Ikasgaien bi heren katalanez

  • Universitat Autònoma de Barcelonako irakasleek derrigor ezagutu behar dute katalana. Ikasgaien %65 katalanez eskaintzen dituzte. Kataluniako unibertsitate publikoetan antzekoa da hizkuntzaren egoera. Hori bai, globalizazioaren izenean, gaztelania eta ingelesa indarra hartzen ari dira.

Kataluniako hezkuntza sistemak katalana eta gaztelania ulertzeko eta erabiltzeko gaitasunaz hornitu behar ditu ikasleak. Hala zehazten du 1998ko Hizkuntza Politika Legeak, eta besteak beste, ikasleak jatorrizko hizkuntzaren arabera talde edo gune desberdinetan banatzea debekatzen du. Hala, gazte katalanek, salbuespenak salbuespen, bi hizkuntza ofizialak menperatzen dituzte unibertsitatera heltzen direnerako.

Derrigorrezko Hezkuntzan, gehienek katalana izan dute bidelagun. Goi-mailako ikasketetan aldiz, irakaslearena da ikasgaiaren oinarrizko hizkuntza hautatzeko ardura. Ikasleek lanak eta azterketak katalanez edo gaztelaniaz egiteko aukera dute. Nolanahi ere, unibertsitate bakoitzak bere arautegia osatzeko askatasuna du eta badira katalanaren aldeko hautua sustatzeko neurriak.

29.000 ikasletik gora dituen UAB (Universitat Autònoma de Barcelona) Kataluniako zazpi unibertsitate publikoetako bat da. Errektoreak eta irakasleek osatzen duten Hizkuntza Politikako Batzordea arduratzen da hizkuntza planak sortzeaz eta arautzeaz. Horiek betearazteko, ikasleak eta irakasleak kide dituen batzorde bat dago fakultate bakoitzean.

Komunikazio Zientzien eraikinean bada bat, eta Anna Mari Torrent da haren presidentea. Beste hainbat irakasle bezala, katalanaren “biziraupena sustatzeko” asmotan egin zen batzordeko kide, baina gaur egun, oinarrizko hizkuntzak katalana izaten jarraitzen badu ere, jorratzen dituzten helburuak bestelakoak dira. Hizkuntza plan zaharrak (2008-2010), horretarako gai diren irakasleei hala egiteko eskatuz, ikasgaien %70 katalanez izatea zuen helburu. Plan berriak (2011-2015) ordea, ingelesaren eta gaztelaniaren garrantzia azpimarratzen du, “globalizazioa aitzakia”. Azken planarekin ados ez badago ere, Torrenten ustez “katalana ez da baliagarria unibertsitateak sortzen dituen edukiak mundura zabaltzeko”.

Ikasgaien bi heren katalanez

UABko hizkuntza erabilerari buruzko azken datuak 2006-2007 ikasturtekoak dira. Aurten, datuok berritzeko galdeketak martxan jartzea eskatu diote errektoretzari. Datuen arabera, graduko ikasgaien ia bi herenetan (%65) katalanez eskaintzen dira edukiak, heren batean (%33) gaztelaniaz, eta gutxi batzuetan (%1) beste hizkuntzaren batean, ingelesez nagusiki. Graduondokoetan murritzago ageri da katalana.

Anna Mari Torrenten ustetan, gaur egungo errealitatea ere antzekoa da, eta ez dago desberdintasun handirik UABko eta Kataluniako beste unibertsitateetako datuen artean. Haatik, hizkuntzen erabilera portzentajea nabarmen aldatzen da ikasketa esparru batetik bestera. Katalanak Irakaskuntzan du nagusitasun nabariena (ikasgaien %91), haren atzetik Informatika (%79), eta Biozientziak (%78). Itzulpengintzan eta Enpresa eta Ekonomia Zientzietan aldiz, ikasgaien erdia baino gutxiago dira katalanez: %27 eta %42, hurrenez hurren.

Irakasleek katalana jakin behar dute

Datuak datu, unibertsitatearen oinarrizko hizkuntza katalana dela azpimarratu du Torrentek, eta hala erakusten dute Bellaterrako campusean barrena katalan hutsean idatzirik dauden kartel eta seinale guztiek. UABn lan egin nahi duten irakasleek katalanaren oinarrizko ezagutza frogatzen duen ziurtagiria behar dute, edo behintzat, lanean hasten direnetik bi urteko epean eskuratu, unibertsitateak berak ordaintzen dituen ikastaroen bitartez. Idazkaritza eta jangela zerbitzuko langileek ere, lehenetsia dute haien eginkizunetan.

Liss Roura Komunikazio Zientzien fakultateko ikasle ordezkariak irakasleei katalana ulertzea eskatzea goraipatu du, baita horretarako erraztasunak ematea ere. Halaber, “kultur eta nazio ondare” den neurrian, unibertsitatean, katalanarekiko errespetuzko jarrera nagusitzen dela uste du. Ados dago egungo egitura mantentzearekin: “Elebiduna izatea abantaila da”. Bere hitzetan, independentziaren aldeko mugimendua dela eta, hizkuntza gaurkotasun handiko gaia da. Hala ere, axolagabekeria eta parte hartzeko gogo eza nabari du Rourak ikaskideengan.

Pasilloetan gaztelania nagusi

Bada estatistiketan laburtzea gaitzagoa den gertaera: ikasleek haien artean komunikatzeko erabiltzen duten hizkuntza. Torrenten hitzetan, “ikasgelatik kanpo gaztelania asko erabiltzen dute ikasleek, hala entzuten da pasilloetan”. Halaz ere, katalanez soilik mintzatzen denik ere badela aitortu du.

Liss Rourak aldiz, gaztelania eta katalana, biak neurri berean erabiltzen direla deritzo, eta Bartzelonako biztanleriaren zati handi bat Espainiako hainbat erkidegotatik etorri izanari egozten dio egoera hori. “Izan ere, unibertsitatera datorren hainbat ikaslek gaztelania du ama hizkuntza. Lleidako eta Gironako unibertsitateetan aldiz, katalanez mintzatzeko joera da nagusi, sentimendu nazionala indartsuagoa baita”.

Erraztasunak kanpoko ikasleentzat

Pasilloetan, dela haien kabuz, dela Sicue edo Erasmus bezalako programen bitartez, asko dira Espainiatik eta mundu osoko hainbat estatutatik gradu eta graduondoko ikasketak osatzera UABra etorriak direnak. Hizkuntza berrira eta unibertsitatera moldatu beharra duten 6.420 nazioarteko ikasle ari dira aurtengo ikasturtean, eta badira lan hori erraztera bideratutako makina bat ekintza.

Hizkuntza zerbitzuez (ikastaroak, tituluak, ziurtagiriak…) arduratzen den Servei de Llengües erakundearen eskutik, doako katalan klaseak eskaintzen zaizkie kanpotik etorri diren ikasleei. Horrez gain, Ongietorri Linguistikoa izeneko ekimenak ikasle boluntario kataluniarrak biltzen ditu kanpotarrak bertako hizkuntzan eta kulturan murgildu ditzaten. Hizkuntzak elkarrizketa bidez landu nahi dituzten ikasleen arteko kontaktua errazteko webgunea ere bada.

Etorkizunera begira, ezinbestekotzat jotzen dute UABn ingelesaren erabilera zabaltzea, baina bide horretan ez dute katalanaren nagusitasuna atzean utzi nahi. Anna Mari Torrenten ahotan, aurreko planaren helburuak ez ziren bete eta goizegi da plan berriak zehaztutakoen ondorioak neurtzeko. Liss Roura ikaslearen ustez, Kataluniako ideologia anitzetako eragileak eroso eta ados daude gaur egungo hizkuntza politikarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalana
2024-02-18 | Cira Crespo
Júlia Ojeda, literatura-kritikaria eta UOC-eko ikertzailea
"Globalizazioaren oldarraldi handiei aurre egiteko diskurtsoak falta zaizkigu"

Júlia Ojeda literatura-kritikariaren ahotsa garrantzitsua da gaur egungo Kataluniako hedabideetan, eta prozesu independentistaren osteko Katalunia birpentsatzen ari den ardatz ugarietako batera hurbiltzen laguntzen digu. Matriotes-eko kide ere bada, “feminista eta... [+]


Bat, txikia eta librea

Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil zen pasa den irailean. Hizkuntza-politikari buruz esaten zituenak arretaz segitu ditugu hemen, haren proposamen batzuk noizbait gurean aplikatzera ausartuko ginelako itxaropenez-edo, beharbada. Aho-bizarrik gabe jarduten zuen. Aldizkari... [+]


Europar Batasunean katalana ofizialtzea lehenetsiko du Espainiako Gobernuak, euskararen eta galizieraren aurretik

Manuel Albares Atzerri Ministroak erabilitako arrazoiak dira, besteak beste, katalana lehenesteak prozesua arinduko duela eta katalanak beste bi hizkuntzek baino hiztun gehiago dituela.


Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil da

Irailaren 3an zendu da pankreetako minbiziaren ondorioz. Katalanak desagertzeko dituen arriskuez zorrotz hitz egin izan du hizkuntzalariak eta haren mezu gordinek deserosotasun ugari sorrarazten zuten. Azken unera arte borrokatu da bere hizkuntzaren alde. Bizitzako azken uneetan... [+]


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Eguneraketa berriak daude