The (double) social dilemma

Ados. Horrenbeste input jaso eta gero, The social dilemma ikusi dut asteburuan. Netflix-en.

Horra nire lehen dilema.

Deigarria iruditu zitzaidan dokumentalaren lehen lau minutuetan agertzen diren pertsonek, Facebook, Instagram, Google, Youtube, Apple, Twitter, Palm eta Mozilla Labs-eko langile ohiak, ia osotasunean, “Noren errua izan da?” galderari antzera erantzunen ziotela, “Ez genuen txanponaren beste aldea ikusi. Ez, ezin zaio errua inori bota”. Mozilla-koak ez du lehen galdera erantzuten. Bigarren galdera datorkie gainera, olatu gisa, “Orduan bada arazorik? Zein da?”, denak isiltzen dira, behintzat 5 segundoz. Mozilla-koak ez du bigarren galdera erantzuten.

Baina gai asko jorratzen ditu dokumentalak irauten dituen ordu eta erdian, burbuila efektua, fake news-ak, teknologia enpresen nagusitasun ekonomikoa, ziber-atakeak… Gaixotasun mentalen gaia ere aipatzen dute, baina zoritxarrez ez dute horretan sakontzen. Esango nuke, gai honek beste dokumental bat egiteko beste ematen duelako izango dela. Snapchaten dismorfia terminoa ere erabiltzen dute. Koronabirusa ere aipatzen da. Eta Jaron Lanierren liburu hau.

Gai konplexuz jositako dokumentala da, ondo azaldutakoa eta gomendagarria da berau ikustea. Baina osotasunean aztertzen du algoritmoek gugan duten edo izan dezaketen eragina? Ez. Dokumentalak aplikazioak eta beraien algoritmo teknologikoak jartzen ditu zalantzan, bada zerbait, baina aipatu ere ez ditu egiten algoritmo horiek martxan egoteko beharrezkoak diren sare politikoak eta ekonomikoak.

Netflix-ek ezin duelako kapitalismoa zalantzan jarri. Horra nire bigarren dilema.

Badirudi, teknologia ikuspuntu antikapitalista batetik aztertzea ezinezkoa dela. Baina teknologia ikuspuntu antikapitalista horretatik aztertzen duten norbanako eta talde asko ezagutzen ditut. Hackmeeting-ak bezalako proiektu komunak egin ditugu eta algoritmoak maila kritikoan aztertzen ikasi dugu. Horixe da Netflix-eko dokumentalari aurkitu diodan arazorik nabarmenena: ondoriora heltzeko moduko zimenduak jarri eta, ostruka gisa, azken momentuan, burua porlanean sartu izana.

Izan ere, lehen lau minutuetara bueltatuz, nork sinetsi behar du, hau guztia ez dela inoren errua. Nork sinetsi behar du enpresa teknologiko handienek, guzti hau martxan jarri orduko merkatu azterketa, osoa, egina ez zutenik.

Zu eta ni produktu gisa kokatuz.

Hona bururatzen zaizkidan errudun batzuen izen abizenak: Adam Smith, Mark Zuckerberg, Larry Page eta Sergey Brin, Steve Jobs, Steve Wozniak eta Ronald Wayne, Jack Dorsey, Jeff Bezos… denak gizonak. Eta guzti hau egia bihurtu zitekeela jakinda, legislazioa aldatu ez zuten terrorista zibernetiko-politikoak.

(Kontrakoa dirudiela jakin badakit, baina, aipatu bezala, dokumentala ikustea gomendatzen dizuet. Baina jarri kritikotasunaren txipa eta ahal dela, ez egin ni bezala eta P2P sareetatik jaitsi.)

13 erantzun “The (double) social dilemma” bidalketan

  1. Antton(e)k dio:

    Nire ustez, errudunak ez dakit diren edo ez, hau da, jendea erabakitzen du horrelako gauzak erabiltzen, alegia, ez daude “behartuta” sare sozialak erabiltzeko. Dokumentala ikusi dut eta nire ustez, sare sozialak berez, ondo erabiliko balira, ez lirateke arazoak egongo, atzean dagoen jendea baizik, haien erruz bai daude arazo asko, erabiltzaileek ere, errua daukate, nola ez. Sare sozialak, guztiak sartuko nituzke, Facebook, Twitter, Mastodom… berdin da librea den edo ez, berdin da doakoa den edo ez, jendea berdin kaltetu ahal da. Nor dagoen atzean ez dugu jakingo eta Fakenews beti egongo dira, libre edo pribatiboki. Artikulu honetan bezala, hainbat enpresa aipatzen dira, zenbat minutu egiten da berba Apple enpresari buruz? emakume batek esaten du enpresaren izena, bertan lan egin duelako, besterik ez, gero dokumental guztian ez da gehiago aipatzen, beraz, zergatik aipatu Apple dokumental osoan agertzen ez bada edo berataz berba egiten? kexatzen gara Fakenewsetaz, ba… ez gaitezen izan partaide.

  2. Dabid(e)k dio:

    Kaixo, Antton:

    Lehenik eta behin eskerrik asko zure iruzkinagatik. Sare sozial digital pribatiboen garaiotan, ikaragarri baloratzen dut.

    Hau esanda, ez nago ados zure iruzkinetik jaso ditudan bi ideia nagusirekin eta erantzuten saiatuko naiz:

    1. Emakume hori Appleen lan egiten duela esanez aurkezten badu bere burua, ezinbestean aipatu behar dut Apple. Ez da, esleitzen didazun bezala, fakenews bat. Ez da clickbait bat. Ez da beroaldi bat… besteak beste ez ditudalako sekula hemen esandakoak monetizatuko. GAFAM da. PRISM da. Eta badakit jende askori hau irakurtzeak min egingo diola. Kontziente naiz euretariko asko ezker tradizio politikokoak izango direla eta baita, Apple batetik, burujabetza teknologikoa aldarrikatuko dutela zenbaitek. Nik ere baditut nire kontraesanak eta asko dira. Eta hala ere seinalatu behar ditut. Azalpenean luzatu nahiko nintzateke eta honelako artikulu baten Apple zergatik aipatu behar den argumentu burutsuekin defendatu, baina ez nuke Joseba Martos lagunak Naiz-en egin zuen bezain ondo egiterik izango, hortaz, testu hura irakurtzea gomendatzen dizut [1]. Nire egiten dut hitzez hitz (Josebak idatzi ditzakeen artikulu gehienak bezala).

    …bi hippyk sortu izanak ez du ezer aldatzen.

    2. Sare sozialetan sartzen den, nerabe idatzi behar nuen, baina pertsona esango dut, batek erabakitzeko eskubidea al dauka? Luze aritu naiteke honen inguruan idazten eta oso interesgarria da planteatzen duzun zalantza, baina nire iritzia laburbiltzen duen iritzi artikulu bat utziko dizut [2], oso laburra. Iruzkindu nuen liburu batekin batera [3]. Eta eztabaiden arau guztiak hautsiko ditut galdera batekin erantzuteko zeure galdera (herrialde kapitalista baten bizi zarelakoan): Askeak al gara kapitalismoan bizitzea hautatzeko? Ez da, zuk aipatzen duzun moduan, erabilera, asmo edo erabakimen arazo bat. Askoz haratago doa. Eta aditzera eman duzun moduan, arazoa indibidualizatzen badugu, gureak egin du.

    [1] Ofrecer Apple como alternativa a Microsoft https://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/ofrecer-apple-como-alternativa-a-microsoft
    [2] Bi hitz hausnarketarako: Neutrala al da teknologia? https://www.argia.eus/blogak/dabid-martinez/2020/06/19/bi-hitz-hausnarketarako-neutrala-al-da-teknologia/
    [3] Zeure sare sozialak atoan ezabatzeko hamar arrazoi https://laborategia.eus/sare-sozialak-ezabatu/

    Bukatzeko, Mastodon aipatzen duzulako, sare sozial digital libre eta sare sozial digital pribatiboen inguruan, bi hitz. Ez da gauza bera dirua egiteko sortuta dagoen sare sozial digital baten algoritmoa idaztea (adibidez Twitter), edo komunikazio arduratsua bermatzeko pentsatuta dagoen sare sozial bat programatzea (Mastodon kasu). Aipatzen duzu berdin dela bat edo bestea, baina nire ustez inondik inora ere ez. Hasi programazio eredutik, non libreak teknologiaren demokratizazioa sustatzen duen, pribatiboaren lehiakide kontzeptuarekin kontrajarriz eta jarraitu monetizazio ereduarekin, non bat komunitatean oinarritzen den eta bestea… zera, badakizu. Federazioaren eredua ere aipatu nezake, baina Mastodon ezagutzen duzunez imajinatzen dut badakizula zer den Fedibertsoa eta honek eskaintzen digun irakurketa politikoa. Twitter gauza bera al da? Ez dirudi hala denik.

    Azken finean, eta hor bat gatoz, “atzean dagoen jendea” (enpresa teknologikoen atzean, zehaztuko nuke) da zera guzti horiek egingo dituenak. Eta blog honetan askotan aipatu dudan bezala: arazoa ez da teknologikoa, politikoa baizik. Kolektiboa eta ez indibiduala. Eta erantzun kolektiboak behar ditu ez indibidualak.

    Ondo izan.

  3. Antton(e)k dio:

    Kaixo Dabid,

    Egia esan, denbora larregi egon gaitezkeela hemen honi buruz berba egiten. Laburbilduz. Nire kasuan, ez nago baten fabore, neutrala naiz eta hori da jendeari faltatzen zaiona, neutrala izatea eta onartzea badaudela gauza batzuk pixkat hobeagoak direnak.

    Lehenenengo eta behin, nondik lortzen da informazio iturria? Aipatzen dizkidazun loturak, ez dute informazio iturririk, beraz, nola jakin egia den edo ez? Non dago dokumentu ofiziala berri edo artikulu hori idazteko?

    Googlen bilatzen baduzu Applen kasuan zenbat denuntzia izan dituen datuak lapurtzeagatik, emaitza 0 izango da, Google, Facebook… Besteekin egiten baduzu, bat baino gehiago agertuko dira.

    iPhone bat erosten baduzu, piztu bezain pronto eta dakarren aplikazioekin eta konfigurazioarekin, ez dago “prestatuta” erabiltzaileen datuak biltzeko. Android-en kasuan, bai.

    Teknologian, gaur egun, mugikor guztian irakur daiteke, legez horrela ezarrita dago, agertu behar da erabiltzaileen datuekin zer egiten da, iPhonetan eta Androidetan oso garbi ikusten da, Sirik, Google assistant, kontua da, erabiltzaile moduan, desaktibatu al dut? Applen kasuan oso erraza da, baina Androiden oso oso zaila da.

    Beraz, gai hau usteko, Apple dela eta, kapitalismoa… badaude enpresa batzuk, gusta hala ez, ez direla berdinak, haiek politekin ados egon ahal gara edo ez, baina Linux bat ersbiltzeko, ordenagailu bat behar dugu ere, berdin da zein (acer, lenovo, dell…) hauek ez daude mundu honetan sartzen? Diru gutxiago irabazten dutelako ez dira sistema honetan sartzen? Kritikak nire ustez, guztiei berdinak izan beharko lirateke zeren eta gaur egun, ez dut ezagutzen ordenagailu fisikorik oparitzen duen konpainiarik, hortaz, bai Apple, Microsoft, Linux… erabiltzen duten guztiek kapitalismo horretan parte hartzen dugu.

    Sare sozialak direla eta, egia da mastodom, printzipioz, librea denez eta politika desberdina du. Nire galdera da, eta? Algoritmo desberdina edo ez izatea, libre izatea… Ez du adikziorik sortuko? Zenbat gauza daude egun gure telefonoetan libre direnak eta hor gaude denok telefonoari begira segunduro? Telegram adibidez, ez da sare sozial bat? Esan nahi dut, berdin da nor dagoen atzean, arazoa atzean dagoen jendea da, ez guztia jakina, interes txarrekin erabiltzen dituztenak baizik. Ordenagailuekin berdin gertatzen den moduan, sistema libre bat jarriko dut Android, oso ondo, eta Android norena da ba? Google enpresarena, orduan, berdin gaude, eta gainera erabiltzeko Lg, Samsung, Siomi,… Horrelako enpresak gainera erabiltzaileen datuak lapurtu dituzte. Berriro ere, kapitalismoaren partaide gara berriro.

    Gauzak ondo erabiliko baziren, herraminta moduan, tresna moduan, ez zen ezer gertatuko, nire ustez sistemari errua botatzea ez da zuzena, zeren eta mundu guztia ordenagailu edo telefono bat ersbiltzen du, berdin da, Linux, Apple eta windows erabiltzen badu.

  4. Dabid(e)k dio:

    Kaixo, Antton:

    Egia esan ez ditut zure lehen galderak ulertzen, pasatu dizkizudan hiru artikuluak irakurri badituzu ohartuko zinen hirurak direla iritzi artikuluak.

    Googleren erabilera ahal bezain beste mugatzen dut eta zuk gauza bera egitea gomendatuko nizuke. Probatu ezazu DuckDuckGo edo zure datuekin trafikatzen ez duen beste edozein bilatzaile. Appleek ez dituela jaso erabiltzaileen salaketak? Mesedez, eztabaidatu behar badugu behintzat izan gaitezen serioak. Egizu bilaketa berriro, faborez. Eta egiten baduzu, Siriren inguruan hemerotekan oso atzera egin gabe ikusiko duzu iaz gertatukoaren berri irakurtzeko eta sakontzeko aukera izango duzula. “Applek bertan behera utzi du Sirirekin izandako elkarrizketak hirugarrenek entzuteko programa”, 2019ko uztaila.

    Horren harira iaz idatzi nuen artikulua aurkituko duzu blog honetan.

    Apple eta kapitalismoa dela eta ez dela. “Badaude enpresa batzuk ez direla berdinak”, Applegatik esaten baduzu aurreko erantzunean esan dizudanera mugatuko naiz: “GAFAM da. PRISM da. Eta badakit jende askori hau irakurtzeak min egingo diola. Kontziente naiz euretariko asko ezker tradizio politikokoak izango direla eta baita, Apple batetik, burujabetza teknologikoa aldarrikatuko dutela zenbaitek. Nik ere baditut nire kontraesanak eta asko dira.”. Eta noski ordenagailuen enpresak dirutza egiten dutela, eta noski ez direla GKEak. Baina horrek ez dio balio gramo bat ere kentzen orain arte azaldu dizudan guztiari. Eta besteek egiten dutena ez du, Apple inondik inora zuritzen. Dena den, nik ez dut sekula aditzera eman mundu teknologikoan dugun arazo bakarra Apple denik. Baina iruditzen zait, esan duzun guztiagatik, oso iritzi lasaia daukazula Appleekiko.

    Eta noski desazkunde teknologikoa sustatu behar dela, nire artikuluak irakurtzen badituzu, jakingo duzu sarritan aipatzen dudan zerbait dela. Androidekin egiten duzun alderaketa ere pixka bat perbertituta dago, baina ez dut Android defendatu behar, kentzea gomendatzen baitut normalean. Niretzat, software librea izatea, ez delako nahikoa, bai ordea ezinbestekoa.

    Sare sozial digitalekin bukatzeko: esango nizuke ez duzula nahikoa aztertu Mastodonen garapen eredua. Gomendatuko nizuke horretan sakontzea zure begiez ikus dezazun zeintzuk diren adikzioaren zera horiek lasaitzeko asmoz hartzen diren erabakiak eta nola inplementatzen diren teknikoki. Adibide bat jartzeagatik, tut bat bistaratzen duzunean ez dizu erakusten, mezuen zerrendan, zenbat atsegite izan dituen, horrek, mezu horrekin izango duzun lehen inpresioa ez kutsatzeko. Eta adibide bat bakarrik da, sakontzen baduzu askoz gehiago aurkituko dituzu. Eta noski hobetu behar direla. Eta noski sare libreen erabilera modu osasuntsuan egitea sustatu behar dugula. Eta oso posibleki gehiengoa egongo da egiteke. Nik ez dizut aditzera eman sare sozial digital libreen erabilerarekin adikzioaren afera konpontzen denik. Baina sare sozial digital pribatiboen eta sare digital libreen artean dauden desberdintasun bakarra ez da libreek politika desberdina dutela. Arbola ikusten ari zara, baina atzean baso oso bat dago.

    Bukatze aldera, esango nizuke gauza asko nahasten dituzula zure azken aurreko paragrafoan. Izan ere, ez, Telegram ez da sare sozial digital bat. Mezularitza sistema bat da. Eta gainera, ez da librea.

    “Esan nahi dut, berdin da nor dagoen atzean, arazoa atzean dagoen jendea da” diozu, eta berriz mugatuko naiz lehen erantzunera, “Eta aditzera eman duzun moduan, arazoa indibidualizatzen badugu, gureak egin du.”. “Gauzak ondo erabiliko baziren, erreminta moduan, tresna moduan, ez zen ezer gertatuko”, oso baieztapen okerra nire ustez. Baina aspaldi nik ere uste nuen teknologia neutrala zela. Berriro eskatuko dizut teknologiaren neutraltasunaren inguruan hausnartzeko. Edozein teknologia, esaten duzunaren kontra, ez baita neutrala inondik inora ere. Sorreratik. Izan ere, teknologiaren neutraltasuna gizarte-irudirik zabalduenetako bat da, eta zure bi erantzunetan aipatzen duzu. Hala ere, horrek ez du egia bihurtzen, eta erantzuna hiru kontzeptutara mugatuko dut, non, hala nahi baduzu, sakontzeko aukera izango duzun:

    Bat, teknologia pribatibo konplexuak ez dira jasangarriak ingurumena zaintzeari dagokionez. Bi, teknologia horien kontrola eta ulerkera, hau da, nola kontrolatzen diren jakitea, pribilegiatu gutxi batzuen esku baino ezin da egon. Hiru, teknologia kontrolatzen duten botere-zentroek askoz gaitasun handiagoa dute teknologia horiekin hertsatzeko.

    Ondo izan.

  5. Antton(e)k dio:

    Kaixo Dabid,

    Azken honekin bukatutzat amaituko dut, gehiago ez luzatzeko eta irakurleei ez konfunditzeko. Berriro esango dut, aurkitzen duzunean sentzia ofizial bat eta eta interneten dauden “adituen” artikuluak Apple enpresaren kontrakoak, esan, asko daudela esagen duzu, mesedez, horrela bada, jarri online dauden sententzia ofizialen domentua hemen, baina es jarri egunkari edo artikulu berri batena, alegia, sententzia ofiziala eta tribunal batean, bestela, fake newsen partaidea izango zara.

    Bestalde, Sirirena aipatu duzu. Jakin ezazu, iPhona ez duzula erabiltzen ikusten da, bertan telefonoan agertzen da oso ondo azalduta Applelek zure datuekin eta ahotsekin zer egiten duen, gainera onartzeko aukera ematen dizu erabiltzeko edo, hortaz, zuk nahi baduzu, ematen duzu edo ez. Androiden kasuan ere azaltzen du, baina askoz zailago da desaktibatzeko.

    Amaitzeko, iritzi pertsonalak hori dira, iritsi pertsonalak besterik ez, baina dokumentazio ofizialik gabe idazten denean kontuz, jendeari konfundutu ahal duzu eta ikuspuntua aldatu. Mastodom desberdina izan daiteke arkitektyraz, baina zare sozial bat da berdin berdina eta emaitzak berdinak izan ahal dira. Gomendio bat besterik ez, informa zaitez hobeto, izan kritikoa eta onartu dena ez dela perfektua naiz eta ikuspuntu pribatiboak edo libreak izan eta informazio koteja, eta gustukoa ez dugu a, batzutan onartu behar denean onartu, zeren eta librea dena ere, bere kutxuak ditu, beste gauzak bezela.

  6. Dabid(e)k dio:

    Antton,

    Argi dago ez dituzula nire iruzkinak irakurri ere egiten erantzun orduko. Zure esaldi batzuk, ezezagun bati, kasu honetan niri, egiten diozun azken gomendioa kasu, ezin direlako beste modu batera ulertu. Iraintzat akaso, baina ez naiz horretan sartuko. Eta horrela nekez eztabaidatzen da eta idazteko gogoa ere galtzen dut. Pena bat, eztabaida hau eraikitzailea izango zela uste nuen hasieran, baina nire argumentua indartu besterik ez duzu egin:

    “Kontziente naiz euretariko asko ezker tradizio politikokoak izango direla eta baita, Apple batetik, burujabetza teknologikoa aldarrikatuko dutela zenbaitek. Nik ere baditut nire kontraesanak eta asko dira. Eta hala ere seinalatu behar ditut.”

    Nik ez dizut gomendiorik egingo. Ez zaitut horrenbesteraino ezagutzen. Zeure asmoa, Appleen erabilera zuritzea besterik ez denez, ez dakit merezi duen nik horrenbeste idazten jarraitzeak.

    Beste barik: Zaindu zaitez.

  7. Txopi(e)k dio:

    Hemen duzue Apple-ren kritika zerrenda ederra: https://en.wikipedia.org/wiki/Apple_Inc.#Criticism_and_controversies

    Bere bezeroen pribatutasuna ez errespetatzea, espioitza programa ilegaletan parte hartzea, ihes-fiskala, ekologiaren aurkako ekintzak, konpetentziaren aurkakoak… Edonor lotsatzeko moduko palmaresa. Google txarragoa dela? Baliteke, baina horrek ez du Apple zuritzen.

    Nire ustez Apple-n kontra egoteko pisuzko arrazoiak daude. Ez zurrumurruak, baizik eta dokumentatutako kritikak, gobernuen ikerketak, epaiketak, zigorrak… Fakenews bezala zuritu ezin diren hainbat zikinkeria.

    Linux garatzen dutenak edo Mastodon garatzen dutenak ez dute kontu guzti horiekin inolako zerikusirik, ezta urrunetik ere.

  8. Arantxa(e)k dio:

    Nire ikuspuntua, alde batetik profesionala, zibersegurtasun enpresa baterako lan egiten dut, era batera Anttonen alde nago. Gure enpresan zenbait arazo izan ditugu Software Libreko aplikazioekin, enpresak orokorrean ez dute nahi segurtasunik bermatzen ez dituztelako eta arrazoia daukate. Erabilgarria izan ahal dira, bai, baina ez dute bermatzen segurtasunik.

    Apple aipatzen duzue, beno, barkatuko didazue, baina wikipediatik ateraratzen den informazioa fidagarria da? Niretzat ez behintzat, nire ustez ere informazio iturria nondik datorren ere oso garrantzitsua da, wikipedian edonork idatzi ahal du, interes pertsonalekin, egia da, sententzia ofizialak iturri ofizialak fidagarriagoak direla.

    Arazoak direla eta, gauza batzuk dira arazoak eta beste batzuk datuak lapurtzea. Nik ez dut ezagutzen datu ofizialik gai honi buruz. Berri faltzuak edonon daude.

    Sare sozialak, denak dira berdinak, gustukoa izan edo ez, berdinak dira eta denak egiten dute kalte berdina, adikzioa sortu, like butoia edo ez izan.

  9. Antton(e)k dio:

    Wikipedia iturri ofiziala?

    Jejejejejejejeje… listo, jarrai ezazue horrela pentsatzen. Orain bai ez dudala denborarik galduko hemen. Eta zuek neutralak zarete?

  10. Dabid(e)k dio:

    Oso laburra izaten saiatuko naiz, alde batetik Arantzak software librearen inguran esaten duena gezurra delako (Segurtasun Informatikoan profesionala izan, ala okina izan, niri pertsonalki bost gezurrak esaten direnean), eta bestetik Anttonek ez dituelako nire erantzunak irakurri ere egiten.

    Arantza: Enpresek software libreko soluzioak ez dituztela nahi esaten duzu (besteoi bertsio ofizialak eskatuz eta zuk zurea ekarri barik). Adibide bi zein oker zauden erakusteko, naiz eta segurtasun informatikoan aditua izanik, jakin beharko zenukeen. Superordenagailuetan (munduko 500 ordenagailu handienetan), Linux da indar nagusia aspaldidanik, hosting enpresetan bezala. 2014an jada zerrenda horretako ordenagailuen % 97a gobernatzen zuen. WordPress interneten dena aipatu ere ez dizut egingo aulkitik jauzi ez zaitezen. Beste bat, Linux, erabakigarria izan zen Higgs-en bosoiaren aurkikuntzan, CERN-en… eta beste hamaikatxo adibide emango nizkizuke, hala nola Amazonen edo Googleen zerbitzariak nork gobernatzen dituen edo zein den software librearen erabilera EAEn. Beraz, mesedez, ez etorri blog honetara berriro gezurrak esatera. Hurrengo iruzkinean software pribatiboa edo zure software pribatiboko zertifikazioak zuritzeko, software librearen inguruko beste gezur bat idazten baduzu, ez dizut iruzkina onartuko. Eztabaidarako prest nago, baina eztabaida seriorako. Gezur hauek erantzuteko nire denbora inbertitzen dut, eta denbora galtzeko badut beste biderik. Mastodonen inguruan Anttoni esan diodana, segi berriz aztertzera.

    Antton: Zu ez erantzutekotan egon naiz, ez dituzulako nire erantzunak irakurtzen, baina oso motz. Blog honi erantzuten dion norbaiten iruzkinari barre egiten badiozu berriz, zure iritzi berekoa ez delako, bestearekiko hain errespetu gutxi erakutsiz, ez dizut iruzkina argitaratuko. Hau ez da Twitter. Begi bistakoa da argumenturik gabe geratu zarela, orain dela iruzkin asko geratu ere, eta esaten duzun guztia Apple erabiltzen duzula zuritzeko dela. Mesedez, ez erakutsi argumentu falta hori hain baxu erorita. Lotsatu egiten gaituzu.

    Bioi: 2020. urtean Wikipedia zalantzan jartzeak zuon argumentuen eskastasuna baino ez du erakusten eta ez dut esaldi inuzente hori erantzun batekin dignifikatuko.

    Esandakoa, Arantza, zure hurrengo gezurra eta, Antton, zure hurrengo errespetu falta moderatuak izango dira. Nahiz eta asko gogaitzen nauen iruzkinak moderatzeak, eta nahiz eta hamar urte baino gehiago daramatzadan blogetan idazten eta dudan sekula egin.

  11. Txopi(e)k dio:

    Arantza, segurtasun informatikoaren gaia atera duzu. Kontziente zara orain arte ez duela inork gai horretaz hitz egin? Eztabaida honi erantzuten ari bazara, zergatik hasten zara beste gai bati buruz hitz egiten eta ez duzu esan den ezertxo ere erantzuten?

    Atzo esan nituenekin jarraitzeko, adibide asko jar litezke, baina berrienetako bat aipatuko dut, oraintxe bertan gertatzen ari den zerbait: Apple-k iPhone 11 Pro gailu guztien kokapena erregistratzen du, bezeroek beraiek espresuki ez egiteko konfiguratu arren. Hori pribatutasunaren eraso larria da eta iaz aurkitutako arazoa bada ere oraindik ez dute inolako konponbiderik edo saihesbiderik eman. Apple-k berak onartzen du hau egiten duela, beraz ezin esan gezurra denik: https://gizmodo.com/apple-seems-to-be-tracking-iphone-11-when-location-serv-1840204086

    Antton, esteka hau Wikipediako artikulu horretan dagoenetako bat besterik ez da. Gehiago daude. Hartu denbora pixka bat informatzeko eta gero nahi baduzu jarraituko dugu hitz egiten. Ukatu ezingo dituzun adibide gehiago jar ditzaket 🙂

  12. […] litzaidake aurreko astean The (double) social dilemma artikuluaren iruzkinetan izan genuen eztabaidako puntu bat jarraitu ahal izateko, artikulu gisa […]

  13. Joseba Martos(e)k dio:

    Artikulu hau zain neukan NextCloud-eko jario irakurlean eta orain atseden tartetxo bat hartu dut berau irakurtzeko. Dabiden artikulua gustatu egin zait eta, betiko moduan kritikotasun handiz jantzita dator. Eta hara! Iruzkinez gainezka. Hauek irakurtzen hasi eta ilusioa piztu zitzaidan, eztabaida oso interesgarri baten hasiera zetorrelakoan. Zoritxarrez hariak okerrera egin du. Eztabaida ondo bideratuz gero, gai oso mamitsua da hau.

    Eztabaidako puntu batzuen inguruko hausnarketa egin nahi nuke:

    – Segurtasunaren gaiaren inguruan, Red Hat-en software guztia librea da eta hauek dira betetzen dituen segurtasun estandar guztiak: https://access.redhat.com/articles/2918071. Kolonbiako ministerio nazional eta enpresa handi ezberdinentzat lan egin dut Red Hat-ekin zuzenean eta inork ez du produktuen segurtasuna inoiz zalantzan jarri guztiak software librea izateagatik. Gure salmenta argudioetako bat produktuen segurtasuna bermatuta egotea zen. Disney eta Fox Sports Latinoamérica bezalako enpresekin ere lan egin dut eta ez daukate mesfidantzarik software librearen segurtasunarekin.

    – Ez da berdina sare sozial itxia edo librea erabiltzea. Twitter erabiltzeko aukera bakarra euren zerbitzarietan da. Mastodon-en nahi duzun zerbitzaria aukeratu dezakezu, bakoitza bere araudi eta inplementazio desberdinekin. Ez zaitu batek ere konbentzitu? Sortu zure zerbitzari propio edo komunitarioa eta egin bat fedibertsoarekin. Ez da berdina inondik inora.

    – Google eta Apple, biek, nahi dutenean zelatatu zaitzakete. Ziur nago Apple-ek zein Google-ek datu eta ahotsaren tratamenduan agindutakoa betetzen dutela. Baina oraindik ziurrago nago nahi izatekotan, zelatatze zerbitzu horiek guztiak erabiltzaileak ezer nabaritu gabe aktibatuko dituela. Gai arriskutsua da hau kazetari, politikari eta aktibista askorentzat. Gaur egun ezagutzen dudan aukera hoberena PinePhone da, GNU/Linux banaketa ezberdinak erabiltzeko aukera eskeintzen duena.

    – Apple eta Google-etik ihes egiten ari naiz. Alternatibak eskura dauzkagu, tresnak sortuta daude eta software librea dira. Hori dela eta proiektu pertsonal bat abian jarri dut datu pertsonalak kudeatzeko Raspberry Pi 4B bat erabilita. E-posta, kontaktuak, egutegiak, fitxategiak, etab. Informazio hau GNU/Linux eta Android-erako existitzen diren programekin kudeatuko da eta NextCloud-en oinarrituko da. Ondo badabil, GPLv3 bezala askatuko dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.