Chiapasko indigenek Marcos gabeko aro berriari ekin diote

  • “EZLN ez da mintzatuko gehiago nire ahotik” esanaz amaitu zuen hitzaldia Marcos azpikomandanteak maiatzaren 24an mila indio zapatista eta beste hainbeste kanpotarren aurrean.  Bere izarra itzali aurretik, Marcosek azaldu zituen Mexikoko Chiapasen burutzen den azken urteotako matxinada berezi eta arrakastatsuenaren ezaugarri nagusiak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2014ko ekainaren 15a
El blog de GIAPetik hartutako argazkian,  Marcos agur militarra egiten maiatzaren 24an, Chiapaseko La Realidad herrian. Lidergoaz esan zuen:
El blog de GIAPetik hartutako argazkian, Marcos agur militarra egiten maiatzaren 24an, Chiapaseko La Realidad herrian. Lidergoaz esan zuen: "Gure ideian eta praktikan, oldartu eta borroka egiteko ez dago ez lider, ez kaudillo, ez mesias eta ez salbatzaile beharrik. Borroka egiteko lotsa pittin bat, duintasun puska bat eta antolaketa handia besterik ez da behar. Gainerakoa, edo taldearen mesederako da edo ez du balio". Eta mendeku nahiaz: "Xuxurlaka deitoratzen ditugu injustuki erori direnen heriotzak. Horrela entzun baititzakegu beste batzuen oinazeak, gure egin besteren amorrua eta horrela jarraitu hori guztiarekin garrasia osatu eta borroka askatzailea bilatzeko bide luze, zail eta neketsua egiteko. (...) Justizia txikiak mendekuaren antza handia du. Justizia txikiak inpunitatea banatzen du, zeren errudun bakarra zigortzean gainerakoak absolbitzen baititu".

Egiaz Rafael Sebastián Guillen baldin bada Subcomandante Marcos pipadunak ezkutatzen duen gizona, 1957an Tamaulipasen sortutako intelektuala, 57 urte ekainaren 19an beteko ditu Lacandona oihaneko zokoren batean. Baina maiatzaren 24an mundu guztiari aitortu zion Marcosen espektakulu hori dena amarrua izan dela: Mexikoko gobernuak bezala hedabide nagusiek irudi bat nahi zutenez, horiei lana errazteko zapatistek ondua.

Interneten eskura dagoen “Entre La Luz y La Sombra. Ultimas palabras de Subcomandante Marcos antes de dejar de existir” hitzaldian dio pasarte batean: “Marcos maitatu edo gorrotatu dutenek jakin bezate holograma bat dutela maitatu edo gorrotatu. (...) Jaio eta hazi nintzen herrian ez da etxe-museorik izanen, ez metalezko plakarik. Inor ez da biziko Marcos azpikomandante izanaren kontura. Ez dira heredatuko ez bere kargua ez bere izena. Atzerrian hitzaldi karurik ez. Luxuzko ospitaleetan artatzerik ez. Ez alargunik, ez herederorik. Ez hiletarik, ohorerik, estatuarik, museorik, saririk, gizabanakoa gurtuz taldea mesprexatzeko sistemak egiten duten horretatik deus ez. Sortu egin zuten pertsonaia eta orain sortzaileek, emakume eta gizon zapatistok, suntsitu egin dugu”.

Maiatzaren 24ko elkarretaratzea EZLNk deitu zuen justu egun batzuk lehenago bilkura batetik etxerakoan Las Margaritas herrian hil zuten José Luis Solís López Subcomandante Galeano matxinoaren omenez. Idazle ezkertiar famatuaren izena bere egin zuen Galeano maisu gaztea  Acción Nacional eta Verde Ecologista (sic) alderdietako kideek hil zuten. Mexikoko Gobernuaren eta lekuko lurjabe handien morroi paramilitarrak dira hiltzaileak, prentsak zabaldu duenez.

Bilkura Marcosek baliatu zuen munduari adierazteko hemendik aurrera Moises azpikomandantea ariko dela EZLNren bozeramaile. Zapatista historikoa, 1983tik dabil gerrillan sarturik, 1994an burututako eraso famatuan Marcos eta Pedro azpikomandanteen –azken hau gudu hartan hila– alboan ari zen   eta geroztik sarritan bera eduki dute solaskide mundu osotik Chiapaseko iraultza txikia ezagutzera hurbilduek. Maia kulturako tzeltal etniakoa omen da.

Moisesek iragarri zuen dagoenekoz ezagunak direla Galeanoren hitzaileen izenak, justizia egingo zela agindu zuen, baina entzuleei eskatu zien beren haserrea ez bideratzeko itsutasunez edo diru gosez kapitalista boteretsuen mesedetan hiltzaile izan zirenen kontra, haserrea sistemaren kontra bideratzeko.

La Realidad herrian egindako agerpenaren biharamunean denetako titularrak plazaratu dira: “Subcomandante Marcos deja la dirigencia del EZLN”, “Reaparece el subcomandante Marcos en homenaje a Galeano” [esaten baitzen liderra gaixorik edo are hila ere egon ote zitekeen], “La metamorfosis del subcomandante Marcos”...   Irakur daitezkeen kroniken artean lekukotasun berezia eskaintzen du ekitaldian konbidaturik egon zen Alejandro Reyes idazleak (“La reina del cine Roma” nobelaren egilea, besteren artean) zapatistek zabaldu duten “Adiós, Subcomandante” kronikan, Marcosek paraboletan esana hitz lauagoz laburbilduz.         

EZLNren eskualde autonomoa  

Zapatistek 1994ko gertakizunen ondoren hautatu behar izan zuten, dio Marcosek: ez borrokatzearen edo negoziatzearen artean, baizik eta hiltzearen edo bizitzearen artean. Uler daiteke, ahalegindu zirela Mexikoko agintarientzako erosoa zen aurrez aurreko borrokari izkin egiten. Lehentasuna eman ziotela armada gerrillari bat eraikitzeari ez baina hezkuntza, osasuna, duintasuna, justizia, autonomia... bermatzeko egiturak osatzeari.

Hogei urteotan aldaketa handiak gertatu dira EZLNn, kanpotik begira zeudenek ikusi ez dituztenak. Klase ertain ikasietakoen gidaritza lanak orain laborari indiginek egiten dituzte. Arrazaz, zuzendaritza arras indigena izatera pasatu da. Pentsamenduz, abangoardia iraultzailearen ideiari gaina hartu dio obedituz agintzeak, goiko agintea hartu nahi izateari behetik agintea sortzeak, politika profesionalari eguneroko politikak, liderrei herriek, genero bazterketari emakumeen parte hartzeak, ezberdinari iseka egiteari ezberdintasuna ospatzeak...

Eta Marcosen irudia? Alejandro Reyesek laburbildurik, “pertsonaiak balio izan zuen biziaren alde borrokan ari zen mugimendua ezagutarazteko. Baina balio izan zuen aurrekoak nahasteko ere, goikoak [agintariak] eta hedabide nagusiak pertsonaia eraikitzen eta suntsitzen ahalegintzen ziren bitartean, zapatistek segitzen zuten bizia eraikitzeko beren ibilaldian”.

2005ean Lacandona oihaneko VI. Adierazpena plazaratu zutenerako ohartuak ziren mundu osoan zapatistek bazeuzkatela solaskide egokiak: “Azkenik, bazen jendea ulertzen zuena guk ez genuela bilatzen ez gidatuko gintuen artzainik, ez guk paradisura eramango genuen artalderik. Ez ugazabarik, ez esklaborik. Ez kaudillorik, ez bururik gabeko masarik”. Marcos pertsonaiaren beharrik ez zegoen gehiago.

Komandanteordea maiatzaren 24an zaldi gainean agertu zen ohiko kagulaz, pipaz eta aurikularrez gain begi gainean zeramala pirataren ikurrez hornitutako adabakia. Literaturan edo komunikazioan adituek interpretatuko dituzte, agian antropologoek,  Marcos-Guillenek bere buruaz esandako pasarteak. Baina azken agurreko mezuak biltzen ditu EZLNren urteotako borrokaren eta pentsamenduaren hari nagusiak.

Mexiko agintearen eraso gogorrak jasan dituzte, sarritan oso bakarrik sentituz, munduan matxinoon irudi sinpatikoa hedatzen zuten kamerak itzalitakoan, gainean zeuzkatenean militarrak beren makineria osoarekin. Hala ere, biziraute hutsetik harago joan dira: 2012ko abenduan, munduaren balizko akabera edo kataklismoa zela eta esoterismoaren maitaleek maia jendea modan jarria zutenean, EZLNk indar erakustaldi handia egin zuen 40.000 herritar mobilizatuz.

Marcos azpikomandantea indioen aspaldiko beste lider baten antzera erretiratu da. “La sal de los cerros” liburuan Stefano  Varese antropologoak aipatzen du Santos Atahualpa, XVIII. erdialdean Peruko erdialdeko oihaneko indioak elkartu eta lortu zuen misiolari eta militar espainiarrak handik uxatzea luzarako. Indioek ez zieten kolonoei irabazi, hauen krudelkeriaren aldean eskuzabal jokatuz borrokatu zuten, eta hala ere inbaditzaileei kendu zizkieten berriro haien lurretara hurbiltzeko gogoak. Askoz beranduago ere indioek oroimenean zeukaten Santos Atahualpa: “Ez da hil, bere gorputza desagertu zen kea dariola”...

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: EZLN

EZLN kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude