Gure elikaduraren kontrola berreskuratuz

  • Nondik heldu da jaten duguna? Nork eta nola ekoizturik? Gero eta ugariagoak dira bertako nekazaritzan oinarrituta elikadura osasuntsua bermatzeko abiarazitako ekimenak. Horietako biren esperientzia jaso dugu eta elkarrizketa mamitsua egin diogu Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakariari.

Pedro Alberdi BasHerri mugimenduko koordinatzailea (ezkerrean) eta ekimenean parte hartzen duen Harkaitz Portularrume baserritarra, Usurbilgo baratzeetan.

“Munduko laborari guztiek badute eskubidea beren herriaren elikadura ekoizteko bertako baldintzetan –lekuko laborantza moldearekin, ohiturekin eta aukerak aprobetxatuz– eta bertako proiektu politikoaren barruan. Beraz, guk ere Euskal Herrian gure herriaren elikadura hornitzeko eskubidea dugu”. Mixel Berhokoirigoin-en hitzak dira horiek, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakariarenak. Hain justu, eskubide horrek akuilatuta eta aldarrikapena praktikara eramanez, hainbat dinamika eta proiektu jarri dira martxan azkenaldian.

BasHerri: lekuko ekoizle eta kontsumitzaileak

EHNEk eta Biolur nekazaritza ekologikorako elkarteak elkarlanean abiarazi zuten Gipuzkoan BasHerri mugimendua. Xede argia du, elikaduraren kontrola berreskuratzea, hots, zer jan nahi dugun erabakitzea, elikagai horiek nork, non, nola eta zein baldintzetan ekoiztuak diren jakinda. Horretarako, agroekologiaren bidea sostengatzen dute. “BasHerri mugimendutik bilatzen dugun nekazaritza eredua gizartearen beharrei erantzuten diona eta natura errespetatzen duena da, hau da, lurrari eta herriari loturiko nekazaritza iraunkorra”, azaldu du Pedro Alberdi mugimenduko koordinatzaile eta EHNE sindikatuko kideak.

Lekuko ekoizleak –baserritarrak– arduratzen dira produktu ekologikoak ekoizteaz, eta kontsumitzaileak tokiko herritarrak dira. Zuzeneko salmentaren bidez funtzionatzen dute kontsumo talde hauek eta herritarren eta baserritarren beharrak asetzen dituen elkartrukean gauzatzen da: Baserritarrak astero ekoitzitako garaian garaiko produktuez (barazkiak, fruta, ogia, arrautzak, esnea, oilaskoa, mermelada, sagardoa…) osaturiko otarra prestatzen du eta toki eta ordu zehatz batean taldeko kideei, herritarrei, eramaten die. Familia bakoitzak  bere beharren arabera zehazten du kontsumoa (otarre osoa edo erdia), eta hala, hileroko kuota finkatzen dute. “Baserritarren eta herritarren artean botere harremana nagusitu beharrean, ‘nik ordaintzen dizut eta nik exijitzen dizut’, batera doaz eta harreman zuzena dute”, azpimarratu du Alberdik.

Hurbileko hartu-eman hori lantzeko erabiltzen diren bideak anitzak dira: hala nola, baserrietara bisitak, hileroko batzarra (baratzearen  egoeraz hitz egiteko, ekoizpenean sortutako gorabeherez, errezetez, kide edo produktu berriez…), auzolanak, BasHerri topaketak, ikastaroak eta jardunaldiak. “Hiru hiletik behin taldekideak nire baratzera etortzen dira eta jaten dutena bertatik bertara nondik datorren ikusteaz gain, zerbait ereiten dute”, azaldu digu Harkaitz Portularrumek, mugimenduan parte hartzen duen Usurbilgo baserritarrak. Duela bi urte emazteak animaturik eta lagun batek lur-saila zuela baliaturik ekin zion baratzean lan egiteari. Lur-sail handia du Usurbilgo Aginaga auzoan, eta bertan garaiko hainbat eta hainbat produktu aurki daitezke. Egun, bi talde dauzka Donostian eta horietan 50 familiaren beharrak asetzen ditu.

Gertutasuna, konfiantza eta konpromisoa

Kontsumo taldea ez da soilik merkaturatze eredu bat, filosofia oso bat du atzean. Alberdiren iritziz, “baserritarren eta herritarren arteko harreman zuzenari esker gertutasuna sortzen da, konfiantza eta konpromisoa, eta lotura hori kanpotik etortzen ahal den edozein kontrol baino eraginkorragoa da”. Hori da hain justu Portularrumek gehien baloratzen duena. Horren adierazle iazko azaroan –uholdeak eta ondorengo izotzaldiak tarteko– baratzeko produktu guztiak galdu zituela gogoan du, eta herritarrei horren berri ematerakoan ez ziotela inongo arazorik jarri eta kuota berdin ordaindu ziotela dio, “jakitun zirelako egoera horren aurrean ezin zela ezer egin”.

Gipuzkoan lehen kontsumo taldea, Uztaro, duela zazpi bat urte sortu zen Beizaman, kooperatiba egituran oinarrituz. Ondotik Arrasateko kontsumo taldea etorri zen orain hiru urte, eta harrezkeroztik ugaritu egin da salmenta zuzeneko sistema. “Gure lurretan ez ditugun produktuak ere ekartzen ditugu, baina kasu horietan ere salmenta zuzenaren filosofia izan dezaten bilatzen dugu”, azaldu du EHNEko kideak.

Gainera, egonkortasuna bermatzeko eta gazte jendea sektorera erakartzeko aukera ona dela azpimarratu du Alberdik. “Betidanik gustatu izan zait bertako elikagaiak erosi eta kontsumitzea, kalitate oneko produktuak bermatzen dituelako, eta gainera, sistema honek baserrien etorkizuna ziurtatzen lagun dezake”, baieztatu du Karmele Alvarezek, Donostiako Amara auzoko kontsumo taldeko kideak. Taldean parte hartu nahi duenak EHNErekin harremanetan jartzea baino ez du.

“Kontsumo taldeen bidez aldarrikatu nahi dugu elikadura osasuntsuak eta bertako nekazaritzak ez dutela zertan luxu izan behar eta kalitate oneko elikagaiak jatea herritar orok dugun eskubidea dela”, dio Alberdik. Beste alorretan ere eragiten jarraitu behar dela gaineratu du; hala nola, azokak sustatuz edota jangeletan bertako produktuak eskainiz. Azken horren adibide dugu Larrabetzuko jangelan martxan jarririko esperientzia (ikus Argiaren 2225. zenbakia).

Baserri Barri, Aramaiotik aramaioarrentzat

Araban, duela bost urtetik hona mamitzen ari da Aramaioko Baserri Barri (ABB) proiektua. Bertako produktuak sustatzeko eta herritarren beharrak herritik bertatik asetzeko abiarazi zuten landa garapenerako ekimena. Mugimenduaren hastapena sagarrak ekarri zuen. Alferrik galtzen utzi beharrean horri probetxua atera nahian hainbat baserritar Aramaioko Sagarzaleen Elkartean (ASE) batu ziren eta produktuaren kalitatea hobetzeko eta kopurua handitzeko beharrezko makineria erosi eta zukua eta sagardoa egiteari ekin zioten. Sagarzaleek abiarazitako ekimenarekin bat egin zuten beste baserritar batzuek –tartean nekazariek, esne ekoizleek eta abeltzainek–. Egun, ekimenean zuzenean 50 bat lagunek hartzen dute parte (1.500 biztanle inguru ditu Aramaiok), baina zeharka herriko ia eragile guztiak daude inplikatuta, baita Udala bera ere.

Xede nagusiak hizpide, Aitor Larrañaga Baserri Barri proiektuko dinamizatzaileak elikadura burujabetzaren gaia jarri du mahai gainean. “Aramaioarren elikadura burujabetza poliki-poliki berreskuratu nahi dugu”. Hala, ia baserri guztietan dagoen etxerako ekoizpena baliatu, gehiena naturala (barazki freskoak eta eraldatuak, fruta, esnea, gazta, ogia, eztia…), eta etxerako janaria etxean bertan ekoizteko ohiturari eustea erabaki dute. Aurrera begira, ekoizpena emendatu nahi dute, janaria ekoizteko baliabiderik ez duten aramaioarrek ere herriko jakiak eskura izan ditzaten. Baserritarrek euren lanerako beharrezko dituzten azpiegiturak Udalak errazten dizkie. Elikadura burujabetza bermatzea ez ezik, energia burujabetza lantzea eta Aramaioko ondarea berreskuratzea ere badira finkatu dituzten xedeak.

Industrializazioaren aurrean, baserriko kultura bizirik mantentzea lortu dute Arabako herrian, jakitun direlako landa eremuak asko duela eskaintzeko. “Aramaioarrok bizi dugun egoera sozioekonomikotik abiatuta sortutako proiektua da. Adibide moduan balio dezake beste herrietarako, baina bakoitzak bere egoerara egokituriko ekimena garatu beharko luke”, adierazi digu Larrañagak. Beraiek, hain justu, adibide izan dituzte inguruko herrietako esperientziak, Zeraingoa, Ezkio-Itsasokoa, Beizamakoa eta Lasturrekoa, kasu.

Baserri Barrik harrera ezin hobea izan du herrian, baita kanpoan ere. Horren erakusle dira inguruko herrietatik jaso dituzten bisitak, “eta horrek herritarrei autoestimua eta lanerako gogoa pizten die”, aitortu du dinamizatzailek. “Gaur egun gailentzen den merkatu libreak bertan sor ditzakegun produktuak kanpotik ekartzera eraman gaitu eta horrek zuzenean gure ekonomian ezkorki eragiten du. Aramaion ditugun baliabideen ustiapen egokia eginez gero, gure beharrak asetzeaz gain lanpostu lokalak sor ditzakegu eta bertako ekonomia indartu”. Larrañagak, gainera, uste du krisi garaiak onak direla honetaz guztiaz jabetzeko eta ideia berriak landuz egiazko alternatibak sortzeko. Azken finean, alternatiba hauek guztiek gogorarazten digute geure burua zaintzeko eta gure etorkizuna bermatzeko lehen-lehenik nahitaezkoa dela lurrak, abereak eta elikagaiak zaintzea.

Mixel Berhokoirigoin: Euskal Herriko Laborantza Ganbarako presidentea

“Elikadura burujabetzak gizarte batentzat ahal denautonomia guztia lortzea suposatzen du”

Mixel Berhokoirigoin (Gamarte, Nafarroa Beherea, 1952) Ipar Euskal Herriko laborantzako erreferentzia nagusietako bat da. ELB sindikatuaren sortzaileetako bat eta sortu zenetik hona Euskal Herriko Laborantza Ganbarako (EHLG) presidentea. Halaber, Cónfederation Paysann-eko idazkari nagusia izan zen, bai eta Vía Campesina-ko partaide ere. Elikadura burujabetzaren inguruan hausnartu dugu berekin.

Elikadura burujabetzak zein aldagai hartzen ditu kontuan?

Elikadura burujabetza alternatiba izan dadin ikuspegi eta kontzeptu orokorretatik partitu behar da. Lekuko elikadura burujabetza lehen-lehenik laborantza politikari loturik dago eta gaur egun politika gehienak –batez ere herrialde aurreratuenetan– OECD-k (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) finkaturiko merkatu librearen kontzeptuan oinarrituta daude: merkataritzari oztoporik ez jarri, produktuak liberalizatu eta munduan zehar ekoizpena lokalizatu gutxienik kostatzen duen lekuetan, kontuan hartu gabe tokian-tokiko arazo eta baldintza sozialak. Hori da liberalizazioa eta egungo Europako laborantza politika koadro horretan kokatzen da osoki. Duela 50 urte Europako laborantza politika bere eremuko biztanleak elikatzera bideratua zegoen, baina hori lortu zelarik (duela 20 urte) norabidea aldatu eta Europak mundu mailako merkatuetan jokatu behar zuela pentsatu zen, eta hortaz, liberalizazio prozesu bat eman zen. Eta hori osoki elikadura burujabetzaren aurka doa; mundu mailako merkatuen arabera ekoizpenak eta laborantzak antolatzeak erran nahi du kantitate industrialak egiten diren ekoizpenetan behar dela sartu, eta, horrek munduko herrialde bakoitzaren espezializazioa eta elikadura mota guztien uniformizazioa dakar. Hori lortzeko laborantza industrializatu behar da.

Kontrara, elikadura burujabetzak zonalde bakoitzean aniztasun bat –ez espezializazioa– lortu behar dela erran nahi du, lekuko biztanleek behar duten elikadura. Beraz, lekuko biztanleen beharra da lehentasuna eta ez nonbaiteko merkatu batek eskatzen duena. Era berean, ekoizleak eta kontsumitzaileak hurbiltzen ditu, euren arteko tartea laburtuz. Beraz, horrek ardura inplikatzen du ekoizteko ereduaren eta kalitatearen inguruan. Aldiz, mundu mailako merkatu anonimo batentzat eta ezagutzen ez dituzun kontsumitzaileentzat ekoizpen bat egiten baduzu ez dakizu zure lanaren ondorioa zein den. Hortaz, elikadura egitearen ekintza deshumanizatzen da, ardura kentzen da, eta laboraria bere oinarrizko eginbideetatik urruntzen du.

Elikadura burujabetza modu ezberdinetan plantea daiteke: estatu batek arau batzuk ezarriz, edo modu autogestionatu eta autonomo batean herrika edo auzoka landuz. Zein ereduren aldekoa zara?

Biak behar ditugu. Bada lege batzuk erabakitzen dituen koadro politikoa eta ezin da inor inon hark inposatzen dituen baldintzetatik atera. Egia da alternatiba eraikitzea posible dela –baldintza batzuekin zenbait lekutan–, baina ene ustez beti gauza minoritarioa izango da. Guk nahi badugu elikadura burujabetza denentzat balio duen  alternatiba orokor bat izatea koadro politikoa aldatu behar dugu lehenik. Eta lehen egitekoa da onartzea herrialde bakoitzak lekuko produktuen bidez tokiko jendea elikatzeko eskubidea duela –behartu gabe–, eta hori, lehentasuna dela kanpotik etortzen diren produktuen aurrean. Beraz, horrek erran nahi du koadro politiko horrek kanpotik etortzen diren produktuetatik zaintzeko eta konkurrentziak mugatzeko aukera eman behar duela. Izan ere, kanpotik sartzen diren ekoizpenekin, bertako ekoizpenak txikitzen edo apaltzen dira. Munduko zonalde garatuenek, laborantza ekoizpen aldetik, behar ez dituzten produktuak saltzen dituzte mundu mailako merkatuetan -merke batzuetan-, eta beste herrialdeetako laborantza eta laborariak ezin bizirik ezartzen dituzte, bai eta bertako elikatzeko ohiturak aldatu ere. Hala, gero biztanleek kanpoko produktuak eskatzen dituzte. Alta, herrialde bat ekoizpen sail batean indartsua baldin bada ez du esan nahi beste herrialde batekiko oldarkorra izan daitekeenik. Ez da posible bere buruarentzat eskubide batzuk galdegitea, eta bitartean, beste herrialde batzuekin oldarkorra izatea

Beraz, elikadura burujabetzaren lehen baldintza politikoa da eta eskubide horrek onartua izan behar du kontzeptu gisara nazioarte mailan. Nolanahi ere, beste baldintza batzuk ere badira, hala nola, baldintza teknikoak: logistika, ikerketa, garapena, esperimentazioa, ekoizteko sistemek lekuko ekosistemari, klimari eta lurrari behar dute egokituak izan, haziak, abereak eta landareak lurrari lotu behar zaizkio… Horrek erran nahi du globalki hartuta elikadura burujabetza aniztasunean oinarritzen dela, laborantza egokitu bat galdegiten duelako, lekuko arrazak, barietateak, landareak aintzat hartuko dituena. Horren beharra belaunaldiz belaunaldiko esperientziak erakutsi du, nahiz eta liberalizazioaren eta mundu mailako merkatuaren eta espezializazioaren izenean horrekin hautsi nahi izan den.

Ekoizteko ereduari dagokionez, lekuko agroekologia baldintzetara moldatua izan behar du eta hori laborantza iraunkorrean behar da kokatu. Lur guztiek ez dute gaitasun bera, baina hori bai, argi utziz gosete handiena dagoen herrialdeetako lurrak ez direla nahitaez lur pobreenak. Koadro politikoak ezartzen du desberdintasuna batetik bestera.

Merkataritza liberalak bere oinarri eta baldintzak dituen moduan, elikadura burujabetzan oinarritzen denak ere bereak izan behar ditu: koadro politiko propioa, printzipioak, lehentasunak eta ekoizteko sistemak. Herrialde guztietan badaude aukerak, mugak dauden moduan –posible ez edo zailak diren alderdiak–. Laborantza iraunkorraren baldintzetako bat da ahal bezainbat baliatzea lekuko abundantziak eta lekuan mugatua dena ekonomizatzea. Euskal Herriaren kasuan, zer badugu asko? Mendia eta belardiak. Beraz, hemen asmatu behar dugun laborantza eta hazkuntza motak behar du ahal bezainbat baliatu hori. Horrek ez du esan nahi elkartrukea eman behar ez denik, elkartrukea autonomiaren oinarrietako bat baita.

Autonomia aipatu duzula eta, elikadura subiranotasunaren bidez gizarteak autonomia lortzen duela esango zenuke?

Elikadura burujabetzak gizarte batentzat ahal den autonomia guztia lortzea suposatzen du, baina kontuan izanda ez dela autonomia osoa posible eta beharbada ez dela bilatu behar ere. Autonomia ere bada herrialde bakoitzak erabakitzea zer trukaketa nahi duen bestearekin. Ez da horma baten barruan eta mundutik isolatua bizitzea ekonomikoki. Funtsean, guk hemen ditugun potentzialei lehentasuna ematea -eta laborantza horri egokitzea- eta beste herrialdeekin produktu aldetik behar dugun trukaketa hautatzea dira autonomiaren oinarriak.

 Iparraldean laburbilduz bi zona desberdintzen dira: mendi zona hazkuntzaren, eta bereziki, ardiaren inguruan bizi dena (Donibane-Garazi, Baigorri eta Zuberoa), eta,  beste zonalde bat txikiagoa dena eta nagusiki zerealak egiten dituena (Amikuze, Bidaxune…). Lehen zonaldean ikusten dugunez, hazkuntzaren alorrean baserriak ez dira elikadura aldetik autonomoak eta kanpotik ekartzen dute ardi eta behientzat janaria, kasu batzuetan gainera urrutitik, Frantzia iparraldetik. Zereala dagoen zonaldera joaten bagara, zati bat bertan kontsumitzen dute eta bestea Baionako portura doa urrutira joateko. Beraz, bi gauza kontraesanean badira eta begi-bistan uzten du Iparraldeko bi zonaldeen artean elkar trukaketak eta partaidetasunak behar direla. Hurbileko merkatu bat egin behar da –zentzu horretan ari gara arauak lantzen– eta horrek lurraldeari autonomia eta balio gehigarria ematen dizkio. Geroari begira, autonomia da gero eta liberalizatuagoa eta zabalagoa den mundu honetan, segurtasuna eta bizitzeko posibilitate bat ukaitea.      

Beraz, laburbilduz, elikadura burujabetza kontzeptu orokorra da eta baldintza politikoak eta teknikoak eskatzen ditu, ekoizteko eredua erabakitzeko aukera izatea eta autonomia ahal den neurrian baserri bakoitzak eta batez ere lurralde bakoitzak izatea, baina beti ere elkar trukaketak onartuz.

Iparraldean elikadura burujabetzaren ildora zein alor ari zarete lantzen?

AMAP kontsumo taldeetan oinarritzen den sistema duela hamar bat urte sortu zen, eta egun  garatzen ari da Iparraldean; bere forman aldatzen joango da, oinarria bere horretan mantenduko den arren. Instalatzen diren laborari berriek salmenta zuzenera bideratzen dute gutxienez euren ekoizpenaren zati bat. Salmenta zuzena osoki elikadura burujabetzaren erdian kokatzen da –lekuko kontsumitzaileak, ekoizleak eta ekoizpena–, baina elikadura burujabetza ez da bakarrik salmenta zuzena, ez baita alternatiba orokorra ene ustez. Gizarte eredu kontzentratu batean bizi gara Iparraldean, hirietan kontzentratzen da jendea, eta hortaz, salmenta zuzenean ezin da dena egin, ez da posible ez teknikoki, ez energetikoki.

Elikadura burujabetza zinez gauzatzeko lurraldeko zirkuitu ekonomikoak egokitu behar dira. Gaur egun ez daude antolatuta bertako ekoizpenak bertako kontsumitzaileei eskaintzeko, eta horrenbestez, estrukturazio hori ezinbestean aldatu eta ekonomia berlokalizatu behar dugu. Guk EHLGtik zentzu horretarat lan bat abiarazi dugu, eta bi sail horri begira lanean ari dira une honetan. Bata ogia edo pastelak egiteko irina hemen bertan egitea da, Iparraldean kontsumitzen den irin guztia kanpotik etortzen baita. Duela lau urte hasi ginen egiteko hori lantzen jendearen aldetik nahikeria hori badagoela ikusirik, eta hortaz, bertako irina egiteko teknikak berriz menperatzen hasi gara. Horren emaitza Euskal Herriko ogia izanen da.

Bigarren lan ildoa behiaren haragiari loturikoa da.Hemen kontsumitzen dugun haragiaren %80 inguru kanpotik etortzen da eta ekoizpenaren %80 inguru kanpora doa; zirkuitu ekonomikoak, kooperatibak eta enpresak horren arabera antolatuta daude. Beraz, erabaki dugu behi haragiaren zirkuitu bat egitea: aberea hemen sortu, hazi eta hil. Abere hori hazteko araudi batzuk ere ezarriko ditugu. Behiak dituzten laborari batzuek salmenta zuzenean saltzen dute haragia, baina aipaturiko zirkuitu hori antolatzen badugu, izango dira beste laborari batzuek zirkuitu horren bitartez salduko dutenak.

Batzuetan, baina, bertako produktuak garestiagoak izaten dira kanpotik etorritakoak baino. Ez al da hori oztopo kontsumitzaileak bertakoaren aldeko apustua egiteko?

Egia da batzuetan tokiko produktuak kanpotik sartzen direnak baino karioagoak direla, adibidez, Alemaniatik eta Argentinatik oso merke sartzen dira behiak. Gauza guztiek bere alde on eta txarrak dauzkate, baina orokorki eta luzerat behar du positiboa izan. Enetako biziki garrantzitsua da salmenta zuzena egiterakoan ekoizpena ez dadin ere sobera garesti izan kontsumitzailearentzat, beti ere kalitatea bermatuz. Oreka atzeman behar dugu: gure lanarekin bizi behar dugu, baina ez da espekulazioan sartu behar. Egiten dugunak kontsumitzailearentzat eskuragarria izan behar du, ez da gutxiengo batentzat izan behar. Eta haiei ere azaldu behar zaie erosten duten gauza batean anitz alderdi badirela eta janaria biziaren oinarrietako bat dela. Zentzu horretan, azken hamarkadetan janariari bideraturiko dirua txikitzen joan da etengabe. Frantziako estatuan, esaterako, jendeak batez beste %15 gastatzen du janarian, autoan gehiago xahutzen duen bitartean, eta ez dakit horrek zentzurik baduen. Kontzientziazioa landu behar da, janariari buruz egiten den hautu bakoitza hautu politikoa baita. Dena dela, laborantzara bideraturiko diru publikoa nola banatu behar den ondo pentsatu behar da horrek prezioan eragina izango baitu; izan ere, laborariak ekoizpen eredu iraunkor bat gauzatzeko, kalitatea bermatzeko, edota zirkuitu laburrak garatzeko laguntza ekonomikoa baldin badu, kontsumitzaileak ordaindu behar duena gutxiago izango da.

Alternatiba erreala izateak, baina, sistema kapitalista zeuen kontra joatea ekar dezake bide ezberdinak erabiliz, duela bi urteko EHLG-ren afera dugu horren lekuko. Balizko eraso horien beldur zara? Zer egin daiteke horri aurre egiteko

Botere ekonomikoak, gaurko antolakuntza kontrolatzen duenak, ez du utziko eskuetan daukanak eskuetatik ihes egin diezaion –oraindik munduan zehar gehiena kontrolpean du–. Beraz, sokatira izanen da, baina bada botere ekonomikoak lortu ezin duen gauza bat: pertsonek indibidualki egin ahal duten hautua kontrolatzea. Ez dut uste industriak inoiz debekatuko duenik eskubide edo libertate hori, liberalismoak oinarri liberala baitu. Egia esan, konfiantza ematen dit kontraerasoak asmatzeko.

Saiatuko dira irabazia dute guztia zaintzen eta ahal dela beste esparru batzuk irabazten, eta hala, alternatibak edota erresistentziak sortzen ez diren lekuetan irabaziko dute. Baina esparru batzuk irabazten baditugu eta horiek lekuko jendearen nahikeriarekin osatuta baldin badaude zailagoa izanen da horren aurka egitea. Oraindik, halere, ez dut uste kezkatzeko arrazoi gehiegi dutenik, galtzen duten esparrua baino gehiago delako munduan zehar irabazten ari direna. Esaterako, transgenikoen atzean dauden multinazionalek (Monsanto kasu) ia mundu guztia kolonizatuta dute. Bestalde, gosetearen arazoarekin negozioa egiten dute, euren burua eta estrategia biharko biztanle guztiak elikatzeko aurkezten dutelako. Zergatik ikusten ditugu Afrikan eta beste hainbat herrialdetan bertako estatuak multinazionalei hainbeste lur alokatzen? Guk gure esperientzia ttipi hauekin irabazten duguna industriak munduko leku askotan irabazten du. Alabaina, alternatibak badaude, esaterako, Via Campesina sarea. Kapitalismoaren proposamenak inposatuak eta zentralizatuak diren bitartean, alternatibenak anitzak eta lokalak dira. Beraz, mundua okupatzen duenaren irudia ematen du -eta errealitatea ere hori da-, baina okupazio horren azpian leku guztietan badira alternatibak eta horien arteko sareak eraiki behar dira.

Eta noizko Iparraldea eta Hegoaldea batuko dituen laborantza ganbara bat?

Une hauetan, adibidez, baditugu loturak elikadura burujabetzaren kontzeptuaren ildora Etxalde mugimenduaren barnean; hor ere problematika eta helburu berberak dira. Egia da Hegoaldetik eredu gisara begiratzen gaituztela, baina hemen ukan dugu aukera bat Hegoaldean ukan ez dena eta da laborantza ganbarak badirela. Frantziako estatuaren estrukturazioan laborantza ganbarek funtzio garrantzitsua dute –pisu moral eta instituzional nabarmena–, instituzio ofizialak dira eta diru publikoa jasotzeko gaitasuna dute. Gainera, berau osatzen duten pertsonak laborariek hauteskunde bidez hautatzen dituzte, eta hortaz, legitimitate handiagoa dute. Laborantza ganbarek kudeatzen ahal dituzte euren eskumenak eta laborantza ekoizpen ereduak erabakitzen ahal dituzte (intentsiboa ala iraunkorra). Gu horri lotu gira hemen laborantza ganbara egiteko.

Hegoaldean, aldiz, uste dut laborantzako gaietan industriak pisu handiagoa duela –ikuspegi industriala gailendu da–, eta ez da pentsatzen gauza bat egin ahal dela xumeagoa eta funtzionatzen duena. Halaber, badira sindikatuak, baina ez dakit botere publikoek zein puntutaraino kontuan hartzen dituzten. Gero badira egitura espezializatuak eta profesionalak, baina bertikalak dira, eta egitura ofizial gisara transbertsala izango den egitura bat falta da, ikuspegi orokorra izango duena. Ikuspegi transbertsal horrek botere politikoaren, gizartearen eta laborarien arteko harremana aldatzen du, dagoeneko botere politikoek ez dute nahi dutena egiten ahal.

Hortaz, Iparraldean eta Hegoaldean helburu berberak ditugun arren, jorratu beharreko bideak ez dira berberak, errealitate ezberdinak ditugulako: Iparraldean laborantza eremuan duguna zaindu –kapitala badugu– eta Hegoaldean, aldiz, laborantza berriz berpiztu eta lurraren eta laborarien inguruan kapitala egin behar da. Hegoaldean kontsumitzaile asko dago aktore izan daitezkeenak, ez dago merkatu arazorik, eta beraz, irabazteko anitz badago!

Egun batez Iparraldeak eta Hegoaldeak behar dugu elkarrekin zerbait egin; ez dakit Euskal Herri osorako laborantza ganbara bat izango den, laborantza ganbaren arteko federakuntza bat edo koordinaketa bat. Horretarako, baina, lehenik Euskal Herriko burujabetza lortzea ezarri behar dugu helburutzat eta nik sentitzen dut posible dela!

Japoniatik Euskal Herrira

Kontsumo taldeen sistema ez da gaur egun sortua, 1980ko hamarkadan Japonian jarri zuten martxan teikei dinamikaren harira. Japoniara lehenago iritsi zen industrializazioa eta erresistentzia mugimendu gisa eratu zen. Hortik AEBetara egin zuen jauzi mugimenduak, CSA egiturapean (Community Supported Agriculture), eta ondoren Europan finkatu zen. Baserritarrentzat kontsumo taldeak aukera bideragarria direla eta Euskal Herriko baserriaren etorkizuna hor dagoela diote erreportajeko protagonistek.


Azkenak
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Eguneraketa berriak daude