BNG

Bidea aurkitu nahian

  • Azken hamarkadako noraeza gainditu nahi du galiziar nazionalismoak.  PP “Espainia gehiago” politika ezartzen ari den honetan, burujabetzaren bidean iparra berreskuratzeko ahaleginean dabil abertzaleen erreferente nagusia den BNG. Estatuko giroa dute alde abertzaleek. Aurka, barne zatiketa eta ahuldade historikoa.

Nós-UP (Nós-Unidade Popular) erakunde independentistaren manifestazio bat.
Nós-UP (Nós-Unidade Popular) erakunde independentistaren manifestazio bat.www.primeiralinha.org

Kataluniako haizeei esker independentziari buruzko eztabaida puri-purian dagoen honetan, indar bi ari dira lehia bizian Espainiako Estatuko beste muturrean, Galizian. Ez dira indar sortu berriak, batzuen eta besteen posizio tradizionalen areagotzea baizik. Batetik, inoiz baino espainiarrago ageri da PP. Fragaren garaiko disimuluak eta jarrera leunagoak albora utzita, popularrek galiziar abertzaletasunarekiko diskurtso oldarkorra darabilte, eta gaitz erdi diskurtsoa besterik ez balitz. PP, nola Santiagon hala Madrilen, gogoz ahalegintzen ari da hirugarren arazo nazionala sortu ez dakion. Besteak beste, “galiziar terrorismoa” kontzeptu asmatu berriaren bitartez.

Ring-aren beste aldean galiziar nazionalismoa dago. Haren erreferente historiko nagusia, BNG, bere hastapenetako jarrera erradikaletara itzultzen ari da, eta are gainditzen. Ez burujabetzari dagokionez bakarrik: ezkerreko planteamenduetan ere atzean utzi du hain aspaldikoa ez den garai bateko anbiguokeria, krisi testuinguruak lagunduta bestalde. Azken lau urteetan emandako prozesua da, askoren esanetan aurten azkartua.

Besteak beste, independentziaren aldarrikapenari eutsi dioten talde txiki baina oso aktiboengana hurbildu da BNG. “Independentzia” hitz labaina da Galizian, eta orain arte behintzat oso gutxik txertatu dute normaltasunez beren diskurtsoaren muinean. Alderdi abertzale handienak, alegia, BNG eta Anova jaio berria, beste terminologia bat erabiltzearen aldekoagoak dira. Hala, Galizian normaltasun osoz egiten dute, bai batzuek eta bai besteek, independentismoaren eta nazionalismoaren arteko bereizketa. Errealitatea aurreko esaldi pareak aditzera ematen duena baino askoz konplexuagoa da, ordea.

Independentzia hitza ez da ondo saltzen

Lehenbizi, argitu behar da bai BNG bai Anova barruan independentismoa egon badagoela, eta ez sentimendu lauso baten gisa, egitura zehatzetan baizik. Azalpen teknikoekin alferrik ez luzatzearren, eta zehaztasunaren kalterako bada ere, esan dezagun alderdi biek onartzen dituztela militantzia bikoitzak eta antolatutako barne-korronteak. Horietako bat BNGren barruko MGS (Movemento Galego ao Socialismo) da, ofizialki 2009tik existitzen dena. Rafa Vilar zuzendaritzako kidearen esanetan, BNGk jatorrizko planteamendu abertzale eta ezkerrekoetatik aldentzeak ezinegona eragin zuen hainbat militanterengan, eta horrexek bultzatuta sortu zuten MGS.

“BNGk burujabetzaren auziari bizkarra eman eta estatutuaren markora eramana zuen diskurtsoa –dio Vilarrek–, eta begenekien, Ibarretxe Planarekin eta Kataluniako Estatutarekin gertatutakoak ikusita, bide horretatik ez ginela inora iritsiko”. Vilarrek aipatutako garaian, bazirudien BNGtik kanpoko eta indar gutxiko zenbait siglaren pean (Nós-UP, Causa Galiza, gaur egun Anovan dagoen FPG...) baizik ezin zitekeela aurkitu independentziaren aldeko galiziarrik, “baina guk argi geneukan gurean zegoela independentziazale gehien, ezkutuan egon arren”. Hitzak oraindik tabu kutsua dauka, baina esan daiteke MGSren jaiotza ez dela alferrekoa izan, BNGk burujabetzaren aldeko diskurtsoa azkartu baitu zeharo.

Hain zuzen, “independentzia, independentzia” oihu artean esan zituen Xavier Vencek, BNGko bozeramaile nazionalak, kargu hori eskuratu ondorengo lehen hitzak, joan den martxoan egindako batzar nazionalean. Praza pública agerkari digitalaren kronikaren arabera, aspaldi ez zen lelo hori entzuten BNGren biltzar batean. Alta, ez da egunero erabiliz higatu beharreko hitza, Vencek berak dioskunari erreparatuta behintzat: “Galizian, nolabait esateko, intentsitate txikiko abertzaletasuna daukagu, eta aldarrikapenak ez dira adierazten Katalunian bezain esplizituki. Hautesle abertzaleen zati handi batek, izan BNGkoak izan beste alderdi batekoak, ez du beren burua independentistatzat. Galizia dute gogoan, haren nortasunaren eta interesen alde bozkatzen dute, baina ez dute independentzia gogoan. Beste herrialde batzuetako abertzaleekiko desberdintasun nabarmena dago”. Honenbestez, BNGk nahiago du burujabetzaz hitz egin independentziaz baino.

Ahuldadearen arrazoiak

Galizian abertzaletasunak Euskal Herrian eta Katalunian baino indar txikiagoa izateak hainbat faktoreri zor zaio. Batetik, Galiziak denbora luzeagoa darama Espainiaren menpe: “Euskal Herriak XIX. mendean galdu zituen foruak, eta Kataluniari 1714an kendu zizkioten eskubide nazionalak. Gu, aldiz, 1492tik gaude espainiar koroaren kontrolpean”, azaldu digu Carlos Morais, Nós-UP (Nós-Unidade Popular) erakunde independentistako kideak. “Bigarrenik –gaineratu du–, elite galegoen zati bat Espainiatik ekarritakoek ordezkatu zuten, eta horrek buru gabe utzi zuen lurraldea. Agintzen dutenek beti egin diote uko proiektu politiko propioa garatzeari”. Horrek azaltzen du galiziar abertzaletasunaren berezitasunetako bat: ezkerrekoa da ia guztiz.

Burgesia abertzalerik ezak ez dio mesederik egin Galiziako nazionalismoari. Hala uste du behinik behin Suso Seixok, CIG sindikatu abertzaleko idazkari orokorrak: “Eskuineko abertzaletasuna egoteak lagunduko luke jendartean pisu handia daukaten sektoreengan kontzientzia pizten”. Bide batez, gaineratu dezagun, indarra kenduko lioke PPri.

Burujabetzaren alde indarrak bildu nahian

Harro dabiltza popularrak Galizian, badabiltzanez. “Sekula baino indar handiagoz ari zaizkio oldartzen galiziartasun jitea duen orori –dio Seixok–, Fragaren aroan behintzat itxurak-edo egiten zituzten”. Aipatzekoak dira behin 2009an Xuntan boterea berreskuratuta galizieraren aurka hartu zituzten neurriak, eta kalean eman zitzaien erantzun jendetsua. Abertzaletasunaren mesederako erabil zitekeen indar erakustaldi hura, alabaina, alferrik igaro zen. “Galdutako aukera”, iritzi dio Paula Rios, Mulheres Nacionalistas Galegas elkarte feminista eta independentistako kideak. “Orduko indar hura talde abertzaleen arteko zatiketaren zuloan galdu zen”, kexu da Rios.

Zatiketa gainditu eta burujabetzaren alde indarrak biltzeko asmoz sortu berri da Galiza pola Soberania plataforma (GpS), Vitor Vaqueiro sortzaileetako batek adierazi nahi izan digunez. “Naziotasun sentimenduei buruz egin ohi diren inkesta horietan, %30 inguruko portzentaje batek erantzuten du abertzalea dela”, dio Vaqueirok. Ez da hori, ordea, hauteskundeetan islatzen den indarra. “Abstenitzen diren horiengana iritsi nahi genuke, ez bozka dezaten, burujabetzaren alde mobilizatu daitezen baino”. Alderdi politikoen ohiko hizkeratik aldendu nahi du GpS-k. Agenda politikotik kanpo dauden nortasun elementuei arreta eskaini eta galiziar iruditeria indartu nahi dute. Esaterako, Apalpador, Olentzeroren galiziar baliokidea.

Nolanahi, GpS-k agerikoa du izaera politikoa. Haren sorrera manifestuak garbi dio zein den ekimenaren azken helburua: errepublika galiziar independente bat eratzea. Hain justu, BNGk berriki onartu duen xede berbera. Ez da hain harritzekoa ere. GpS-n banakoek hartzen dute parte, eta ez elkarte edo alderdiek, baina hein handi batean BNGk sustatutako plataforma da. Esan behar da, bestalde, abertzaletasunaren esparru gehientsuenetako kideak daudela bertan, baita independentismokoak ere. Hutsune ikusgarriena Anovako kideena da.

Zergatik ez Galiza pola Independencia?, galdetu diogu Vitor Vaqueirori, hark plataformaren jomuga estrategikoa galiziar estatu bat dela azaldu bezain laster. Batetik, Xavier Vencek bezala, galiziar jendartearengana jotzerakoan hitzen aukeraketa tentuz egiteko beharra aipatu digu. Baina beste ikuspuntu bat gaineratu du: “Hortxe dituzu Grezia eta Portugal, berbarako, independente bai baina une honetan inolaz ere burujabeak ez direnak. Esan nezake burujabetza kontzeptu zabalagoa dela, eta independentzia bere barruan hartzen duela. Alderantziz ez”.

Anova vs gainerakoak

Xose Manuel Beiras buru duen alderdia iaz sortu zen, BNGtik alde egindako zenbait sektorek eratuta. Ordutik, galiziar abertzaletasunaren zatiketa erakusgarri behinena izan da BNGren eta Anovaren arteko desakordioa. Edo, gauden-gaudenean, Anovaren eta gainerako guztien arteko desakordioa; kontuan hartu behar baita gaur egun BNGtik askoz hurbilago sentitzen direla orain gutxi arte epelkeria autonomiazalean galduta egotea aurpegiratzen zioten erakunde independentistak. Edozein kasutan, denek gogor kritikatzen dute Anovaren bekatua: lan esparrua Estatu osoa duen alderdi batekin elkartzea Galiziako azken hauteskundeetarako. Zehazki, Esquerda Unidarekin (UE), hau da, Izquierda Unidaren galiziar atalarekin. Bien arteko baturak –koalizioan indar gutxi duten Equo eta Espazo Ecosocialista ere badaude– AGE izena du, Alternativa Galega de Esquerdas alegia, eta ezusteko galanta eman zuen aipatu hauteskundeotan, inkestek aurreikusitakoa aise ganditu eta bederatzi diputatu –bost EUk, lau Anovak– lortu baitzituen, BNGren zazpien gainetik.

Xose Manuel Beiras, Anovako bozeramaile ez ezik, AGEkoa ere bada. Haren esanetan, abertzale askok ontzat hartu dute EUrekin batasuna: “Hauteskundeen ondoren egindako inkesten arabera, AGEren botoen %60tik gora abertzalea izan zen. Estatuko indarrekin ez batzeko tradizioa hautsi izanak ez zigun botorik kendu, eta ez du abertzaletasuna ahultzen, BNGk leporatu digun bezala. Aitzitik, BNG izan zen boto mordoa galdu zuena”.

2014ko Europar Batasuneko hauteskundeetarako hautagaitzak prestatzeko prozesuak eztabaida areagotu du. BNG eta independentistak ez daude prest EU bezalako alderdi bat onartzeko hautagaitza galizar batean. Anovak, berriz, batasunerako proposamena denei egin nahi die, hau da, “alderdi abertzaleei zein Galiziako nazioari erabakitzeko eskubidea aitortzeko prest dauden ezkerreko alderdiei”, Beirasen esanetan. Estatu osoko hautagaitza ezkertiarra osatzearen alde dago Anova, IU barne, baldin eta Estatuan lau nazio daudela onartzeko prest badago –Espainia bera litzateke laugarrena–, eta lauretako bakoitza erabakiak hartzeko eskubideak dituen subjektu politikoa dela aitortzen badu. Santiagon jaiotako politikariak dioenez, Esquerda Unidak eman du urrats hori, uztailaren 24an AGEk publiko egin zuen baina Angroiseko tren istripu larriaren ondorioz oihartzun eskasa izan zuen agiri batean Galiziaren autodeterminazio eskubidea onartu baitzuen. Zailagoa da, noski, IU horretara ekartzea, “besteak beste Euskal Herrian arazoak dauzkatelako”. Alta, Xose Manuel Beirasek dio IUko zuzendaritza organo gorenean gehiengoa direla lau nazioen planteamendua onartzeko prest daudenak; hori bai, auskalo zein erritmotan. “Galiziarrok geure kabuz ezin dugula, hori da zabaltzen ari den mezua”, leporatzen diote gainerako abertzaleek Beirasi. Eta denen gogoan galdera bat: posible izango da datorren urteko Aberriaren Eguna (uztailak 24) modu bateratuan ospatzea? 

Resistencia Galega, existitzen ez den talde armatua

90eko hamarkadaren hasieran Exército Guerrilheiro do Povo Galego Ceive (EGPGC) desegin zenetik ez da egon Galizian erakunde armatu antolaturik –Estatuko segurtasun indarrak alde batera utzita, noski–. Haatik, independentziaren aldeko ekintza armatuak, sekula ez pertsonen aurkakoak, EGPGCren aurretik zein ondoren egon dira.

XXI. mendea ez da salbuespena izan. Hainbat lehergailuk eztanda egin izan dute Galizian azken urteotan, besteak beste alderdi politiko espainiarzaleen egoitzetan, eta ekintzon erantzukizuna aldarrikatzeko idazkietan Resistencia Galega leloa, edo sinadura, nondik begiratzen den, erabili izan da. Izen hori duen erakunde baten zantzurik ez dago, baina PP baliatzen ari da mozioak aurkezteko, bai Espainiako Senatuan, baita Galiaziako parlamentuan eta udaletxeetan ere. Ohiko bidetik, terrorismoa gaitzestea eskatzen du Alderdi Popularrak. BNG ez da jokoan sartu eta mozioen aurka bozkatzen ari da. Bide bera ari da urratzen AGE, Anovak eta Esquerda Unidak Santiagoko parlamentuan daukaten koalizioak. Garbi esan dute batzuek zein besteek: Galizian terrorismo arazo bat dagoela esatea astakeria hutsa da.

Momentuz, kontua ez da mozioetatik harago joan, baina komeni da gogoratzea Espainiako Estatuan Alderdien Lege bat dagoela, Euskal Herrirako ad hoc sortua izanagatik PPri primeran etor dakiokeena orain Galizian. Hain urrun joango ez balira ere –BNG eta Anovako ordezkariak lasai agertu dira mehatxu horrekiko– Resistencia Galegaren aitzakia galiziar abertzaletasuna, eta zehazki independentismoa, “hots, pentsamendu hutsa” kriminalizatzeko baliatuko dutela salatu du Ceivar (Askatu, galegoz) errepresioaren aurkako elkarteak. “Espainiako Entzutegi Nazionalak irailean lau militante independentistari ezarritako neurriz kanpoko zigorrak ere adierazten du PPren Gobernua noraino dagoen bere estrategia gogortzeko prest”. Horrexegatik hain zuzen, izen-abizenak ezkutuan gorde nahiago izan du gurekin berba egin duen Ceivarreko kideak.

Galiza irredenta: abertzale guztien gogoan baina ia denen agendatik kanpo

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/galizia1-600.jpg

Edozein galiziar abertzalek esango dizu goiko mapa ez dela, berez, Galizia osokoa. Falta den zatia behekoan duzue ikusgai. Ekialdeko lurraldeak dira, historiaz, kulturaz eta hizkuntzaz galiziarrak baina aspalditik Galizia ofizialetik kanpo. Eo-Navia, Berzo, Seabra... Eskualde horiek gaur egun Asturias edo Gaztela eta Leongo autonomia erkidegoen barruan daude, eta ezin esan “galiziartasuna” biziro indartsua denik han. Galiza irredenta edo Galiza estremeira esaten zaie lurraldeoi.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/galiza-9.jpg

Nós-UPren Vigoko egoitzan izan genuen mapa honen berri, Carlos Moraisekin berbetan ari ginela. Izan ere, Nós-UPk egina eta argitaratua da. “Hau da lurralde osoa, anputaziorik gabe, erakusten duen mapa bakarra”. Interneten aurkitu daitezkeen beste batzuetan ere ageri da Galiza irredenta, baina hagitzez bertsio murritzagoan. Bestalde, Nós-UPren mapak ez du 1833tik indarrean dagoen probintzia banaketa ofiziala jasotzen, eskualdekakoa baizik. Historikoa, Moraisen esanetan.

Galiziar abertzale ororen gogoan dago Galiza irredenta, baina oso talde gutxiren agendan dauka lehentasuna. Besterik gabe, hor dagoen zerbait da. Esparru nazionalista galiziarrean autonomia erkidegoaren mapa ofiziala darabilte gehientsuenek, BNGk eta Anovak barne. Ez dago eskaririk lurralde irredentoak Galizian txertatzeko, dokumentu batzuetan aukera hori aipatu arren. FPG alderdi independentistako Mariano Abaloren esanetan, “abertzaleon kontzientzian lur horiek egon badaude, baina oinarrizkoena lortu ezean, alegia, gaur egungo erkidego autonomoak erabakitzeko eskubidea edukitzea, nekez emango da haragoko urratsik”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: BNG
2021-11-08 | ARGIA
Galizia gobernatzea jarri du helburu BNGk bere XVII. Nazio Asanbladan

Ana Pontón alderdiaren buruan berretsi dute %99ko babesarekin. “Oinarri soziala zabaldu” beharra defendatu du Pontónek.


Burujabetza aldarrikatu dute milaka lagunek Santiagon, Galiziako Aberri Egunean

BNG alderdiak deituta, Galiziako Aberri Egunean egin dute ekitaldia. Igandean, “mugarik gabeko” nazioaren aldeko deia zabaldu dute, “politika berde eta feminista” eraikitzeko asmoz.


Galiziako herri batek etxebizitza hutsak erabiliko ditu isolamendua bete ahal izateko

Barreiroseko udalak (Lugo) konfinamendua pasatzeko tokirik ez dutenentzat higiezinen burbuilagatik hutsik geratutako etxebizitzak eskaintzeko asmoa agertu du. Momentuz norbanako eta hoteletako jabeen artean 20 ohe inguru bildu dituztela adierazi du, eta beste 40 lortzeko... [+]


Jusapol polizia elkartetik jasotako mehatxuak salatu dituzte hainbat alderdik, tartean EH Bilduk

EH Bildu, ERC, JxCat, Compromís, CUP, BNG eta Más País alderdiek Kongresuko Mahaian idatzi bat aurkeztu dute Jusapol polizia elkartearen manifestazio batean jasandako irain eta mehatxuak salatuz. Horrez gain, Kongresuko segurtasun indarren pasitibitatea... [+]


2019-11-10 | ARGIA
Nestor Rego (BNG)
"Galiziak berezko ahotsa izango du berriz ere Kongresuan"

Nestor Regoren eskutik, Bloque Nacionalista Galego berriz ere Espainiako Kongresuan egongo da. Ospakizunez hartu dituzte Galizian izandako emaitzak BNGko jarraitzaileek eta haiei zuzendu zaie Rego.


Eguneraketa berriak daude