Nafarroako Gobernua Kinkan

Bertigoa


Patxi Leuza @patxileuza
2014ko otsailaren 23a

Otsailaren 14an idatzi dut artikulua. Batzuk ospatzen dute San Valentin, nik ez. Otsailaren bukaeran, agian santutegia aldatu beharko dugu, eta egun horri San Kikil deitu.

Bitxia da, baina PSN ez da existitzen, eta baieztapen arrunt hori azken 30 urteotako ekintzek bermatzen dute. Ez da gauza bera gertatzen Alderdi Sozialistako federazio guztietan, PSCn eta PSAn adibidez. Horiek badute berariazko boterea; PSN berriz, PSOEren adar bat baino ez da, horrek esan nahi duen guztiarekin. Hemen ez da ezer erabakitzen hierarkia gorenak baimendu gabe, eta baimena emango duena Madrilen dago, nola ez!

Hori esanda, orain Nafarroako politikaren egoera larriari helduko diogu, zeinak hain aztoratuta, ilusionatuta eta izututa gauzkan. PSNk hordago handira jo dio Barcinari (ez daukat hain garbi UPNri jo ote dion hordagoa), eta egia, sozialistak lokaztutako baratzean sartu dira; hain lohiz betea, epeak noiz bukatzen diren ere ez dute argi. Bat-bateko erreakzioa? Ez dut uste. Egoera hau baliatu nahian dabiltza? Seguruenik bai. Hauteskundeak aurreratuz gero, sozialistek lidergoarekin duten arazo handiaren zati bat konponduko lukete hauteskunde primarioak (denborarik ez dagoelako) saihestuta.

90eko hamarkadako Thelma & Louise filmarekin gogoratzen al zarete? Aurrera begira egin zuten ihes eta zoritxarreko amaiera zeukan pelikulak. Aldeak alde, protagonistak heroi xarmangarriak baitziren, hauxe da Barcinaren gidoian aurreikusten dudan amaiera: Yolanda & Louise.

Barcinaren gobernua kinka larrian dago, eragile eta hedabide guztiek berretsi dute, eta ez luke bost minutuz ere iraungo ez balitz ia denaz susmagarria den pertsona mantentzeko beharrezko diren interes taktikoengatik.

Ulerterrazak ez diren kontuak dabiltza borrokan denda atzean: Alde batetik, botereari desesperatuki eusten dio Barcinak, politikoki bereak egin duela oso gertu sumatu baitu. Eta ondo jakina da politikan atzeko atetik atera denak ez duela urrezko alfonbrarik aurkituko aurrerantzean. Bestetik, UPN marka ikaragarri azkar ari da hondatzen eta horrek pentsarazten du atzetik hariak mugitzen dituztenak urduri jartzen ari direla. Oso urduri.

Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiaren adierazpenek zalantzarako tarterik ez dute uzten. Burugabe bat baino (ez dut uste Idoia Nieves hala denik) ez litzateke sokaren alde batetik bestera joango sarerik gabe. Ez dakit zergatik egin duen, baina berriro diot, nire ustez adierazpenak egiazkoak dira.

Nire iritziz, Barcinaren asmoez gain, UPNk ez du onartuko beste 15 hilabetez higatzen segitzea, ondorioak izango bailituzke: ikerketa batzordeak ondorioztatuko duenaz gain, eta epe motz-ertainera susperraldi ekonomikorik aurreikusten ez dela, beti saldu duen kudeatzaile onaren irudi mitifikatua eroriko litzateke.

Oposizioan dugun lan gaitza aipatuz bukatuko dut. Lehendakariak berak ez badu erabakitzen hauteskundeak aurreratzea eta zentsura mozio baten aurrean bagaude guztiok neurria emango dugula espero dut. Ez naiz UPNren azpijokoez fio eta mozioaren alde bozkatuko nuke, oinetako behatzen bidez sudurra estaliz.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Goicoechea auzia

Goicoechea auzia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude