Jarrera kontua da dena

  • Gure gorputzen gaineko presio sozialari irri batekin iskin egiteko proposamena luzatu digu Gracie Hagen argazkilariaren Ilusions of the Body proiektuak.

“Dena itxura, dena gezurra da. Ederra bezain faltsua” oihukatzen dute Leihotikan taldekoek. Willis Drummondeko lagunek ideia berean sakondu dute “heroiak mamuak dira, ez baduzu sinesten, ez dira existitzen… esan nun dauden!” abestuz. Gaur egun munduari begiratzeko eta berau interpretatzeko ezinbestekoak dira irudiak. Hurkoarekin harremantzeko moduak aldatzeko ere gai dira. Janzten dugunaren edota gerri bueltaren tamainaren arabera, aurreiritziak bizi gaitu. Eta itxura faltsuen liga honetan emakumezkoen taldeak kanpoko zelaian jokatzen du beti, bi jokalari gutxiagorekin eta arerioak arbitroa erosita. Izan ere, emakumeek txikitatik jasaten duten itxurarekiko kezka, beti polit, beti eder egon beharraren presioa demasa da.

Gracie Hagen argazkilariak itxura eta tankera anitzeko pertsonak, gehienbat emakumeak, kameraren objektiboaren aurrean jarri ditu biluzik, Ilusions of the Body ekimenean. Enkoadrea eta ingurua aldatu gabe, bi argazki egin dizkie: ezkerrean argazki sesioetan ohikoak diren poseak erabiliz eta eskuinean guztiz bestelako jarrera batean. Gorputzak irudikatu behar duenari eta begiratzeko dauzkagun arauei buruz hausnartzeko iradoki du kontrastea, hain zuzen.

Publizitatearen menpeko komunikabideek, gehiengoak alegia, “jendearen alderdirik ederrena azaleratu ohi dute eta gu irudi haiekin konparatzen gara”, dio Hagenek proiektuaren aurkezpenean. Urriak dira poserik edo Photoshopik gabeko irudiak hedabide masiboetan. Beti zuzen, makillaje egokiaz apainduta eta Profident irribarreaz. Argazkilariak webgunean dioen gisan, “serie honekin gorpuzkera, etnia eta genero anitzak erakutsi nahi izan ditut, ‘itxura normala’ existitzen ez dela azalarazteko, tamaina eta forma anitzekoak garela oroitarazteko”. Musikara bueltatuz, Koma taldeko lagunek berdina esan ziguten zuzenago, nafarrago nahi bada: “Teleberriko aurkezlea, Rocioko Birgina, multinazionaleko zuzendariak, irratiko izar diruduna… imajinatu itzazu kakainean”.

Egilearen proiektu, argazki eta bideo gehiago dituzue argazkilariaren graciehagen.com webgunean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Publizitatea
2024-01-21 | Tere Maldonado
Aire Jauntxoen morroi

Bankuek eta enpresa handiek beren eraginaren itzala zabaldu dute giza jarduera ezagun eta imajinagarri orotan. Parlamentuak eta ordezkarien ganberak alboratuta, botere korporatiboak mundua gobernatzen du, bere aldeko legeak egin eta gatazkak ebatziko dituzten auzitegiak ezartzen... [+]


2023-06-09 | Ilargi Manzanares
Erresuma Batuak Repsolen, Shellen eta Petronasen iragarkiak debekatu ditu, ‘Greenwashing’ egin dutelakoan

Hiru petrolio-enpresek “herritarrak engainatzen” ari direla dio Erresuma Batuko Iragarki Arauen Arduradunak. Energia berriztagarrien inguruko iragarkietan ez dute aipatzen enpresa horiek eragiten duten kutsadura.


2023-03-19 | Tere Maldonado
IRITZIA
Publizitatearen kritikarako

Erredukzionista naizela esango didazue, baina nik honela ikusten dut: zibilizazio-krisian murgilduta gauden aldera, gizarte gisa daukagun arazo potoloenetako bat publizitatearen hedapen paregabea da. Hain dago hedatuta bazter guztietatik, non, askotan, ez baitugu ikusten ere,... [+]


Materialismo histerikoa
Publikoa

China antes del comunismo ateratzen zait bideoren bat ikusi nahi dudan ia bakoitzean, dantza ikuskizun baten iragarkia. Edo Oral B, edo Katy Perry janaria eskatu eta eskatu. Baina jasangarria dela erabaki dugu telebistako publizitate tarteen aldean, ez dugu Premium konturik... [+]


Haurrei zuzenduta dauden iragarkietako genero estereotipo errepikatuenak

Jostailuen interneteko iragarkiek genero rol eta estereotipo gehiago erreproduzitzen dituzte, telebistako iragarkiek baino. Hori da Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak egin duen txostenaren ondorioetako bat. Hamar estereotipo errepikatuenak zerrendatu dituzte, horien... [+]


Eguneraketa berriak daude