"Libertatea izan dadin, lehenbiziko betebeharra da pluralismoa"

  • Hamar urte ere baditu liburuak, La España uniforme (Pamiela, 1999), baina irakurlearen oroimenean irauten du. Partez, egilea leial zaiolako lan hartan isuri zituen ideia sortari. Partez, hainbat urtez astean behin irratian haiek barreiatzen jardun duelako.

Zaldi Ero
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lau balbula jarri zizkidaten… Ekainaren 6an bi urte eginen du. Bizimodua aldarazi zidan. Hein batean bertzerik ez bada ere. Lehen egiten nuen guzia, kasik guzia, egiten dut oraindik. Bi koronaria arras erreak nituen. Ebakuntza izan aitzinetik, pilotan ari nintzen, korrika egiten nuen… Handik goiti, beheitika-beheitika. Hasmentan hondoa jo nuen, baina laster nintzen goiti, leitzen eta eskribitzen segitu baitut. Liburu berria dakart, oroimen kolektiboaz, pluralismoaz eta esku hartze demokratikoaz.

Lehen ere ari zinen oroimenaz eta pluralismoaz. 1999ko liburuan esan nahi dut, La España uniforme hartan…

Bai. Dena den, ordukoa lan kritikoa zen –horixe baita nire bizi-tonua–, eta oraingoa, aldiz, eraikitzaileago da. Hura aski oldarkorra zen, hau positiboagoa. Errateko, haserretuen afera lantzen dut, Daniel Innerarity kritikatzen dut… Preziatzen dut Innerarity, baina ez die haserretuei alderdi onik ikusten. Positiborik ez dute haren irudiko. Nik bertzela uste dut, haserretuen mugimendua inori gerta lekiokeen gauzarik onena dela. Indarra hartzen badu, bederen. Innerarityri –baina ez hari bakarrik–, arras nihilista iruditzen zaio haserretuen zera hori. Eta ez da nihilista, zinez.

Jakinaren gainean ari zara..

Haiekin mintzatu bainaiz. Mintzatu eta entzun, lakastatarrok ez baitugu entzuteko joerarik… Zuzenbide fakultatean badut, 5. mailan, gune bat, ttipia, eskuina, eta bertze bat, indartsua, haserretuena. Garai batean, Pilareko plazan egon ohi ziren kanpaturik, eta erran zidaten: “Eta zu, zergatik ez zatoz?”. Eta joan nintzen. Ezagutu ditut… Dena ez da eder, jakina. Badituzte alderdi negatiboak ere. Errateko, ez dute iraganaren berririk. Eta ez baitute aski leitu, ez dute iraganaren erreferentziarik. Aldiz, orainari buruzko ikuspegia arras balientea dute, arras garbia…

Iraganaren berririk ez zure haserretuek… Zer giro Zaragozako fakultatean?

Hasteko, 18 milioi murriztu dituzte unibertsitatean. Ez dago laguntzailerik, ez irakasle elkarturik… Ni jubilatzen naizenean, kito da nire plaza. Ez da bertzerik izanen. Adio sekulakotz! Unibertsitate publikoaren aurkako jokamoldea da, arras.

Murrizketak han eta hemen eta denean, eta hezkuntzan, osasunean, kulturan…

Ongizate estatua diote, eta irri egingarri zait. Eskolan erraten diet ikasleei: “Jo Konstituziora, ea non ageri den ongizate estatuaren aipurik”. Ez baita inon azaltzen. “Estatu soziala” da aipatzen, hagitzez gauza sakonagoa baita, Weimar-eko Konstituzioa [Alemaniako hiria, 1919] konstituzioan ageri denez. Haien estatu soziala oraingo ongizate estatua baino sendoagoa, indartsuagoa da: Suedia, Norvegia, Finlandia, Alemanian du tradizioa, eta guk horrekin ikustekorik deus ez dugu!

Zer dugu, orduan?

Eskuin espainola Ipar Amerikako neoliberalismoak liluraturik dago. Gizarte Ikasketa eta Azterketarako Fundazio FAESen [Espainiako Alderdi Popularraren girokoa] mintzatzera nor ekartzen duten ikustea bertzerik ez duzu. Intelektual amerikarrak dira gutiz gehienak, eta zer diote, bada, estatuaz? “Bainuontzian itotzeko bezain ttipia izan behar du estatuak”. Horra metafora. Horra PP, adierazpenak egiten dituelarik horixe bera erraten baitu: “Estatua mehetu behar da!”. Zergatik mehetu behar da, bada, estatua? Ber maneran erraten dute agintari guziek, kutsatu egin dira! Ezkerrak ere badio, baina, erraten duelarik, ez daki zer erraten duen ere. PNVk ez dakit erraten duen…

PNV ez da eskuin?

Ebrotik behera, PNV ez da eskuina. Ez nuke erranen. Gustura sartzen naiz beti batzokian... Demokratikoa da, herritarra. Kontrolatuta ere badago, jakina. Anitz aldiz erran diet Zaragozan fakultateko irakasleei. “Euskal Herrian zaretela, zoazte batzokira. Handik itzulian, erran eskuinak diren ala zer diren batzokian”.

PNV eskuina ez Ebrotik hegora, diozunez. La España uniforme liburuan zenioen karlistak ez zirela eskuinak, Jon Juaristiri kontra eginez.

Karlismoa oso gertakari konplexua da, Karlo Marxek ere ikusi zuenez. Alderdi positiborik ikusi zion Marxek karlismoari. Zioen herri mugimendua zela, bakana. So egizu zer izan zen karlismoa frankismopean. 1952ko greba orokorra Iruñean. Nork eratu zuen, bada? Karlistek! Emilio Majuelo historialariak ongi baino hobeki aztertu du gaia, eta badaki. 1952 orduko, badute Francoren aski eskarmentu, jabetu dira ergelarena egin dutela. “Karlisten herria” –izen hori ematen baitiote beren buruari–, antifrankista dira, eta Karlos Hugoren jarraitzaileak oro ere, antifrankista dira. Espainian, Franco hila delarik, Junta Demokratikoan, eta Platajuntan, ordezkari karlista bana ikusten ahal dugu. Frankismoaren kontra diren indarren artean dira karlistak. Karlismoa eskuina dela? Azter dezagun geldiro, arras konplexua baita afera.

Karlistak. Eta liberalak?

Jo dezagun liberalismoa aztertzera. Zenbat liberal ziren, bada, Espainiako liberalismoan? Lau oilo. Izan ere, nola izan liberal eta katoliko, aldi berean? Cadizeko konstituzioaren kasua bezala. Espezialistekin eztabaidan jarduten dut. Liberala omen konstituzio hori, lau libertate ageri direlako, baina orduko Espainia katolikoa da, arras, eta erranen didazu zer liberalismo den hori. Espainiako liberalismoa, katolikoa! Eta ez dut erran nahi katolikotasunak dena gaitza duela…

Zer duzu Espainiaren kontra? Espainia uniforme horren kontra, alegia…

Ez da pluralista!

Zergatik behar du pluralista?

Isaiah Berlinen garaian –ene baitan eragin handiko filosofoa baita Berlin–, aurkitu zutenez, pentsamenduak demokratikoa izatekotan, pluralista izan behar du, hau da, bertzeren ideiak onartu behar ditu. Ez du bertzeren ideiekin komulgatu behar, baina onartu, bederen.

Onenean, ideiak adieraztera heldu gara, nahiz eta ez diguten jaramonik egiten…

Hori ez da pluraltasuna, hori pasotismoa da. Gehienik ere, tolerantzia. Baina ez gara Tolerantziaren aroan bizi, Pluralismoaren aroan bizi gara, baina pluralismo ttipia dago, zinez. So egizu Kataluniara, hango nazionalismoa goiti-beheiti. Zenbat dira, bada, erreakzio demokratikoak Espainian? Erraiak dira mintzo: “Nazioa bat da… Konstituzio Auzitegiak erran du…”. Horiek dituzte argudio. Errespetua behar da, eta errespetutik hara, errekonozimendua behar da. Erreferendumak, errateko: koakziorik ez bortxarik ez dela, zein dira adierazpen askatasunaren kontrako argudioak?

“Espainia uniformea”, inondik ere.

Bai, itzuli da, hemen da berriro. Sasoi hartan gauza batek sutu ninduen, eta horregatik eskribitu nuen liburua: eskuineko jendeak erran zuen lehenik, baina ezkerreko hainbat jendek ere bat egin zuen haien diskurtsoan: Espainia! Ez zen Espainia bertzerik! Eta Prisa taldea, Claves de Razón Práctica aldizkaria, El País egunkaria… ezin jasanezko gertatu ziren. Nire liburua haien kontrako erreakzioa izan zen.

Euskal Herrian ere uniforme gara?

Ez, kontu handiagoa jartzen da Euskal Herrian. Euskadiko Alderdi Sozialistak “erregimena” erran du, PNVz ari. Ni horren kontra mintzatu naiz. Erregimenak –hala balitz PNV–, ez luke aintzat hartuko sozialistek, popularrek edo ezker abertzaleak erraten diotena. Eta, aldiz, aintzat hartzen ditu, egun oroz. Ondorioz, ez da erregimena. Zernahi egiteko, bataren eta bertzearen bototxoak behar ditu PNVk.

Zer dugu Nafarroan? Bateko Sanz, besteko Barcina, noiz Del Burgo noiz Catalan… UPN eta PP, sozialistak ondoan, Nafarroako Aurrezki Kutxa CAN…

Saltsa hasi bertzerik ez da egin Nafarroan. Nafarroako Aurrezki Kutxa dela-eta, botere judizialak ez du orain arte deus egin. Ikusiko da hemendik goiti zer egiten duen. Aspaldi erran nuen, Zuzenbidekoa naizenez: “Nola ez du fiskalak esku hartu, legearen interesean?”. Horixe baita fiskalaren egitekorik behinena: aurrezki kutxaren aferan esku hartzea. Eta zergatik ez da erortzen, goitik behera amiltzen, erregimen hau? Erregimena delako, justu. Erregimenaren ezaugarri da, berez, alderdi bat bakarrari balio izatea. Hemen, UPNri eta PSNri bertzerik ez dio balio erregimen honek. PSN da Nafarroako erregimena eror ez dadin arduradun nagusia.

Horra sozialistak azaldu!

Eta konparatu Patxi Lopez eta Roberto Jimenez, eta Nobel saria duzu Patxi Lopez. Ona da, bada, Roberto Jimenez! Eta, gainera, harroputza. “Euskal” den guziaren kontra abiatu dira ausarki, bandera egin dute, UPNk eta PPk, PSNrekin batera. PSNk kasu handiago egiten du, baina antieuskalduna da, guziz. Nafarroako Aurrezki Kutxa, errateko, zergatik ez zuen bat egin nahi izan euskal kutxekin? Antieuskalduna delako, batetik, eta anitzek sartu duelako muturra, bertzetik. Nahieran jardun du CANek, kontrolik gabe… Botere politikoa Euskadin, edo Nafarroan, ez da ber gauza. Urkullu ez da Barcina. Mintzatu izan naiz Urkullurekin, baita Barcinarekin ere. Behin gertatu nintzen honekin. Erratera noana moztu, otoi. (…)

Moztua… Esan diguzunez, sobera kritiko jardun zenuen La España uniforme hartan. Bestela omen zatoz orain, eraikitzaile, liburu berrian: Memoria colectiva, pluralismo y participación democrática.

Argitaletxearena da izenburua. Nik, “Pluralismoari buruz” nuen izenburu. Puntu.

Pluralismoa, berriz.

Bai, ene obsesioetarik bat dut. Baina liburuak hiru atal aski bereizi baditu, eta haien izenburuak ekarri dituzte liburuaren azalera.

Oroimen kolektiboa.

Maila teorikoan jardun dut, kontzeptua non sortzen den aztertzen. Oroimen kolektiboa Frantzian sortu zen, eta haren eboluzioa aztertu dut Montaignegandik egundaino. Bidea argitu nahi nuen. Horrekin batera, oroimen kolektiboak Espainian dituen gabeziak ere aztertu ditut. Aitzineko liburuaren jarraipena da alde horretatik. Bertzeak bertze, Auzitegi Gorena kritikatzen dut, erran nahi baita, Garzonen kontrako epaia. Edo haren aldekoa! Batetik, prebarikazio delitutik libre uzten dute frankismoaren krimenak ikertzeari dagokionean. Bertzetik, aldiz, frankismoaren gaineko dotrina ezartzen dute. Hau da, distantziakidetasuna bi aldeen artean. Kritika gogorra egiten diot Gorenari, ez baitute 1931ko konstituzioa behin ere aipatzen. Behin ere ez. Horrela bai, bi alde izanen ditugu, baina kontua da aldeetarik batek konstituzioaren kontra egin zuela, indarrean zegoen legearen kontra, legez ezarri estatuaren aurka, Errepublika demokratikoaren kontra. Distantziakidetasuna! Lekutan!

Pluralismoa.

Ene irudiko, libertatea izan dadin, lehenbiziko betebeharra da pluralismoa. Horra Sortu eta Bilduren kasuak. Lege aitortzaren alde izan naiz beti, Alderdien Legearen kontra, presoen dispertsioaren kontra, eta, aldi berean, biolentzia eta bortxaren aurka. Gure herrian joera indartsu bat dagoela onartu behar da, eta pluralismorik gabe ez dago errekonozimendurik. Isaiah Berlin dugu hor berriz. Tolerantziak ez du iritzi berekoa ez dena ezagutzen, indartsuak “hor nonbait” izaten uzten zaitu. Horixe da toleratzea. Pluralismoa, aldiz, errekonozitzea da, gizartearen baitan diren joera guziak ezagutzea. Pluralismoaren azterketa historiko filosofikoa egiten dut, Kantekin hasi eta hona.

Esku hartze demokratikoa.

Liburuak duen atal berriena duzu, eta zabalena. Proudhonekin hasi naiz. Bien pensanteek kritikatu egiten dute Proudhon, boto zuriaren aldeko zelako, baina, bertzeak bertze, hura nola iristen den horretara aztertzen dut. Proudhonek badu haserretuen antza. Parlamentariak lau urterik behin hautatuak zirela ikusi zuen, baina ez zutela herritarren arazorik konpontzen. Horrela. Ez zen boto zuria emanez jaio. Portugalgo À Rasca mugimendua ere aztertzen dut. “Demokrazia zerupean”, M-15 mugimendua baita hori.

Haserretuak Portugalen, haserretuak Zaragozan, Madrilen… Zergatik dute haserretuek indar txikiago Euskal Herrian?

Eta zergatik izan zuen Irakeko gerraren kontrako mugimenduak indar txikiago Euskal Herrian, Espainiako beste inon baino? Abertzaletasunak badituelako alde onak, eta txarrak ere bai. Haserretuen mugimendua zer da, bada, Espainiako kontua? Irakekoa Espainiaren kontua zen? Ergelkeria handiagorik! Zaragozan errana dut, jendea haserretuen mugimenduaren kontra mintzatu izan denean: “Noiz ikusi da Zaragozan tamainako jende mugimendua? Pilareko plaza gaztez estalia! Noiz?”. Banuen kezka, mugimendua hustuko ote zen… Zerbait hustu da Portugalen, baina hor dira, saudadeak joak… Ari naiz, baina haserretuak ere kritikatzen ditut nik.

Nor, edo zer, ez duzu kritikatzen zuk?

Pentsamendu errepublikarra, liberala, federala, errespetuzkoa, pluralista… Horixe ez dut kritikatzen. Baina ez dut pentsamendu  hori inon aurkitzen!

Nortasun Agiria

Jose Ignazio Lakasta Zabalza (Iruñea, 1946). Etxauri ibarrekoa Lakasta, Uharte-Iruñekoa Zabalza. “Nafarroako euskalduna naiz, XVI. mendean erraten zutenez”. Zaragozako Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofian katedraduna da. Irakasle da bertan 1971tik hona. Atzerrian ere ibilia da, eta besteak beste Portugalen, Argentinan, Mexikon eta Kolonbian irakatsi du. Hegel, Marx, Gramsci eta beste aztertu zituen lehenik, eta 1999an, La España uniforme argitaratu zuen, non nazionalismo espainol baztertzaile eta pluralismoaren kontrakoa ikertu eta kritikatu duen. Liburu hari tiraka heldu gara Tuterara, egileak beste bat argitaratzeko zorian duenean.

Azken hitza
Tutera

“Gure aita zenak ez zuen berehalakoan sinetsiko euskarak egoera hau izanen zuenik, hizkuntza hainbertze haztea, hain ongi kontsideratua izatea. Tuteran, hasteko, ikastola dugu, arazo handiak ditu, bai, baina arrakasta handikoa da. Euskarak prestigioa du hemen, eta euskaraz mintzo den anitz jende duzu Tuteran. Gure elkarte Beterrin bertan ere”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako politika
5.000 eta 10.000 euro arteko zigorrak Aroztegiko zazpi auzipetuentzat

Iruñeko Hirugarren Zigor Auzitegiak 5.850 eta 9.450 euro arteko zigorrak ezarri dizkie Baztango Aroztegiko zazpi auzipetuei, derrigortze edo bortxa delituagatik. Baztertu egin du, ordea, talde kriminala osatzen zutela.


Iruñeko Erorien Monumentua birgaitzeko baimena eman du Vianako Printzea erakundeak

Nafarroako Gobernuan ondare historikoaz arduratzen den erakundea da Vianako Printzea, eta Iruñeko Udala haren zain zegoen birgaitze prozesuarekin aurrera jarraitzeko. Datozen asteetan, beraz, obrarako lehiaketa irekiko da.


Belateko tuneletako obren esleipenean irregulartasun administratiboak atzeman ditu ustelkeriaren aurkako bulegoak

Nafarroako Gobernuak azken urteotako esleipen publikoen gaineko txostenak eskatu dizkio ustelkeriaren kontrako bulegoari Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak aginduta. Belateko txostenean, esleipena erabakitzerako orduan arau haustea ikusi du bulegoak.


Torturaren beste sei biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Joxe Lacalle Huarte da horietako bat, 1978an Guerrilleros de Cristo Rey taldeak bere tabernan egindako eraso baten biktima izan zen; 1979an lehergailu bat jarri zioten tabernan eta 1981ean Guardia Zibilak torturatu egin zuen. Gainerako bostak Espainiako Poliziak torturatu... [+]


Estatuaren beste sei biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor elkarteak ostegunean jakinarazi dutenez, Nafarroako Gobernuak “giza eskubideen urraketaren biktima” modura aitortu ditu sei herritar, 16/2019 Foru Legearen babesean.


Nafarroako lau pilotari ijitori omenaldia egin diete Iruñeko Mañuetako pilotalekuan

Flamenco On Fire jaialdian ospatu dute ijito komunitatearen, flamenkoaren eta pilotaren arteko harremana. Iruñeko Alde Zaharreko Mañueta pilotalekuan antolatu dute jaialdia, eta bertan omenaldia egin diete lau pilotari ijitori.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Nafarroako suteak nekazaritzako makina batek sortu zituela baieztatu du gobernuak

338 hektarea erre ditu astearteko suteak. Nekazarien sindikatuak haserre agertu dira Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko ezarritako murrizketekin. Asteazkenean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean, baina hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek.


Kontrolpean dute Nafarroako baso sutea, eta gobernuak suteak saihesteko neurriak hartu ditu

Suhiltzaileek kontrolpean dute Ibarbeibar ibarreko sutea, Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietan egondakoak hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak behin-behineko debekua ezarri dio nekazaritzan sua erabiltzen duen edo sor dezakeen makineriari. 


PSNko idazkariorde Ramón Alzórrizen dimisioak ustelkeria eta krisi politikoa Euskal Herrian kokatu ditu

María Chivite Nafarroako Presidentearen "konfiantza galdu" duela eta, Ramón Alzórrizek PSNko idazkariorde nagusi eta Nafarroako Parlamentuko bozeramaile izateari utziko dio. Bere bikotekidea Servinabar enpresan lanean aritu zela publiko egin ostean eman du... [+]


Yala Nafarroak jaurtiko du sanferminen txupinazoa

Palestinaren askatasunaren aldeko eta genozidio eta okupazioaren kontrako Nafarroako plataforma izan da hautagai bozkatuena.


2025-06-13 | Ahotsa.info
Euskararen Defentsarako Sarea
“Bidegabea da euskara lanpostu publikoetan ez baloratzea”

Euskararen Defentsarako Sareak elkarretaratzea egin du Nafarroako Parlamentuaren aurrean ostegunean, aldarrikatzeko lanpostu publikoetan hizkuntzak baloratzen badira, euskara baloratzen ez den lanposturik ez litzatekeela egon behar. Eta beraz, Nafarroako Gobernuak egindako... [+]


BSHko langileek protestak egin dituzte lantegi sarreran enpresaren itxieraren aurka

BSHk Ezkirotzeko lantokia itxiko duela berretsi du, 655 langile kaleratuko ditu eta Nafarroako Gobernua eta langileak "denbora" eskatzen ari dira, "berrindustrializatzeko".

 


Foruzaingoak taser pistolak eraman ahal izatea onartu du Nafarroako Kontseiluak

Dagoeneko Guardia Zibilek eta zenbait herritako udaltzaingoek badute taser pistolak erabiltzeko eskumena Nafarroan, eta badirudi bide horretan hurrengoa Foruzaingoa izango dela: Nafarroako Kontseiluak Foruzaingoak taser pistolak eman ahal izatea "indarrean dagoen... [+]


Faltzesen euskarazko eredua eskatu dute eta Nafarroako Gobernuak ezetza eman du

Hamaika familiak egin dute ikastetxe publikoan D eredura pasatzeko eskaera. Zentroak baiezkoa eman du, baita Udalak ere, baina errefusatu egin du Nafarroako Gobernuak "espazio falta" argudiatuta.


Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.