"Kritikariak jakin behar du bere zerbitzu publikoak ez direla ongi etorriak"

  • Espainiako Trantsizioko Kulturan (CT) «suntsipen handiko arma bat» argitaratu zuen Babelia gehigarri kulturalak. Hala izendatu zuen El País-eko zuzendariordeak Soinujolearen semearen itzulpenari Ignacio Echevarríak (Bartzelona 1960) egin zion kritika. Erreseina hura zela eta kaleratu zuten 2004an; ordutik ez du beste kritikarik egin. Belén Gopeguik CT-ri buruz jardutean, “Ignacio Echevarríak kaltetuak eta aitortuak” aipatu zituen Espainiako literaturako mundutxoa definitzeko paradigman. Azken aldian zentraltasuna duen CT kontzeptua Echevarríak bataiatu zuen 1994ean.

Zein da prentsako literatura kritikariaren lana?

Egunkari-kritika genero modernoa da, hibridoa, parekatze nahiko irregular batetik sortua: kazetaritza eta bere etika batetik, kritika bestetik. XIX. mendearen hasieran sortu zen genero historiko hori, Prentsa independientearen hastapenetan. Kazetaritzarekin batera.

Kritika operatiboa da, zerbitzu publiko bat. Komunitatea eratu ahal izateko orientazioa du lan nagusia. Irakurleen komunitatearekin eta harentzat egiten du lan. Horregatik ezin da nahastu kritika iritziarekin. Bi hizkera dira.

Ez du inoiz bere tokia aurkituko eta bere bertutea, hain justu, ondo definitua ez egotea da, eta hala egon nahi ez izatea. Trayecto liburuan egunkari-kritika gerrillarekin alderatu nuen. Hau da: gutxi gorabehera antolatutako gorputz bat da, ez dago erabat osatua, pentsamendu aldakorra dauka, oportunista. Hamabost urtetan jardun nuen horretan. Eta askotan objekzio nabarmenak jarri zizkidaten, esaten zidaten: “zu nola ausartzen zara hau esatera. Nondik mintzo zara. Kritikaren ze kontzeptu da zure bermea?”. Nik beti esaten nien ez nuela halakoen beharrik. Gainera, nire funtzioa aldakorra zen denboran, une berean alda zitekeen, aurre egin beharreko objektuaren arabera.

Egun autoritatea oso dago ezbaian, eta literatur kritikaria ere bai, lehenagotik.

Bai, hala da. Paul de Man-en ideia ospetsuaren arabera kritika krisi garaietan soilik sor daiteke. Kritika bera autoritate printzipioaren krisiarekin batera jaio zen. Eagletonek aztertzen du bikainki jaio berri den burgesiaren kazetetan nola sortu zen: botere absolutuaren eta aristokraziaren aurkako diskurtsoa zen.

Beraz, kritika bere jatorriaren biktima izan da. Arazo horri egunero egin behar dio aurre kritikariak. Erreseinaz erreseina. Oro har, modu tentelean, mekanikoki exijitzen zaion autoritatea “letren munduko pertsonari, erudituari” eskatuko litzaiokeena da. Kritikariari nolabaiteko titulazioa galdatzen zaio, injeniariari edo arkitektuari  bezala. Objektiboki demostra dezala zergatik dagoen postu horretan. Kritika errefusatzeko moduetariko bat hori da: morroiek egiten dute, letra eta kazetaritza munduko proletarioek.

Kritikariaren autoritatea neurri handi batean erretorikoa da. Kritikariak, jakina, informatuta egon behar du. Ogibideko tradizioaren jakitun. Asko irakurri duena behar du izan, baita elokuentea, abila, maltzurra ere.

Hasieran instintiboki jardun nuen, eta gero modu landuagoan. Gaztea nintzen, ni neu sentitzen nintzen deseroso: “nork sinetsiko dit?” pentsatzen nuen. Bere amak ere ezagutzen ez duen Ignacio Echevarríak zer du esateko nobela baten gainean. Eta instintiboki sortu nuen ahotsa oso inpertsonala izan zen. Oso kategorikoa. Autoritatea emititzen zuen ahots bat. Eta asmatu nuen. Garai hartan, eta gaur egun, nagusi den kritika inpresionistaren aurrean autoritatea jariatzen zuen ahots bat zen –autoritarioa izatera heldu gabe–. Ez zen ‘ni’tik hitz egiten, zerbaiten izenean baizik.

Kritikari lanetan hasi eta bi urtera-edo hitzaldiak ematera gonbidatu nindutenean harritzen ziren: “ostia, oso gaztea da”. Ahots hark irakasle ukitu bat zuen, parodia puntu bat. Hau azaltzen dudanean txundimena sortzen du, arbuioa, harridura. Iritzia eta kritika bereizi behar dira: kritika iritzia da, baina bere buruaren gainean eraikia. Esperientzia pertsonal batetik jaio bada ere norbanakoaren gainetik dagoen ideologia edo estetika baten izenean adierazten da.

Epaile janzten zara. Indarrean dauden legeak ez dituzu zuk egin baina zeuk aplikatzen dituzu.

Baiki. Kritika judiziala oso gaizki ikusia dago, baita mugazain-kritikaria, edo polizia-kritikaria. Metaforok askotan bat egin dute kritikariaren lana desatsegina dela nabarmentzeko. Kritikariak asumitu behar du nolabait bere lana ez dela sinpatikoa. Beste kontu bat da hain identifikagarriak diren mozorroak jantzita ez dela oso apain gelditzen. Ahalegindu behar da ertz lausoetan kokatzen. Bera kategoria batzuk inbokatzen ari da. Baina kategoriok ez dira bere jabetza.

Claudio Magrisek dio iritzia ni-aren hatz-marka dela. Beraz kritikariaren hatz-marka gu da. Eta ni baino arazotsuagoa da. Noski, liburu bati buruz ari garenean ez gara bi arimen arteko elkarrizketaz ari. Kategoria politikoak, ideologikoak, erlijiosoak, sentimentalak, eta bestelakoak dauden testu bat dugu eskuartean eta hori da landu beharrekoa. Kritikariaren irakurketa interesgarria da beste irakurle batzuenarekin punturen batean bat egin edo talka sortzen duen neurrian. Eta nik gu hori landu behar dut, eta ez irakurketa jakin batek sortzen didan oldar soila. Horregatik da zailena poesiaren gaineko azterketa, nekeza delako sortu dizun oldarra gainditzea.

Nola zokoratu kritika? Iritziaren mailan jarriz: “hau zuk diozu baina azken batean zu ni bezalako irakurle bat zara, egunkarietan idazten duzula, beste alderik ez dago”. Kritikaren irakurleak edo erabiltzaileak berak jartzen du erreseinaren eta kritikaren zerbitzuen gaineko iritzi irudikorrena. Beti du kritikariarenganako susmoa. Eta kritikariaren ikuspuntuarekin bat egiten ez duenean esaten du “morroi hau astopitoa da, ez du liburua irakurtzen jakin”. Kritikariak jakin behar du bere zerbitzu publikoak ez direla ongi etorriak. Polizia bezala: zerbitzu publikoa da baina hiritarrek erasotzat dute. Giro kultuetako irakurle ia guztiek, ordea, uste dute kritikaria usurpatzailea dela eta haiek ederki egingo luketela honen lana. Hor hasten da kritikariaren sedukzio lana, elokuentzia.

Zentzu honetan, erreseinei buruz gehien interesatu izan zaidan teoria Benjaminena da. Erreseina publizitatea da funtsean. Gure garaiko lengoaia publizitatearena da eta kritikariak horretara moldatu behar du bere diskurtsoa txertatu nahi badu: sedukzioa, ustekabea.

Zerekin du lotura?

Helburua kritika zutabetxo batera mugatzea da, argazkitxo batekin. Boyerok [El Paiseko zinema kritikaria] egiten dituenen modukoa: okerkeriak esaten dituen morroi bat, irakurleekin elkarrizketan aritzen dena. Eta bestela zeharkako publizitatearen egitekoak hartu behar ditu bere gain. Publizitatea: informazioa alegia. Zentzu horretan kritika inoiz ez da eroso egon kazetaritzaren baitan. Eta bere senideek ez dute tartean nahi: iritzi-emailea askoz solbenteagoa da eta kazetaria ere bai. Horren adierazgarri da kritika kultur gehigarrien ghettora zokoratu izana. Hori mendebalde guztian gertatu da.

Zergatik egon nahi du irakurleak zilegitasuna kentzen dion instantzia horretan?

Ohiturak zerikusi handia du. Eztabaidatzea da ezinbestekoa. Benet-ek dio kritikaren hasiera dela zinema aretotik irtetzean hasten den elkarrizketa. Sustraitua dago kontrastea kultura kontsumitzerakoan. Baina hau guztia populazioaren oso tarte txikiari dagokio. Asko jota populazioaren %5-10ari interesatzen zaio. Beraz helburu nagusia orientazioa da. Industriak bulimia basatia du. Salgai material gutxik dute hain oreka falta handia ekoizpen eta kontsumoaren artean. Eta gizarteratzeko hiru bide daude: informazio soila, publizitatea eta epaia. Azken honek eremua galdu du. Halere, kritika ez da erreseina soilik. Argitaletxea, egunkaria, liburudenda, irakurle-erabiltzaileak elementu horiek guztiak hartzen ditu kontuan.

Iritzia tonu onean inor mindu gabe egin behar da. Inutila izan behar da.

Erlatibismo kulturala hilgarria da kritikarako. Kultura ikasketak eta erlatibismo kulturala egungo kulturen printzipio gidariak dira. Gatazken ukatzeak desaktibatzen du kritika. Baina gogaikarria izatea ere bada erreseinagilearen lana.

Zergatik diozu kazetaritzak egunkari-kritika baztertu duela?

Kritika azaltzen duen egunkariaren ideologia erraz definitzen dugu. Irakurleak badaki. Era berean oso erraza da imaginatzea ekonomiaren atalaren irakurlea nolakoa izango den. Politikakoa zailxeagoa da. Motorrari buruzkoa erraza, baina hezkuntzakoak? Edo gizarte gaietakoak? Egunkariek imaginario horrekin egiten dute lan, optimizatu nahi dute eta irakurle guztiak nahi dituzte. Horrek arazo handia sortu dio kritikari: zer irakurlerentzat da? Kazetaritzarentzat ez da erosoa, irakurle unibertsala delako bere hipotesia: gizarte osorako da. Ados, baina zenbatek irakurtzen du? Zenbatek du gutxi gorabeherako prestakuntza? Tolstoi aipatzen badut zenbatek ezagutzen du? Honela definitzen duzu erabiliko den hizkera formala. Izokin koloreko orrialdeak hartu eta ez ditut izenburuak ere ulertzen. Eta ez zaie ardura? Egin inkesta bat, galdetu zer den IBEXa eta ea zenbatek duten erantzun gutxi gorabeherakoa. Gero, egin kulturaren gaineko oinarrizko galdeketa. Ziur naiz kulturaz gehiago dakiela jendeak.

Espainian, kazetaritzak ez du lan hau egin. Ez du definitu zein den bere kultura saileko irakurlea. Ezta zer hizkera erabili behar den. Horregatik langa oso baxu jartzera behartzen zaituzte. Schubert idazten baduzu “musikari alemana” gehitu behar diozu. Baina ez dakienari interesatzen zaio musika kritika? Gehigarri kulturaletan ere ikusten da: argazki piloa. Zertarako? Seduzitzeko? Produktu horren erabiltzailea ez dena erakartzeko? Kontuan hartu gabe, badela irakurle bat kolore eta argazkirik gabe testua irakurtzera doana.

Hau funtsezkoa da. Hatsapen gero eta landuagoak orduan eta aberatsagoa izan daiteke kritika. Nik azaldu behar dut: gaia, autorea nor den, generoari buruzko zertzeladak, bildumari buruzkoak eta dena 400 hitzetan. Ez du deustarako balio.

CT kontzeptuaren funtsa da kontsentsua kulturaren amaieraren hasiera dela.

Bai. Liburuak tesia dauka. Eta ni ez nator bat. Tesiaren arabera CTa fenomeno bukatu gisa azter daiteke. CTaren klima hautsi dela uste dut, baina kontu nazionalari dagokionez. Kontu sozialean erresumin handia badago ere ez dago sintoma argirik, ez dago aurkako mobilizazio nabarmenik.

Kulturaren alorrean, zehazki, garbi gera dadila CTren liburua Frankenstein bat dela. Gehiago da keinu iradokitzailea, saski-naskia. Kategoria estridente bat abian jarri genuen arrisku guztiak kontuan hartuta. Liburuak dio M15arekin-edo amaitu dela CT. Baina oso nazioarteko fenomenoa da. Kultura globalizatua, polemikaren printzipioaren desaktibazioa, klase ertaina ez den guztia zentrotik kentzea. Denok hor gelditu nahi izatea, ez diezazuten egotzi aristokrata izatea, edo prepotentea. Ez dirudi diskrepantzia berriro aktibatzeko aukera dagoenik, are gutxiago bortizkeria. Krispazioa. Haserrea. Arrazoi objektiboak badaude ere kontrakoa pentsatzeko. Kulturatik bertatik zilegitasuna eman behar litzaioke horri guzitari, adibidez.

CTa deskribatzeko erabiltzen da Soinujolearen semea-ren afera. Zergatik zentraltasun hori?

Erreseina horrek balio izan zuen, oso ona izan zen kritikaren egoera azaltzeko. Argudiatu zuten politika kritikatik kanpo egon behar zela. Politikaren eta bere baitan nazionalismoaren tabua azaleratu ziren. Baita aspalditik Espainian egiten den kritikaren arazoa: literatura diskurtso formalizatu gisa ulertu behar da. Hortik ezin zara atera eta esan “aizue liburu hau ETAri buruzkoa da” eta liburuak ez zuenez ETA aipatzen guk ere ez dugu ETAri buruz hitz egingo.

Literaturaren bertuteetako bat baldin bada denari buruz jardun dezakegula, kritika horren ostekoekin demostratu zen ezetz. Sentimenduetatik haraindi ez hitz egin ezeri buruz. Topiko guztiak erabili ziren deslegitimatzeko: iritzia zela, politika tarteko zegoenez lana ez zela balekoa (Manos Blancas-ekoa nintzela esan zidaten eta oraindik jasotzen ditut halako irainak). Politika leku jakin eta bakarretik egiten nuela egotzi zidaten. Eta defendatu nindutenek ere ziotena zen zentsuraren aurka zeudela. Baina ez zen eztabaidarik ireki Atxagaren liburuak esan eta erreseinak erantzuten zioenari buruz.

Abiapuntua oso TK zen, bai Espainian eta bai Euskal Herrian: ez hitz egin arazoei buruz. Atxagak hori egin du historikoki: Euskal Herriari buruz hitz egin Euskal Herriari buruz hitz egin gabe. ETA aipatu gabe, gainulertu bat sortuz. Lirikotasunak dena estaltzen du. Bere proiektuan kultura maskaratzeko elementu bat da. Gune bat sortu du tentsio guztiak desaktibatzeko. Hori hausteko ekintza zorotzat jo zen. Frankotiratzaile bat, inkontrolatu bat, artxinazionalista espainiar bat. Eta horrela gutxietsi zen erreseinaren zaratatxoa. Zorionez, El País-etik alde egitean nolabaiteko alarma piztu zen. Egunkariari min egin zion, baina ez da ezer aldatu.

Azkenean CTko kideek lortu dute haien literatura engaiatua dela sinetsaraztea.

Bai. Kultura hain dago entrenatua honezkero inork ez duela pentsatzen Atxaga eufemismoak erabiltzen ari denik. Espainiara esportatzen den idazle galiziarra eta euskalduna ikustea besterik ez dago. Manuel Rivas eta Atxagarena ia idazlearen eredu antropologikoa da. Kataluniako idazleekin ez da hala gertatu. Quim Monzó ez da idazle katalana, idazlea da, eta ez du arrakasta handirik Espainian. Nahiz eta euskal gatazka basatiagoa izan, funtsean, antropologikoagotzat jotzen da esportatzean. Hori ezin da Kataluniako kulturarekin egin. Interesgarria litzateke galdera hauetan sakontzea, zergatik segregatu diren Galizia eta Euskal Herria eta ez Katalunia.

Zergatik PSOErekiko erra hori?

PSOE da Espainiako kultura garaikidean egon den dramarik handiena. Lortu du kultur munduko pertsonaiak bereak izatea 80ko hamarkadatik eta polemikarik ez sortzea. Hala ahalbidetu du eskuina kulturarekiko ezaxolatia izatea ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-03-25 | ARGIA
Baserrien zurezko egiturak berritzen ikasteko programa martxan jarri dute mugaz bi aldeetako erakundeek

"Baserriberri" du izena programak eta langabezian diren Euskal Herri osoko 12 ikasleri zurgintza formazioa emango die, erortzear diren baserriak berritzen ikas dezaten.


2024-03-25 | Jakoba Errekondo
Ginkgoaren irrimurrika eta barre ttikia

Burua dardaratu eta ikaratu zigun ginkgoak (Ginkgo biloba). Lizar-makila denboran ginkgoa aspaldi galdutako zuhaitz espezietzat jotzen zen. Bere hostoen fosilak ezagutzen ziren, beste arrastorik ez.


2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Hazien liburutegia
Liburuak eta haziak, aberastasun publiko

Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]


2024-03-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Ospea ez da beti ona

Euskal Herriko muskerren artean ez da handiena, baina ziur asko, bai ezagunena. Musker berdeak, izenak dioen moduan, gorputz berdea du oso, eta ugal garaian, buru eta lepo aldea urdinduak izan ohi ditu. Gainontzean, puntu beltz txikiz osaturik izaten du gorputza, baina bere... [+]


Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


Eguneraketa berriak daude