Alaba bakarra

Alaba bakarra eta gaztaina bakarra, galdu egiten dira. Hala dio esaerak. Hortik ote dator ezkontza eskaerak gaztainapean egitearen ohitura? Izan ere gaztaina, Castanea sativa, zer ez da izan! Etxea izan dugu gaztaina: eraikuntza, altzari, busti-lehorrerako baldo, lepotar eta zare, meazuloko zurkaitz, gaztandegiko zumitz, larruak ondu eta apaintzeko tanino, sendabiderako hosto, beranduko eztitarako eta hiletetako argizaritarako erleentzako lore, karreto barriketarako upa ohol eta uztai, zeta beltzaren tindu... Ikazkintzarako txondor plazetan eta sutondoetan ez du izan, ordea, fama onik. Fama onik, suaren erregai gisa. Aldiz, jendearen erregai gisa sekulako ospe ona izan du. Elikagai garrantzitsua izan da gure aurreko belaunaldi ugarirentzat. Juan Ignazio Iztuetak idatzi eta 1847an argitaratutako Gipuzkoako probintziaren kondaira liburuak honela dio: “Gipuzkoan badira etxeak, asko ta asko alere, beren mugapean bildutako gaztañatik sei edo zazpi illabeteko goiz arratsetan naierara bazkaturik, txiki arki guztia abereai jan-erazo, eta gañera irurogei anega ta geiago azokean saltzen dituztenak. Probinzia onetako mugape guztia da gaztaña tokia”. Salvador Zapirain Ezeiza Ataño-k berriz, bere aitaren biografia den Txantxangorri kantaria-n hau dio: “Ari ere min ematen ziok, biotz oneko gure iñude izan diran gaztain zar oek galtzen ikusi bearrak. Bai, gure iñudea esan dit; ongi egia alare. Ia lau illabeteko, gure mantenuaren erdia, orain arte, gaztaña izan dek. Amaika danbolinkada erreak gaituk. Amaika txarrokada sagardo edanak, gaztain erreak janaz. Iñungo ipui gozo ta izukor entzunak gaituk gaztain erreen taupako artean. Amaika bertso zar ta berri kantatuak gaituk gaztain erreen aurrean.”

Elikagai honekiko mendekotasun hori ederki adierazten du galdua dugun gaztainaren jakintza izugarriak. Eredendu edo txertatzeko ohitura, mentu-oin baxakei txertatzeko ehunka aldaerak. Gaztainondoak aldatzeko herri araudiak. Gaztainadiak zaintzeko zorroztasuna. Moildu, bildu, jaso eta iraunarazteko teknika aurreratuak. Jateko era anitzak. Eta hori dena adierazteko hizkuntzaren berebiziko oparotasuna, alimalekoa.

Hainbeste hilabetetan gaztainak iraunarazteko teknikei soilik helduko diot. Gaztaina uda amaieran eta udazken osoan zehar bildu eta negu osoan izateko metatu egiten zen. Ez lehortzeko morkotsean bertan, aletu gabe, irakurri gabe. Bai, morkotsak, artaburuak bezala irakurri egiten dira, aletu alegia. Meta edo pila horiek etxe ondora ekarrita edo gaztainadian bertan egiten ziren hesola eta zarbaz edo harriz egindako hesia bete eta garoz eta arbaztaz estaliz. Basoko eraikuntza horiek, gehienetan borobilak eta hogei metro kubo artekoak ere badirenak, izen ugari dute: gaztandegi, gaztantxea, zilu, silo, nido, ezpile (espille), iskindia, kirikinusia, gaztainusia... Etxe barruan, berriz, gaztainol deituriko arasa edo apaletan ontzen ziren gaztainak. Baita ganbaran zabalduta ere, ostiralero pila irauli eta gatz pixka bat emanez.

Baten batek gaztainari heldu eta jakintza eskerga hori behingoz jasoko al du!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaztaina
2014-05-25 | Jakoba Errekondo
Elorrio du gaztainondoak

Beste arerio bat du gaztainondoak (Castanea sativa), lehenaz gain: Dryocosmus koriphilus. Haritzekoak sortzen duenaren tankerako kuku sagarra sortzen duen liztorra.

Negua kimuaren barruan igaro duten harrek, udaberrian, hosto berrietan, kozkor gorriztak sortzen dituzte... [+]


2013-09-08 | Jakoba Errekondo
Morkotsez lakatz, karloz zokal

San Agustin gaztaina, abuztuaren amaian, irailaren hasieran Andra Mari gaztaina, Betulaza bezala. Baita Goiz gaztaina edo Arrate gaztaina. Egosteko egokiak diren Bentogorri, Legerio eta Azkoitia gaztaina goiztiarrak. Gero, azaroa artean mordoa. Latza, edo Horitxo latxa, gure... [+]


2013-07-28 | Jakoba Errekondo
Papoa tente

Irrintzika etorri da, tximisten irrintzika, uda sapa. Eta bero hezeak harrotu egiten du, baita makurrena ere. Berozale amorratua izaki, gaztainondoa lorez orain harrotzen da, gainezka dario. Bi lore ditu, arra eta emea. Hostajearen gainean, arren zima larua harro erakusten du... [+]


Eguneraketa berriak daude