Anarkismoa, XXI. mendeko mugimendu iraultzailea

Manifestari anarkistak AEBetako protesta batean. Artikuluaren egileen ustez, XXI. mendeko mugimendu iraultzaileek sustrai anarkistak izango dituzte (argazkia: Dominic Alves (CC-by-sa).
Manifestari anarkistak AEBetako protesta batean. Artikuluaren egileen ustez, XXI. mendeko mugimendu iraultzaileek sustrai anarkistak izango dituzte (argazkia: Dominic Alves (CC-by-sa).

Geroz eta argiago dago iraultzen garaia ez dela amaitu. Eta argi ikusten da XXI. mendeko mugimendu iraultzaile globala izango dela ez hainbeste marxismoaren tradizioan jatorria izango duen mugimendu bat, ezta mugatutako sozialismoan ere, anarkismoarenean baizik.

Leku guztietan, Ekialdeko Europatik hasi eta Argentinaraino, Seattletik Mumbaira, ideia eta printzipio anarkistak ikuspegi eta amets erradikal berriak sortzen ari dira. Maiz horien erakusgarriek ez diete beren buruei anarkista deitzen. Beste izen ugari dago: autonomismoa, anti-autoritarismoa, horizontaltasuna, Zapatismoa, demokrazia zuzena… Halere, leku guztietan aurkitzen dituzu funtsezko printzipio berak: deszentralizazioa, borondatezko kidetza, elkarri laguntzea, sare sozialak, eta batez ere, baztertzea edozein ideia zera esaten badu: helburuak bitartekoak justifikatzen dituela; are gutxiago iraultzaren helburua estatuko boterea hartzea dela, horren bitartez ikuspuntu propioa inposatzeko pistola eskuan. Batez ere, anarkismoa, praktikaren etika gisa –gizarte berria eraikitzearen ideia “gizarte zaharraren barneko oskolan”– oinarrizko inspirazio bihurtu da “mugimenduen mugimendua” deiturikoarentzat (haren partaide dira egileak), eta helburutzat dauka hasieratik, estatuko boterea eskuratzea baino, erakustea, zilegitasuna kentzea eta deuseztatzea botere-mekanismoak, haien baitan geroz eta autonomia espazio zabalagoak eta kudeaketa parte hartzaileagoa irabazi bitartean.

Badira zenbait arrazoi esplikatzeko zergatik diren erakargarri ideia anarkistak XXI. mendearen hasieran: begi bistakoenak, XX. mendean gobernu aparatua kontrolpean hartuz kapitalismoa gainditzeko egindako ahalegin ugarien ondorioz izandako akats eta katastrofeak. Geroz eta iraultzaile gehiagok onartzen du “iraultza” ez dela etorriko momentu apokaliptiko handi batean, Neguko Jauregiaren antzeko zera globalen batetik, gizakiaren historiaren zati handienean gertatzen joan den prozesu luze batetik baizik (nahiz eta, gauza gehienak bezala, azkenaldian azkartu den), hegaldatze eta ihesaldiz beteriko estrategiekin, baita konfrontazio dramatikoak ere, eta izatez inoiz –hala uste dute anarkista gehienek– behin betiko amaituko ez dena.

Apur bat nahasgarria da, baina sekulako kontsolamendua eskaintzen du: ez dugu itxaron behar “iraultza ostera” egiazko askatasunak nolakoa izan beharko lukeen ideia edukitzen hasteko. Crimethink kolektiboak, anarkismo estatubatuar garaikidearen propagandista handienak, dioen legez: “askatasuna iraultzaren momentuan baino ez da existitzen. Eta momentu horiek ez dira uste duzun bezain ohiz kanpokoak”. Anarkista batentzat, izatez, alienaziorik gabeko esperientziak sortzen saiatzea, benetako demokrazia, inperatibo etikoa da; antolakuntza orain norberaren modura eginez bakarrik –gutxienez gizarte libre batek errealitatean nola funtzionatuko lukeen erakusten duen hurbilpen zabal bat eskainiz, nola bizi ahalko ginatekeen denok noizbait–, ziurtatu dezakezu ez garela berriz desastrean eroriko. Pozik gabeko iraultzaileek, goibelek, plazer oro kausaren alde sakrifikatzen dutenek, gizarte tristeak baino ez ditzakete sortu, gizarte goibelak.

Aldaketa horiek dokumentatzeko zailak izan dira orain arte ideia anarkistek apenas jaso dutelako arreta akademikorik. Oraindik milaka akademiko marxista daude, baina ia ez dago akademiko anarkistarik. Diferentzia hori zaila da aztertzeko. Hein batean, zalantzarik gabe, marxismoak beti mundu akademikoarekin nolabaiteko kidetasuna izan duelako da eta anarkismoak ez zeukan hori: marxismoa izan zen, azken finean, doktore batek asmatutako mugimendu sozial handi bakarra. Anarkismoaren historiako erreferentzia gehienek onartzen dute marxismoaren antzekoa dela oinarrian: anarkismoa aurkezten zaigu XIX. mendeko zenbait pentsalariren (Proudhon, Bakunin, Kropotkin…) asmakizun gisa eta langile klaseko erakundeak inspiratzeko balio izan zuen, borroka politikoetan engaiatu zen, korronteetan zatitu zen…

Anarkismoa, historia konbentzionalean, marxismoaren senide pobrea bailitzan aurkeztu ohi da, teoria aldetik pixka bat herrena baina ideologikoki konpentsatua, agian, pasioarekin eta egiatasunarekin. Analogia bortxatu xamarra da benetan. Anarkismoaren fundatzaileek ez zuten pentsatu ezer berria asmatu zutenik. Euren oinarrizko printzipioak –elkarri laguntzea, norbere borondatez kidetzea, berdintasunez erabakiak hartzea–, humanitatea bezain zaharrak dira. Ber gauza gertatzen da estatua errefusatzearekin edo baita edozein motatako egiturazko biolentzia, desberdintasun edo dominazio ere (anarkismoak literalki “zuzendaririk gabe” esan nahi du) –are, ideia horiek guztiak neurri batean elkarrekin harremanetan daudela eta elkar bermatzen dutela dioen hipotesiarekin–. Hori guztia ez zen ikusi doktrina harrigarriki berritzaile gisa, giza pentsamenduaren baitan iraun duen joera gisa baizik, ezin dena teoria ideologiko orokor bakar baten barruan ere ulertu.

Hein batean fede bat bezala da: boterea beharrezko egiten duten arduragabekeria forma gehienak, izatez, boterearen beraren efektuak direla sinestea. Praktikan, dena den, etengabeko zalantzan jartze bat dago, giza bizitzetako derrigorrezko harreman bakoitza, harreman hierarkiko bakoitza identifikatzeko ahalegina, eta haiek desafiatzea beren burua justifika dezaten, eta ezin badute –gehienetan gertatzen den bezala– haien boterea mugatzeko ahalegin bat, hartara pertsonen askatasuna handitu dadin. Sufi batek esan lezake sufismoa dela erlijio guztien atzean dagoen benetako bihotza; bada, neurri berean, anarkista batek argudiatu lezake anarkismoa dela ideologia politiko guztien atzean dagoen askatasun grina.

Erraza da eskola marxistetako fundatzaileak aurkitzea. Marxismoa Marxen burutik sortu zen bezala, leninistak dauzkagu, maoistak, althusseriarrak… (ikusi nola zerrenda estatu buruekin hasten den eta irakasle frantziarretan dibertsifikatzen den –zeintzuek, era berean, euren korronteak sor ditzaketen: lacaniarrak, foucaultiarrak…).

Eskola anarkistak, kontrara, antolakuntza printzipioren batetik edo praktika moduren batetik sortzen dira ia beti: anarko-sindikalistak eta anarko-komunistak, insurrekzionalistak eta plataformistak, kooperatibistak, indibidualistak, eta abar.

Anarkistak, egiten duten horrengatik bereizten dira, eta egite horretarako euren buruak antolatzeko duten moduarengatik. Berez horrela izan da beti eta horretan pentsatzen eta eztabaidatzen pasa dute anarkistek euren denbora gehiena. Ez dira inoiz gehiegi interesatu marxistak kezkatzen zituzten kontu orokor filosofikoez edo estrategiazkoez, adibidez, nekazariak klase potentzialki iraultzailea ote dira? (anarkistek uste dute hori nekazariek eurek erabaki behar duten zerbait dela) edo, zein da jabetza materialaren izatea? Anarkistek joera gehiago dute eztabaidatzeko ea zein den asanblada bat antolatzeko modu benetan demokratikoa, eta zein puntutan antolakuntzak uzten dion jende guztiarentzako tresna izateari eta hasten den norbanakoen askatasuna higatzen. “Lidertza” benetan txarra al da? Aldi berean euren buruei galdetzen diote botereari kontra egitearen etikaz: zer da ekintza zuzena? Norbaitek beste norbait kondenatu beharko ote luke estatu buru bat erailtzeagatik? Noiz da bidezkoa adreilu bat botatzea?

Marxismoak, modu horretan, estrategia iraultzaileari buruzko diskurtso analitiko edo teorikoa izateko joera eduki du. Eta anarkismoak jo du praktika iraultzaileari buruzko diskurtso etikoa izatera. Emaitza: marxismoak praxiari buruzko teoria distiratsuak produzitu ditu eta oro har anarkistak izan dira praxiarekin berarekin lanean aritu izan direnak.

Momentu honetan, badago nolabaiteko haustura anarkismoaren belaunaldien artean: euren formazio politikoa 1960 eta 1970eko hamarkadetan jaso zutenen –eta maiz joan den mendeko ohitura sektarioak astindu ez dituztenen– edo sinpleki termino horietan funtzionatzen dutenen, eta ekintzaile gazteagoen artean, askoz informatuagoak, besteak beste, ideia indigenekin, feministekin, ekologistekin edo kultural-errebisionistekin. Aurrenekoak Federazio Anarkisten bidez antolatzen dira, IWA1  NEFAC2 edo IWW3  kasu. Bigarrenek mugimendu sozial globalaren sareetan lan egiten dute nagusiki, Herrien Ekintza Globala bezalako sareetan, Europako eta beste lekuetako kolektibo anarkistak batzen dituena, Zeelanda Berriko ekintzaile maorietatik hasita, Indonesiako arrantzaleak edo Kanadako posta-langileen sindikatua bezalako taldeak. Bigarren talde hori –zeina izenda dezakegun modu anbiguoan “a minuskuladun anarkista” gisa–, puskaz nagusi da orain. Baina sarri hori zaila da esaten, haietako askok ez dituztelako beren afinitateak oso altu oihukatzen. Izan ere, ez dira gutxi sektarismoaren kontrako eta zabaltzearen aldeko printzipioak hain serio hartzen dituztenak, ezen uko egiten baitiote euren buruak anarkistatzat jotzeari arrazoi horixe bera dela medio.

Baina ideologia anarkistako manifestazio orotan agertzen diren hiru ideia funtsezkoak anti-estatua, anti-kapitalismoa eta politika aurre-figuratiboa dira (hau da, kontzienteki sortu nahi dugun munduaren antza duten antolatzeko moduak. Edo, 36ko Gerra Zibileko historialari anarkista batek esan zuen moduan “ez bakarrik ideiez pentsatzeko ahalegina, etorkizuneko gertakariez eurez ere bai”). Hori badago edozein kolektibotan, “jamming collectives” delakoetatik Indymediaraino, denak jo ditzakegu anarkistatzat zentzu berri honetan. Zenbait herrialdetan, oso maila mugatuan baino ez dago harremanik aldi berean existitzen diren bi belaunaldion artean, batez ere bakoitza egiten ari dena jarraitzeko –baina ez askoz gehiago–.

Horren arrazoietako bat da belaunaldi berria, ideologiaren puntu finenak argudiatzen baino, askoz interesatuago dagoela funtzionamendu forma berriak garatzen. Hauen artean garrantzitsuena erabakiak hartzeko prozesuan forma berriak garatzea izan da, demokraziaren kultura alternatibo baten hastapenak, gutxienez. Horien artean ikusgarrienak dira Ipar Amerikako “bilera herrikoi” ezagunak, zeintzuetan milaka ekintzailek eskala handiko gertakizunak koordinatzen dituzten zuzendaritza egitura formalik gabe.

Egiazki apur bat engainagarria da forma hauei “berri” deitzea. Anarkista berrien belaunaldiaren inspirazio iturri nagusietako bat Chiapaseko udalerri autonomo Zapatistak dira, Tzeltal eta Tojobal hiztun komunitateetan oinarritzen direnak eta kontsentsu bidezko prozesuak erabili izan dituztenak milaka urtez –orain iraultzaileek egokitu egin dituzte emakumeek eta gazteek ahotsa daukatela ziurtatzeko–. Ipar Amerikan “kontsentsu prozesua” 1970eko hamarkadako mugimendu feministan agertu zen batez ere, 1960ko urteetako Ezker Berriaren gizonkeriazko lidergo estiloaren aurkako erreakzio zabalago baten parte. Kontsentsuaren ideia kuakeroengandik hartu zen eta haiek diote Sei Nazioek inspiratu zituztela, baita jatorrizko iparamerikarren beste praktika batzuek ere.
Kontsentsua gaizki ulertzen da maiz. Kritikak entzuten dira askotan, esaten dutenak kontsentsuak eragingo lukeela konformitate itogarri bat, baina ia inoiz ez dira kontsentsu prozesua martxan ikusi duen inork egindako kritikak, ez gutxienez moderatzaile kualifikatu eta esperientziadunek gidatutako prozesurik (Europan horrelako gauzetarako tradizio gutxi dago eta duela gutxi egin diren esperimentu batzuk apur bat “gordinak” gertatu dira). Izan ere, erabiltzen den hipotesia da inork ezin duela benetan  beste inor erabat bere ikuspuntura ekarri, eta segur aski ez lukeela egin behar ere. Horren ordez, kontsentsu prozesuaren helburua da talde bati erabakitzen uztea ekintza amankomunak egin bitartean. Goitik beherako proposamenak bozkatu ordez, proposamenak lantzen dira eta berriz errebisatzen eta berrasmatzen dira, konpromiso eta sintesi prozesu bat dago, mundu guztiak onar dezakeen zerbaitera iritsi arte. Azken etapara iristen denean, “kontsentsua aurkitzeko” momentura iristen garenean, objekzio posibleen bi maila daude: “alde batera” gera zaitezke eta horrek esan nahi du “hau ez zait gustatzen eta ez dut horretan parte hartuko baina ez dut eragotziko beste inork egin dezan”; edo “blokeatzea”, beto baten eragina daukana. Proposamen bat blokeatu dezakezu, baina taldearen oinarrizko printzipioak edo izateko arrazoiak urratzen dituela uste baduzu baino ez. Esan liteke AEBetako Konstituzioak Auzitegi Gorenari ematen dion funtzioa, printzipio konstituzionalak urratzen dituzten lege erabakiak baztertu ahal izatea, hemen edozeinen esku uzten dela, baldin eta nahiko adore badu benetan taldearen borondateari aurre egiteko (nahiz eta badiren justifikatu gabeko blokeoen kontra borrokatzeko moduak ere).

Luze segi genezake hizketan honek funtziona dezan garatu diren metodo landu eta harrigarriki sofistikatuez; talde oso handietarako moldatutako kontsentsu formez; kontsentsuak bere horretan nola indartzen duen deszentralizazio printzipioa, bermatuz inork ez duela aurkeztu nahiko talde handien aurrean proposamenik beharrezkoa ez baldin bada, genero berdintasuna ziurtatzeko moduez eta gatazkak konpontzekoez… Gakoa da hau demokrazia zuzen forma bat dela, normalean izen horrekin lotzen dugunaren diferentea –edo, baita, aurreko belaunaldietako anarkista europar eta iparamerikarrek erabiltzen zuten gehiengo bidezko boto sistemaren desberdina, oraindik erabiltzen dena, esan dezagun, klase ertaineko asanblada argentinar urbanoetan (eta ez aldiz, kurioski, piketero erradikalenen eta langabetu antolatuen artean, haiek kontsentsu bidez operatzeko joera baitute)–. Mugimendu ugarien arteko nazioarteko kontaktu geroz eta gehiagorekin, sustrai-sustraitik tradizio erabat diferenteak dituzten Afrikako, Asiako eta Ozeaniako talde indigenak sartuta, ikusten ari garena zera da: “demokrazia” hitzak esan beharko lukeenaren berrikuste globala, munduan diren botereek egun sustatzen duten parlamentarismo neoliberaletik ahalik eta urrutien dagoena.

Berriz ere zaila da sintesi espiritu honi jarraitzea dagoen literatura anarkista gehiena irakurriz, euren indar gehienak kontu teorikoetarako baliatzen dituzten pertsonak baitira –probabilitate handiz, logika dikotomiko sektario zaharrari gehien eusten dioten pertsonak– sortzen ari diren praktiken forma berrietan erabili ordez. Anarkismo modernoa zenbatu ezin diren kontraesanez beterik dago. A minuskuladun anarkistek apurka-apurka aliatu indigenen eskutik ikasitako ideiak eta praktikak berenganatzen dituzten bitartean eta euren antolatzeko moduetan eta komunitate alternatiboetan txertatzen, literatura idatziko arrasto nagusia Primitibisten sekta baten jaiotza izan da, talde oso eztabaidagarria, zibilizazio industrialaren erabateko abolizioaren alde dagoena, baita, zenbait kasutan, laborantzarekin ber gauza egitearen alde ere. Hala eta guztiz ere, denbora kontua baino ez da logika zaharrak bidea libre uztea kontsentsuan oinarritutako taldeen praktikaren antz handiagoa izango duen zerbaiti.

Zer litzateke sintesi berri hau? Egituratuko lituzkeen zenbait lerro jada antzeman daitezke mugimenduaren baitan. Nabarmenduko nuke etengabe anti-autoritarismoari jarri zaion arreta eta zabalkundea, klase erredukzionismotik urruntzea “dominazioa agertzen den eremu guztiak” hartzen saiatuz, hau da, ez bakarrik estatua seinalatuz, genero harremanak ere bai; ez harreman ekonomikoak bakarrik, kulturalak ere bai, ekologia, sexualitatea, eta askatasuna, hura bila daitekeen forma bakoitzean, eta bakoitza ez bakarrik autoritate harremanen prismaren bidez, kontzeptu aberats eta ugariagoen bitartez baizik.

Hurbilpen honek ez du produktibitatearen amaigabeko zabalkundearen alde egiten ezta teknologiak neutralak direla dioen ideia babesten ere, nahiz eta ez dion teknologiari uko egiten per se. Kontrara, harekin senidetzen da eta egokia denean erabiltzen du. Ez ditu instituzioak baztertzen per se, ezta forma politikoak per se ere. Saiatzen da ekintzarako eta gizarte berrirako instituzio eta forma politiko berriak sortzen, biltzeko, erabakiak hartzeko, koordinatzeko forma berriak txertatuz, kideko taldeekin eta elkarrizketa-egiturekin jada funtzionatzen duen ildoan. Eta ez ditu erreformak kondenatzen per se, ez hori bakarrik, erreformistak izango ez diren erreformak definitu eta lortzeko borrokatzen du, jendearen berehalako beharrei kasu eginez eta euren bizitzak hemen eta orain hobetzen saiatuz, lorpen handiagoetarantz ibili bitartean, azkenik, transformazio erabatekoraino.

Eta noski, teoriak egokitu beharko du praktikara. Guztiz eraginkorra izateko anarkismo modernoak gutxienez hiru maila uztartu beharko ditu: ekintzaileak, herri antolakundeak eta ikertzaileak. Problema oraintxe bertan da, ohitura zaharrak –mundu intelektualeko zati handi batean oraindik dabilen mozkorraldi marxista– gainditu nahi dituzten intelektual anarkistak ez daudela seguru euren rola zein izan behar den. Anarkismoak pentsakorra izan behar du. Baina nola? Puntu bateraino erantzunak begi bistakoa dirudi. Ez luke inor leziatu beharko, ezta katedra ezarri ere, are gutxiago norbera pentsatu irakasle terminotan, entzun baizik, esploratu eta aurkikuntzak egin. Kanpora atera eta esplizitu egin praktika erradikal berrien azpian dagoen logika tazitua. Ekintzaileen esanetara jarri informazioa eskainiz, eta ustez objektiboak diren diskurtso autoritarioen atzean tentuz ezkutatuta dauden elite dominatzailearen interesak erakutsi, gauza berari buruzko bertsio berri bat ezartzen saiatu baino. Baina aldi berean, askok onartzen dute borroka intelektualak bere zeregina berrindartu behar duela. Asko hasiak dira seinalatzen gaur egungo mugimendu anarkistaren oinarrizko ahultasunetako bat dela, demagun Kropotkin, Reclus edo Herbert Readen garaiekin alderatuta, hain zuzen sinbolikoa dena deskuidatzea, alderdi irudikorra, eta teoriaren eraginkortasunaz ahaztea. Nola pasa etnografiatik ikuspegi utopikoetara –idealki, posible diren ikuspegi utopiko guztiak bilduz–? Ez da kasualitatea AEBak bezalako herrialdeetan anarkista gehien errekrutatu dituzten pertsonak idazle feministak izatea, Starhawk edo Ursula K. Le Guin bezala.

Hau gertatzen ari da anarkistak teoria multzo garatuagoa duten bestelako mugimendu sozialen esperientzia berreskuratzen ari diren heinean, gertuko zirkuluetatik datozen ideiak, izatez, anarkismoak inspiratuta. Har dezagun adibidez ekonomia parte hartzailearen ideia, ikuspuntu anarkisten artean nagusietako bat, ekonomia anarkista tradizionala osatu egiten duena eta zuzendu. Pareconeko teorialariek4 proposatzen dute ez bakarrik bi, baizik eta hiru klase sozial desberdin daudela kapitalismo aurreratuan: ez proletalgoa eta burgesia bakarrik, “klase koordinatzaile” bat baizik, zeinaren lana den langile klasearen ekoizpena kudeatzea eta kontrolatzea. Klase honek bere kontrol sistemarako behar dituen oinarrizko zuzendarien hierarkia eta kontsultoreak eta aholkulari profesionalak biltzen ditu –abokatuak, ingeniariak eta kontulari garrantzitsuak kasu–. Euren klase posizioari eusten diote ezagutzaren, kualifikazioen eta konexioen inguruan daukaten neurri bateko monopolioari esker. Emaitza gisa, ekonomialariak eta alor horretan lan egiten duten beste batzuk saiatu dira langile intelektual eta fisikoen arteko banaketa estrukturalak desegingo lituzketen ekonomia ereduak sortzen. Orain argi eta garbi anarkismoa bihurtu denez sormen iraultzailearen zentro, halako ereduak proposatzen dituztenak ari dira saiatzen ez zehazki bandera anarkista erabiltzen, baina bai euren ideiek ikuspuntu anarkistekin daukaten bateragarritasun graduari garrantzia ematen.

Antzeko gauzak gertatzen hasi dira ikusmolde politiko anarkisten garapenarekin. Ados, alor honetan anarkismo klasikoak bazeukan jadanik abantaila marxismoaren aldean, azken horrek inoiz ez baitzuen garatu antolakuntza politikoari buruzko teoriarik. Anarkista eskola ugarik egin dute maiz antolakuntza sozial oso zehatzen alde, nahiz eta sarritan batzuk desados egon besteekin. Hala ere, anarkismoak osotasunean joera izan du sustatzeko liberalek “askatasun negatibo” edo “-ren askatasun” deitu izan zaien horiek, “-rako askatasunak” baino. Askotan ospatu du konpromiso hori anarkismoaren pluraltasunaren erakusgarri gisa, bere tolerantzia ideologikoarena edo bere sormenarena. Baina ondorio gisa, eskala txikiko antolakuntza formak garatzetik harago joateko gogoa falta izan da, eta sinetsi izan da estruktura handiagoak, konplexuagoak, inprobisatu daitezkeela espiritu berdinarekin.

Salbuespenak ere izan dira. Pierre Joseph Proudhon saiatu zen eskaintzen ikuspegi oso bat gizarte libertario batek funtzionatu beharko lukeen moduaz. Huts egindako saiotzat jotzen da orokorrean, baina ikusmolde garatuagoetarako bidea erakusten zuen, hala nola, Ipar Amerikako Ekologista Sozialen “munizipalismo libertarioa”. Garapen azkarra dago, adibidez, langileen kontrol printzipioak –Pareconeko taldeak nabarmendua– eta demokrazia zuzena orekatzeko moduaz, Ekologista Sozialek azpimarratuta.

Hala eta guztiz ere, xehetasun asko dago definitzeke: zein da anarkistaren alternatiba instituzional positibo sorta gaur egungo legegintzarentzat, epaitegientzat, poliziarentzat, eta hainbat agentzia exekutiborentzat? Nola eskaini ikuspuntu politiko bat legegintza, haren inplementazioa, esleipena eta betetzea bilduko dituena eta gainera erakutsiko duena nola egin atal horietako bakoitza forma ez-autoritarioekin –ez bakarrik epe luzerako esperantza eskaintzeko, hauteskunde-sistemari, legegintza-sistemari eta sistema judizialari  berehalako erantzuna emateko baizik, eta hartara, hautu estrategiko askori–? Argi dago, inoiz ezingo da egon honi buruzko alderdi-ildorik anarkismoan, baina a minuskulako anarkisten artean sentimendu orokorra da gutxienez ikuspuntu zehatz asko beharko genituzkeela. Chiapas eta Argentina bezalako lekuetan egin diren benetako esperimentu sozialen artean eta ekintzaile/“akademiko” anarkisten ahaleginekin, duela gutxi sortu zen Alternatiba Planetarioen Sarea edo  Kapitalismo Osteko Bizitza bezalako foroekin posible da lokalizatzen eta biltzen hastea forma ekonomiko eta politiko arrakastatsuen adibideak, lanean hasten ari gara. Epe luzeko prozesua da argi eta garbi. Baina, tira, mende anarkista hasi baino ez da egin.

* David Graeber eta Andrej Grubacic, Londresko Goldsmiths College eta Kaliforniako Institute of Integral Studieseko antropologia irakasleak dira hurrenez hurren.


LARRUN
2014ko apirilaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Anarkismoa
2023-01-31 | Gedar
102 egun daramatza gose greban Alfredo Cospito preso politiko anarkistak, Sardinian

Jasaten ari den isolamendu-erregimena salatzeko ekin zion gose grebari Cospitok. Erroman, presoarekin elkartasunez, protestak izan ziren larunbatean, eta 40 pertsona atxilotu zituzten polizia-indarrek.


Lola Iturberen eskola

Bartzelona, 1902ko  abuztuaren 1a. Lola Iturbe Arizcuren anarkista eta feminista aitzindaria jaio zen. CNTko kidea eta Mujeres Libres erakundeko sortzaileetako bat, 1936ko Espainiako Gerra amaitzean Frantziara alde egin zuen eta han Erresistentzian parte hartu zuen. Franco... [+]


2022-06-12 | Julen Azpitarte
Voltairine de Cleyre
Anarkista, besterik ez

Voltairine de Cleyre (1866-1912) XX. mendeko mugimendu anarkista eta feministako emakume garrantzitsuenetariko bat izan zen, Emma Goldmanekin batera. Feminismoa boto-eskubidearen aldeko borrokara mugatzen zen garaian, Cleyrek bide berriak ireki zituen eta gaur eguneraino iraun... [+]


Indarkeria matxista. Zer egin erasoa gauzatu duten pertsonekin?
Eraso matxisten kudeaketari buruzko hausnarketak, begirada anarkistatik

Poltsatik objektuak atera ahala, hitzaldira gerturatutako pertsonen begirada arretatsuaren pean ari da horiek kokatzen hizlarietako bat. Ur botila eta mukizapi pakete bat bazter batean, eta parez pare, distantzia dezentera, fruitu lehor poltsa eta hortzetako eskuila. Erdian,... [+]


Bakunin Batailoia; apaizez jantzita gizarte amurrioar fededuna astindu zuten miliziano anarkistak

Sergio Balchada Outeiralek liburua argitaratu du Gerra Zibilean alde errepublikarrean borrokatu zuten galiziarrei buruz. Horietako asko Amurrion egon ziren, Bakunin Batailoian. Bere presentziak amurrioarren arreta erakarri zuen, praktikatzen zuten ateismoak talka egiten baitzuen... [+]


Eguneraketa berriak daude