1491: Colon izeneko tsunamiaren aurreko amerikar haiek

Charles C. Mann kazetari eta idazlea da, Science eta Atlantic Monthly aldizkarietan karrikaratzen ditu bere lanak, eta dozena bat urtez aztertu ondoren arkeologoek, historialariek, geografoek, geologoek eta antropologoek eginiko aurkikuntzak, udaberri honetatik arrakastaz saltzen den liburu bat argitaratu zuen: gazteleraz 1491. Una nueva historia de las Américas antes de Colón darama izenburu. Liburuak erakusten du zein azkar hedatu ziren europarrek ekarritako eritasunak eremu zabal haietan; gaitz berri horietarako prestatu gabe egotean, oso urte gutxian milioika jende hil ziren bertan, leku batzuetan oso denbora laburrean populazioa lehengoaren laurdenera jaitsiz. Gainera, epidemiak indijenen artean zabaldu zirenean, gaitzak aurrea hartzen zien konkistatzaileei sarritan: hauek iritsitakoan leku asko -lehen pertsonaz, herriz eta laborez beteta zeudenak- hutsik aurkitu zituzten, eta beti horrela egon zirela kalkulatu.

Eztabaida anitz eta sakonak dauzkate adituek Amerikaren iraganaz. Hasteko, oraindik argitu gabe dago gizakia noiz iritsi zen kontinente hartara. Colon hara heltzean zenbat biztanle zeuden ere eztabaidatzen da, eta tarte handiak daude batzuen kalkuluetatik besteenetara. Baina mito batzuk jadanik erori dira seguru. Esate baterako, gaur ziur gaude haur denboran eskolan Neolitikoaren sorrera ez zigutela zuzen kontatu: Mesopotamiatik Egiptorainoko eskualdean sortu zen bezala, Perun ere gertatu zen beste Neolitiko bat, ezberdin eta paraleloa, eta gaur Mexiko den eremuetan hirugarren bat izan zela diote batzuek gainera.

El Pais egunkariari uztaileko elkarrizketa batean esan zion Charles C. Mannek honakoa: «Colonek gizadiari egin zion ekarpen nagusia eztanda ekologikoa izan zen». Astindu gogor haren ondorioz, milioika herritar hil ziren, hiri handi asko hutsik geratu ziren eta laster natura basatiak irentsi zituen, milaka urtez laborantzarako erabilitako lurrak basoak edo ohianak hartu zituzten berriro, espezie batzuek -Far Westeko bufaloak, adibidez- sekulako ugalketa egin zuten... eta gaur nomada paleolitikotzat dauzkagun talde ugari benetan XV. mendetik aurrera oihanera ihesi joandakoen ondorengoak dira. Atzerakada nekez sinesteko modukoa izan zen.

Liburuaren lehen orrietan, Mann Boliviako Beni eskualdetik abiatu da, Holmberg-en hutsegitea kapituluarekin. Boliviako bigarren departamendu handiena da Beni. Berton da aspalditik gotzain Manuel Egiguren frantziskotarra, Gipuzkoako Goiaz herriko semea. Euskal Herriaren hamar halako tamaina dauka Benik, baina bertan ez dira 400.000 kristau baizik bizi. Maindire batek baino zimur gehiago ez ditu Benik, ordokia erabat. Eremu zabal horiek urte erdiz urez gainezka egon ohi dira eta beste sei hilabetez basamortua dirudite, dena lehor.

Beniko lautada tarteka ageri diren «uharte» txikiz beteta dago: zelaietako belardien artean hogei metrotarainoko ttonttorrak, zuhaitzez beteak, eta elkarren artean kilometrotako estrata luzez lotuak. Bideok pertsonek eginak direla denek onartzen dute -zelaiak putzu diren hilabeteetan batetik bestera ibiltzeko erabiltzen dira gaur egun ere- baina muinoak batzuen ustez berezkoak dira, antzinako oihanen azken arrastoak gordetzen dituzten irla idorrak, eta aldiz gero eta aditu gehiagoren ustez ugarte horiek ere herritarrek eraiki zituzten. Muinoetako lurra berriz, hamarretik bat baino gehiago zeramika puskaz dago osatua; hau izan zen arkeologoei lehen pista eman ziena, Benin aspaldi batean gaur baino askoz jende gehiago bizi zela adieraziz.

Ez da debaldeko eztabaida. Beniko paisaje honen izaera ondo ulertzeak ondorioak ditu beste eztabaida batzuetan ere. Ondorio kulturalak ditu, eta politikoak eta ekologikoak ere bai, batera edo bestera erantzun ezberdin ulertzen baita Beniko jendearen historia, gizartearen konplexutasun maila eta ekonomia, edo lur hauei ingurumen aldetik eman behar zaien erabilera.

Esplika dezagun Holmberg-en hutsegitea delako horren kontua, Amerikaz eduki ditugun iritzi okerren adierazgarri nabarmena da eta. Allan R. Holmberg oso antropologo gaztea zen 1940-1942an Beniko indigena talde ñimiño bateko jendeak, Sirionó herrikoak, ezagutu zituenean. Unibertsitatera itzulitakoan plazaratu zuen Nomads of the longbow (Nomada uztaidunak), siriono jendeak ehizerako erabiltzen zuen bi metroko arkuari aipamen eginez. Charles C. Mannen ustez, Nomads honetan oinarritu dira Hego Amerikako indioen irudia osatu duten liburu eta artikuluetako asko.

Holmbergek bere liburuan zioenez, sirionotarrak «kulturari dagokionez munduko herririk atzeratuenen artean daude». Deusen jabe ez izanik eta beti gose, ez zuten janzkirik, ez animalia etxetiarrik, ez musika tresnarik, ez arterik eta ia erlijiorik ere ez. Surik egiten ere ez zekiten, eta pizturik zeukaten adar sutu bakarra berekin zeramaten batetik bestera. Holmbergen iritzirako, sirionotarrek erakusten zuten gizakia bere egoera naturalean, milaka urtez aldaketarik gabe iraunda, eta inguruan zeukaten paisaian arrastorik ez zuten utzi.

Ez omen zen gizon txarra Holmberg antropologoa; aitzitik, arras egin zuen bat sirionotarrekin, haien artean bizi izan zen, berak ere nozitu zituen haien gose eta neke guztiak, zinez maitatu zituen, eta Amerikako Estatu Batuetara itzuli zenean Cornell-eko unibertsitateko antropologia saileko buru izatera, handik ahalegin handiak egin zituen sirionotarrei laguntzeko. «Alabaina -idatzi du Mannek- oker zegoen sirionotarrei buruz. Eta oker zegoen beraiek bizi ziren Beni eskualdeari zegokionez ere. Hori bai, bere hutsegitea irakasgai oso ona da, eredugarria ez esateagatik». Holmbergek uste zuen Ameriketako herriek eta lurrek ez zutela benetako historiarik. Eta asmo onez eraikitako ideia horiek zutunik iraun zuten urte luzez... pixkanaka beste historialari, arkeologo eta antropologoek Beni eskualdearen oso bestelako irudi bat osatu duten arte. Benirena dioenak Boliviarena dio, eta Hego zein Ipar Amerikena. Amazonasko oihanean iragana bera ikergai da orain, eta badira arkeologoak diotenak baso erraldoi horren %10 baino gehiago gizakiak lantzen zuela Colonen aurretik.

Sirionotarrak XX. mende hasieran 3.000z goiti ziren, baina 1920ko hamarkadan gripe eta baztanga epidemiek belaunaldi bakar batean populazioaren %95 hil zuten. Holmberg haruntza iritsitakoan 150 geratuko ziren. Gaur Wikipedian Siriono bilatu eta denera (ez Benin bakarrik) hizkuntza tupi-guarani horretan mintzo diren 400 geratzen direla dio. Ezaguna da halako jende galera bortitz batek «botila-lepo genetikoa» eragiten duela: pertsonek beren familiartekoekin nahastu behar dute haurrak egiteko, eta, ondorioz, asko ugaltzen dira malformazioak. Sirionotar ugarik badauzka.

Gaixotasunak ekarritako urritzeaz gain, sirionotarrek aurrez aurre ganadujabe aberats zuriak zeuzkaten, eta hauei gainera Boliviako militarrek laguntzen zieten. Era guztietako tratu txarrak ematen zizkieten ganadujabe horiek sirionotarrei -gainerako indigena eta beste txiro guztiei bezala, noski- eta horietatik ihesi zebiltzanak ziren Holmbergek ezagutu zituenak. Berak uste zuen Paleolito Aroko azken aztarnak zirela sirionotar haiek, ez zekien gaixotasunek eta jazarpenek bakandu eta ihesera kondenatutako gizaki batzuekin ari zela. «Berdin gertatuko zitzaion Holmbergi -idatzi du Mannek- nazien kontzentrazio esparruetatik ihesi egindako iheslari batzuekin topo egin eta horretatik kontua atera izan balu aurkitu zituela betidanik oinutsik eta goseak akabatzen bizi den herri bateko gizakiak».

Egia zera da, gaur badakigula oso berandu iritsi zirela sirionotarrak Benira, batzuen ustez XVI. mendean eta beste batzuenean XVII.ean. Holmberg ezin zen ohartu sirionotarrak aurretik beste batzuek eraikitako paisaia batean bizi direla. 1962an ohartu zen horretaz William Denevan izeneko beste antropologoa. Bere aurretik, petrolio bila zebiltzan geologoek uste zuten Beni beteta dagoela artean ezagutzen ez zen zibilizazio baten arrastoz. Benirako bidaia batean, Denevanek eskatu zion haruntza zeraman hegazkineko pilotuari inguruetatik itzuli lasai bat egin zezala. Leihatilatik argi ikusi zuen hura oso leku humanizatua zela: oihan zatiak zituzten muinoak, ezponda altuetan egindako bide luze eta zuzenak, ur-erretenak, altueran landutako soroak...

Geroztik, arkeologoek mendixka horietako batzuk ikertu dituzte eta «salbai ona» delakoaren iruditik urrun dauden gizarte eta jendeen irudiak mamitu dituzte. Duela hiru mila urte baino lehenagoko eraikuntzak dira, ondoren -zainduko zituzten gizakirik ezean- desegiten joan direnak. Baina hango aurriak, hondarrak eta arrastoak ikusita, badira arkeologoak uste dutenak gaur milioi erdi biztanlera iristen ez den Benin duela mila urte milioi bat pertsona inguru bizi zitezkeela.

Joan den udaberrian Euskal Herritik pasatu zen Manuel Egiguren, Beniko gotzaina. Eskaini zituen hitzaldien artean, Hernaniko (Gipuzkoa) liburutegian solasaldi luze batean egon zen hogeita hamar bat herritarren artean. Haruntza bildutako entzuleek gotzain batengandik espero ez ziren ideia ugari aditu zuten Egigurenen ahotik. Evo Moralesekin eta bere mugimenduarekin dituen itxaropenez gain, Beni, Bolivia eta oro har Amerikaren historiaren laburpena eskaini zuen apezpikuak, eta kontakizun hau ez zen oso ondo ezkontzen entzuleek gazte denboran ikasitakoarekin. Geroztik, Charles C. Mannen liburua eta honek aipatzen dituen adituak eta bibliografia ikusirik, bat ohartu daiteke Egiguren zaharrak ikerlari horietako askoren berri eduki behar zuela aspalditik -norengana joko du edozein arkeologo gaztek Beni mixeriazkora iritsitakoan, ez bada gotzain jakintsu eta atsegin baten bulegora?-, eta dokumentazio guzti hori aspalditik dabilela Ameriketako elite eta militante aurrerazaleen artean.

Gaur Bolivia diren lurretan Inken Inperioa egon zen. Garaiko inperiorik handiena, oso zentralizatua, ekonomia sofistikatu baten jabe zena. Gaitzak eta kolonoen astakeriak medio, oso urte gutxian hondamendia nagusitu zen tierra haietan. Europan ez ginen ohartu -ziurrenik Ameriketan bertan ere ez- munduak urte gutxitan bostetik bat biztanle galdu zituela, Mendebaldeko hemisferioan. Bostehun urte pasa eta orain ari gara Colon izeneko tsunami hark eragindako kalteen neurriaz jabetzen.

Victor Bascope: «Andeetan duela 80.000 urte ere bizi zen gizakia»
Historia, zuentzat, gu baino aurrerago dagoena da, baina nolako dimentsio grafikoa du?
Gure historiak ez du dimentsio lineala, ezta ikuspegi ziklikoa ere zenbait antropologok dioen bezala. Gure historiak espiral baten irudia du. Historiari Pachakuti deitzen diogu, eta Pachakuti hitzak denboren eta espazioen itzulera esan nahi du. Denborak eta espazioak, bizipen epokak, itzuli egiten baitira, nahiz inoiz berdinak ez izan. Eta bizipen epoka horiek eguzki bezala ezagutzen ditugu.

Zenbatgarren eguzkian gaude gaur egun?
Gure arbasoek konfirmatzen digute orain seigarren eguzkia ari dela ateratzen Andeetako munduan. Seigarren eguzki hau indigenen eta jatorrizko populuen berpizkundeari dagokio. Evo Morales presidentea da seigarren eguzki horren izpirik argiena. Baina seigarren eguzkia ateratzeak esan nahi du, aurrerago, bosgarren eguzki bat izan zela. Eta bosgarren eguzki hori garai kolonialari dagokio, ukazio garaiari, espainolek inbaditu gintuztenetik 1990a arte.

Eta nola pasatzen da eguzki batetik bestera?
Eguzki batetik bestera pasatzeko kataklismoak gertatzen dira. Kataklismoek epoka bati bukaera ematen diote eta beste berri bat sortzen dute, erabat ezberdina. Adibidez, espainolak iritsi zirenean laugarren eguzkia garatzen hastera zihoan Andeetan. Laugarren eguzkia inkek hasitako Tawantinsuyu osoaren bizitza proiektua zen, eta Tawantinsuyuren garaia izango zen bosgarren eguzki bat ekarri behar zuen atzetik, baina proiektu osoa erori zen espainolak iristearekin. Inbasioaren kataklismoa izan da gure eguzkietan jasan dugun kataklismorik okerrena. Beste kataklismoak naturari lotutako kataklismoak dira, suarena, urarena, lurrarena...

Baina inkak ere inperialistak izan omen ziren...
Halaxe da, eta urte gutxitan Tawantinsuyu osoa dominatzera iritsi ziren. Baina hala ere, laugarren eguzkia positibotzat dugu, esperantza eguzki bat da guretzat, inkek, nahiz eta jatorriz Amazonaskoak izan Tihuanacoko proiektuei heldu zietelako. Tihuanaco bigarren eguzkia izan zen, eta inkek Amazoniako indarra eta Tihuanacoko jakinduria uztartzen asmatu zuten, horregatik bihurtu ziren inperio.

Eta inken eta tihuanacoarren artean agertu zen hirugarren eguzkia?
Hirugarren eguzkiari antropologoek erreinu zatituak deitzen diote. Populuak bereizirik bizi ziren garaia zen. Herri bat hemen, beste bat han... Garai horrek nahiko kutsu negatiboa du, antolatu gabeko populuak baitziren, proiektu komunik gabeak, eta enfrentamendu beliko konstanteak gertatu ziren.

Bigarren eguzkia, Tihuanacorena, zergatik da hain sonatua?
Andeetako jakinduriaren gailurra izan zelako. Guretzat Tihuanaco da bizitza proiektuen zentroa, populuen jakintzaren elkargunea. Tihuanacoko eguzkian bertan antropologoek eguzki txiki ezberdinak bereizten dituzte, eta hirugarren edo laugarren aroan jo omen zuen gailurra. Ezagutza zientifiko handiak lortu zituzten, bai astronomian, bai medikuntzan, bai arkitekturan, bai laborantzan... gaur egun ere erreferentzia izaten segitzen du Tihuanacok zientifikoentzat. Ez da kasualitatea gaurko gobernuak, Evo Moralesenak, Tihuanacori erreferentzia sarri egiten badio.

Mendebaldeko egutegi linealera etorriz, zein urtetan kokatzen da Tihuanaco?
Kristo baino 800 edo 1.000 urte lehenago hasi zen.

Eta zenbaterainoko jakinduria zientifikoa lortu zuten?
Astronomiako ezagutza handia zuten, eguzkiaren bidea, lurrarena, ezagutzen zituzten. Kosmosa sakontasun handiz ezagutzen zuten. Medikuntzan ere oso aurreratuak ziren. Badira mostrak esaten dutenak Tihuanacon burmuineko ebakuntzak egiten zituztela orduan. Orduko buru hezurrak ikusita arkeologoek kirurgia egin zitzaiela baieztatzen dute. Beraz giza anatomiaren ezagutza zientifiko sakona zuten. Eta medikuntzan bezain aurreratuak zeuden arkitekturan ere, harriaren erabilpenean maisuak ziren, eraikuntza perfektuak zituzten, nola lerro hala angelu. Gaur egun dagoen teknologiarik aurreratuena ere mugatua sentitzen da haiek egiten zutena egiteko. Pentsa, Tihuanacoko monolitoetako bat hemen zegoen hirian, eta orain dela gutxi lekuz aldatu behar izan zuten. Garabi bakarrez jaso ezin, eta plegatuta bi garabitan mugitu zuten. Ezezaguna da orduan nola leku aldatu ote zuten hori? Izan ere arroka horiek Tihuanacotik 80 kilometroko distantziara daude. Badakigu garai hartan ura gertuago zegoela Tihuanacotik, eta segur aski ura erabiliko zuten karga hori lekuz aldatzeko, baina nola? Ez dakigu.

Zein kataklismok itzali zuen Tihuanacoko eguzkia?
Uraren kataklismoak. Historikoki frogatua dago egun batean Tihuanacora sekulako ekaitza sartu zela, segur aski gauean gertatuko zen gainera, arkeologoek lur emanak izan diren pertsonak atseden posizioan deskubritu dituztelako. Gehienak hil egin ziren.

Eta lehen eguzkiak zer argitzen du?
Garai hori gure Pachakutiaren ikuspegitik garai iluna bezala ezagutzen da, hala diote aztiek. Iluna, eguzkirik gabeko garaiak direlako, eta iluna, garai ezezagunak direlako. Garai horietaz hitz egitean kataklismoak aipatzen dira, lurren, airearen eta uraren kataklismoak, horiekin desagertu ziren antzinako populuak.

Gure urteetako egutegira itzuliz, noiz agertu zen Andeetan gizakia?
Bertsio ezberdinak daude, baina ia hanka sartzeko beldurrik gabe esan liteke hemen orain dela 80.000 urte jada existitzen zela giza populakuntza.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ameriketara
AEBetako gas-ganberan hil zuten euskal artzaina

Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]


2019-07-04 | Fernando Merino
Juan Sebastian Elkano

Lehen mundu biraren bosgarren mendeurrena ospatzen ari gara eta Juan Sebastian Elkanori dagokio horren loria eta ohorea.


2017-01-29 | Jakoba Errekondo
Sagard eta huroiak

Kosmopolita da getozka, Portulaca oleracea. Munduan barrena hara eta hona hedatu dugu, jakinaren gainean edo azpian, eta toki askotan ondo bizi da. Noranahitarra da, eta edonon nonahikoa. Dakigun guztia bezala, ez dakigu oso ondo nongoa den. Landareez ari garenean, ikaragarrizko... [+]


'Katalina de Erauso' Pastoral
A character hidden on stage

During the 17th century, an adolescent runs away from the Dominican convent in Donostia because it feels like a prison. Going to America, the adolescent fights for the king of Spain and oppresses the local people; spends decades shaking a sword around in the New World. No, it is... [+]


Eguneraketa berriak daude