Apple gozo-garratza tentagarri bezain pozoitsua

  • iPhone iraultzailea da. Iraultzarik ez, ordea, liskarrik gabe. Urtarrilaren 13an Pekinen iPhone berri-berriak erosteko irrikaz ilaratan zain zeudenek arrautzak jaurti zizkioten dendari, denentzako adina ez zeuzkalako; poliziak zituen sakabanatu. Egun berean bukatu zen greba gogorra Wuhan hirian, Apple-rentzako lanean ari den Foxconn erraldoian.

Irudian, sigalakos sinatzen duen Anthony Sigalas irlandarrak ordenadoreen ekranetarako prestatutako desktopa, oinarritzat Esteve Jobsen gaztetako erretratu bat harturik. Apple-k 1970eko hamarkadan usatu zuen Byte into an Apple eslogana, hitz jokoa eginez
Irudian, sigalakos sinatzen duen Anthony Sigalas irlandarrak ordenadoreen ekranetarako prestatutako desktopa, oinarritzat Esteve Jobsen gaztetako erretratu bat harturik. Apple-k 1970eko hamarkadan usatu zuen Byte into an Apple eslogana, hitz jokoa eginez informatikan erabilitako byte kontzeptuarekin eta kosk egitea esan nahi duen bite aditzarekin. Beranduago Think Different (Bestela edo Ezberdin Pentsa ezazu) erabili zuen, arrakastarik handiena lortu duena. 1984an merkaturatu zuen Macintoshen zaleetatik hasita iPad-a eskuratzeko borrokatzen diren fanatikoetara, belaunaldi bat baino gehiagorengan utzi dute arrastoa Apple-n teknologiak eta marketinak. Baina brandinga askoz lehenagotik zetorren indarrean yankien eskutik: ezin ahaztu Coca-Colaren hippy irudiak, La chispa de la vida, gaztetxoentzako literatur lehiaketak (euskarazkoa barne)....

Ez zara inor iPhone bat gabe. Mundu osoan gaur masek kolan jarrita eskuratu nahi dituzte Steve Jobsek (AEB, 1955-2011) asmatutako tramankuluak, izan iPhone edo iPad. Txinako alderdi komunistak berak langileei eskatzen die Apple-entzako asko produzitu eta Apple-i asko kontsumitzeko, atzerriko kapitalista ustelei zintzurra ebakitzea agindu ordez, Txinako paradisu sozialistak jakinduriaren sagarra topatu balu bezala. Eskuin eta ezker, mundu guztia liluratu du Apple-k.

Le Monde Diplomatiqueren guneko blogen atalean Apple, Steve Jobs et le néocapitalisme américain argitaratu du Marie Bénildek. Honela hasten da: “Appel etorkizun bila dabil bere fundatzaile gogoangarria hil eta. Baina bere produktuez mundua itotzen duten bitartean konpainiak segi ote dezake aldarrikatuz kontra-kultura amerikarraren partaide dela? Ez al da bilakatu kapitalismo berri baten adibide, bere nagusigoa bezeroak sistema teknologiko totalitario batean preso hartuz ezarri nahi duena?”.

Marie Bénilde irakasleak lehendik 2007an plazaratua du On achète bien les cerveaux (Merke erosten dira burmuinak, esan liteke euskaraz) liburua, publizitateak herritarren bizi-tzan daukan eraginaz. Orain Apple-i buruz idaztera bultzatu bide du Walter Isaacsonek idatzi duen Steve Jobs biografiak, hildakoarekin azken urteotan egindako berrogei elkarrizketatik eta haren ingurukoekin hitz egindakotik ondu omen duenak.

Bénildek uste du Apple eta Jobs direla teknokapitalismo berrian markaren irudia maisutasunez erabiltzearen eredu onenak: “Silicon Valleyko multinazional handiek eduki duten bilakabidearen ikurra dira: marketin eta komunikazio tekniketan murgildu dira nork bere markarekiko benetako debozioa lortzeko”.

Jobs bilakatu da enpresario sekta berri baten guru, aberastea aski ez eta “mundua aldatu” nahi omen dutenena. Honi deitzen zion “errealitatearen distortsio eremua”. Ingelesezko Wikipedian sarrera badu Applek hain garrantzizkotzat jo ohi duen Reality Distortion Field (RDF) horrek: “Nahasturik xarma, karisma, erronka jotzea, hiperbolea, marketina, etorkor agertzea eta jarraikitasuna, norberari eta besteei sinetsaraztea ia edozer lortu daitekeela”.

RDFak balio lezake korporazio erraldoiaren mamia edertzeko ere. Alegia, jendearen arreta markan eta honek daraman kapitalean zentra-tzeko, atzean gordetzen dituen prozesu industrialak eta harreman ekonomiko menperatzaileak lausoturik.

Naomi Kleinek 2000an No Logo liburu famatuan azaldutako branding (euskaraz markagintza esan genezake) delakoaren teoriak azaltzen ahal du amarrua: enpresa zentratuko da bere markaren balioa handitzen, horretarako beste batzuen kontu utziz langileen eta ingurumenaren eskubideekiko erantzukizun guztiak, diru asko kostatzen direnak eta buruhauste juridikoak ere ekar ditzaketenak. Dena azpikontratatu eta urrun. Teoria errealitate bihurtuta: Apple-rentzako Txinan 700.000 langile ari dira.

Mesias zekena

1998an zuzendari hartu zuten Tim Cook, Apple-k Think Different lelo liluragarria zabaltzearekin batera. Berak abiarazi zuen Mac produktu guztien fabrikazioa AEBetatik urrun eramatea, pieza guztien egitetik hasita makinen osaketa arteko urrats denak.

Markaren hornitzaileak lautatik batera murriztu zituen berehala, eta biltegiak erdira. Gaur Apple-eko nagusia den Cooken meritua honela laburbildu duWalter Isaacsonek: “1998an Apple bi hilabeteko stocka edukitzetik hilabetekora pasatu zen. Urte bereko irailerako Cookek lortu zuen sei egunetaraino murriztea. Urtebete geroago, bi eguneko stock urria zeukan eta azkenean 15 ordutaraino murriztea lortu zuen”.

Kasik biltegirik ez eta erosle fanatikoak produktu berrien zain, Apple denden aurrean sortutako jende ilarak irudi salgarri bihurtu zituen markak, zain egon beharra meritu bihurtuz. Arrakasta galanta, marketinaren ikuspegitik.

Baina estrategia horrekin tentsio guztia hornitzaileen usinetara eraman zuen, hori ere Apple-en mesederako. Bezero erraldoiak ezarritako baldintza zorrotzak betetzeko are jokabide zorrotzagoa darabilte  Txinan Foxconn enpresa azpikontratatzailean.

Lanorduak amaiezinak dira, astean 60 edo gehiago, soldatak oso kaxkarrak familia bat biziarazteko, Txinan ofizialki onartutako gutxieneko apalaren azpikoak. Gainera, ugazaben jokabidea izugarri gogorra da. Tratu txarren zerrenda egiten hasi gabe, aski tanta bat: China Labor Watch erakundeak 1.800 behargini galdeketa eginik, %16k aitortu zuten zigor fisikoak jasaten dituztela lantegian. Hala ugaritu dira suizidioak Foxconnen.

Hala ere, bere produktu zirraragarriak egiten dituzten usinetan feudalismo garaiko harremanak onartzen zituen guruak Barack Obama presidenteari esplikatuko zion horixe zela AEBek lehiakortasuna berreskuratzeko bidea: arauak eta alferrikako gastuak erauztea. Hezkuntza sistema hobetzeko gauza bera: “Irakasleen sindikatuak birrindu arte ez daukagu batere aukerarik hezkuntza aldatzeko”.

Errukirik ez. Ez langileekin eta ez konpetidoreekin. Itzal egin dezakeen enpresa oro, edo zanpatu arte baztertu edo erosi. Teknologia librez hezi eta aberastutako teknikariak, teknologiak eta enpresak bereganatu bai, baina Apple-en produktuen teknologia erabat hesituz.

Iraultzaz eta mundua aldatzeaz mintzo zen gidaria, landarejale budista yogalari aszetaren irudia landu zuen enpresagizon aberatsa, honela laburbildu du Bénilde: “Bere enpresa sortu aurretik Indiara bidai iniziatikoa egin zuen errebeldearen, Bob Dylanen zale eta kontra-kulturaren apostoluaren atzean, funtsean zera zegoen, talentu handia ugazaba azkarraren ekintzak estaltzeko eta garaiko ilusioekin bat egina azaltzeko. Horretan antza zeukan 1968ko maiatzaren osteko saltsan ideia liberalak eta libertarioak ezkontzen saiatu diren enpresaburuekin”.

Nonbait bildu baldin baditu Jobsek jarraitzaileak, hori komunikazioaren eta prentsaren atalean izan da. Maketagile, diseinatzaile eta zuzendari artistikoak izan ditu misiolari zintzoenak. Laster, beren iPhoneetatik obsesioz twiteatzen duten kazetariok ikasi beharko dute zer den teknologiaren jabeek harrapaturik egotea.

Marie Bénaldik dioenez, “Steve Jobsen ‘kontra-kultura’ egin da jendeen buruen jabe buzz (burrunda) nagusi den garai honetan. Baina komunikabideak ez dira ohartu Apple laster Big Brother bihur daitekeela. (...) Iraultza informatikoan harrapaturiko pertsonari oraindik jokoa berak kontrola zezakeela sinetsarazi zion Mesias itxurako heroiak”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Apple
2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


1.800 milioi euroko isuna ezarri dio Europak Appleri

Europako Batzordearen ustez, konpainiak bere nagusitasunaz abusatu du, Spotify moduko lehiakideei Apple Storeren "ekosistematik" kanpo dauden harpidetza-aukera merkeagoen berri ematea edo errekarguak aplikatzea eragozten dielako.


2024-01-24 | David Lindemann
Jaso burua, baita ukabila ere

Oso ona iruditzen zait Soraluzeko “Jaso burua” ekimena, ezinbesteko kontzientziazioa bultzatzen baitu. Lehen Hezkuntzako umeen gurasoontzako hitzaldian izan nintzen joan den astean. Seme nagusia LHn zegoela, pantailen (eta pantailen edukien) erabileraren inguruko... [+]


Gobernuek espioitzarako erabiltzen dituzte mugikorreko jakinarazpenak, AEBetako senatari baten arabera

Orain arte ezezaguna zen zelatatzeko metodo baten berri eman du AEBetako Ron Wyden senatariak: mugikorreko jakinarazpenak. AEBetako eta beste estatu batzuetako gobernuak teknika hori erabiltzen ari dira, Reuters-ek jakitera eman duenez.


2021-12-13 | Sustatu
Plataformek onartu egin dituzte Frantziako ikus-entzunezko agintaritzaren baldintzak

Netflix, Amazon, Disney Plus eta Apple TV Plusek akordio luze bat sinatu zuten ostegunean Frantziako ikus-entzunezko agintaritzarekin (CSA), euren urteko diru-sarreren %20 Frantziako edukietan inbertitzeko. CSAk espero du inbertsioa 250 milioi € eta 300 milioi... [+]


Eguneraketa berriak daude