Musika festa Hondarribian

Willis Drummond.
Willis Drummond.

Hondarribiko musikariak eta musika zaleak biltzen dituen Psilocybe Elkarteak hogei urte bete dituela-eta, festa antolatu dute abuztuaren 24rako. Bazkari herrikoia, giroa berotzeko txaranga eta kontzertua prestatu dituzte. Zumardira gerturatzen denak doan ikusi eta entzun ahal izango ditu “funk eta soul ukituak, bluesa, rocka eta punk espiritua” uztartzen dituen Atom Rhumba talde bilbotarra, Willis Drummond rock-zale baionarrak eta “blues toxikoena” eta “psychobilly bortitzena” nahasten dituen Guadalupe Plata taldea (Jaen, Espainia). Alde zaharraren alboan eta zuhaitzez inguratuta, doinu gogor eta parrandazaleenek bat egingo dute uda betean.

Urteurrena ospatzeko, dokumental bat ere ari dira grabatzen eta hogei urte hauetan elkarteak antolatutako kontzertuetan eginiko argazkiekin erakusketa osatuko dute. Izan ere, zuzenekoak eskaintzeko aretoa du elkarteak: Psilocybe Enea. Eraikin beltz hau, “P” arrosa erraldoiduna, elkartearen arima da eta emanaldi aretoaz gain entseatzeko lokalak, grabazio estudioa eta irratia ditu. Euskal Herriko eta atzerriko talde andana igaro da bertatik, eta horien irudi aukeratuak jarriko dituzte ikusgai. Pizgarri gisa, Udalarekin batera Psilocybek antolatzen duen Baluarte Rock jaialdiaren baitan hiru emanaldi izango dira abuztuan: Naut eta Kausa Perdida arituko dira abuztuaren 1ean, Santiago kalean; Luz de Putas eta Patxuko Nice 8an, Kasino Zaharrean; eta Imago4 eta Tripimonsters 15ean, Gipuzkoa plazan.

Kultura musikala bizi mantentzen da Bidasoaldean eta etorkizuna iragana bezain indartsu datorrela erakusteko, jai itzela iragarri dute abuztuko azken txanparako. Festa gogoa eta musika ona behintzat ez dira faltako, Beti Mugan, Lif, Sorotan Bele, Dut edo Kuraia bezalako taldeen sorburuan.


ASTEKARIA
2013ko uztailaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gomendioak
Eguneraketa berriak daude