Barcinak ere aurreratuko ditu

JOSU URIBETXEBARRIA askatzeko Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak jarritako helegitea datozen egun edo asteetan argituko da, eta logikoena helegitea atzera botatzea bada ere, auziak erakusten du zein gaitza izango den presoen gaia eta, batez ere, geldoa izango dela.

Kontua da kasu mediatikoa bihurtu dela Uribetxebarriarena, eta halakoetan –mendeku kiratsaz gain– esparru politikoari dagozkion iritzi aniztasunak auzian islatzen direla. Baina gutxieneko enpatia eta humanitatea duenak, eta batez ere, minbiziak jota gertuko norbait galdu duenak badaki zer pasatzen ari den Arrasateko presoa, batez ere bere egoera klinikoa irakurri badu. Ez da medikua izan behar hortaz ohartzeko, ez politologoa fiskaltzaren mugimendua PPren eta Estatuaren barne tentsioen muinean kokatzeko; eta ez jurista, Auzitegi Nazionalaren ohiko bidegabekeria juridikoez ohartzeko.

Azken finean, helegitea neurri handi batean Carmen Baena Auzitegi Nazionaleko mediku txostenean oinarritu da, eta honen ustez, Uribetxebarriaren minbizia espetxean arta daiteke. Iritzi hau, alabaina, presoa artatzen duten Donostiako Ospitalearen eta Zaballako espetxearen txostenen aurka dago. Baina larriena da Baenak presoaren askatasunaren aurkako txosten hura idatzi zuela presoa bera bisitatu gabe, abuztuaren 17an orduan espetxe zaintzarako epaile lanetan ari zen Santiago Pedrazek hori agindu zion arren (El Pais-ek hilaren 5ean argitaratu zuen aginduaren agiria).

Esperientziak argi erakutsi du zer gertatzen zaion epailearen aginduak betetzen ez dituen euskal herritarrari, orain ikusi beharko da zer gertatzen zaion bere epaileen aginduak betetzen ez dituen langileari, baina kasuistika oparoek ez dute zigorrerako tarterik ematen.

Eta mahai gainean dago, halaber, preso egon gabe ere halako gaitzetan gertatzen dena: nola informatu behar da pertsonaren egiazko egoeraz? Familiak, lagunek, bera sostengatzen dutenek nola eman behar dute bere egoeraren berri? Nola uztartu gizartea bere egoeraz sentsibilizatzeko behar den informazio maila eta gaixoak duen duintasunerako eskubidea, adibidez, geratzen zaion bizitza denbora barreiatzen ibili barik?

Nago hobe dela egia esatea, eta hori da fisikoki oso ahul dagoela, behintzat egunotan ikusi dutenen testigantzen arabera. Eta nago, askatuko ez balute, hobe dela bera askatzeko bere egiazko egoera gordina kaleratzea, salatzea eta presioa egitea, bere askatasuna Espainiako demokraziaren funtzionamendu arbitrarioen zain utzi gabe.

HAU EUSKO AUTONOMI ERKIDEGOA DA: PPk sostengua kendu zion PSEri eta Lopez lehendakariak hauteskundeak aurreratu behar izan ditu. Bestela, nola atera 2013ko aurrekontuak? Edo nola geratu iritzi publikoaren aurrean Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan beste guztiak egurra banatzen arituz gero?

Hau Nafarroako Foru Erkidegoa da: PSNk kendu zion sostengua UPNri eta gobernatzen jarraitzen du, oso neurri gogorrak hartuz gainera. Baina nola gaindituko du 2013ko aurrekontuen langa? Noiz aurreratuko ditu hauteskundeak? Eta erantzunak airean daude, baina argi dago UPNk ez duela legealdia agortuko. Eta orduan? Bi aukera bederen gerta litezke: lehena da Barcinak ahalik eta gehien eustea, komeni zaionean hauteskundeak aurreratu arte, eta bestea oposizioaren zentsura mozioa.

Oposizioa batzearena kimera bat zirudien orain dela gutxi arte, baina euskal politikaren eszenatoki berrian ez dago baztertzerik Bildu eta PSN gobernu berean izatea, edo Bilduk sostengatzea PSN, Geroa Bai eta Ezkerraren gobernu bat edo… Ordua da oposizioak bereganatu dezan hori ezin dela PSN edo Bildurik gabe egin. Oposizioko alderdien arteko harremanak gero eta sendoagoak dira eta, krisi latz honen erdigunean, harreman sendotze horren ondorio nagusia gobernu alternatiboa antolatzea izan liteke.

Helburu gaitza, zalantzarik gabe, baina ahal balitz ere, komeniko litzateke orain indarrean jartzea edo eragingarriagoa litzateke UPN murrizketen lapikoan egostea, igela moduan konturatu barik bertan akitua gelditu arte?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Yolanda Barcina
2021-11-03 | Leire Artola Arin
Mugitu! mugimenduak Iruñerriko markesinetako publizitatea AHTren aurkako kartelengatik ordezkatu du

Salatu dute Espainiako Gobernuko aurrekontuen erdia baino gehiago trenaren lanetara bideratuko dela. Ekintzarekin gogorarazi nahi izan dute duela hamar urte AHTren aurka kexatzeko egindakoa: Yolanda Barcina orduko Nafarroako lehendakariari tartak bota zizkioten.


Barcina eta Sanz CANeko parlamentuko ikerketa batzordera deitu dituzte

Gobernua babesten duten lau alderdiek eskatu dute presidente ohien agerraldia batzordean.  Enrique Goñi Nafarroako Kutxako presidenteak bere burua eskaini du batzorde horretan agertzeko. Jose Antonio Sarria Enpresarien elkarteko presidentea, Jose Antonio Asiain Banka... [+]


2015-10-13 | ARGIA
Telefónicak Barcina fitxatu duela zabaldu dute

Telefónicak Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia fitxatu duela zabaldu du Hispanidad.com webguneak.


Barcina, UPN-n ere ez dute nahi

Oraindik Nafarroako Gobernuko lehendakari den Yolanda Barcinak UPNko lehendakaritza ere utziko duela zabaldu du gaur Diario de Navarrak.


"Iruñea After Barcina, Nola?" jaialdian, aldarrikapenak ospakizun

Iruñeko karrikak kolorez eta musikaz girotuko dituzte maiatzaren 28tik 31ra, Iruñea After Barcina, Nola? Fest jaialdiarekin. Egitarau oparoa prestatu dute astebururako, kontzertuak eta desfilea besteak beste.


Eguneraketa berriak daude