Kissingerren itzala


2013ko maiatzaren 12an

YOM KIPURREKO gerran, 1973an, Egipto eta Siriak pentsatu baino estuago hartu zuten Israel, eta AEBek beren laguntza maila handian eman izan ez baliote, batek daki zer gertatuko zen. Edo bai, dauzkagun datu guztiekin, oso pentsatzekoa da Israel nagusituko zela, baina akaso beste baldintza batzuetan. Kontua da Israelek lehen lau egunetan 500 lurreko eraso-ibilgailu eta 80 hegazkin galdu zituela. Eta larritasunaren aurrean, 13 lehergailu nuklear garraiatu zituen tunel batera egoera asko okertzen bazen erabiltzeko prest izateko.

Ez zuen behar izan, ohi legez, Richard Nixon, orduko AEBetako lehendakariak, hegazkinez eta tankez hornitu zuen berehala eta Israelek laster eman zion buelta egoerari. Etxe Zuriko guztiak, alabaina, ez ziren iritzi berekoak izan beharreko jokaeraz, bereziki James Schlesinger defentsa idazkaria eta Henry Kissinger estatu idazkaria. Nixon bera Kissingerren eskutik ibili zen bere lehen legealdian eta oraingoan ere idazkari gertukoenaren ikuspegia gailendu zen.

Orduko hartan NBEk lortu zuen su-etena indarrean jartzea, baina Israelek jarraitzen zuen erasoan, batez ere Egiptoren aurka, AEBetako erabateko sostenguarekin gainera. 1973ko urriaren 20an Kissinger Moskurantz zihoan su-etenaren kontuak negoziatzera, eta Tel Avivetik pasatu zenean, berak xaxatu zituen israeldarrak esanez gau horretan –nahiz su-etenean egon– jarrai zezaketela Egipto erasotzen, berak ez zuela ezer esango eta. Egunetan tentsio handiko egoera sortu zen SESB eta AEBen artean, Moskuk jakinarazi zuelako ez zuela onartuko Israelen jarrera hori eta neurriak hartuko zituela. Kissingerrek DEFCON III egoera jarri zuen indarrean AEBetan –bake egoeran gerrarako prestutasun goreneko egoera–, eta urriaren 24tik 25era gerra hotzaren garaiko gatazka  nuklear arrisku handienetakoa bizi izan zen ((Josep Fontana historialariak Por el bien del imperio liburuan bikain kontatutako ehunka istorio adierazgarri horietako bat da hau).

Arrisku nuklearraren osagaia han izan zen, baina petrolioarena ere bai, besteak beste hori zen Schlesinger eta Kissingerren arteko desadostasunen iturrietako bat. Siriaren defentsan abiatu behar zuen Saudi Arabiak, eta honek gerra galtzeak egoneza handia sortzen zuen AEBetako sektore askotan, saudiarren petrolioarekin zer gertatuko zen beldur handia zegoelako.

PETROLIOA, arma nuklearrak, Israel, herrialde arabiarrak eta AEB dira orain ere Ekialde Hurbileko eta Erdiko osagai nagusiak. SESB falta da, AEBen etsai nagusia, eta horregatik, unean uneko bere etsaia sortu behar dute AEBek, lehenago Irak, edo geroago Iran eta Ipar Korea. Bitartean, une motzean, Israelek Siriaren aurka egindako erasoak Bashar al-Assaden erregimenari baino gehiago Irani begira daudela dirudi.

Une honetan ez dago garbi Iraneko programa nuklearra zein fasetan den arma nuklearraren lorpenarekiko, baina Israelen Siriako eraso hauek, badirudi lotura handiagoa dutela lasterketa nuklear horrekin eta bere petrolioarekin Hezbolarekin baino, eta hau, behar den aitzakia besterik ez dela. 1991n ere Irakeko lehen gerra hasi zenean, Sadam Huseinek kosk egin zuen Kuwaiteko inbasioan eta NBEk Irak erasotzea baimendu zuen.  AEBen arabera, Irakeko petrolioa ez zegoen erasoen arrazoien artean, baina oraintsu publiko egin diren dokumentuek (www.monde-diplomatique.fr/48797) oso bestelako ikuspegia erakusten dute.

Pertsiar Golkoan dago munduko petrolio erreserben %60, eta Saudi Arabiak, Irakek eta Iranek dituzte kopuru handienak. Behin Saudi Arabiako eta Irakeko petrolioa kontrolatuta, Iranekoa falta da. Baina ez hori bakarrik, Iranek arma atomikoa lortzeak Israelen nagusitasun militar erabatekoa apur dezake eta, ahal den neurrian, hori ere saihestu behar da. Historian ez dago betirako inperiorik eta lehenago edo geroago apurtuko da Israel eta AEBen nagusitasun hori, edo bestelako orekekin egituratuko dira, potentzia eta aliantza berriak sortuz. Bitartean, nagusitasuna mantendu nahi duenak eraso egin behar du, eta horretan ari da Israel.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Siria
2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Suteek 43 hildako eragin dituzte Mediterraneo inguruko herrialdetan

Tenperatura altuek eta lur eremu lehorrek eragin dituzte suteak asteartean. Ondorengo herrialdeak izan dira kaltetuenak: Kroazia, Aljeria, Tunisia, Siria, Italia, Grezia eta Frantzia. Azken orduetan, Portugalen eta Kanariar Uhartean ere zabaldu dira suteak.


2023-05-28 | Aitor Aspuru Saez
"Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako"

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


850.000 haurrek utzi behar izan dute beren etxea Kurdistanen, Turkian eta Sirian

Hilabete igaro da Turkian lehen lurrikara gertatu zenetik, eta gutxienez 51.000 hildako zenbatu dituzte. Milioika herritarrek beren etxeak utzi behar izan dituzte.


Turkian lurrikarak 'low cost' hirigintzaren ondorioak azalerazi ditu

Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten... [+]


Eguneraketa berriak daude