Morkotsez lakatz, karloz zokal

Josu Gaintza

San Agustin gaztaina, abuztuaren amaian, irailaren hasieran Andra Mari gaztaina, Betulaza bezala. Baita Goiz gaztaina edo Arrate gaztaina. Egosteko egokiak diren Bentogorri, Legerio eta Azkoitia gaztaina goiztiarrak. Gero, azaroa artean mordoa. Latza, edo Horitxo latxa, gure azal mehea zulatzen duen arantza motzeko morkotsa duena. Irailaren amaierako San Migel gaztaina gozoa baina jasotzeko alua. Antzeko alua garaitsuko Txerka zuria, ale handiago eta borobilxeagokoa. Ale gozoko Iñurrio handia eta Iñurrioa. Eta Iñurri zuria eta Iñurri beltza. Bizkai zuriegi, Bizkai zuriena eta Bizkaia gaztaina, ttiki gozo, egosita jatekoak. Abadiño gaztaina, ipurdi handia. Lakatz handiko Txargoia eta Txapardoa, azken hori erretzeko aproposa. Markola eta Markol zaharra. Orri-beltza eta Hosto-beltza, bera ote? Iruria edo Iduria, Iñarmentua, Aritzaua, Bettargia. Mandotsak erren arantza urriko Gaztaina betegarriak aleek mardotsean gainezka egiten baitute. Morkol arantzatsuko Ulebera, arantza luzeko Uleluzea, eta arantza zuriko Ulezuria. Sona handiko Gaztain gozoa, ale ttiki eta azal ilunekoa, jasotzeko txarra, baina gustu ederrekoa. Murkutsak lau edo bosnaka itsatsita ematen dituen Porkaltsa, Morkolarz eta Ilaundia, elearen azala bixartsua dutena. Morkotea latza, mutxur zakarrekoa, ale gutxi eta ez oso gozoak, baina jasotzeko egokia. Meauregorria, azal gorriko ale handia, erretzeko estimatua. Otañu gaztaina, Ahuntz gaztaina, ale ederreko Argiñorda txertoa eta sona handiko Txerta-gorria, goizekoa, handia, gozoa, baina iraupenik gabekoa. Lesakarra, azal iluneko ale txiki fina eta estimatua. Ttikia, baita ere, Garrangira eta Naarbera ertaina. Zubiaga kirikio handia. Danbolatsa, ale ilun eta marraduna, oso berandukoa, gozoa eta irauten duena. Ataloa edo Artaloa, Metura eta Muizuar erretzeko onenetakoak. Amelatz eta Arbera finak. Ibarbaltz, emankorra, azal beltzekoa. Iguridi gozoa. Beranduko ale txiki beltzeko Lopetsa. Larramua, Azpeiti gaztaina, Eradegea, Lete gaztaina, Ederra, Herria, Marki, Frantzia gaztaina, Elorri gaztaina, Ifarra, Kirrimahatsa, Berde gaztaina, Txakarroa, eta arbola galantetako Saboia. Sarobia, ale handi azal distiratsua eta gozoa. Jasotzeko egokienetako Gaztaina berdeak, karloaren koloreagatik, ale handikoak. San Martin, oso berandu heltzen zena eta batez ere zerri jendeari ematen zitzaiona. Zokalak itsatsiak dituen Txirikorda. Hirunakoa, sokoileko hiru alekoa eta Aita handia eta Amabirjin gaztaina ale handi bakarra dutena. Atso, Otzorpo... ezertarako balio ez duten sokorreko sei eta bederatzi ale ziztrinekoak. Arbots handiko Zugatzola, zuretarako oso ona. Azaro hasieran heltzen da Roketarra, handia eta itxura ederrekoa, baina makala eta iraupen eskasekoa. Beranduko Legerio beranduko, Itsu gaztaina, Berandumarkola, Beranga, Beremendu, Kirimetz, Mantulu, Lopetxa txikia, Zakarro eta Berdola eta azkenekotako Anbultsa, Ezlebera, Garrameatz, Iruerreketa eta Ibalamendu. Eta txertaka, basaka, txerri gaztaina edo edarega deitua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaztaina
2014-05-22 | Jakoba Errekondo
Elorrio du gaztainondoak

Beste arerio bat du gaztainondoak (Castanea sativa), lehenaz gain: Dryocosmus koriphilus. Haritzekoak sortzen duenaren tankerako kuku sagarra sortzen duen liztorra.

Negua kimuaren barruan igaro duten harrek, udaberrian, hosto berrietan, kozkor gorriztak sortzen dituzte... [+]


2013-09-12 | Jakoba Errekondo
Alaba bakarra

Alaba bakarra eta gaztaina bakarra, galdu egiten dira. Hala dio esaerak. Hortik ote dator ezkontza eskaerak gaztainapean egitearen ohitura? Izan ere gaztaina, Castanea sativa, zer ez da izan! Etxea izan dugu gaztaina: eraikuntza, altzari, busti-lehorrerako baldo, lepotar eta... [+]


2013-07-24 | Jakoba Errekondo
Papoa tente

Irrintzika etorri da, tximisten irrintzika, uda sapa. Eta bero hezeak harrotu egiten du, baita makurrena ere. Berozale amorratua izaki, gaztainondoa lorez orain harrotzen da, gainezka dario. Bi lore ditu, arra eta emea. Hostajearen gainean, arren zima larua harro erakusten du... [+]


Eguneraketa berriak daude