Erabaki arduratsua

  • Tabua izan da abortua. Orain, ordea, lehendabiziko orrira egin du salto, Alberto Ruiz Gallardón Espainiako Justizia ministroak Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoa aldatzea proposatu duenetik. Gaia gertutik bizi duten hiru pertsonari eman diegu hitza: abortatu duen neska gazteari, ginekologoari eta sexu hezitzaileari. Bat egin dute hirurek: abortua erabaki koherentea eta arduratsua da.

Iaz, 22 urte zituela, abortatu zuen June Moreno iruindarrak. Preserbatiboa apurtu zitzaien. Ez zeukan orduan ama izateko asmorik eta bikotekidearekin eta amarekin joan zen abortatzera.
Iaz, 22 urte zituela, abortatu zuen June Moreno iruindarrak. Preserbatiboa apurtu zitzaien. Ez zeukan orduan ama izateko asmorik eta bikotekidearekin eta amarekin joan zen abortatzera.Saioa Alkaiza
June Moreno. Argi zeukan abortatuko zuela

Psikologia ikasi duen 23 urteko gazte iruindarra da June Moreno. Aurreko urtean abortatu zuen, 22 urte zituela. Jakin eta berehala erabaki zuen. Arrazoia, argia: ez zuen umea nahi. “Nik ez dut errudun sentimendua, biktima sentimendua... Erabakia hartu nuen, kontzienteki eta arduraz”.

“Preserbatiboa erabiltzen dut beti, eta ez neukan susmorik. Baina behin apurtu egin zen hilerokoaren azken egunean. Unibertsitateko azterketekin ari nintzen, eta ez nuen probarik egin. Hurrengo eguneko pilula ere ez nuen hartu. Erabaki okerra”. Bere gain hartzen du gertatutakoa: “Nire kulpa izan zen”.

Bi hilabeteren ostean jakin zuen haurdun zegoela, hilekoa ez zitzaiolako etortzen. “Proba egin nuen, eta baiezkoa eman zidan. Momentua sinestezina izan zen”. Irribarretsu dio, abortatu dutenen artean lotsarik gabeko erreferenteak egotea garrantzitsua dela jabetuta: “Abortua esperientzia positiboa izan da. Polita ez, baina positiboa bai”.

Haurdunaldiaren hasierako sustoa gaindituta, mugitzen hasi zen; prozesuari ekin zion, seguru: “Argi nuen abortatu nahi nuela, ez nuen beste aukerarik planteatu”. Une horretan umerik ez izateko hamaika arrazoi zerrendatu ditu, baina garrantzitsuena nahi eza da. “Ikasten ari nintzen, unibertsitatean; bikotekidea nuen, baina berdin zitzaidan. Ez zen nire momentua, ez ekonomikoki, ez sozialki... Ez genuen planteatu ere egin. Esan ziguten ez- dakit-nik zer laguntza ekonomiko zeudela, baina niri horrek ez dit axola ez badut nahi”.
Klinikara joatea izan zen hurrengo urratsa. Orain, Nafarroan abortatu daiteke, klinika pribatuan, baina Osasunbideak ordainduta.

Antsoaingo zentrora hurbildu behar izan zuen Morenok. “Oso erraza izan zen. Eroso sentitu nintzen. Amarekin eta bikotekidearekin joan nintzen, eta horrek ere laguntzen du”. Oroitzapen ona badauka ere, kexu da, osasun zerbitzu publikora jo ezin dutelako nafar emakumeek. Eragin negatiboak dauzka horrek, haren aburuz, abortatzen dutenak “biktimizatu” egiten ditu: “Isilean joaten zara, klinika hirigunetik urruti dago. Horrek ere eragiten du errudun sentitzea. Zure buruari galdetzen diozu: ‘Zer egiten dut hemen, abandonatutako poligonoan?’. Ez da ospitale publikora joatea bezala”.

Abortua eginda, ingurukoei kontatzea erabaki zuen. Babes handia izan zuela nabarmendu du. Dena den, argi dauka zortea izan duela, eta sistema heteropatriarkalean denek ezin dutela askatasunean bizi haurdunaldia eteteko hautua. “Ohikoa da errudun sentitzea, eta hori gizartearen errua da”.

Morenok ez du bere burua biktimatzat hartu, eta ez du uste familiak edo lagunek horrela ikusten dutenik. Dena den, nabaritu ditu inertzia batzuk gaia tratatzeko garaian, eta kritiko mintzo da horien aurrean. “Adibidez, abortatu ondoren betiko galdera: ‘Zer moduz zaude?’. Eta ez zuten galdetzen zer moduz nengoen fisikoki, baizik eta mentalki, psikologikoki... Askotan, ‘ai, gaixoa!’ esatea bezala zen. Badakit nire inguruko jendeak ez duela egiten propio, baina batzuetan galderak... ‘Zer moduz zaude psikologikoki?’ edo ‘kostatu zaizu?’ esatea, kasu. Bada ez, ez zait kostatu! Eta listo!”. Kexu da hautuak hartu ohi duen handitasunagatik, eta galdera utzi du airean: “Abortuarekin zergatik egiten dugu hain bola handia?”. Eta bere esperientziari so egin dio: “Nire kasuan hainbesterako ere ez da. Nik egin dut, nik erabaki dudalako. Beraz, ongi nago”.

Biktimaren kontzeptuaz gain, bada abortatzeko eskubidearen kontrakoek maiz aipatutako termino bat: errua. Abortatzen duten emakumeak errudun sentitzen omen dira. Baina gaia azaltzeko modu sinplista dela uste du Morenok. Bere buruaren izenean egiten du solas, ez beste inoren ordezkaritzan. “Dena ez da abortatu eta errudun sentitu, mentalki gaizki egon... Niretzat kontrakoa izan zen. Nire bizitzarekin, nik nahi dudan bizitzarekin, jarraitzeko aukera”.

Feminista da Moreno. Ezberdintasun estrukturalen jakitun, eta mundu askeago baten defendatzaile. Horrek prozesua hobeto eramaten lagundu diola daki. “Haurdun geratu baino lehen, banekien abortatzeko aukera zegoela, eta hartu ahal nuela”. Gainera, azalpenak emateko edo ez emateko orduan ahaldundu egin du. “Norbaitek esaten badit: ‘Eta abortatu beharrean, ezin al zenuen...’ Eta beste aukeraren bat botatzen badu, nik esaten diot: ‘Bada ez, eta nik badakit’”.

Ziurtasunez ebakitzen du esaldi bakoitza. Bitan pentsatu beharrik gabe. Orain, kopeta beltz so egiten dio Gallardónen egitasmoari. Emakumearen erabakitzeko gaitasuna “ezdeus” bihurtzen duela deritzo. “Emakumeok ez dugu hautua egiteko eskubiderik, baina besteek bai, adibidez, Gallardónek”. “Penagarria” iruditzen zaio. Dena den, legea gelditu daitekeela dio: borroka feministaren bidez, mobilizazioen bitartez eta, batez ere, medikuntza arloko profesionalek aurka eginez gero.

Maria Cruz Landa. Kartzelaratua, kasik, abortuak egiteagatik

Abortu bat egiten laguntzeagatik kartzelara joateko zorian egon zen Maria Cruz Landa orain dela 24 urte. Orduan eta orain, ginekologoa da, eta Emakumeen Arreta Zentroan dihardu. Egun, Iruñeko Iturrama auzokoan. Gertutik jarraitzen du Gallardónen proposamenaren harira sortutako polemika. Aitzitik, hainbeste bizi eta gero, baikorra da: “Ezin dugu planteatu ere egin lege egitasmoa geratu behar ote den; geratu behar da, eta kito!”.

1985ean hiru kasutan abortatzea baimendu zuen Espainiako Gobernuak: umekiak malformazioren bat izanez gero, haurdunaren osasun fisiko edo psikologikoa arriskuan bazeuden, eta bortxaketaren ondorioa bazen haurdunaldia. Txantreako Andraize klinikan zegoen garai horretan Landa. 1987an, hemeretzi urteko gazte bati haurdunaldia eteten lagundu zion, legearen barnean, izan ere, fetuak gaitz larriren bat izan zezakeen. Haatik, abortatzeko eskubidearen aurkako taldeek salatu, eta auzitegietara eraman zuten. Interbentzioan parte hartu zuten hiru medikuentzat hiruna urteko espetxealdia eskatzen zuten. Azkenean, lau urtez luzatu zen prozesuaren ostean, 1990ean absolbitu egin zituzten. Geroztik, baina, Nafarroan ez da aborturik egin. “Inflexio puntua” izan zen epaiketa.

“Herri mugimendua horren zen handia, ezen zegoenaren parte sentitzen ginen. Denek erakutsi ziguten elkartasuna: talde feministek, Europako parlamentariek, auzo elkarteek... izugarria izan zen”, dio Landak ordukoa gogoan. Dena den, une gogorrak ere pasatu zituen: “Presondegiko mehatxua geneukan, eta ez genekien zer gertatu ahal zitzaigun”. Lizentzia ez zuten galdu, eta hala, lanarekin uztartu behar izan zuten auzipetzea. “200.000 pezetako bermea ordaindu genuen, eta 15 egunean behin, auzitegian sinatu behar genuen. Lanean ari ginen, eta hor abiatzen ginen korrika, sinatu eta gero, buelta kontsultara”.

Epaiketako egunak ditu oraindik buruan. Hiru egunez luzatu ziren sesioak, eta “zientzialarien gerra” izan zen. Umea zer den, zer ez den... definitzen aritu ziren. Baina abortuaren kontrako taldeek eramandako adituek, auzipetuek gonbidatutakoek baino maila baxuagoa zuten: “Arrazoiketa etiko eta moralaz gaindi, ez zuten deus”.

Ginekologoen defentsa sendoagoa zen beraz, nola nahi ere, ez zuten horregatik irabazi: “Irabazi genuen herria gure alde zegoelako”. Harro mintzo da Landa. Hala ere, gustu gazi-gozoa utzi zuen garaipenak: “Hori izan zen Nafarroan egin genuen azken abortua, gerora ez da egon era normalizatuan jarduteko baldintzarik; ez profesionalentzako, ezta emakumeentzako ere”. Hori dela eta, Landak ginekologo lanean ezin izan du haurdunaldiak eteten lagundu, eta “frustrazioz” bizi du.

Medikuntza arloko langileek abortuak egin nahi ez zituztela izan da urteotan Nafarroako Parlamentuaren argudioa eskubidea ukatzeko. Izan dira, baina, prest egon diren profesionalak, Landa kasu. “2006an idazkia aurkeztu genuen abortuak egiteko prest geunden ginekologook, baina gobernuak ez gintuen aintzat hartu”.

Gaur egun, abortua egin aurreko lan guztia egiten du emakumeekin, baina Donostiara, Logroñora edo Zaragozara bidali behar ditu. 2010az geroztik, Antsoinera ere bai, klinika pribatura.

Dena den, buruz daki abortatzeko momentuan pasatzen den guztia zertan datzan. Gehienetan, antisorgailuak porrot egin du, edo gaizki erabili dute. “Haurdun dagoenari hau esaten diogu: ‘Hartzen duzun erabakia hartuta, guk babesa emango dizugu’ ”. Eta hautu bat bestea bezain legitimoa dela aldarrikatu du. “Jendeak ideia argi bat izaten du, edo umea nahi du edo ez du nahi. Gutxi egoten dira zalantzan”.

Abortua nolakoa den galdetuta, zalantzarik gabe erantzun du: “Oso erraza”. Medikuntzaren teknikei dagokienez, “sinplea” da. “Haiei –abortuaren kontra daudenei– izorratu egiten die erraz-erraza izatea, eta oso zaila den zerbait gisa aurkeztu nahiko lukete, baina bederatzigarren astera arte prozedura erraza da”. Abortu farmakologikoaz mintzo da, mifepristona izeneko antiprogesterona batekin prozesua eteteaz. Pilula hartu eta umetokian dagoena botatzen du haurdunak, hilekoaren antzeko odola isuriaz.

Egungo testuinguruaren harira, arduratuta mintzo da. Bi hitzen bitartez laburbildu du lege proiektua: “Labirinto administratiboa”. Prozesua asko zailduko dela dio: “Psikologoaren onespena, psikiatrarena, medikuarena, zazpi egunez pentsatzea... Helburua abortua bera ukatzea da”.

Yolanda Perez de Mendiola. Informazio askea, norberak erabaki dezan

 

Iruñeko Andraize Emakumeen Arreta Zentroan sexu hezitzailea da Yolanda Perez de Mendiola. Bere lana sexu harreman bidezko gaixotasunak saihesteko metodoen berri ematea da, sexualitatearen inguruko zalantzak argitzea eta haurdunaldiak eteteko aholkularitza eskaintzea. Abortua fribolitatearekin lotzen duten diskurtsoez nazkatuta dago: “Sekula ez da inor etorri irribarrea ahoan; ez da axolagabekeriaz bizitzen den esperientzia”.

Kontsulta txiki bat dauka, eta sobera puztutako itxaron zerrenda. Hala ere, gogotsu eusten dio beharrari. “Adin guztietako pertsonak etortzen dira. Haurdunaldia eteteko informazioa eman eta aholkularitza eskaintzen diegu. Erabakia argia bada, aurrera; bestela, gidaritza psikoemozionala eta pertsonala zuzentzen dugu”.

Profil jakinik ez dagoela dio. “Hona datozenak klase ertainekoak dira, obreroak, langileak. Horrek ez du esan nahi maila altukoek ez dutenik abortatzen; kontua da ez dutela hemen egiten. Bide pribatua hautatzen dute”. Adin tartea ere zabala da: “15 eta 45 urte artekoak heltzen dira, baina kolektibo nabarmenena 25 eta 35 urte artekoa da, horiek eskatzen dute informazio gehien”. Gizartean zabaldutako aurreiritzia da gazteenek abortatzen dutela batez ere, baina ustela da ustea, Perez de Mendiolak dioenez.

“Gogorra eta zaila” da erabakia, gehienetan. Hezitzaileak ez du orokortu nahi. “Bakoitzak norbere problematika dauka”. Hala ere, bada kapaz haurdunek abortatzeko erabiltzen dituzten argudioak zerrendatzeko: “Batez ere, ‘haurdun geratu naiz, baina hau ez da momentua’ esaten dute”. Badira bestelako egoerak ere. Adibidez, bikotekide horrekin umerik ekarri nahi ez duenaren kasua; jada seme-alaba kopuru nahikoa duela uste duena; edota ekonomikoki umerik mantendu ezin duena. Azken talde horrekin aritzea da gogorrena.

“Zailagoa da, kanpo faktoreek mugatuta egiten dutelako”, azpimarratu du. Adituak esandakoak ACAIK haurdunaldiak eteteko kliniken elkarteak egindako azterketarekin egiten du bat. Gehiengoak nahi ez duelako uzten du haurdunaldia: %48,4k hori esan zuen; %30,7k arrazoi ekonomikoak argudiatuta; adinagatik %8,8k; %6,7k bikotekidearekin zerikusia duten arrazoiengatik; eta %5,5ek arazo medikuengatik.

Orokorrean, “nahiko garbi” izaten du jendeak haurra edukiko duenentz. Dena den, bada kasuren bat hasieran abortuaren alde egin, baina ostean, haurdunaldiari eutsi diona: “Oso gutxitan pasatzen da, baina egia da, behin edo behin, abortua planteatu duten batzuk egon direla, eta sinesmen erlijioso edo moralengatik ez dutenak egin”.

Atzera begira paratu da maiz Perez de Mendiola. Hasi zenean, ilegala zen abortua, eta informazioa ematen bazuen ere, atzerrira egin behar zuten alde andreek. “Dirua zutenak Paris, Londres edo Amsterdamera joaten ziren; ez zutenak Biarritzera edo Hendaiara”.

Gainera, ohikoa zen abortu klandestinoa: “Pobreenak ziren osasun baldintza kaskarrenetan egiten zutenak”. 1976an, adibidez, abortua kartzela zigorrarekin zigortuta bazegoen ere, 10.000 emakumek etxean eten zuten prozesua. Orain, abortu klandestinoak areagotu daitezkeela pentsatzen du hezitzaileak.

1985az geroztik Espainiako Estatuan interbentzioak egiten hasi ziren arren, oso ezkor egiten du solas Perez De Mendiolak garai horren inguruan. “Emakume guztiak ‘erotuta zeuden’, denek esan behar zuten gaitz psikologikoren bat zutela, depresioa edo antsietatea, besteak beste”.

Legea aldatzeak ataka berera eraman gaitzakeela iruditzen zaio: “Berriz ere, gaixotasun mentala dutela deklaratu beharko dute askok. Eta batzuek legez kanpoko praktiketara joko dute”. Larritasunez ikusten du panorama, estutasunez. Indarrean dagoen legea mantendu behar dela dio, izan ere, bestela, “30 urte baino gehiago egingo dugu atzera”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abortu eskubidea
2024-03-12 | Euskal Irratiak
Jacqueline Idiart
"1970eko hamarkadan milioi bat emaztek abortatzen zuten Frantzian legez kanpo"

Abortuaren eskubidea Frantziako konstituzioan sartu da aste honetan. Baina abortatzeko eskubidea ez da gaur goizeko afera. Jadanik 1970. hamarkadaren hasieran mugimendu azkarrak izan ziren eskubide horren erdiesteko Ipar Euskal Herrian.


Frantziako Konstituzioak jasoko du "aborturako askatasuna bermatzea"

Senatuaren babesa jaso zuen joan den ostegunean, eta Kongresuak berretsi du astelehenean konstituzioaren aldaketa agintzen duen neurria. Frantzia da konstituzioan abortu eskubidea "bermatzen" duen munduko estatu bakarra.


"Aborturako askatasuna" konstituzioan jasotzearen alde bozkatu du Frantziako Senatuak

267 senatarik alde bozkatu dute eta 50ek kontra. Frantziako Legebiltzarrak eta Senatuak alde bozkaturik, bi ganberak biltzen dituen Kongresuaren bozketa eskas da: martxoaren 4an eginen da, eta printzipioz aldeko botoa gailendu beharko litzateke.


Espainiako Gotzainen Batzarraren aurka Donostian agertutako kartelak ikertzeko eskatu dute Abokatu Kristauek

Abokatu Kristauek "iraingarritzat" jo dituzte Donostian agertutako kartelak. Haien ustez, hiru delitu egin dituzte egileek: gorroto-delitua, erlijioen-sentimenduen aurkakoa eta egoera zibilaren usurpazioa. Ekintza anonimoa izan da, Askabide klinikaren ondoan jarritako... [+]


Elizaren pederastia kasuak salatzeko kartelak agertu dira Donostian

Espainiako Gotzainen Batzarraren izena daramaten kartelak agertu dira Askabide klinikaren ondoan: "Orain abortatzen baduzu, zer joko dugu larrutan hemendik 5 edo 6 urtetara?".


Eguneraketa berriak daude