"Ez dakit Euskal Herrian berde bezainbeste zementu ez ote dagoen"

  • 2005ean elkartu zirenetik Miren Narbaiza eta Ander Mujika jo eta jo ibili dira ia geratu gabe gitarrak bizkarrean hartuta. Napoka Iriaren lehen lan luzean taldearen izaera markatu duen zuzeneko kutsu hori mantendu nahi izan du bikoteak. Lehertarazi Edifizioak (Bonberenea Ekintzak) diskoak zuzenekoaren eta estudioaren arteko mugak hautsi ditu.

Napoka Iria.

Lehertarazi edifizioak da diskoaren izena. Hirietan sentitu daitekeen itomen horretaz hitz egiten duzue. Ez zarete oso hirizaleak ezta?

Miren Narbaiza: Ez dugu asko hausnartu horren gainean, ez pentsa. Baina bai, gizarte honek hartu du norabide bat, atzera bueltarik gabea dirudiena.

Ander Mujika: Abiadura handia, dena bata bestearen gainean, zementua, ez dugu denborarik... Letrak esaten duen moduan ez diogu argitasunari ere pasatzen uzten, saturazio moduko bat da.

M. Narbaiza: Pixka bat da kontzientzia hartze hori, gure buruari esatea, “begira non bizi garen, benetan hau da nahi duguna?”

A. Mujika: Eta nire ustez mentala ere bada, jendearen pentsatzeko modua, dena karratua da.

M. Narbaiza: Gainera ez duzu zertan hiri handietara joan hori sentitzeko. Denok uste dugu Euskal Herrian dena berdea dela baina... ez dakit berde bezainbeste zementu ez ote dagoen, eta gero eta gehiago!

Bi gitarra baino ez dituzue erabiltzen normalean. Noizbait faltan bota al duzue base erritmikorik? Edo zuen bereizgarri bezala ikusten duzue sinplizitate hori?

M. Narbaiza: Bueno, pentsatu dugu, baina ez da ezinbestekoa. Bi gitarra baino ez erabiltzea gure bereizgarri bat badela esango nuke, urteak daramatzagu honetan eta zerbaitegatik gaude horrela, Ander eta Miren izaten. Kontua da ez dugula deskartatzen beste gauza batzuk egitea eta askotan galdetu izan diogu geure buruari nola geldituko ote den kanta hau edo hura elementu berriak sartuta.

A. Mujika: Beti saiatzen gara biren artean kantari osotasun moduko bat ematen eta berezko indarra. Kanta batek zerbait transmititu behar badu, ahalegintzen gara daukagun gutxiarekin hori lortzen. Baina pentsatu izan dugu horretan, eta gogoa dugu musikalki gauzak probatzeko. Agian egunen batean...

Miren, jaso al duzu heziketarik ahotsari dagokionean?

M. Narbaiza: Ez... musika eskolan hasitakoa naiz Ander bezala, baina korotik aspaldi alde egindakoa...

A. Mujika: Hori ez da batere punkia...

M. Narbaiza: Gitarrak apurtzen genituen musika eskolan! (barreak) Ez, orain serio, hori izan da nire musika heziketa bakarra. Orain serioago hartu nahian nabil, nik ere baloratzen baitut daukadana eta ez dut galdu nahi. Badaukat asmoa zerbait lantzeko, baina oraindik ez naiz hasi. Hala ere, autodidakta izan arren nabaritzen dut jotzeari esker teknika pixka bat hartu dudala. Lehen segituan afonika jartzen nintzen, orain ez. Lehen paso egiten nuen, baina orain kontzienteagoa naiz eta ahotsa landu nahi dut.

Galdera behartua: nola jaio zen Su ta Garren bertsioa? Estilo erabat ezberdina izan arren oso naturala geratu da.

A. Mujika: Egun batean gitarrarekin hasi ginen kanta hori jotzen, broma modura...

M. Narbaiza: Nik uste dut egun batean bertsio heavy bat probatzeko gogoa sartu zitzaigula, eta Jaiotze Basatia hor zeukan Anderrek apalean ondo gordeta. Hautsa kendu genion eta esan genuen, “hau! Kantu honek dauzka estribillo ederrak!”

A. Mujika: Gero ukelelea erabiltzea okurritu zitzaigun eta bertsioari forma pixka bat eman genion.

Duela ez asko Japonia aldean izan zineten. Zer asmo bira honetarako? Atzerrira joateko planik bai?

M. Narbaiza: Hasieran hemen inguruan ibiltzeko asmoa dugu. Nik dakidala ez dugu Kongora joateko asmorik!

A. Mujika: Asmoa diskoa aurkezteko kontzertu batzuk gehiago ematea da, eta ondoren beste gauza batzuk probatzea, edo kanta batzuk konposatzea... Oraingoz ez dugu kanpora joateko asmorik.

Zer moduz joan zen Durangoko azoka? Zer nolako harrera edukitzen ari da diskoa?

M. Narbaiza: Guk kontzertuetan saltzen ditugu disko gehienak, hori argi dago. Lehenengo aldia da Durangon egon garena eta ikusita zelako konpetentzia dagoen han, ondo joan zen, bai. Esperientzia kristorena izan zen azoka beste aldetik ikustea.

A. Mujika: Bai, gainera diskoa uztailean atera genuen. Ez genuen espresuki Durangorako atera, lehenagotik ere saltzen joan da. Hala ere, Durangoko harrerarekin pozik eta gustura.

Nola sortu zen zuen lehen lan luzea zuzenean eta jendaurrean grabatzeko ideia?

A. Mujika: Urteak daramatzagu jotzen jada eta oso gutxi grabatu dugu. Beti esaten dugu zuzeneko taldea garela, estudiotik ez gara ia pasa. Horregatik, nolabait zuzenekoetan egin garenez, horrela grabatu nahi genuen. Ez genuen estudioko produkzio bat nahi, klaketarekin, ondo landuta eta abar. Zuzeneko puntu hori hartzea nahi genuen. Baina zuzeneko diskoa grabatu beharrean, nahi genuen diskoa bera izatea zuzenean. Hau da, prestaketa estudioko grabaketa egiteko modukoa izan zen, baina publikoarekin.

Diskoak denetarik du. Kanta berriak, zahar bat, bi inprobisazio, bertsioa... eta gainera zuzenean.Taldea denaren irudi orokor bat sortu nahi izan duzue?

M. Narbaiza: Agian ikusi daiteke modu horretara ere, zeren gu bertsio zaleak bagara, inprobisazio zaleak ere bai... eta horrelako gauzak zuzenekoetan gertatzen dira. Egia esan ez genuen horretan gehiegi pentsatu, baina bai, izan daiteke gure argazkitxo bat.

A. Mujika: Bai, gainera ez genuen hasieratik pentsatu disko bat egitea, zentzu konbentzionalean. Ez genuen pentsatu zenbat kanta sartuko genituen, nola joango ziren diskoan, edukiko zuen ideia… Orain arte egin duguna grabatzea izan da nolabait.

Diskoa erraz entzuten da, abestiak pasatzen doaz ia konturatu gabe. Abestien hautaketa eta ordenari garrantzi berezia eman diozue?

A. Mujika: Ordena gerora pentsatu genuen. Ez dugu egin diskoa pentsatuz hasieratik bukaerara nola izango den. Geneukan materialetik gehien gustatzen zaizkigun kantuen bilduma modukoa egin dugu. Gerora, diskoaren barruan bai pentsatu dugu kantak edukiko zuten ordena, koherentzia emateko.
 
M. Narbaiza: Dena pausoz pauso egiten joan gara. Lehenengo diskoa egingo genuela erabaki genuen, gero zer joko genuen... baina diskoa ez da orden horretan jotako zuzeneko baten grabaketa. Bi kontzertu grabatu genituen eta egun bakoitza ezberdina izan zen, kanta zahar gehiago sartu genituen, bertsioak ere bai. Gero hautaketa bat egin behar zen, bai ala bai.

A. Mujika: Egunen batean B aldeak atera beharko ditugu hor geratu ziren kantekin... (barreak).

Ze proiektu dituzue buruan etorkizunerako?

A. Mujika: Alde batetik, etorkizunerako dugun asmo bat da beste musikari batzuekin taldea handitzea, Napoka bezala mantenduta. Bestetik, kanta berriak konposatu eta estudioko disko bat egin nahi dugu, orain arte egindakoaren guztiz ezberdina. Orain arte gauza jakin batzuk egiteko aukera eduki dugu eta orain nahi duguna da justu kontrakoa, zerbait berria.

M. Narbaiza: Hori da, gauza berriak egitea, ondo pasatzea... azkenean hori da aurrera egiteko behar dena.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Napoka Iria
2017-12-31 | Xalba Ramirez
Miren Narbaiza, MICE
"Talde inpertsonal eta plastifikatu asko dago"

Nahiago du taldean, baina bakarka ere arituko den Miren Narbaiza (Eibar, 1986) lan berria aurkezten ari da: MICE. Joseba Baleztena eta Ilargi Agirre izan ditu diskoan lagun. Berako Atala estudioan, Iñigo Irazoki grabazio arduradun, ondu dute zortzi kantaz osaturiko lana... [+]


Aterpe bat Kluj-Napokan

Napoka Iriak azken kontzertua eman zuen duela astebete Eibarren. Askok zirraraz bizi izan zuten momentua. Han egon ezin izan zirenek, akaso zirrara horren zati bat aurkituko dute Danele Sarriugarteren testu honetan.


Napoka Iria taldeak agur esango du Eibarren azken kontzertua jo ondoren

Napoka Iria taldeak denbora zeraman publikoki agertu gabe eta aste honetan jakinarazi dute taldea “isiltzeko tenorea” iritsi dela.


Kontzertuetako kartelgileak
Soinuari irudiak jartzen

Betidanik egin diote lagun arte bisualek musikari, bereziki kartelen eta disko-azalen bidez. Gurean ere, harremanak tradizio luzea du. 80ko hamarkadako punk mugimenduaren ondoren haria ez da eten; aniztu eta aberastu egin da garai digitalotan. Fortun, Arrate Rodriguez eta... [+]


Eguneraketa berriak daude