Brenniliz 1985, 2013... zenbat urte behar da atomoa amatatzeko?

  • Bretainiak badu Garoña ñimiño bat, Brenniliz, sakeleko zentraltxo nuklearra, 1967tik 17 urtez elektrizitate pittin bat sortu ostean 1985ean gelditu eta oraindik eraitsi gabe dagoena. Enpleguak zirela eta hura bizirik nahi zuten herritar eta agintariek orain begien aurretik kendua nahiko lukete. Baina atomoa itzaltzea ez da hain erraza.

Kemperleko (Bretainia) Quimperlé en ligne webgunetik hartutako irudian, Ergue-Gaberic (Ergue-Vraz, bretoiez) herrian abenduaren 18rako iragarritako film emanaldia: Brigitte Cheveten Brennilis, la centrale qui ne voulait pas s
Kemperleko (Bretainia) Quimperlé en ligne webgunetik hartutako irudian, Ergue-Gaberic (Ergue-Vraz, bretoiez) herrian abenduaren 18rako iragarritako film emanaldia: Brigitte Cheveten Brennilis, la centrale qui ne voulait pas s"™Ã©teindre (Brenniliz, itzali nahi ez zuen zentrala) erakutsi zuten, zuzendaria bertan zela. Argazkian Sortir du Nucleaire mugimenduko kideak ageri dira zentralaren aurrean protestan, Demantelement Tellement Dement (libreki euskaraturik, "Hau bai Desmuntaketa Zoroa") hitz jokoa osatuz. 1985ean geldiarazia, 27 urte beranduago Brennilizko zentralaren bihotz erradiaktiboak zutik dirau. Ez dago desmuntatzea bukatzeko epe finkorik. Atal irradiatu guztiak nora eramanik ere ez. Kostako den diruaz aparte, noiz arte luzatuko ote da Garoñakoaren eraisketa? 27 urte barru 2040an bertan jarraituko ote du?

Bretainian Menez Are mendiek (Monts d’Arrée frantsesez) Irlanda edo Galesko paisaia osatzen dute Frantziako Finistère (Pen-ar-Bed bretoiez) departamenduan. Zuhaitz gutxi, landa zabalak, txilar eta iratzeak, zotal-ikatza oinpean, errekak eta Yeun Elez ibaiari hesia eginik sortutako Saint Michel aintzira. Hemen dago Brenniliz (Brennilis frantsesez) herrixka.

Antzinako Berainiaren bihotzean, Arturo erregearen kondairaz mintzo diren parajeotan, justu zeltek infernuko ataria zegoela uste zuten txokoan erabaki zuten eraikitzea Parisko agintariek Frantziako lehenbiziko zentral nuklearra. 1962a zen, Frantzia bonba atomikoaren jabe direnen klubean sartua zen eta munduaren energia beharrak oro ase behar omen zituzten zentralen eraikuntzan aitzindari nahi zuen. 50 urte beranduago, uraniozko erreaktorea eraistea zein garesti ateratzen den erakusten diote frantsesek munduari Brennilizen.

1967an abiarazitako zentrala ur astunezkoa zen; alegia, ur astunez hozten zutela argindarra sortu behar zuen turbina mugiarazteko sutzen zen uranioa. Commisariat à l’Energie Atomique (CEA) erakundeak %100 frantses teknologiaz eraiki nahi zuen Brennilizkoa. Berehala ikusiko zen atomo zibilaren bidea bestelako tekniketatik joango zela, ur arinez funtzionatzeko diseinatu baitziren garai beretsuan eraikitako Santa Maria de Garoñakoa bera eta Fukushima Daiichin lehertu direnak bezalako beste senide asko. CEAk egoskor segitu zuen, ordea, eta 1967an martxan zegoen Brennilizko zentraltxoa.

Zentraltxoa diogu benetan txikia izan delako: 70 Megawatteko potentzia zuen (txikietakoa den Garoñakoak 466 MWekoa da), 1967tik 1985era arte 6,235 Terawatt ekoiztu zituen (Garoñak 2011n, urte bakarrean, 3,743 TW). Abiatzerako teknologian aldaketak sartu beharretik hasita, dena izan zen arazo Brennilizen.

1975eko abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren egunez, FLB-ARB (Front de Libération de  Bretagne, Armée Revolutionaire Bretonne) talde armatuko komando batek lehertu zituen turbina batera ura zeraman hoditeria eta turbinako CO2 gasa kanporatzen zuen bestea, zentralaren kanpoko aldetik, produkzioa geldiarazteko asmoz. 1979an zentral atarian argindarra zeramaten bi zutoin zapartarazi zituen FLBk. Oraingoan bai, lehenbiziko aldiz geldiarazi zuen talde armatu batek Europako zentral bat.

Gure artean Lemoizko gatazkaren oroitzapenak pizten dituzten ekintzon garaian Frantziako aginte eta ordezkaritza gehiagoren kontra jo zuten FLBkoek Bretainian. Ogasun zentralaren egoitzak plastikatu zituzten sarri eta bereziki famatua izan zen Roc’h Trédudoneko atentatua: 1974an telebista frantsesak han zeukan 200 metro altuerako antena erraldoia lurreratu zuten, Finistère osoa bi hilabeterako telebistarik gabe utziz.

480 milioi euro zentrala eraisteko

Baina Brennilizko zentrala ez FLBk, errentagarritasunik ezak geldiarazi zuen 1985ean. Inguruko herritar askok eta agintariek Gobernuari eskatu zioten martxan jarraitzeaz gain bigarren bat gehitzea. Alferrik.

1995ean Christian Fremont Finistèreko prefetak iragarri zuen: “EDFk (Electricité de France, Frantziako kasik monopolioa duen multinazional gaur pribatizatua),  CEAk eta nuklearrean ari diren enpresa handi guztiek elkarrekin adostu dute Brenniliz eraisteko operazioa eredugarri izatea”. Horretan ere oker hasi ziren: Frantziako diru publikoak auditatzen dituen Cour de Comptesek 2005ean aitortuko zuen hasieran 19,4 milioi euro kosta behar zuena 480 kostako zela... agindutakoa bider 25!

Joan den azaroan Fabrice Nicolinok Charlie Hebdo astekari satirikoan argitaratutako Brennilis, une centrale nucléaire pour l’éternité artikuluarekin gogorarazi digu Brennilizko makinak erabat itzali gabe darraiela, gelditu eta 27 urte beranduago. Eta France Ouest kateak ekoiztutako  Brennilis, la Centrale qui ne voulait pas s'éteindre dokumentalak (Interneten ikusgai dago) azaldu ditu Bretainiako zoko hartan urteotan sortutako konplikazioak.

Alde batetik, zentralak bizirik segi zezala eskatu zuten lekuko notable eta herritarrek berek orain bestelako planak dauzkate parajeotarako: Retour a l’herbe! (libreki itzulirik, “Itzuli lehengora”) kanpaina antolatu da inguruok Parc Régional izendatzea probestuz. Eta parke natural batean hain egiten du itsusi zentral nuklear baten betonezko kanpai handiak...

Baina bestetik, Sortir du Nucleaire mugimenduko ekologistek pixkanaka hautsi dute EDFk eta Parisko agintariek zentralaren inguruan eraikitako isiltasun zorrotza. Inguruan urte luzez eta oraindik ere zabaltzen den kutsaduraren zantzu eta frogak zabaltzen hasi dira.

Brennilis, la Centrale qui ne voulait pas s'éteindre dokumentaleko kamerak joan dira militanteekin zentralaren inguruko hesiaren zulotik pasata bertako erreketako ur, goroldio eta besteren laginak biltzera. Horiek gero Valenceko CRIIRAD erakundeko laborategietara bidali eta demostratu da hemen badela kutsadura erradioaktiboa. Izan liteke zentrala martxan zegoenean isuritakoa, baina baita ere eraisketa lanen ondorioz barreiatuak.

Zalantza honek, hain zuzen, geldiarazi ditu Brenniliz eraisteko obrak. Hiru fasetan burutzeko asmaturik, lehenbizikoan lantegiko erregai guztiak atera zituzten, biltegiak hustuz. Bigarrenean, erreaktorea den lapiko erraldoia ez besteakhasi ziren eraisten, baina aurretik kutsatutako atal guztiak desmuntaturik, hoditeria dela, eraikinen kanpoko azaleko hormigoia bera... Hirugarrenean desegin behar dute erreaktorea bere kupula eta guzti.

Ekologistek, ordea, erakutsi dute EDFk ez duela plan zehatz bat kutsatutako hondakinak ondo kontrolaturik garraiatu eta metatzeko. Auzitara joanda epaileek arrazoia eman zieten 2011n, eta orain enpresak 2014rako agindu du aurkeztuko duela plan berria.

Bitartean, kutsadura arrastoak ugaritu dira nonahi. Tritioa, zesioa, plutonioa ere bai... Horien jatorrien bila galdezka doanari EDFk ez dio azalpen garbiz erantzuten. Ordainetan, zentraleko zenbait teknikari hasi da egia zaharrak aitortzen.

Zentralean 20 urtez aritu den Michel Marzin ingeniariak kamerari kontatu dizkio xehetasun harrigarriak. Esaterako, nola kontrolatzen zen erreaktorea babesten duen kupula erraldoiak ihesik ez izatea: arrosa usaina zabaldu eraikin barruan eta teknikari bat, le snifeur, ibiltzea gainetik usainka, zirrikituak hauteman eta kola bereziz ixteko.


ASTEKARIA
2013ko urtarrilaren 13a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia nuklearra
Energia nuklearraren ekoizpena maximo historikoan: seguru al gaude?

Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan 2025ean inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da munduan. Nuklearren bultzada berri baten aurrean gaude, baina erreaktore eta zentraletan izaten diren “gertakariak” ikustea besterik ez dago hartzen ari garen... [+]


Nuklearra energia garbitzat hartzea eskatu du Europako Legebiltzarrak

Legebiltzarrak astearte honetan, hilak 21, onartu du erabakia gehiengo handiz: 456 boto alde eta 153 kontra. Horren bidez, eskatu dio Europar Batzordeari prestatzen ari den Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legean onar dezala energia nuklearra zero isuri duten energien... [+]


Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Microsoftek energia nuklearra erabili nahi du adimen artifiziala elikatzeko

Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da. Zehatzago esanda, beste norbaiten ordenagailuz betetako pabiloi erraldoiak dira hodeia, eta energia kopuru izugarriak behar dituzte. Microsoftek erreaktore nuklear txikien aldeko apustua egin nahi du energia behar horiek... [+]


Eguneraketa berriak daude