Mikroakordioak

Autogobernuari buruzko hitzarmen berria bilatuko zuela agindu zuen EAJk bere azken hauteskunde kanpainan. Eta horretan ari da orain, Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruzko Lan Taldea sortzeko aldez aurreko elkarrizketetan. Eratuta beharko zukeen dagoeneko, baina atzeratuta doa eta badirudi 2014ko otsailean-edo finkatua egon daitekeela.

Behin hau sortuta, Juan Jose Ibarretxek bultzatu zuen Estatutu Berria agertuko da abiapuntu gisa, jeltzaleek argi iragarri dutenez, eduki zoro gisa baliagarria, baina ez prozedura gisa. Hau da, teoriak balio du, baina ez kontsulta bidez gauzatzeko eta are gutxiago Estatuari desafio eginez. Oraingo bidearen oinarriak Josu Jon Imazen garaian finkatu ziren: “Ez inposatu, ez eragotzi”.

Ibarretxe Planaren porrotak jeltzaleen artean sortutako etsipen eta hutsuneari aurre egiteko, EAJren “arima pragmatikoenak” ehundutako formulazio berria zen. Estiloari dagokionez, orduko sasoi hartan, Espainian eroso egotea zen helburua eta horretarako euskal herritarrok Espainia “seduzitu” behar genuen. Edukiaren oinarria honakoa zen: Espainia eta EAEren arteko aldebikotasuna edo bilateralitatea, hau da, inork ezin duela bere kabuz erabaki, ez eragotzi.

Txema Monteroren 2007ko artikulu batek ere eman ditzake hainbat pista, Ibarretxeren kontsultak porrot egin behar zuela ikusten zen eta Monterok aurrera begira Euskal Estatu Orokorren eraketa proposatu zuen, euskal herritarren artean ahalik eta autogobernu maila handiena adosteko. Estatu orokor haiek Eusko Legebiltzarra dira oraingoz, eta balizko edukiari dagokionez, helburua litzateke akordio aldebikoak ahalik eta esparru gehienetara iristea. “Nire ustez –zioen Monterok– hori posible da guztian salbu eta Defentsa eta Estatuaren atzerriko ordezkaritzan. Daukaguna baino gehiago da eta alde bakarreko erabaki eskubidea baino zerbait gutxiago”. Juanjo Alvarez EHUko katedratikoak Larruneko 158 zenbakian (2011ko urria) jaurtitakoak ere eman dezake helburuaren pistaren bat: “Kontzertu Ekonomikoaren ahalmena esparru politikora aldatuko bagenu, potentzialtasun ikaragarriak geneuzkake”. Ez da argitzen akordio eza nola desblokeatzen den, eta halakoetan atzean gizarte indar handia ez badago, ahulenak amore ematea da ohikoena.

EH BILDUK jakinarazi du lan batzordera Ibarretxe plana eta Loiolako Akordioak eramango dituela. Bere garaian Batasunak arbuiatu egin zuen Ibarretxe plana, baina bere hiru botorekin, Eusko Legebiltzarrean berau aurrera ateratzea ahalbidetu zuen 2004an. Loiolako Akordioei dagokienez, ETAk ez zuen onartu Batasunak itunari baiezkoa ematea, nahiz eta honen ordezkariek –Rufi Etxeberria eta Arnaldo Otegi– berau hobetsi nahi zuten. Zazpi urte geroago EH Bilduk (Ibarretxe plana defendatzen zuten EA eta Aralar ere hor dira) abiapuntu gisa jarriko dute autogobernuan aurrera egiteko.

Aldaketa handiak ez dira egituretakoak bakarrik ezker abertzalean. Urteetan autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna gatazka armaturako oinarri izan badira, gaur egungo ezker abertzaleak onartzen du printzipio horiek soilik bide politikoen bidez lortu behar direla eta autodeterminazioa ez dela abagune honetako helbururik garrantzitsuena. Hori adierazi zuen iragan irailean Euskal Bidea ekimenaren berri eman eta burujabetzaren bidea progresiboki gauzatzeko asmoa azaltzean: “Euskal Bidea gure erabakien eskutik egin nahi dugu. Euskal Herrian erabaki nahi dugu. Ez gara etorkizuna erabakitzeko egun seinalatu baten zain geldituko, egunero gure erabakiak Euskal Herrian hartu nahi ditugularik”. Hau da, bake prozesuak eta eguneroko herrigintzak lehentasuna dutela eta independentziaren aldarrikapenak ez dituela horiek oztopatuko.

EH Bildu saiatuko da jeltzaleekin akordioren bat bideratzen eta jeltzaleen artean ere badira joera horiek bultzatzearen aldekoak, baina eragozpenak ere ez dira makalak. Herrigintzaren oso klabe garrantzitsuak EAJk PSErekin finkatu ditu jada, bien artean gauzatu berri duten akordioan. Epe ertainera, beraz, oso posible da soberanismoak eta herrigintzak aurrera egingo badute, hori makroakordioen bidez baino mikroakordioekin egitea.


ASTEKARIA
2013ko abenduaren 15a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


Eguneraketa berriak daude