Pentsiodun behartsuenak zigortzeko artea

  • “Hainbesteko zurrunbiloa hilean sei kafe adina euro ordaindu behar direlako?”. Zer da bada hilean 8 euro ordaintzea 600 bat euroko pentsioa duenarentzat? Nafarroan pentsiodunen %40 inguruk 650 euro baino gutxiago jasotzen dute. Euskal Autonomia Erkidegoan 1.000 eurotik beherako pentsioa dauka %73ak.

Arg: Dani Blanco
Arg: Dani Blanco

 Nafarroako Gobernuak 2012ko uztailaren 1etik botiken berrordainketa indarrean dauka. Eusko Jaurlaritzak, helegitea tarteko, 2013ko uztailaren 1a arte ez du ezarri. Bi administrazioek erantzun diferentea eman diote Espainiako Gobernuaren dekretuari: Nafarroako Gobernuak agindua bete beste erremediorik ez dagoela argudiatu du, eta bere horretan onartu du herritarrek %5 baino %10 ordaintzea sendagaiak erosterakoan. Eusko Jaurlaritzak aldiz, dekretua onartu du joan den astean eta horri esker 18 milioi euroko diru-laguntzak banatuko ditu berrordainketak gogorren jotako herritarren artean. 400.000 herritarri eragingo dio Jaurlaritzaren erabakiak: urtean 18.000 euro baino gutxiago jasotzen duten pentsiodunei, laguntza ekonomikorik ez duten langabetuei, eta osasun sisteman ez dauden etorkinei. Uztailaren 1etik egindako ordainketak eskuratzeko aukera ere izango dute kaltetuek. Jaurlaritzaren helburua osasunean berdintasuna bermatzea eta gehien behar dutenei gizarte laguntza ematea da.

Ondoko lerroetan, hainbat pertsonak Espainiako Estatuaren dekretua baloratu du, eta kontuan hartu haiek ez zutela orain Jaurlaritzak hartutako neurriaren berri.

Batez ere pentsiorik kaskarrenak dituztenak ari dira berrordainketaren ondorioak jasaten. Zeren, esan dezagun, pentsiodunen giza taldea ez da nabarmentzen hain justu, hileroko soldata bikainagatik. Medikuak agindutako sendagaiak farmazian jasotzeari utzitako jubilatuak badira. 400 euro jasotzen dituenak jan egingo duen, neguan berogailua piztuko duen ala botikak erosiko dituen erabaki behar du. Eman dezagun 80 urteko amona hiru tratamendu egiten ari dela eta hamar botika hartzen dituela egunean. Farmazian esan diote 15 euro balio dutela. Amonak dena ordaindu beharko du eta hiru hilabeteko tartean Nafarroako Gobernuak 8 euro arteko aldea itzuliko dio. Alegia, hilabete bukaerara iristeko lanak dituenak dirua aurreratu behar du. Botiketako langileak honelako galderak entzuten ohitu dira: “Zein botika da inportanteagoa, hartzen ari naizen hau ala beste hau?”, “kolesterolaren sendagaiak utziko ditut ala tentsioarenak?”.

Botika ez da kontsumo produktua

Angel Garay Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko lehendakaria da. Berrordainketa dela-eta lan handia izan dute farmazia sareko sistema informatikoa aldatzen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak hileko gehienekoa baino gehiago kobratu eta hurrengo hilabeteetan herritarrari dirua itzultzen ibiltzerik ez zuen nahi. Sare informatikoa moldatuta, bezeroek dagokien gehienekoa baino gehiago ez dute ordaintzen. Beraz, lehen aipatu dugun amona nafarra Gipuzkoan biziko balitz, hilean kolpera 15 euro aurreratu beharrean 8 ordainduko luke eta kito. Sendagaigileen Elkartea ez dago ados Espainiatik ezarri duten berrordainketarekin eta derrigortuta daudenez ahal duten neurririk onenak hartuko dituzte.

Garayren ustez, botikaren egitekoa azpimarratu behar da: “Sendagaia ez da kontsumo produktua, eta hala balitz bezala ekitea hanka-sartze handia da. Egia da botika inbertsioa dela, eta administrazioak euro bakoitzeko efizientzia kalkulatu behar du. Botikak ez dira ez gehiegi ez gutxiegi erabili behar, eta bietarik gertatzen da. Alor ekonomikoa dago batetik, eta bestetik gizartearen eta biztanle bakoitzaren osasuna. Bezeroek zer kontsumitzen duten milimetrora neurtuta daukagu EAEn. Datuok edukitzea ona da, baina ba al dakigu inbertsio horrek gizartearen eta biztanle bakoitzaren osasuna hobetzeko balio izan al duen?”. Hiru hilabeteko datua aterata dago: herritarrek botika %5 ordaindu zutenean, hiru hilabetean 750.000 euro inguru bildu ziren, %10ekoa ezarrita 1.712.170 euro.

Gehien behar dutenak ezkutuan daude

Jose Mari Agirresarobe Duintasuna elkarte gipuzkoarreko kidea da. Pentsiodunak biltzen dira eta hainbat ekimenetan hartzen dute parte. Berrordainketarekin ez daude ados, horren lekuko dira bi hilabetean jasotako 28.000 sinadurak. Bizkaian eta Araban ere sinadura bilketak egin zituzten bertako elkarteek. Duintasuna elkarteak ez bezala, hiriburuei jarri zieten arreta berezia. Gipuzkoako sinadura kopurutik urrun geratu ziren. Agirresaroberen ustez, EAEtik zenbat eta gehiago urrundu berrordainketaren kontrako mugimendua are eta ahulagoa da, “pentsiodunen soldatarik handienak EAEn daude eta mugimendurik indartsuena ere bai”. Behar larririk ez dutenak dabiltza nonbait botikak gutxiago ordaintzeko borrokan. Eta hilaren bukaerara iristen ez dena non dago? “Behar gutxiena dutenak ari dira lanean. Gaizki daudenei aurpegia jarri nahi diegu, baina ez dira guregana etortzen. Ezkutatzea hainbesterainokoa da non elkartean bertan ere bai baitakigu zenbait pertsona beharrean daudela eta laguntza eskaini eta ez dute onartzen, ‘nik ez dut dirurik nahi’. Justizia sozial kontua da, baina lotsatuta, konplexuz beteta daude, limosna emango balitzaie bezala. Kultura horrek zanpatuta dauka jendea, ez du agertu nahi. Immigranteek ez dute horrela bizi eta gehiago baliatzen dituzte guk geuk ere baditugun eskubideak”.

Sebastian Rosino Sasoia elkarteko kidea da. Iruñerrian, Sakanan eta Burlatan ari dira lanean duela zazpi bat urtez geroztik. Elkarteko kide gehienak hilabete bukaerara iristeko moduan izaten dira, “pentsio baxuenak ez dira ikusten”. Rosinoren ustez, badira hiru arrazoi ezkutukoenen jarrera ulertzeko. Lehenik, batzuk beldurtuta bizi dira oraindik eta horren adierazgarri da elkarte kide bati kalean gertatutakoa. Berrordainketaren aurkako propaganda banatzen ari zen eta emakume bat gerturatu zitzaion: “Ez dut inork ikusterik nahi, bestela agian pentsioa kenduko didate”. Hilean 400 euro baino gutxiago patrikaratzen zituen andreak, “Francoren herentzia bizirik dago”. Bigarrenik, norberak bere burua erruduntzat hartzera jotzen du. Ez dela iristen esateak lotsa emango dio, sinetsita dauka nahiz eta bizitza osoan lan asko egin, zerbaitegatik ez direla hil bukaerara iristen, zeren albokoak iristen dira. Hirugarrenik, egoera larriek eraginda arazo psikologikoak ugaldu dira. Gainera, familia ere mantendu behar duten kasuetan akituta eta estututa daude.

Aurpegirik ez dutenen artean emakumeen egoera azpimarratu nahi du Agirresarobek, eta ez derrigorrez emakume alargunena. 1.000 eurotik gora jasotzen dutenak gutxiengoa dira. Lan asko egin arren, apenas kotizatu duten, ondorioz pentsioak oso baxuak dira. Emakume alargunek, senar zenaren pentsioaren arabera, pentsio hobexeagoa izan dezakete, nahiz eta erdiarekin geratu. Esate baterako, senarrak 1.600 euroko pentsioa bazuen alargunak 800 euro jasoko ditu hilero.

Beste kontu bat da azken urteotan pentsio asko zati bi, hiru eta lau egin behar direla. Agirresarobek ezagutzen du ezaugarri horietako familia bat: senarrak 1.200 euroko pentsioa du, emazteak soldatarik gabe egiten du lan etxeko negozioan eta bi seme-alabek urteak daramatzate langabezian. “Zatiketa egiten baduzu bakoitza 300 eurorekin bizi da. Halaxe bizi dira”.

Duintasuna elkarteak aldarrikapen garbia du, pentsiodun guztiek gutxienez 1.000 euro bil ditzatela, “EAEko batez bestekoa, 1.200 euro, engainagarria da, 630.000 pentsiodunetatik 500.000ak 1.000tik behera jasotzen duelako. Ez dugu uste gaur egungo ekonomiaren barruan pertsona batek bizitza duina izan dezakeenik 1.000 eurotik behera jasota”.

Helburua ez da murriztea, pribatizatzea baizik

Krisia du aitzakia Espainiako Gobernuak osasun zerbitzuetan ere murrizketak ezartzeko. Dirua aurreztu behar dela diote. Rosinoren iritziz, sakoneko helburua ez da hori, osasun zerbitzuak pribatizatzea eta industria farmazeutikoek gehiago irabaztea baizik. “Krisian gaudela eta gizarteak diru asko xahutu duela esaten digute, eta horregatik ordaindu behar ditugula gehiago botikak, eta anbulantzia eta protesiak ere gure kontura izango direla. Osasun zerbitzuak esku pribatuek kudeatzea nahi dute eta sistema publikoan ondo dabilena bide okerrean jartzeko gai ere badira”. Rosinok, nafarra izaki, Iruñeko erietxeko janari zerbitzua ekarri du hizpide. Janariaren kudeaketa esku pribatuetan geratu denetik etengabe daude protestak zerbitzua kaskarra delako. Rosinoren ustez, ez dute pribatizatu dirua aurrezteko eta eraginkorragoa izateko, baizik eta herritarrek ospitale publikoa utzi (zein gaizki ematen duten jaten!) eta pribatura hanka egiteko. “Zentzugabea da pentsatzea pribatua merkeago ateratzen dela publikoa baino. Publikoak ez du dirurik irabazi behar, pribatuak bai. Ezinezkoa da pribatua merkeagoa izatea, baldin eta kalitatea mantendu nahi bada”.

Bronkitisa baino katarroa sendatzea ez ote da hobe?

Berrordainketa sosak aurrezteko egin dutela esan zaigu, baina orain arte erreportaje honetan hitz egin duten guztiek uste dute aurreztea oso zalantzazkoa dela. Ezinbestekoa denean sendagaiak ez hartzeak ondorioak ditu. Gaixo kronikoen adibideak erakusten du hori. Batzuetan mila arrazoi tarteko sendagaiak hartzeari uzten diote edo behar ez den moduan hartzen dituzte, eta despiste horiek zuzeneko ondorioak dituzte haien osasunean. Gaixo kronikoa alde batera utzi eta har dezagun katarro txoroa harrapatu duen jubilatua. Medikuak agindutako errezeta ez erabiltzea erabaki du, hotzaldian berogailua piztea nahiago duelako. Burutik beherakoa bronkitisa bihur daiteke eta estuasunean larrialdietara joateko ez du ezer behar. Garestiagoa da bronkitisa sendatzea katarroa kentzea baino, eta garestiagoa da larrialdietako medikua familia sendagilea baino. Adibide horixe erabili du Itziar Irazabalek berrordainketaren baliogabetasuna azaltzeko. Irazabalek pertsona guztiei osasun eskubidea bermatzearen aldeko foroaren izenean hitz egin digu, baina antzematen zaio Munduko Medikuak elkarteko kidea dela. Berrordainketa dirua aurrezteko baino oinarrizko eskubide baten urraketa dela iritzi dio, eta osasun arretarako eskubidearen urraketan berrordainketa adibide bat baino ez dela. Esate baterako, osasun txartelaren bidez, baldintzak betetzen ez dituzten hainbat herritar zerbitzu publikotik kanpo geratu dira. Immigranteak ditu gogoan, “aberatsen eta pobreen arteko jokoa dago, ordaintzeko badaukazu osasun zerbitzu onetara joko duzu, eta ez badaukazu ez duzu izango. Hiltzen bazara ere berdin da, pobrea zara”. Berrordainketak bere indartxoa izan du batez ere pentsiodunen protestetan, “denok goaz botikara, edonori egokitu dakioke, eta horregatik du sona. Aldiz, osasun sisteman nor sartzen den eta nor ez, horrek ez du halako hedapenik izan”.

Irazabal gehien beldurtzen duena ez da berrordainketa, Espainiako Gobernua osasunean, hezkuntzan... hartzen ari den traza baizik: baldin badaukazu ondo biziko zara eta ez badaukazu ez. Bere ustez, urte luzez izan da eredugarria orain gainbehera datorren Espainiako Estatuko osasun zerbitzua. Eusko Jaurlaritzak ere Osakidetza ikur gisa izan duela iritzi dio, eta hala mantentzeko ahaleginetan dabilela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Berrordainketa
2013-07-01 | Lander Arretxea
Abian da botiken berrordainketa sistema EAEn

Botiken berrordainketa sistema martxan da astelehenetik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Herritarrek euren soldataren araberako gainprezioa ordaindu beharko dute botikengatik. Prestaziorik gabeko langabeek eta pentsio minimoa duten erretiratuek ez dute ordaindu beharrik... [+]


2013-05-29 | Lide Hernando
EAEn botiken berrordainketa sistema ezarriko da uztailetik aurrera

Botiken berrordainketa indarrean ezarriko da EAEn uztailetik aurrera. Bertako biztanleek euren soldataren arabera ordaindu beharko dute botiken gainprezioa, prestaziorik gabeko langabeek eta pentsio minimoa duten erretiratuek izan ezik.


2013-05-03 | Lide Hernando
Nafarroan osasun publiko duinaren aldeko elkarretaratzeak egingo dira

Nafarroako osasun sistema publikoak dituen arazoak salatzeko protestaldiak antolatu ditu Nafarroako Osasun Plataformak herrialde osoan. Maiatzean eta ekainean zehar, asteazkenero elkarretaratzeak egingo dituzte osasun etxeen aurrean.


2013-01-16 | ARGIA
Botiken berrordainketa ezartzea beste biderik ez dutela esan du Erkorekak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak adierazi du botiken berrordainketa aplikatzea beste aukerarik ez duela ematen legeak. Data zehatzik eman ez duen arren, Erkorekak esan du urtea amaitu aurretik martxan jartzea espero dutela.


2012-12-18 | ARGIA
EAEn botiken berrordainketa ezarri behar dela ebatzi du Konstituzionalak

Eusko Jaurlaritzak dekretua onartu zuen joan den ekainean, Espainiako Gobernuak Osasun arloan hartutako hainbat neurriri kontra eginez. Hala, herritarrek botikak berriz ordaintzeko aginduari eta paperik ez duten etorkinak artatzeko debekuari uko egin zion Jaurlaritzak... [+]


Eguneraketa berriak daude