Kartzelako angelu itsuak

  • Hemen naiz, ez gelditzeko baina: Markel Ormazabal.

    Txalaparta, 2014

Itzalpean, “bergizarteratze prozesu” izendatzen dutenaren muin-muinean bere bizitzaren zati bat pasa duenaren larruan jarriko zaitu Markel Ormazabalek, idatzi berri Hemen naiz, ez gelditzeko baina kartzela-kronikan. Kartografo paperean jarri eta lau hormen artera bidaia egingo duzu, pareta gurutzatu bezain laster izena zenbakiz trukatuko dioten gatibuarekin kartzelaren angelu itsuak ezagutuz.

Lisabö taldearen kantuarekin eman dio sarrera egileak, musikarekin dantzan irakurri beharrekoa den testuari, eta liburu osoan zehar egingo dizkizu kantuen aipamenak, gaiarekin jolasean. Bizipen pertsonaletik abiatuta, gure herri honetako seme-alaba gehiegik ezagutzen duten errealitatea dizu islatuko: barrote eta kartzeleroen artetik segundo gutxiz bada ere ihes egiteko nahia, pertsona desintegratzeko instituzio horretatik ateratzeko gogoa.

Egileak ezagutaraziko dizkizu leihoari so pasa daitezkeen orduen gordina, lau paretaren artean egotearen gogorra, burdinazko hesi igaroezinez inguratuta eta beti buruan kanpokoekin egon nahi eta ezinaren samina… Baina aldi berean erakutsiko dizu txikitik, egunerokoan horren guztiaren kontra egiteak dakarren duintasuna eta norbanakoaren zein kolektiboaren izena eta izana apurka mantentzeak pizten duen argia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gomendioak
Eguneraketa berriak daude