeekin laguntzeko sare murritzagoa izateak eta bizi-baldintza ezegonkorrak ume gutxiago edukitzera behartu dituzte emakumeok Euskal Herrian. Hala ere, hainbeste haur diru-laguntzengatik izaten dituztela entzun beharrak haserretu egiten du Dacougna: “Emakumeok ezjakin, kulturagabeko eta senarren meneko irudikatzeko sortu duten estereotipoa da eta ez du zerikusirik”.

Hemen hezitako seme-alabak sarri afrikarrak dira, jendearentzat. “Euskal gizarteak horretaz gogoetatu eta onartu behar du hemen dauden haur beltzak euskaldunak direla, hemen jaio direla, hau bakarrik ezagutzen dutela. Afrikarrak direla esaten diete eta neurri txiki batean badira, baina hemen sozializatu dituzte”, dio Dacougnak. Gure gizartean, aniztasunaren aldeko lan asko egin behar dela uste du kultura arteko bitartekariak.

Beldurra da emakume beltzen migrazio prozesuari estuki lotutako sentsazioa. Gehienek euren jaioterrira itzultzeko asmoa dute, Ndiayek, adibidez, ikasketak amaitzean Dakarrera itzuli nahi du, baina egonezin apur bat sentitzen du: “Oso gazte atera nintzen handik, bakarrik bizi naiz, oso pertsona independentea naiz, nire buruaren jabe, eta itzultzea zaila da, pentsamoldea aldatu ez arren, gauza asko ezberdin ikusten dituzulako. Gizartera egokituko al naiz? Beldur zara”. Ausardiarik ez zaie falta, ordea, eta senegaldar gazteak argi du: “Bizitzan, probatzea da kontua”.
 

Laguntza eta askatasuna, taldean

Afrikako emakumeek elkartzeko ohitura dute. Taldeak dituzte Donostian, Ondarroan eta Bilbon, adibidez. Jeanne Rolande Dacougna Donostiako taldean dabil eta, besteak beste, beraien ekonomia hobetzeko  sarea eratua dute, Afrikatik ekarritako Tontine elkartasun bankuarekin. Kide bakoitzak diru kopuru bat jartzen du, euretako batek beharrezko duen proiektua garatu dezan, semea edo alaba atzerrira ikastera bidaltzea, esaterako. Bermerik ez dutela argudiatuz, bankuek emakumeei dirurik ez dietelako uzten garatu dute estrategia hori Afrikan, eta hemen ere lagungarri zaie. Ekonomiaz gain, familia-plangintzaz eta heziketa sexualaz zein diskriminazioaren aurkako estrategiez hitz egiten dute taldeetan, askatasunez. Jendaurrean ere, Afrikaren bestelako irudia erakutsi nahi duten emakumeak dira. “Urte askoan gerraz, borrokaz, gaixotasunez eta pobreziaz betetako Afrika erakutsi dute hedabideek. Errealitate hori badago, baina ondoan bizirauten duen eta aurrera egin nahi duen jendea dago. Afrikaren irudi positiboa erakusteko garaia dela uste dut eta afrikarroi dagokigu hori egitea”, iritzi dio Fatima Ndiaye senegaldar gazteak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


Eguneraketa berriak daude