"Eskutik doaz kapitalaren proiektu handiak eta estatuaren biolentzia"

  • Euskal Herrian izan da María de Jesús Patricio Martínez Marichuy, Lumaltik Herriak ekarrita. Bere bizipenak eta ordezkatzen duen Kongresu Indigena Nazionalaren (CNI) proiektu politikoa ezagutarazi ditu hainbat fakultate eta kulturgunetan. Nahua jatorriko medikua da eta giza eskubideen aldeko borrokan ibilbide luzea egina. Bere izenak sona berezia hartu zuen mundu osoan, 2018an Mexikoko presidentetzarako hautagai izendatu zutenean, EZLNren babesarekin. "Helburua ez zen hauteskundeak irabaztea, arreta deitzea baizik", adierazi digu.

Zertan da ezberdina komunitate indigena batean 1963an edo 2019an jaio izana? Nola bizi zen Maria umea 60ko hamarkadan eta nola bizi dira egungo haurrak?

Orain askoz jende gehiago dago herrietan, auto gehiago, errepideak daude... gure garaian antzinako jokoetan ibiltzen ginen, ez baikenuen ez panpinik ezta jostailuzko autorik ere. Guk jokoak asmatzen genituen eta komunitatean zabaltzen genituen. Pertsonen artean elkarbizitza gehiago zegoen, baita umeen artean ere. Gaur egun, baina, aldatu egin da egoera. Komunitatea hazi egin da, eta horrek bizitza eta denbora pasatzeko erak aldatu ditu, baita jaten duguna ere. Lehen lurrak ematen zigunarekin elikatzen ginen, baina orain kanpotik datozen produktuak saltzen dituzten denda gehiegi dago. Horrek pertsonak kaltetzen ditu, umeak barne. Lehen lasaitasuna zen nagusi, orain mugimendu handiagoa dago.

Ikuspegi europarretik zaila da irudikatzea nolakoa den bizitza komunitate edo herri indigena batean.

Komunitate batean ez dago errepiderik, bideak daude. Basoa dago, zuhaitz asko, ura... Lurrak ematen duena jaten dugu, eta zelaian dauden animaliak jaten ditugu. Modu autonomoago batean bizi gara, hau da, ez gara hain menpekoak. Hiria oso bestelakoa da: han dena diruak mugitzen du, dirua da motorra, eta dirurik ez baduzu ezin duzu beharrezkorik erosi. Gaixotzen bazara, dirua behar duzu. Komunitateetan norbait gaixotu ezkero, sendagarria bada, bertan sendatzen dugu.

Medikuntza tradizionalari esker?

Bai. Landareak, ura, lurra, lurrak ematen diguna... osasuna izateko beharrezko elementuak dira; elikadura batez ere: ondo jan ezkero gaixotzea zailagoa da. Saltzen dituzten kanpoko produktuak zenbat eta gehiago kontsumitu, jendea gehiago gaixotzen da, gizartea bera ere bai. Produktu industrializatuek kontserbatzaile asko dituzte, eta metabolismoa eraldatzen dute.

Dani Blanco

Zer etorkizun dute komunitateetako gazteek?

Komunitateen bizitza ez bada errespetatzen kanpoko eraginak sartzeko atea irekitzen da, eta komunitateak barnetik suntsitzen dira. Gazteak ikastera komunitateetatik kanpora joaten direnean, beste moda batzuek eragiten diete, eta elkarbizitzarako beste era bat ekartzen dute. Hau handitzen doan heinean higatzen doa komunitateko bizitza. Lur hau bizirik mantendu nahi dugu komunitateetan, ura, basoak, zuhaitzak... Badakigu horrek ematen duela bizitza, eta kanpotik datorkigunak kaltetu egiten gaitu, heriotza ekartzen digu.

"Komunitate asko hizkuntza defendatzeko borrokatzen hasi dira, eta horrek bestelako borrokak indartzea ekarri du”

Zein da herri indigenen hizkuntzen egoera?

Herri bakoitza hizkuntza bat da. Herriak suntsitzeko hainbat metodo daude, eta bata hizkuntza desagerraraztea da. Komunitateetan estatuak eraiki dituen eskolak diseinatuta daude gaztelaniaren alde, biztanleek beren hizkuntza ikas ez dezaten. Leku batzuetan isunak jartzen dizkiete beren hizkuntzan hitz egiten duten umeei. Hizkuntza galaraztea herriak suntsitzeko oso era eraginkorra da, gure hizkuntzan komunikatzeak komunitatea indartzen baitu.

Azkenaldi honetan, baina, komunitate asko hizkuntza defendatzeko borrokatzen hasi dira, eta horrek bestelako borrokak indartzea ekarri du: komunitateen kulturaren alde, medikuntza tradizionalaren alde... Geure burua berreraiki behar dugu, garena indartuz eta herria aldarrikatuz. Mexikoko Estatistika Institutuak 10 milioi indigena garela dio, hiztunak bakarrik hartzen baititu kontuan; gure kalkuluen arabera, ordea, 20 milioi inguru gara.

Gobernua aldatu da Mexikon baina kontuak antzera jarraitzen du. Zer irakurketa egiten duzu egungo egoeraz?

Guk jada ez dugu alderdi politikoetan sinesten, herri indigenak zatitu eta suntsitu egin baitituzte. Hauteskunde garaietan bozak lortzeko etortzen dira komunitateetara, baina behin hauek amaitzean, ez ditugu gehiagotan ikusten.

Nola sentitzen da bat Kongresu Indigena Nazionalak bozeramaile hautatzen duenean?

Proiektu kolektiboa izan zen. Komunitateen arazoak handitzen ari direla ikusita, zerbait gehiago egin behar zela erabaki zuen CNIk V. kongresuan, eta hauteskundeetan aurkeztea erabaki genuen, indigenon ahotsa gehiago entzutea eta komunitateen arazoak ikusaraztea helburu jarrita. Asmoa, irabaztea baino, arreta deitzea zen, eta gure komunitateek hitz egin ahal izatea.

EZLNren laguntza izan zenuen. Zein da zapatistek herri indigenekin duten konpromisoa?

CNIa beren ekimenez sortu zen, Mexikoko komunitate indigenak batzea nahi baitzuten. Lehenengo deialdi horren ondoren pentsatu genuen arazoak bagenituen, elkartzen jarraitu behar genuela hauek elkarrekin konpontzen saiatzeko. Elkartuta indartsuago egin ginen, eta irauteko gaitasun handiagoa lortu genuen.

Hainbat herrialdetako indigenak biltzen dituen antolakuntzarik ba al dago?

Beste herrialdeetako kideak izan diren asanblada edo kongresuak egin ditugu, baina oraindik ez dago antolakunderik. Garrantzitsua da herrialde ugaritako komunitate indigenen artean elkarlana garatzea, Mexikon enpresak egiten ari diren proiektu handiak beste lekuetan ere egiten baitituzte, eta herri indigenen etsaiak dira. CNIko bozeramaile izendatu nindutenean, beste herrialde batzuetako anai-arrebekin izan nintzen, eta esan zidaten beren bozeramaile ere banintzela. Horrek hunkitu egin ninduen. Globalizazioaren kontu honek denoi antzera eragingo digu. Modu ezberdinetan gertatzen da tokian toki, baina emaitza bera du: suntsiketa eta ustiaketa.

Zure hautaketak zer eragin izan zuen emakumeen parte-hartzean CNIn eta bestelako fenomeno politikoetan?

Emakume indigenen parte-hartzea bultzatzeko aurrekari handia izan zen, izan ere komunitate indigenetan emakumeek oso gutxi hartzen dute parte bizitza politikoan. Eta zapatisten komunitateetan nabarmen handitu zen emakumeen parte-hartzea. Zerbait ezberdina eraiki nahi badugu, hiltzen gaituen kapitalismoa suntsitu nahi badugu, elkarrekin borrokatu behar dugu gizon eta emakumeok.

CNIren lehen emakume bozeramailea izateaz gain, emakumeek debekatua zuten dantza tradizional bat dantzatu duen lehen emakumea zara.

Dantza hau jainkoei uzta ona eskatzeko egin izan da betidanik, eta nik dantzatzeko gogoa izan dut haurra nintzenetik, baina gizonentzat zela esaten zidaten. Dantzatzeko grinak nire barnean jarraitzen zuen, eta nire kabuz entseatzen hasi nintzen inork ikusi gabe. Prest nintzela, aitak dantzatzeko baimena eman zidan, nahiz eta gaizki egingo nuela esan. Asko entrenatu nuen eta pausu guztiak ondo egin nituen. Egun hartan dantzalekutik atera ez izana garaipena izan zen niretzat, eta ordutik bertan ibiltzen naiz urtero dantzan emakumeek osatzen dugun koadrila edo dantza-talde batean.

Nola baldintzatzen du bizitza arrazismoak, estatuaren eta paramilitarren biolentzia kasuetan?

Komunitateetan Mexikoko Estatuaren presentzia handitzeko Guardia Nazionala ezarri dute, batez ere proiektu handi hauek egingo dituzten lekuetan. Komunitateen lehengaiak ustiatu eta dena suntsitzera datoz. Proiektu hauek bermatzeko eta biztanleen artean beldurra eta ezinegona zabaltzeko ezarri dute polizia, ez herria defendatzeko. Poliziaren presentzia handitzeak ez du beherakadarik ekarri ekintzaile sozialen hilketetan edo feminizidioetan. Eskutik doaz kapitalaren proiektu handiak eta estatuaren biolentzia.

"Orain gutxi, kide mexikar bat hil digute zentral termiko baten aurka borrokatzen zuen taldeko erreferente zelako”

Kolonbiaren gisara?

Nazioarteko kapitalaren proiektuei aurre egiten diogunok arrisku hori dugu, edonon. Borrokak ez dira indibidualak, kolektiboak dira, eta talde batek aurre egiten dienean akabatu egiten dituzte. Orain gutxi, kide mexikar bat hil digute zentral termiko baten aurka borrokatzen zuen taldeko erreferente zelako. Narkoak, talde paramilitarrak, Guardia Nazionala, armada... elkarrekin daude ordaintzen dietenen alde. Gobernua da ordaintzen diena eta interes ekonomiko zehatz batzuek kontrolatzen dute gobernua.

Zein dago proiektu erraldoi hauen atzean?

Gehienak enpresa transnazionalenak dira. Proiektu hauek aurrera eraman nahi dituzten gehienak ez daude ezta Mexikon ere. Kanpoan daude, eta bost axola zaie komunitateetako herritarroi gertatzen zaiguna, etekina eta metaketa bilatzen dute. Enpresa hauek denetarik egin dute horretarako, baita zerutik erortzen den ura aldatu ere. Haiek ereiten dituzten haziek ur gutxiago behar dutenez, euria datorrenean kanoiekin hodeiak desegiten dituzte, euri gutxiago egitea lortuz eta komunitateetako uzta galduz.

Zuen kideak hil dituzten proiektu handi horietan Euskal Herriko enpresak ere sartuta daude.

Guk badakigu XV. mendean hasi zen kolonizazioak martxan jarraitzen duela oraindik ere. Bukatu ez zutena amaitu nahi dute, eta orain bertako gobernuen baimena dute gure lurrak legalki ustiatzeko. Egoera larria da, eta horregatik herri indigenak altxa egin gara, antolatzen hasi gara eta “aski da” esan dugu.

Dani Blanco

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mexiko
Mexikok harremanak eten ditu Ekuadorrekin, Quiton duen enbaxadan polizia indarrez sartzeagatik

Estatu batek bere lurraldean dagoe enbaxada baten aurka horrelakorik egiten duen lehenengo aldia da. Mexikok enbaxada itxi eta iragarri du Ekuador salatuko dutela Nazioarteko Justizia Auzitegian nazioarteko eskubideak urratu izanagatik.


Mexikoko lehen magistratu ez bitarraren heriotza gorroto diskurtsoen ondorio dela salatu dute

Aguascalienteseko Fiskaltzak adierazi du Baena bere bikotekideak hil, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela. Baenaren senideak ez datoz bat hipotesi horrekin, eta familiaren abokatuak adierazi du ikerketa aldatuko duten frogak aurkeztuko dituela. LGBTIQ+ komunitatea ere kexu... [+]


Suge buruaren koloreak pizten

2022ko irailaren 19an Mexiko Hiria astindu zuen lurrikarak ez zuen soilik hondamena ekarri. Tenochtitlan zaharrean lurperatuta zegoen suge buru kolosal bat ere agerian utzi zuen.


Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean

1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.


Eguneraketa berriak daude