"Gure estrategia nola indartuko dugun, hori da giltzarria"

  • Baiona, 1962. Ekonomialaria. Hautetsien Kontseiluko eta Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari ohia. Kontseilu Nagusiko zuzendaritzako kargua utzi zuen orain urtebete Herriko Etxeko hauteskundeetan parte hartzeko. Baiona 2014 hautagaitzaren zerrendaburua da.

"Baiona 2014 hautagaitza biziki egokia da, esperantzaz beterik ari gara". Dani Blanco

Ipar Euskal Herriko abertzaletasunaren egoera orokorraz mintzatu gara Baiona 2014ko hautagai nagusiarekin: “Herriko Etxeetako bozak une berezian heldu dira. Abertzaleak EH Bai eratzen ari gara. Helburuak finkatuak daude, baina estrategiak ez arras oraino. Zentzu horretan, hauteskundeetan hautatu hautetsi abertzalearen kopuruak EH Bairen desmartxa baldintzatuko du. Hau da, kopurua handia bada, baldintza hobean hasiko dugu dinamika berria, aro berria emaitzen arabera abiatuko da. Ezker abertzalea (EH Bildu Hegoaldean bezala) egitura bakarrean aritzeko garaia da honako hau. Beraz, jendearen kuraia behar dugu, baita hautetsi kopuru ona erdietsi”.

Zerrendaburu zara Baionan. Ezkerrekoa bai, baina ez duzue zuen burua abertzale gisa aurkezten. Emaguzu hautagaitzaren izaeraren ideia bat.

Baionan zerrenda abertzalea izan da beti. Hautagaitzak anitzak izan dira, abertzaleak nagusiki, baina bertze batzuekin juntatuak. Gisa batez, abertzaleen boza beti entzuna izan da lehen itzulian. Boz hauek bereziak dira, jendea hurbilagoa dago bizitza politikotik, herritarra programaz interesatzen da, debatean sartzen da. Beste mugimendu batzuekin joanik ere, ekimena berdin inportantea da abertzaleen asmoak gauzatzeko. Bi gauza dira funtsezko: boz kopurua eta debatea. Bertze hautagaien programetan eragin dezakegu, horregatik lehen itzulian azkar jokatu behar dugu. Sei zerrenda daude, espazio politikoa murritza da mezua helarazteko orduan. Gure hautua egokia da, esperantzaz beterik ari gara.

Demokrazia parte-hartzailea bultzatu nahi duzue.

Baiki. Demokrazia parte-hartzailea anitz aipatzen dute kandidatura guztiek, baina hori nola lantzen den! Erabaki publikoak hitzarmen bidez hartu behar direla diogu gehienek. Legeak kolektibitateak gonbidatzen ditu halako desmartxetan parte hartzera. Erran bai, egitea zailagoa da ordea. Guk praktikan ezarri nahi dugu, eta ez bakarrik erabakiak kontzertazioz hartuz, erabakitzeko botere-guneak, hein batean bederen, partekatu nahi ditugu herritarrekin.

Nola?

Hiru printzipioetan funtsaturik: jendea formatuz, sentsibilizatuz, boterearen partea jendearen eskutan ezarriz. Modu egokiena aurrekontuetan parte-hartzea da. Adibidez, auzo batzuetan elkarteetako asanbleen bidez: auzotarrek proiektuak aurkeztuz –etxeen eta auzo-guneen antolaketan– eta guk haiekin batera parte zuzena izanez. Aurrekontuak auzoka aurkeztu daitezke biltzarren bidez, hori ez da ezinezkoa. Hori politika egiteko molde bat da, politika absolutista saihesteko eginbidea.

Bizi! mugimenduaren bidean...

Bizi! mugimenduak proposatutako ikuspuntuak kontuan hartu ditugu bistan da: 1. Gure politika ezkerrean finkatzea. 2. Demokrazia parte-hartzaileari bai, hasteko, gure barne funtzionamenduan, eta Herriko Etxean izanen garelarik ere, funtzio publikoan aplikatzeko. 3. Energiaren trantsizioa lantzea. 4. Euskal Herriari dagokionez: Lurralde Elkargoaren eta euskararen alde eginez, bai barne funtzionamenduan bai Herriko Etxeetan. Baiona 2014 hautagaitzak Bizi!-ren testuarekin bat egiten du, alta, teoria gauza bat da eta praktika beste bat. Testu horrekin denok bat egiten dugu, gero, koalizioan joera ezberdinak daude, guk ez dugu alderdi politikoen eskemarekin funtzionatzen. Gure funtzionamendua Biltzar Nagusian finkatua da, horren barnean talde eragilea dago, Kontseiluaren bidez ari dena. Areago, gure proiektuaren kide izateko, gure programarekin bat egiteaz gain, kanpainan ere parte-hartzea eskatzen dugu, bakoitza bere heinean, baina ari garenon inplikazioa funtsezkoa da.

Jean Grenet auzapezaren ondorengoa hautatuko da. Jean-Rene Etchegaray axuanta zentristak UMPren sostengua dauka. Batera-ko kidea da. Bigarren itzuliari begira, zein da zuen asmoa?

Bigarren itzuliaz ez dugu eztabaidatu. Ez da aitzin solasik izan, nahita. Gure taldean bigarren itzuliari buruz jarrera ezberdinak direlako, ez dugu debate hori egiazki hasi. Jendea eremu ezberdinetatik heldu da, programak lehentasuna dauka, funtsezkoa taldearen kohesioa lortzeko. Ikuspuntu anitzak dira eta denbora asko eman dugu programa osatzeko, ez dugu denbora “galdu” bigarren itzulian zer eginen dugun eztabaidatzen.

Hori da antolaketaren gakoa, naski.

Bai, nolabait. Abertzaleok ezkerreko beste indar batzuekin juntatzea erabaki dugu, eta hori ezin da egin antolaketa sendorik gabe. Proiektu eta printzipio komunak adostu eta partekatu behar ditugu. Irekiak eta anitzak garela erraitea ez da aski, praktikatu behar dugu, baita argiki erran ere zer partekatu nahi dugun.
Gure proiektuan sentsibilitate ezberdinak ari gara: zentro-ezker, ezker eta ezker ezkerrekoagoak. Abertzaletasunari dagokionez, badaude independentistak eta deszentralizazioaren prozesuan jokatu nahi dutenak. Lehen itzuliko emaitzak ezagutu ondoren estrategiak finkatuko ditugu. Horra gakoa.

Henri Etcheto da PSko zerrendaburua. Zer iritzi duzu ezkerreko aukera horretaz?

Nik zuhur jokatu behar dut. Molde kolektiboan ari gara, nik ezin dut ene gisa deus berezirik erran. Gure taldean ezkerreko jarrerek pisu gehiago dute noski, baina ez PSrekin akordioa egitekotan, hor daude ere Front de Gauche eta beste. Etchegaray badago ere, Lurralde Elkargoaren aldeko bere atxikimendua ezaguna da. Beraz, emaitzak ezaguturik debatea hasiko dugu gure taldean. Hauteskundeetan proiektua sendotuta ateratzea da inportanteena.

“Baionan auzapeza hautatzeko abertzaleak giltzarri izanen dira” erran zigun Mixel Bidegainek.

Izaten ahal gara, lehenik emaitzak ikusi behar dira. Aipatu hautagaien emaitzak parekatuak baldin badira gure bozak erabakigarriak izan daitezke. Baina, berriz diot, guretzat ez da bakarrik noren alde egin, inportanteena, Herriko Etxean egin nahi dugun politika ontsa finkatzea da, heldu den etapan gure proiektua ongi bideratzeko: zer-nolako ardurak hartu nahi ditugu udal talde batean? Auzapez baten alde edo bestearen aldeko jarrera hartuz gero, nola? Eta oposizioan aritzea erabakitzen badugu? Hau da, gure estrategia zein baldintzetan garatuko eta indartuko dugun, hori da giltzarria guretzat.

Lehen aldikoz bozak ez dira bakarrik Herriko Etxeetarako bakarrik. Herri elkargoak hautatzen dira. Zuena Cöte Basque Adour aglomerazioa da. Nola nahi duzue horretan eragitea?

Herriko Etxeko eta Aglomerazioko eskumenak kontuan hartu ditugu, eta horri begira landu gure programa, osotasunean, eskumen estrategiko garrantzitsuenak Aglomerazioan baitaude. Herriko Etxeak ez du eskumen izpirik garraioan, ekonomian, etxebizitzan edota goi-mailako irakaskuntzan. Horiek denak Aglomerazioan erabakitzen dira, hor dago egiazki boterea. Aglomeraziorako bozak biziki inportanteak dira eta areago guretzat. Lehen aldikoz hautatuko dira Aglomeraziorako hautetsi berriak zuzenki, ez udalen bitartez. Guk, zoritxarrez, legeak ezarritako araua ez dugu gustuko: Aglomerazioko zerrendako lehen 13 izenek eta Herriko Etxekoek berak izan behar dute. Legea aldatu eta hori ezberdindu beharko litzateke. Alta, behartuak gaude legea betetzera. Baiona, Angelu, Miarritze, Bokale edo Bidarteko auzapeza izanen da Aglomerazioko burua. Gure ustez, seigarren pertsona batek presidente orde izan behar luke, auzapeza izan gabe. Aglomerazioko presidentea eta herriko auzapeza ez den beste hautetsi bat izatea eskatu dugu. Alderdi nagusiek esparru asko “kontrolatu” nahi dute hautetsi gutxiren bitartez. Hori guretzat demokraziaren kontra egitea da eta kanpainan adieraziko dugu ozenki.

Herriko bozak pasatu eta gero ”Ipar Euskal Herriaren egituraketaz mintzatzeko prest dela erran du deszentralizaziorako Marylise Lebranchu ministroak. Zer deritzozu?

Bozen ondoren Hautetsi eta Garapen kontseiluak hasiko dira kontratu berria prestatzen Estatuarekin. Hautetsien Kontseilu berria hautatua izanen da. Berean badaude ere diputatuak eta senatariak, baita Paueko kontseilari nagusiak ere. Hala ere, herri elkargoetakoak izanen dira hautetsi kopuru gehiena. Hurbiletik segitu beharko dugu nolakoa izanen den hauteskundeetatik landa osatuko den Hautetsien Kontseilua. Horrek izanen baitu boterea, ez gauzen erabakitzeko, baina bai gogoetatzeko. Estatuak hor xerkatuko dit mintzakideak. Debatea kartsuki segituko dugu.

Herri elkargoen bidez, Lurralde Elkargoa eratzera irits daitekeela entzun da han-hemenka.

Lurralde Elkargoa lortzeko hainbat bide urratu daitezke. Urtetan plazaratu den aldarrikapena departamendua sortzea zen. Berriki, metropolien bidezko aukera aipatzen da. Eginbideek ez dute elkar traba egin behar. Konparazionera, Iparraldeko instituzioek (Garapen eta Hautetsien kontseiluek) badute ahalmena elkargo hori bideratzeko, behetik gora egitura litzateke. Ez dakit ilusioa edo utopia den, baina bideak landu behar dira. Tokian tokiko herri elkargoek bat egiten badute, adibidez, Euskal Herria hor ageri da, nork bere boterearekin instituzio bat osa daiteke. Aukerak badaude, bakoitzaren abantailak behar dira aztertu. Frantziako Gobernuak hemengo kolektibitateari tinko uko egiten badio ere, guk bideak eta aukerak landu behar ditugu, gisa batez edo bertzez aitzina egin behar dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
"Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari"

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-11-06 | ARGIA
Bagira prozesua
Ipar Euskal Herriko abertzaleek aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte

Bagira prozesuak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak etorkizunera begira hartu beharreko orientabideen inguruko gogoeta egin du, eta ondorio nagusiak aurkeztu berri ditu. Inkesta 1.500 pertsonak erantzun dute. Mugimenduaren erronka nagusi izango diren bost gai zehaztu... [+]


Eguneraketa berriak daude