ARGIA.eus

2021eko urtarrilaren 19a

Nork eta nola hil zuen Moctezuma II.a?


Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2012ko otsailaren 26a
Moctezuma II.a azteken enperadorea 1520ko ekainean hil zuten, baina ez dakigu zehazki nola.
Moctezuma II.a azteken enperadorea 1520ko ekainean hil zuten, baina ez dakigu zehazki nola.

Tenochtitlan, egungo Mexiko Hiria, 1520ko ekainaren 29an. Azteken enperadore Moctezuma II.a hil zen, harri batek buruan jota, beharbada, edo ezpataz nahiz geziz zaurituta, azteken edo, agian, konkistatzaileen eskutik.

Heriotzaren uneraino historiografia bat dator, gutxi gorabehera. 1519ko azaroan Hernan Cortés inperioaren hiriburura sartu zenetik, itxuraz, enperadorearen eta espainiarren arteko harremanak baketsuak izan ziren; nagusiki, Moctezumak konkistatzaileen nahi guztiei men egin zielako. Baina Cortések Moctezumak gordeta zeukan altxorra aurkitu zuenean, haren asmoak aldatu egin ziren. Zerga kontuengatik sortutako liskar bat aitzakia hartuta, Cortések enperadorea bere jauregian atxilotu zuen. Beste bertsio batek dioenez, Cortés kanpoan zela, Alvarado ordezkoak 1.000 noble azteka inguru hil zituen. Aztekak altxa egin ziren, eta orduan erabaki zuten Moctezuma bahitzea.
Kontua da azteken matxinada betean enperadorea jauregiko balkoira –edo teilatura– irten zela, herritarren haserrea arindu nahian. Bernal Díaz del Castillo (1496-1584) kronikagilearen arabera, Moctezuma bere kabuz irten zen herritarrei hitz egitera, eta haiek, enperadorea saldutzat jota, harrika eraso zioten. Harrikada horietako baten ondorioz hil zen, eta espainiarrek pena handia hartu omen zuten Moctezuma asko estimatzen zutelako (altxorra ez du aipatzen iturri honek).

Bernardino de Sahagun (1499-1590) frantziskotarrak, aldiz, espainiarren bertsioa jasotzeaz gain, iturri aztekak bildu zituen. Sahagunen kronikak espainiarren urre gosea aipatzen du. Harrikadez gain, herritar matxinatuek geziak ere jaurti zizkiotela dio. Baina Moctezumaren gorpuak ezpata zauriak zituela aipatzen du, eta horrek espainiarrak egingo lituzke errudun.

Moctezuma herritarrei hitz egitera Cortések “eskatuta” irten zela diote historialari gehienek, eta espainiarren aurka matxinatutako herritarrek hil zutela. Baina 2003an, Matthew Restall historialari estatubatuarrak iturri azteken bertsioaren alde egin zuen; haren hipotesiaren arabera, Moctezuma ez zuen herritar azteken erasoak hil, eta espainiarrek, matxinatuak haren hitzekin geldiarazteko ahaleginak porrot egin zuela eta handik aurrera beste ezertarako behar ez zutela ikusita, Moctezuma ezpataz hiltzea erabaki zuten.

Ziurrenik ez dugu sekula jakingo azteken enperadorea nork eta nola errematatu zuen. Dena den, nahiko garbi dago zerk kondenatu zuen enperadorea. Eta inperioa.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Ameriketara

Ameriketara kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2012ko otsailaren 26a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude