Estatu Batuak zenbat eta ahulago, inperialistago

  • Bertako askok aipatzen duten arren Amerikako Estatu Batuen hegemonia ezberdina dela historian zehar ikusi diren beste inperioekiko, yankien inperialismoak aurretik Holandak eta Britainia Handiak ezarritakoen eredu oso antzekoa darabil. Julian Go soziologoak aurreikusi du AEBek atzerri politika gogortu egingo dutela berriro.  

War News zerbitzutik hartu dugun argazkian, agentziak dioenez, Shane Bordonado soldadu iparramerikarra azaltzen da 2008ko abuztuaren 4an Irakeko Al Assiriyah hiriko karriketan patruilatzen, auzoko umeak jarraika dituela. Julian Go soziologoak arrazoi emat
War News zerbitzutik hartu dugun argazkian, agentziak dioenez, Shane Bordonado soldadu iparramerikarra azaltzen da 2008ko abuztuaren 4an Irakeko Al Assiriyah hiriko karriketan patruilatzen, auzoko umeak jarraika dituela. Julian Go soziologoak arrazoi ematen dio Immanuel Wallerstein filosofoari honek azaltzen duenean hegemonia bakoitzak bere burua legitimatu nahi duela balio unibertsalak eskainiz. Holandarrek bezala britainiarrek eta yankiek ere merkataritza irekia aldarrikatzen zuten. Horrez gain, holandarrek erlijio tolerantzia aipatzen zuten, eta britainiarrek zibilizazioa, civilizing the natives, funtsean merkataritzaren bidez lortu beharrekoa. AEBek modenization edo development (garapena) eskaintzen dizkiete atzeratutako herrialdeei. Orain Txina ari denez hegemonia bila, ikusi beharko da zein balio unibertsal berri dakartzan eskuetan.

Afganistan eta Irak ahaztu  bezain laster ekingo diete AEBek gerra eta inbasio berriei. Hori ei dago idatzita AEBek bezala munduan hegemonia erabili duten ereduan: benetako indarra ematen duen nagusitasun ekonomikoa ahuldu ahala, mendean eduki nahi dituen eskualdeetan bortizkeria militarrez jokatu beste biderik ez du aurkituko. Julian Go soziologo amerikarra mintzo da horrela.

Bostongo unibertsitatean Aginte politikoaren eta Gizartearen Teoria irakasten duen Julian Gok bere bosgarren liburua du Patterns of Empire: the Britsih and American Empires. 1688 to the Present (Inperio ereduak: inperio britainiarra eta amerikarra. 1688tik gaur arte).  Liburuko ideiak laburrean eskaini dizkio Alex Dohertyri New Left Project aldizkarirako.

Goren iritzian potentzia handi batek beste ezer hoberik egin ezin duenean erabiltzen du inperialismoa, hau da, eskualde batean armada zuzenean sartu, eskualdea koloniatzat bereganatu edo okupatzea. Azken aukera taktikotzat. Badaki garestia dela direct imperialist jokatzea.

Estatu batek nagusitasun ekonomikoa duelarik ez dago horretara  heltzeko bezain desesperatua. Goek multinazional handi batekin alderatzen du. Multinazionalek nahiago dituzte merkatu libreak, badauzkatelako kapitalak eta baliabidea aurkari txikiagoak menderatzeko merkatu librean –zeinak ez baitira benetan libreak, argitzen du Gok, horregatik maite dituzte korporazioek–. Baina abantaila hori ez daukatenean, orduan konkurrentzian tranpak egiten dituzte, etekinak eta merkatuaren kuotak ziurtatzeko.

Estatu batek berdin, munduan nagusi baldin bada nahiago du status quoak jarraitzea. Aldiz, estatua ahultzen hasi delarik, inperialismoak balio dio nagusigoari heltzeko.   Hala egin zuen Britainia Handiak XIX. mendean eta berdin AEBek XX.ean. Gok dioenez, II. Mundu Gerratik 1970eko hamarkada artean hegemonia nabarmena eduki zuten AEBek, eta geroztik gainbehera hasitakoan ugaritu zituzten esku hartze militarrak eta inbasioak munduan zehar. Horren arabera Vietnamgo gerra litzateke araua berresten duen salbuespena.

Elkarren antzekotasun handiak aurkitu dizkie Julian Gok britainiarren eta yankien inperialismoei. Ahultzen hasitakoan eraso militarrak gehitzeko joeraz gain, bi inperialismoek egin dituzte ahaleginak eta bi ez onartzeko inperioak zirela. AEBetan denbora luzez herritarren artean baina baita akademikoen artean ere ukatu egin da. Berdin egiten zuten ingelesek, denbora luzez empire edo imperialism kontzeptuak usatzen baitzituzten Napoleonen Frantziaz aritzeko. Oso berandu hasi ziren britainiarrak modu libre samarrean aipatzen British Empire.

Datozen gerra berriak

Julian Gok aurreko ikerlanetan aztertuta dauzka Puerto Rico eta Filipinetan AEBek egindakoak. Hain zuzen, bi kasuok aipatzen dituzte intelligentsia iparramerikarreko askok defenditzeko yankiek ez dutela inperialismoa egiten, demokrazia eta merkatu librea diren beren balioak esportatzen dituztela, demokrazia ezarri omen zuten bi herrialde horiek lekuko.

Baina alde batera utzirik norbaiti sistema demokratiko bat indarrez ezartzearen ironia, erantzun du Gok: “Puerto Ricon eta Filipinetan AEBek aurrean zeukaten lekuko elite bat lehendik hezia demokraziaren ideietan, eta AEBk kolaboratzaileak behar zituzten. Haiek meneratzeko, Amerika kolonialeko funtzionarioek ‘zaindaritza demokratikoa’ (democratic tutelage) ezarri zieten.

Ez zuten, ordea, berdin egin Samoan edo Guamen, hauetako eliteak gehiago ikusten zituztelako ‘salbai zintzo’ moduan”. Bide batez esanda, britainiarrek antzeko democratic tutelage ezarri zioten India handiari XIX.ean.

Hala ere, potentzia handien arau eta eskemak ez dituzte beraiek bakarrik erabakitzen, mendean hartutako herrien erreakzioek baldintzatzen dituzte hein batean. Horrela, dio Julian Go, nekez erabil lezakete AEBek eredu kolonial tipikoa, herrialde baten anexio eta kontrol erabatekoa. Borroka antikolonialek erakutsi diete zerbait.

Alternatibak britainiarrek berek sortu zituzten XIX.ean zenbait lekutan. Alde batetik, kontrol informal bat, lekuko bezero edo morroi (client latinezko cliens hitzetik dator: nagusi batek babestu eta sustatzen duen menpekoa) edo aliatuak bilatuz. Bestetik, bide askoz erasokorragoa, eraso militarra edo/eta aldi baterako okupazio militarra. Bigarren hau erabiliko dute klientelismoak porrot egin duenean.

Saddam Hussein AEBen client bat zen, eskema inperialistan. Baina egoskortzen hasi zen eta nork agintzen duen erakutsi behar izan zioten. “Gehienetan horrela gertatzen da, lehenbizi mehatxu ekonomikoa, laguntzak eten eta enbargoak ezarri. Gero, honek ere huts egin badu, inbasio militarra, argi eta garbi.

Horixe ikusi dugu azken hamarkadotan AEBak larritu ahala beren hegemonia ahultzen ari zelako, gero eta inbasio militar eta okupazio gehiago. Eta nik esango nuke horrelako gehiago ikusiko ditugula datorren hamarkadan, bai behintzat Afganistan eta Irakeko gerrak ahaztu bezain laster”.

Iparramerikarrak gerra berrietan sartu, Barak Obamarekin oraintxe ateratzen ari direnean nola edo hala Irakekotik?

Baiki, dio Gok. Inperio guztietako jendeen moduan, AEBetakoek ere memoria laburra dute, eta ekonomiak makaltzen segitzen duenarekin bateratsu ari dira indartzen mehatxuen erretolikak: “Inperialismoa gehienetan mehatxuan oinarritzen da justifikazio bila. Bestalde, Irak eta Afganistanen motz geratu arren, US Army da munduko indar militar gotorrena”.

Hori zaio beldurgarria soziologoari: ekonomiaz gero eta ahulagoa dabilen potentzia militarki munduan nagusi dela. Hori da esatea bezala indar militarra baizik ez daukala. Horra arrazoirik handiena pentsatzeko indarra erabili egingo duela bere burua gehiago makaltzen ez ikustearren.

“Pentsa ezazu auzoko mutiko liskarzale ezjakin, bortitz eta kankailuenak galdu egin dituela beren goxokiak ahulagoak diren mutikoen kontra. Zer espero duzu egingo duela? Ohartzen naiz konparazioa txoro samarra dela. Baina hein batean ez da gertatzen ari denetik oso ezberdina. Eta beldurgarria da, zeren eta ondoren ez baita etorriko AEBen etengabeko erasoa bakarrik, baizik eta mundu mailako gatazka-eskalada, aginte arerioen artean. Eta orduan bai heldu zaigula mundu mailako gerra”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-04-09
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


Eguneraketa berriak daude