ARGIA.eus

2020ko maiatzaren 26a

Fralib: langileek kooperatiba bihurtu nagusiak itxitakoa

  • Unilever multinazionalak Frantziako lantoki bat itxi zuen Marseilla ondoan. 1.336 egun iraun duen borrokaren ostean, langileek lortu dute salbatzea kooperatiba sortzeko asmo bihurturik. XXI. mendeko krisitzarraren beste aurpegia ikusi da Proventzako Gémenosen: langileek ugazaba behartu dute konponbide batera.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2014ko ekainaren 08a
Ibere en Exil blogean ipinitako irudi handian, Gémenoseko langileak fabrikan batzarturik;  elkarri bizkarretik helduta dauden biek tixertetan
Ibere en Exil blogean ipinitako irudi handian, Gémenoseko langileak fabrikan batzarturik; elkarri bizkarretik helduta dauden biek tixertetan "Unileverrek enplegua hiltzen du" daramate idatzirik. Enpresak 2010ean zeuzkan obreroetako batzuk hamar urte lehenago Frantziako beste muturretik eraman zituen, Normandiako Le Havretik, hango usina itxita langabeziara joatearen altertanibatzat Gémenoseko lanpostua eskainirik. Bigarren shock handia izan da horientzako. Argazki txikian Elephant infusioaren irudia pegatinan: "Elephant tea Proventzan geratuko da. Solidaritatea fralibtarrekin. Itxierari ez". Unileverrena den Fralibeko ugazabek argudiatu dute produkzioa merkeago ateratzen zaiela Europako beste bi fabriketan, horietako bat Polonian. CGTk erantzun du Gémenosekoa errentagarria dela eta enpresak etekinak atzerrira daramatzala, bide batez Frantzian zergak ez ordaintzeko.

Gehienetan bukatzen da gaizki  baina ez beti. Merkatu librean oinarritzen den ekonomiak ziklikoki ezagutzen dituen krisietako bakoitzak uzten ditu lanik gabe milaka edo milioika langile, soberan omen dauden lantokiak sakrifikaturik, hemen Arroako TS, hor Azpeitiako Corrugados lehen Ucin izana, aurretik Ibaizabal bazterreko Altos Hornos edo Urumeako Orbegozo. Inon ez dago idatzita, ordea, langileen derrigorrezko patua denik labanari zintzurra isilik eskaintzea.

Maiatzaren 27an berria zabaldu du Politis astekariak bere webgunean: “1.336 eguneko borrokaren buruan, Fralibeko langileek lortu dute Unilever multinazionalarekin ituna, enpresa kooperatiba moduan berriro abiaraztea baimendu behar diena”. Biharamunean obreroek batzarrean eman dute adostasuna eta Scop T.I kooperatibaren lehen urratsei ekin. Bastamag gunean Sophie Chapellek titulatu du: “Fralibeko langileek Unilever erraldoiari irabazi diote”. Frantziako ezkerreko jende askorentzako albiste handia izan da besteren artean Lipton markako tea ekoizten zuen lantegi hau bizirik atxikitzea.

Sophie Chapellek “Fralib: des salariés créatifs en lutte contre une multinationale cupide” kronikan kontatua du enpresaren historia. Pastis edari gozoak famatu egindako Ricard konpainiarenak ziren Eléphant infusio marka eta Marseilla ondoko Gémenos herriko te fabrika. 1972an Unilever multinazionalak erosi zituen eta gero Lipton markakoekin elkartu enpresa berean, hori baizik ez da Fralib. 

2001etik aurrera ekin zion jatorriak Holandan eta Britainia Handian dauzkan Unileverrek konpainiaren enpresa sarea berregituratzeari, benetan etekinak ematen dituzten atalak besteetatik bereizi eta urruntzen, komertziala Parisera, Europa osoko erosketen zentrala Suitzara, eta abar.

2010eko irailean korporazioak Gémenoseko te usina itxi egin zuen  eta 182 langile kalean utzi, argudiatuz Europan taldearentzako tea egiten duten hiru lantegietan lehiakortasun gutxiena berak zuela. Orduan ekin zioten borrokari enplegatuek. CGT sindikatukoak ziren hautatutako ordezkariak. Eta hauek ibili dira gidari 1.336 egunetan.

Langileek, hasteko, demostratu zuten Unileverren argudioa ez zela egiazkoa. 2011n landu zuten adituekin elkarlanean txosten bat non azaldu zuten, hasteko, 1.000 tonatan kalkulatzen zela Gémenoseko fabrikaren errentagarritasun maila eta itxi zutenean 2.900 ari zela ekoizten. Te kaxa 1,60-2,60 euro artean saltzen bazen, langileen kosteak  0,15 baino txikiagoak ziren. 

Mundu osoan 167.000 langile enplegatzen dituen erraldoia da Unilever, hainbat markarekin merkaturatuz: Axe, Dove, Omo, Flora,  Hellmann's, Knorr, Lipton, Lux, Magnum, Rama, Rexona, Sunsilk... Frantziako adarrak, CGTren kalkuluetan, 2008an bertan 750 milioi euroko etekinak banatu zituen nagusien artean. Horietatik 200dik gora Suitzako zentralera bidali zituen, beti ere legeetan ondo babesturik. Horrelako mugimendu batek baimendu zion urte bakar batean Frantziako estatuari 67 milioi euro gutxiago ordaintzea zergatan.            

Norena da Eléphant zaharra?

Fralibeko langileen apustua hasieratik izan da itxieragatik protesta egiteaz gain B plan bat antolatzea. Horren hari nagusiak 2011rako markaturik zeuzkaten, aholkulari enpresa batek lagundurik. Enpresa berria kooperatiba izateaz gain, ikusi zuten fabrikak etorkizuna eduki zezakeela Unileverrek makinak eta eraikinak utzi, Elephant marka euro bakar sinbolikoan saldu eta makinak ostera abian jartzeko diru bat aurreratzekotan.

Azpiegiturak utzi eta dirua jartzeko prest azaldu zen Unilever, baina Elephant marka askatzeko ez. Frantziako merkatuan daukan izenaz gain langileek garrantzia ematen zioten Marseillan 1892an The de l’Eléphant sortutako markak Proventzako eskualdearentzako daukan balio sinbolikoari. Honetan ez du amore eman erraldoiak, klase guztietako boikot eta ekintzak jasan arren, eta beste marka batez merkaturatu beharko dute Scop T.I kooperatiba osatu duten beharginek.

CGT sindikatuaren Unileverreko atalak bere webean azaldu ditu Fralibeko langile ohiek lortutako akordioaren xehetasunak. Lurzorua eta eraikinak administrazioaren esku geratzen dira, eta euro bakar sinbolikoaren prezioan ekipo administratibo eta industrial guztiak ere. Unileverrek diruz lagunduko du enpresa berria abiarazten eta langileen plan alternatiboa aurrera ateratzen. Sare komertziala antolatzen lagunduko die, merkatua aztertzen eta marka berria sortzen.

Multinazionalak onartu du ere langileen formakuntza diruz laguntzea eta Gémenosen dauden makinak modernizatzea. Kooperatiba berria martxan jartzeko bidean bere gain joango da langileen ordezkarien soldatak pagatzea.

Dena ondo badoa, duela hiru urte eta erdi enpresa ixtean ari ziren 182 langileetatik 76 hasiko dira kooperatiba berrian. Te eta infusio ekologikoen merkatuan zentratuko dira. “Ahal den neurrian inguruko ekoizleen produktuak erabili nahi ditugu, nahiago bertako ezkien lorea Errumaniatik ekarritako baino”. Tea bezalako beste lehengaiak urrundik ekarri behar direnean, Marseillako portua eta hurbileko kanalak lehenetsiko dituzte.

Kontua, proiektu berriaren arduradunek diotenez, ez da soilik ekologiko edo bio zertifikatua. Langileek ikusi dute nola 2001ean Unileverrek baztertu zituen betiko osagai naturalak, usain eta zaporeak kimikaz ordezkatzeko. “Jendeari ahaztarazi zaio gauza bakoitzaren zaporea. Orain askok bi zorrotxo ipini behar dituzte uretan zerbait dastatu ahal izateko. Lehen egiazko ezkiz, mendaz eta laranjaz egiten ziren infusioak, hemen bertan landuta”.   

Maiatzaren 27ko itunarekin bizi berri bati ekin diote Gémenoseko langileek. Marrazoz beteriko merkatu batean bizirauten ikasi beharko dute infusio naturalak salduz. Lortuko duten? Usina ixtea erabaki zuen Unileverrek apustu egingo dizu ezetz,   hamaika argudio ekonomiko eta komertzial erakusten ditu www.fralib.fr gunean.

Multinazionalak kaleratzeko kalte-ordain moduan pagatuko dizkien 20 milioi euroekin abiatuko dute kooperatiba berria langileek. Langileen ordezkari Olivier Leberquierrek Reuters agentziari esan dio: “Ez dugu borrokatu lortzeko txeke  handiagoa baizik eta berriro lanean hasteko tresna industriala. Ezin dugu esan irabazi dugula fabrika ostera abiatu eta proiektua mamitu arte, baina lehen garaipen honek etorkizuna badugula sinestea ekarri digu”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Kooperatibagintza  |  Frantzia

Kooperatibagintza kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2014ko ekainaren 08a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude