Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa: Ontziola zaharra, memoriaren ondare


2004ko ekainaren 06an

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa Ibaizabal ertzean dago, ezkerraldean hain justu, behinola Euskalduna ontziolarenak izandako eremuetan. Bertatik bertara du »harekin horma bat partekatzen du, izan ere» Euskalduna Jauregia, XXI. mendeko Bilboko ikurretako bat. Bertara ailegatzeko, Bihotz Sakratu plazan, Jauregiaren pare-parean gaudela ezkerretara egin behar da. Berehala itsasadarraren mailara eramango gaituzten eskailera batzuk aurkituko ditugu. Horiek jaitsiz, Euskalduna ontziolaren aztarnekin egingo dugu topo. Ez dugu aterik zeharkatu, baina museoan gaude dagoeneko.

Itsas Museoa ez da itsasadarrari buruzko bilduma hutsa. Ibaizabal bera museo bihurtu du. Gainazal osoaren hiru laurden kanpoaldean daude, izan ere. Bertan ikus dezakeguna, barrualdekoa baino askoz gutxiago izanik ere, museoko gauzarik garrantzitsuena da, Pablo Atela museoko zuzendariaren aburuz. Hain zuzen, garai bateko lantegi oparotik geratzen diren hiru dikeak »bata 1868koa, balio handikoa, Espainiako Estatuan egindako lehena baita, militarrak kontuan hartu gabe», 60 metroko garabi gorri ikusgarria, "gure ikurra, ezbairik gabe", eta XX. mende hasierako ponpa-etxola, "dikeak bete eta husteko sistemak dituena", Atelak dioskunez.

Bat eta bi zenbakidun dikeak guztiz lehor daude gaur egun, museoko arduradunek egindako lanei esker. Lehenbizikoaren barruan »1868koan, hain justu», hainbat itsasontzi daude: besteak beste, 1928an Euskaldunan bertan egindako atoiontzi bat, Plentzia eta Ondarroako arrantza-ontzi bana, Ugarte areetarrak munduari bira egiteko erabili zuen Euskadi-Europa ontzia… Gainerakoan, apaingarri batzuk ageri dira, museoaren kanpoalde zabalean han-hemenka sakabanaturik: aingurak, kateak… Gehien-gehienek badute nolabaiteko harremanik Ibaizabalekin: bertan egindakoak dira, edo bertan ibilitakoak.

Autoak sabai gainean

Barrualdera sartzeko tenorea iritsi zaigu, honenbestez. Atelak azaltzen digunez, "era honetako museo batek barrualdea behar du, gauza batzuek sabaipean gorde behar baitira. Horregatik, 1996an museoa sortu duen fundazioa eratu zenean, eraikina non eta nola egin pentsatzen hasi ginen. Konturatu ginen gure gainean dagoen errotonda erraldoiaren beheko aldearen erdia-edo hutsik zegoela, eta une hartan ero samarra zirudien ideia bururatu zitzaigun: zergatik ez sartu museoa hutsunean?".

Azterketa teknikoek aditzera eman zutenez, ideia ez zen hain eroa, eta zulo hura museo batekin "betetzeari" ekin zioten. "Lana merkatu egin zen gainera, zorua, sabaia eta horma batzuk aldez aurretik eginda geneuzkalako", gogoratu du Atelak. Azkenik, iazko azaroaren 21ean, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak bere ibilbideari ekin zion, edo, sartu eta berehala ikus daitekeen plakak dioenez, uretaratua izan zen.

Museoko solairu biei itxura modernoa darie. "Halaxe egin behar genuen", iritzi dio Pablo Atelak, "itsasadarrak, bere historia aspalditik datorren arren, bizirik jarraitzen duela adierazteko". Aldi berean, diseinuak ontzi baten formak dakartza gogora. Bisita-gunera sartu eta berehala, orain mende bateko ontzien maketen ondoan, proiekzio-gunerako sarrera dago. Hamar minutuz, itsasadarren historia azaltzen zaio bisitariari, irudi digital ikusgarri eta guzti. Hormetako panel mordoek informazioa osatzeko balio dute.

Solairu bi, hiru ardatz

"Museoak hiru ardatz ditu", dio Atelak, "batetik, itsasadarrean izandako aldaketak; bestetik, merkataritza eta industria; eta hirugarrenik, ontzigintza. Lehenbizikoak beheko solairua du gune, eta beste biek, goikoa". Proiekzio-gunea atzean utzi eta aurrera jarraituko dugu, bada. Hainbat tresna ikusiko ditugu lehenik eta behin, batzuk lema bezain ezagunak, besteak ez horrenbeste, lehortar petoentzat behintzat. Itsasoratzea izeneko guneak ateak itxita ditu, oraingoz. Abuztura arte ez da bertara sartzerik egongo, eta horrek oraindik guztiz osatzeko dagoen museo gazte batean gaudela gogorarazten digu.

Umeentzako gela, maketa gehiago eta zenbait koadro ikusi ostean, gorantz abiatuko gara. Han, informazio-panelak eta objektuak tartekatuz, Itsas Museoak azaldu egiten digu nola sortu zen merkataritza Ibaizabalen. Hementxe ikus ditzakegu XIX. mendea baino lehenagoko objektu bakanak: zenbait agiri zahar eta, batik bat, Berpizkunde garaiko mapak.

Burdinazko itsasadarra atalak industria-garapenaren berri ematen digu. Museoko argazkirik ikusgarrienetako batzuk daude hemen. Meategietako aberastasunetik abiatuta apurka-apurka lantegiz bete ziren itsasadarraren ertzak erakusten dizkigute argazkiok, guztion gogoan dagoen Ibaizabal zikin, itsusia azken batean. Baita aberatsa ere, Atelak aldarrikatzen duenez. Ezin falta, txoko batean, Bizkaiko Zubiaren oroigarria.

Ontzigintzak ehunka urte

Bisitaren amaierara hurbiltzen hasita, ontzigintzari eskainitako tarterantz goaz. Ontzigintza, Euskalduna eta La Naval sortu baino askoz lehenago hasi zen Bilboko itsasadarrean, atal honetako lehen guneak argi erakusten digunez. Bisitariak Zorrotzako errege ontziolaren berri izango du hemen, besteak beste. "Indietara joandako ontzietako asko Ibaizabalen egin ziren, Zorrotzako ontziolan batez ere", azaldu digu Pablo Atelak, garai hartako usaina dakarkigun galeoi baten maketa ederraren aurrean. "Areatzan bertan ontziak egiten ziren XIII. eta XIV. mendeetan", gaineratu du museoko zuzendariak.

Altzairuzko ontzigintza modernoari gainbegiratua eginez amaitzen da egonaldia. Industria horri lotutako hamaika objektu ikus ditzakegu, baina argazkiak, zinez ikusgarriak, dira gure ustez aipatzekoak. Horietako batek La Navalen egindako gas-ontzi erraldoia erakusten digu, Bizkaiko Zubiaren azpitik ozta-ozta igarotzen. Argazkia iazkoa da, eta horrek esan gura du ontzigintza ez dela guztiz desagertu oraindik; haatik, gainbehera geldiezina da. "Ez dugu gainbehera hori islatu nahi izan erakusketan", egin du hausnarketa Atelak, "eta nahiago izan dugu onerako aldaketak azpimarratu". Nolanahi, ezin uka industriarenak egin duela Ibaizabal inguruan. Museo garaiak dira orain.

Itsas Museoa

Azalera: 28.000 metro koadro. 21.000 kanpoan, eta 7.000 barruan.
Sarreraren prezioa: Sarrera arruntak zazpi euro balio du, baina, Pablo Atelak nabaritzen duenez, "bisitarien %30ak baino ez du ordaintzen prezio hori, askorentzat doan edo dezente merkeagoa baita museora sartzea". Sarrerak barruko erakusketa eta kanpokoaren zati bat ikusteko balio du.
Bisitari kopurua: 50.000 inguru, ireki zenetik. "Gure aurreikuspena lehen urtean 100.000 bisitari hartzea zen", diosku Atelak, "eta orain artekoa garairik eskasena izan denez, ondo baino hobeto gabiltza".
Ordutegia: Udan, 10:00etatik 20:00etara, asteartetik igandera.

Laueleduna, oraingoz

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan ia dena dago lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Hala ageri dira, esaterako, nonahi ikus daitezkeen paneletako azalpen gehienak. Eleaniztasuna ez dagokio idatzitakoari soilik, ordea. Entzuteko garaian ere hautua egin daiteke aipatutako baten alde; berbarako, museora sartu eta berehala bisitariei opesten zaien hamar minutuko proiekzioan edota testigantza-telefonoetan. "Bilboko Portuko langile ohien ahozko testigantzak, jaso ez ezik, gainerako beste hiru hizkuntzetara itzuli ditugu", azaldu digu Pablo Atela museoko zuzendariak. Hortaz, bai jatorrizkoa bai itzulpenak entzuteko parada ematen dute telefono bitxiok.

Gidatutako bisitaldiak ere lau hizkuntza horietan egin daitezke eta laster, Pablo Atelak dioskunez, "baliteke beste bi gehiagotan egiteko aukera eskaintzen hastea: katalana eta alemana. Guztiz beharrezkoa da, gure ustez". Hizkuntza kontuek gero eta garrantzi handiagoa daukate, dudarik gabe, kosmopolita izan gura duen Bilbo berrian.

Museo «gazteegia»

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak erakusgai dauzkan gauza gehienak nahiko "berriak" dira. Esan nahi baita, oso gutxi direla XIX. mendea baino lehenagokoak. Pablo Atela zuzendariak dioskunez, horiek lortzea "oso zaila da, eta garestia. Geure bitarteko gehienak museoa eraikitzeko eta erakusketa sortzeko erabili behar izan ditugu, eta oso gutxi geratu zaigu bilduma osatzeko".

Adin kontua ere bada, antza. Izan ere, museoa beranduegi jaio da, Atelaren ustez. "Honelako museo batek, behar bezalako bilduma eduki ahal izateko, XX. mende hasieran sortua izan behar zukeen, edo behintzat, ez 70eko hamarkada baino geroago". Urte haietan izan zen, hain justu, ontziolen eta itsas-konpainien gainbehera, eta haiek zeukaten ia material guztia enpresetako ugazaben edo langileen eskuetara igaro zen. "Museorik ez zegoenez…", dio arranguraz Atelak. "Museorik egon balitz, ontzioletakoek zera esango zuketen: `Aizue, itxi egin behar dugu, nahi al dituzue maketa hauek?'. Beharbada erosi beharko zatekeen, baina tira, lortu behintzat, lortu egingo genukeen zerbait". Zelangura, Bilboko Itsasadarra Museoa etengabe ari da bildumarako gauza berri bila. "Zorionez, objektu askotxo eman digute, edo maileguan utzi sikiera".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ameriketara
AEBetako gas-ganberan hil zuten euskal artzaina

Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]


2019-07-04 | Fernando Merino
Juan Sebastian Elkano

Lehen mundu biraren bosgarren mendeurrena ospatzen ari gara eta Juan Sebastian Elkanori dagokio horren loria eta ohorea.


2017-01-29 | Jakoba Errekondo
Sagard eta huroiak

Kosmopolita da getozka, Portulaca oleracea. Munduan barrena hara eta hona hedatu dugu, jakinaren gainean edo azpian, eta toki askotan ondo bizi da. Noranahitarra da, eta edonon nonahikoa. Dakigun guztia bezala, ez dakigu oso ondo nongoa den. Landareez ari garenean, ikaragarrizko... [+]


'Katalina de Erauso' Pastoral
A character hidden on stage

During the 17th century, an adolescent runs away from the Dominican convent in Donostia because it feels like a prison. Going to America, the adolescent fights for the king of Spain and oppresses the local people; spends decades shaking a sword around in the New World. No, it is... [+]


Eguneraketa berriak daude