Ondarroako irudiak sarean

  • Maiatzaren 15ean Urtza Alkorta atxilotu zuen Ertzaintzak Ondarroan, Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz. Ehunka herritarrek bere inguruan sortutako “herri harresiaren” irudi ikusgarriak bildu dituzte Axier Lopez eta Lander Arbelaitz kazetariek Argiaren webgunean.

Ehunka lagun bildu ziren Ondarroako Alamedako zubian Urtza Alkortaren atxiloketa erresistentzia pasiboaren bidez zailtzeko.
Ehunka lagun bildu ziren Ondarroako Alamedako zubian Urtza Alkortaren atxiloketa erresistentzia pasiboaren bidez zailtzeko.Axier Lopez

Ertzaintzak 30 furgoneta baino gehiago eta ehunka agente mobilizatu zituen maiatzaren 15ean Urtza Alkorta atxilotzeko. Ondarroarrari bost urteko kartzela zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Gorenak, ETAko kideei laguntzeagatik. Alkorta 2010ean atxilotu zuen Ertzaintzak eta haien esku egon zen bitartean tratu txarrak jasan zituela salatu zuen: “Azkenean, beraiek pentsatua dutena onartzen duzu, amaitzeko desiratzen zaudelako”, azaldu zuen.

Ondarroan “herri harresia” osatu zuten ehunka lagunek Alkortaren inguruan, desobedientzia zibil eta protesta baketsuarekin atxiloketa  zailtzeko. Hiru ordu eta erdiz aritu zen Ertzaintza jendea Alamedako Zubitik ateratzen, arrastaka eta gorputz atalak bihurrituta. Hainbat pertsona ere atxilotu zituzten erresistentzia horren ondorioz.

Argiako kazetari Lander Arbelaitz eta Axier Lopez zubian izan ziren, gertatzen ari zena jasotzen, eta irudi horien bilduma ikusgai dago euren blogetan.

Axier Lopezek bideoak kronologikoki antolatu ditu Begizta.net-en eta horietan antzeman daiteke polizia operazioaren tamaina, Aske Gunean bilduta zeuden herritarren hasierako erreakzio eta kantak, Alamedako zubia husteko ertzainen ahaleginak eta baita Urtza Alkortaren atxiloketa unea ere.

Bestetik, Lander Arbelaitzek Aske Gunean gertatzen ari zenaren etengabeko jarraipena egin zuen hainbat gau eta egunez. Kronikak, elkarrizketak eta irudiak paratu ditu Taupadak blogean.

Atxiloketa uneko hainbat bideo:

6:44. Eguna argitzearekin, Ertzaintzaren etorrera iragarri zuten megafoniatik. Jendea zubira igo zen euripean. (Iraupena: 3:47 minutu).

9:15. Ertzaintzak banan-banan atera zituen ehunka herritar zubitik. Erresistentzia eta tentsio une handiak bizi izan ziren.
(Iraupena: 3:09 minutu).

9:45. Urtza Alkorta atxilotu arteko azken mo­mentuak erakusten dituen bideoa. Elkartasun oihuak eta urduritasuna. (Iraupena: 6:36 minutu).

10:47. Mikel Etxaburu on­darroarrak “zubi harre­si­aren” balorazioa egin zu­en aldameneko karpan, txalo artean (Iraupena: 5:23 minutu).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AskeGunea Ondarroa
Hamar urte bete dira Ondarroan zubi harresia eraiki zenetik

"Kartzelak husteko garaia" zela argudiatuta, Urtza Alkorta ondarrutarraren atxiloketa saihesteko zubi harresia eraiki zen Ondarroan 2013ko maiatzaren 10ean. Lau egunetan, Ondarroatik egindako aldarriak Euskal Herriko mugak gainditu zituen.


Urtza Alkorta azaroaren 14an askatuko dute

Azaroaren 14an askatuko dute Urtza Alkorta ondarrutarra. Bere kasua ezagun egin zen, ehunka lagunek desobedientzia aldarrikatu eta sei egunez bera babesteko "zubi harresia" antolatu ostean.


2014-11-14 | ARGIA
Ondarroako zubi harresiko bost auziperatuei urte banako kartzela zigorrak eta isunak

Bost pertsonari urte banako kartzela zigorra eta isun ekonomikoak jarri dizkie Bilboko zigor-arloko epaitegiak. Ondarroako herri harresian ertzaintzako agenteen aurka "atentatu delitua" eta lesioak eragitea egozten diete. Bost auziperatuek epaiketan karguak ukatu... [+]


2013-09-18 | ARGIA
Alkorta atxilotzeko operazioa Jaurlaritzaren datuen arabera

Estefania Beltran de Heredia sailburuak Urtza Alkortaren atxiloketaren operazioaren kostuen berri eman du. Orotara 282 ertzainek hartu zuten parte maiatzaren 15ean, 34 furgoneta erabili zituzten, lau auto eta bi itsasontzi.


Ondarroako herri harresiko identifikatuei lehen isunak

200€-ko isunak iristen hasi zaizkie Ondarroako Aske Gunean identifikatutako kideei. Erlantz Alkorta, Urtza Alkortaren neba, da isuna jasotako bat, eta ARGIAk berarekin hitz egin du.


Eguneraketa berriak daude