Toki izen zaharrak mintzo zaizkigu apalki.
Euskaldunberria zara. Noiz eta nola ikasi zenuen euskara?
Oso gazte nintzela, 14 urterekin, hasi nintzen Iruñeko Joan de Amendux euskaltegian. Klaseko gazteena nintzen. Todor Arburua, nire amatxiren osaba, izan zen Etxalarko apaiza, euskaltzain urgazlea, idazle saritua Iruñeko Udalaren literatura lehiaketa batean gerra aurretik eta Etxalarko toponimia guztiaren biltzaile kementsua. Nire amatxi, Felisa Almandoz, Iruñeko lehen ikastolako andereñoa izan zen gerra baino lehen, beraz nik egin nuena izan zen, nolabait, familian aurreko belaunaldian galdu zen euskara berreskuratzea. Dena den, hori dena jakin nuen ikasten hasi eta gero. Euskaltegian sartzeko bultzatu ninduena lagun on bat izan zen.
Nola sortu zitzaizun leku izenenekiko zaletasuna?
16 bat urterekin asko gustatzen zitzaizkidan mapak. Askotan militarrenak begiratzen nituen eta gero bizikletarekin ateratzen nintzen mapetako lekuak ikustera. Horrela zaletu nintzen izenekin. Garai hartan José Mari Jimeno Jurio historialaria ezagutu nuen eta horrek, nolabait, markatu zuen nire bidea. Oso gizon irekia zen eta berehala niri eta interesa zuten beste batzuei bere etxeko ateak ireki zizkigun, bere paperak mahai gainean utziz eta ikertzera gogotik animatuz. Eusko Ikaskuntzan sortu zen orduan Santiago Bidearen toponimia aztertzeko beka bat. Aldi berean Iruñeko leku izenak aztertzeko beste talde bat sortu zen eta giro horretan murgildu nintzen buru-belarri. Karrera amaitutakoan, 1990ean, Nafarroako Toponimia Txikia biltzeko proiektu abiarazi berrian sartu eta han aritu nintzen hamar urtez. Hizkuntza Politika Zuzendaritza Nagusiak ordainduta, eta Tracasa enpresa publikoak gauzatuta, lortu zen Nafarroako 100.000 izen ofizial izatea eta kartografia ofizialean agerraraztea. Helburua zen izen horiei balio praktikoa ematea mapa ofizialetan txertatuz. Asmoa bete zen eta eragin sakona izan du praktikan: 60 liburu argitaratu ziren eta orain informazio guztia internet bidez eskuragai dago. Izen horiek guztiak herri guztietara joanez eta adineko jendeari galdetuz lortu genituen. Orain egin izan balitz ehuneko hogei gutxiago bilduko zen seguruenera.
Zer erakusten du toponimiak?
1.000 urte, 500 urte duten argazkiak dira toki izen asko eta asko. Erakusten digute behiala paisaia nolakoa zen, zer landaredia zegoen, oihanik zegoen ala ez, nolako lanbideak zituzten… eta aunitzetan desagertu diren gauzak ere bai: ardantzeak iparraldean edo hariztiak hegoaldean, adibidez. Izen batzuk oso ilunak dira, beste batzuk aspaldikoak izanik ere oso argiak dira, Jaun Done Mikel eta beste santuen izen zaharrak, adibidez. Hizkuntzaren aldetik informazio asko ematen digu. Tafallatik iparraldera euskara oinarria duen toponimia da nagusi eta handik behera, aldiz, erromantzea. Toki askotan ez da euskarazko idazkirik gelditu eta hango euskara zertxobait ezagutzeko gelditu zaigun bide bakarra toponimia da.
Eta animalien aztarnak ere bai.
Otsoa erraza da antzematea: Otsobi, Otsabide, Otsaran, Otsoportilo, Otsate… Hartza, aldiz, ez horrenbeste, zaila delako jakitea izena noiz datorren hartzatik eta noiz harritik. Toponimia lantzean, bertaratzea eta tokian zer dagoen ikustea oso garrantzitsua da beti.
Orain zer duzu esku artean?
Izarbeibarko eta Mañeruibarko jendearekin ari naiz hango etxeen izenen bilketa egiten. Urtea amaitu baino lehen 2.000 etxe izen baino gehiago biltzen dituen liburua plazaratuko dugu. XVIII. mendean oso ongi dokumentatuta agertzen dira izen horiek, gertatzen dena da, Iparraldean ez bezala, aldaketa asko gertatzen direla. Jabeak garrantzi handiagoa du etxeak baino eta horregatik izen horiek ez dute irauten mendialdekoek bezainbeste. 100 urteko epean aldaketa asko ikusten dira.
Bestalde, Juan Carlos Lopez Mugarza NUPeko irakaslearekin ari naiz Andorrako Gobernuak sustatutako lan bat egiten Pirinioetako toponimiaz. Hemen, euskal toponimo bat aurkitzen duzunean kasik arazoa sortzen zaizu eta han, aldiz, desiotan daude. Bitxia da. Gu ari gara mugak jartzen, dena ez baita euskara. Edozein modutan ere, pozgarria da ikustea euskara aintzat hartzen dela halako ikerketa batean.
Toponimia nagusian, herrien izenen inguruan saltsa ederra dago Nafarroan.
Sekulako borroka dago leku izenekin. Eremu euskaldunean euskal izenak ofizialdu egin ziren eta horiek erabiltzen dira. Beste eremuetan, aldiz, euskal izena ere ofizial egin nahi izanez gero, herri bakoitzak eskatu behar zuen. Eremu euskalduneko herriek bi izen zituztenean, Doneztebe-Santesteban adibidez, biak ofizialdu ziren. Horri ez zioten garrantzi handirik eman, baina arazoak hasi ziren eremu mistoko udal batzuek onartu zutenean izen elebiduna, Estella-Lizarra edo Pamplona-Iruña esate baterako, eta horiek horrela erabili behar izatea saihesteko dekretua atera zuen Nafarroako Gobernuak esanez hori eremu euskaldunean onartzen zela baina ez besteetan.
Hala ere batzuei kosta egiten zaie euskal izenak onartzea. Diario de Navarrak, esate baterako, duela gutxira arte Vera de Bidasoa jartzen zuen beti.
Horrek ere azkenean amore eman du eta izen ofizialak erabiltzen ditu orain. Dena den, badira kasu batzuk oso korapilatsuak. Lizarran, adibidez, Estella-Lizarra onartu zuten izen bakarra bezala eta Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Udalari, beraz multzo zatiezina da eta horrela erabili behar da beti, nahiz eta formula hau ez den oso erabilia ezta praktikoa ere.
Eta Iruñea edo Iruña, nola esan behar da?
Iruñearen kasua oso nabarmena da: Iruña Udalak erabiltzen duen forma da, bestea Euskaltzaindiak gomendatutakoa. Iruñea ez da ofizialki inon existitzen. Iruña da ofiziala, baina deklinazioa Iruñearekin egiten da. Eromena da eta bata edo bestea erabiltzeak kasik zure lerro ideologikoa erakusten du gaur egun. Onena izanen zen biak onartzea. Iruña izan daiteke hiriaren marka baina Iruñea forma ere erabiliz. Irunberri eta Ilunberrirekin gauza bera gertatzen da, borrokan daude eta ados jartzen ez denez izen ofizial bakarra Lumbier da.
Iruñeko kale izenetan euskararen presentzia gero eta murritzagoa da.
Landaguneen izenak Gobernuaren eskumena dira, baina besteak udalenak. Duela ia 20 urte ponentzia bat prestatu zen Iruñean kale izenak bi eletan jartzeko baina kritika gogorrak izan ziren eta kanpaina bat antolatu zuten esanez hankaz gora jarri nahi zutela kale izendegia. Horren ondorioz trakestu egin zen eta kaxoi batean sartu zuten proiektua. Hori izan zen lehen porrot handia normalizaziorako. Handik gutxira etorri zen “Bai euskarari” kanpaina; Sadar eta beste futbol zelaiak goraino bete ziren. Harrez geroztik gogortu egin zen euskararen aurkako joera Nafarroaren Gobernuaren aldetik. Haien argudioa zen hemen bizi den euskal komunitatea artifiziala dela. Txinatarrak ere hemen bizi direla, adibidez, baina hori ez dela arrazoia kale izenak txineraz jartzeko. Kale izendegiak islatzen du hiriaren ideologia. Frantziako iraultzara arte Europa osoan kaleen izenak lanbideekin lotuak zeuden. Deskriptiboak ziren. Frantsesak hasi ziren kaleei garrantzia eta izenak ematen. Kaleen zenbakiak eta posta-kodeak sortu zituzten dena sailkatua eta kontrolatua izateko. Horrela sortu zituzten balio ideologikoa duten izenak. Iruñean ikusten da lehenengo zabalgunean izen nafarrenak daudela: erregeak eta abar. Francoren garaian martiriak eta era horretakoak izan genituen eta orain ETAko biktima batzuen izenak jartzea modan dago.
Nork proposatzen ditu izen berriak?
Udal artxibozainek proposatzen dituzte. Bada aditu sare ez ofizial bat horren inguruko aholkuak emateko, baina ez dugu inolako erabakimenik. Guk beti proposatzen dugu lehenbizi erreparatzea ea toponimo zaharrik ote dagoen hor eta azken aukera bezala bizirik dagoen pertsona baten izena ematea, badaezpada ere. Honekin batera dagoen arazo handia da Udalak ez duela Iruñeko hizkuntza paisaian euskara ikusgarri egotea nahi, eta horregatik adibidez, kaleen izenak ez dira bi eletan jartzen.
Leku izenen zalea izateaz gain, zuhaitz zaharrak ere maite dituzu.
Izen zaharren bidez, hain zuzen, sartu nintzen zuhaitz zaharren mundura. Iruñeko zuhaitzen inguruko lan bat egin nuen eta hor ikusi nuen horiek ere, leku izenak bezala, galtzeko bidean daudela, ez baitute inongo babesik. Zuhaitz ehiza, ingelesek esaten duten bezala, gustuko dut: mendira ateratzea zuhaitzak ikustera.
Zer egiten duzue Zuhaitz Zaharren Lagunen Elkartean?
Proiektu europar interesgarri batean ari gara lanean, Ingalaterra, Suedia, Errumania eta Belgikako beste elkarte batzuekin, basogintza eta nekazaritza irakaskuntza espezializatuan erabiltzeko metodo bat sortzeko. Zuhaitz hauek nola identifikatu eta nola zaindu behar diren azaldu nahi dugu, oso garrantzitsuak direlako bai identitatearen aldetik baita biologiaren aldetik ere. Gida euskaraz eta gaztelaniaz ari gara hemendik egiten. Nafarroan milaka zuhaitz interesgarri dugu eta kontua da udalak eta kontzejuak formakuntza eskaintzea jabeei eta basozainei.
Zertan datza zainketa hori?
Lehenbiziko urratsa ezagutzea da. Bigarrena, haren egoera egiatan zein den ikustea. Adibidez batzuek itxura ederra dute baina sustraiak gaizki, zapalduta, beren inguruan bazkatzen duten abereen pisuaren ondorioz. Eta hamaika kontu zehatz gehiago dago, esate baterako nola zahartu aleak edo pago lepatuekin zer egin, hau da, egurra azkar egiteko urteetan adarrak moztu izan dizkioten zuhaitzak eta azken urteotan utzi eta neurriz kanpo hazi diren horiekin nola jokatu.
Babestutako zuhaitzak zenbat dira Nafarroan?
50 zuhaitz monumentalak edo sinbolikoak dira eta kasu askotan kanpokoak: Diputazioko sekuoia, Bertizko zedroa, Erriberriko gazteluko masustondoa… Ale bitxiak dira gehienbat eta ez dituzte ordezkatzen hemengo zuhaitz zaharrak.
Toki interesgarria da Euskal Herria zuhaitz zaleentzat?
Bai, kanpotik datozenak liluratuta gelditzen dira hemengo aniztasuna ikustean eta nola hamar kilometrotan paisaia aldatzen den Mediterraneo aldekoa izatetik Kantauri aldeko izatera. Iruñean kopuruz ongi gaude baina antzinatasunari dagokionez, Diputazioko sekuoia da zaharrena 160 urterekin, Takoneran zeuden zugarrak galdu ondoren.
Turismoa erakartzeko balio lezakete zuhaitz urtetsuek?
Bai, baina kontuz beti ere, batzuetan bisitak hilgarriak suertatzen baitira. Jendea hurbiltzen da ukitzera, besarkatzera eta besarkada horiek, urteetan zehar, kasu batzuetan hil egin ditzakete zuhaitzak.
Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari ordea zara.
Erakundea modernizatzen eta eraginkorragoa egiten saiatzen ari gara. Ez da erraza. Hamabost ikastola dira eta oso desberdinak.
Lodosakoa desagertuko da?
Desagertu ez, baina zerbait egin behar dela argi dago. Ikasle bakarra aurre-matrikulatu da datorren urterako.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordean eta Euskararen Nafar Kontseiluan hartzen duzu parte. Bi erakunde oso desberdin, ezta?
Sekulako desberdintasunak daude batetik bestera, bai kideen kopuruan baita egiten den lan bolumenari dagokionez ere. Nafarroan urtean bitan deitzen dute kontseilua, normalean ezer prestatu gabe eta bozketa egiteko gairik gabe. Horrela tramitea betetzen dute eta kitto. Orain uda aurretik deituko dute, teorian, eta gutako batzuk saiatuko gara ea gure proposamen batzuk, bederen, bilkura horretarako onartzen dituzten. Komunikabideei buruzko proposamen bat egin nahi dugu, beste bat interneten Gobernuak egiten duen euskararen erabilera erratikoari buruzkoa eta beste bat helduen euskalduntzea gai duena. Behintzat Iribas kontseilariari buruhausteren bat eman nahi genioke.
Mikel Belasko (Iruñea, 1967ko urtarrilaren 30a). Filologoa. Toponimian, abizenen jatorrian eta oikonimian aditu handia eta dibulgatzaile ezaguna. Egun Nafarroako Unibertsitateko irakasle elkartua da, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko eta Euskararen Nafar Kontseiluko kidea. Horretaz gain, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariordea eta Zuhaitz Zaharren Lagunen Elkarteko partaidea. Bere bi liburu ezagunez gain, Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra. Apellidos navarros eta Diccionario etimológico de los nombres de los montes y ríos de Navarra, Nafarroako Gobernuak 2000n argitara emandako Toponimia oficial de Navarra. Nafarroako toponimia ofiziala lanaren egilea eta Navarra. Toponimia y Cartografía bildumako 60 liburukitako hizkuntza koordinatzailea da. Euskalerria Irratian, Ze Berri? aldizkarian eta Diario de Navarran kolaboratzailea da egun. Euskara eta hizkuntzalaritza teknologia berriekin uztartzen ere trebea da Belasko, eta Nafarroako ondare ez materialaren artxiboan hasi berri da lanean, Ikerketa taldean.
“Toponimoak gure munduaren isla dira. Haiekin arazoak baditugu, gizartean ere arazoak ditugulako da”.
Las rubias (Harrobiak), Once vacas (Euntze bakar), Los cacharricos (Gatz harrikoak), Narval (Larzabal),
El lanzador (Auzalor), Los gorris (Lur gorri), Esquives (Aizkibel).
“Euskarabideak izenez jarraitzen du, baina Alberto Catalan iritsi zenetik ez dute ia ezer egiten, UPNk argi esaten duelako euskararen sustapena ez dagoela bere programan. Libururik ez da ia argitara ematen, eta mediateka, toponimia, komunikabideak, euskaltegiak… Horiek funtsezkoak dira eta ez dituzte batere laguntzen. Are gehiago, egiten ari direna krudela da: agindu diru bat eta gero ez eman. Euskaltegietan, komunikabideetan… planifikazioak egin ondoren, horren esperoan daudenean, azken unean esaten diete dirurik ez dagoela. Horregatik zerbait egin nahi dugu kontseilutik. Dimititzeak ez du ezertarako balio, agian mesede eta guzti eginen genieke hori eginez gero”.
“Toponimia praktikoa da, komunikatzeko tresna bat adierazteko non gauden, baina badakigu ere balio sinboliko oso handia duela eta izenen atzean gauza asko daudela. Bistan da mila aldiz errazagoa dela toponimo bat berreskuratzea hizkuntza berreskuratzea baino”.
‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.
Gero eta akats ortografiko gehiago atzematen dugu sare sozialetako idazkietan, eta ez soilik gazteek egindakoak, baita komunikabideetakoak ere. Batzuk hain bihurtu dira ohiko, non gure begiei apenas ez dieten minik ematen.
Horrela, gaztelaniaz hauek bezalakoak barra-barra... [+]
"Ekin eta jarrai" da Euskaltzaindiaren goiburua. Ez dakit Akademia zergatik ez zuten ilegalizatu, hiru berba horiek agertuta bere logotipoan. Gutxiagorekin egin dira salaketak-eta (adin batekook La orquesta Mondragón-en kasetearena gogoan dugu, Martxoaren 11ren... [+]
Faith Chepngetich Kipyegon keniarrak 1.500 metroko atletismo proba irabazi zuen larunbatean, Paris 2024ko azken-aurreko egunean, bigarren emakumezkoa bilakatuz historian atletismoan urrezko hiru domina olinpiko erreskadan lortu dituena. Gauzatxo bati ere erreparatu... [+]
Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian jardunaldia antolatzen du ostiral honetan Baionan Euskaltzaindiak. Euskararen alde egiten dena eta ez dena eztabaidatzeko mementoa izango da. Eragileak eta politikariak bilduko dira egun osoan.
Euskara galdua zen eremu mistoko eta ez-euskalduneko herrietako familien ahaleginak aitortuko dituzte ekitaldian. Oskar Alegria zinemagilearen bideoak emango dio hasiera ekitaldiari 11:30ean udaletxean.
Donibane Lohizunen jaio zen Duhalde 1987an, baina Uztaritzen bizi eta hazi da, eta etxean zein herrian entzundako euskararen aldaerek bultzatu dute Lapurdi itsas hegiko euskarari buruzko tesia egitera. Gaur egun, EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatean ari da irakasle lanetan... [+]
Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.
Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.
Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.
Anik Nandi Indiako soziolinguista da, Mendebaldeko Bengalan jaioa. Gaur egun doktoratu ondoko ikertzailea da EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Sailean, eta kolaboratzailea, berriz, Galiziako Errege Akademiako (Real Academia Galega) Soziolinguistika Mintegian eta... [+]
Euskaltzaindiak Hiztegia sarean eguneratu du: 646 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta 1.130 forma moldatu edo findu. Lehendik dagoena txukuntzeari ere garrantzia eman diote. “Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasunari dagozkionak: emakumeen... [+]