Bi marka, bi filosofia

  • Sagardoari bide berriak irekitzeko asmotan bi marka sortu ziren 2011ko martxoan: Eusko Labela eta Gorenak. Kalitatea helburu, publikoa da lehenengoa, pribatua bigarrena, eta desadostasunak dituzte zigilua daraman sagardoak izan behar dituen ezaugarrien inguruan.

Dani Blanco

Aspaldikoa da sagardoa marka baten bermepean ateratzeko asmoa. Bide horretan, 40 sagardogile inguru duela zortzi urte hasi ziren Sagardo Mahaiaren bueltan biltzen, gaiaz hausnartu eta lanari ekiteko. Proiektua gogotsu abiatu zuten arren, barne eztabaidak izan zituzten sagarraren jatorriaren gainean, eta horien ondorioz zatiketa gauzatu zen 2010ean: batetik, bertako sagarraz soilik eginiko sagardo markaren alde egin zuten produkzio txikiko 27 sagardogilek, Eusko Labela proiektu publikoa martxan jarriz; bestetik, sagardoaren jatorrian baino gehiago arreta sagardoaren kalitatean jarriz, produkzio handiko 13 sagardogilek Gorenak marka pribatua sortu zuten.

Baten zein bestearen alde egin duten sagardogile horietako asko Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kide dira. Elkarteko zuzendaritza taldeak esandakoaren arabera, sektorearen %80 osatzen dute Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lagunek, eta Euskal Herriko sagardoaren %70 produzitzen. Produktua hobetzeko xedez, HiruB proiektua jarri du martxan taldeak, sektoreak eta elkarteak jarraitu beharreko bidea ondo planifikatzeko eta lortu nahi dituzten emaitzak ondo zehazteko. “Mundu hau abiadura izugarrian aldatzen ari da, eta aldaketa horietara egokitzen ez diren sektoreek etorkizun zaila dute”, dio taldeak. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak ezberdintasun handiak ikusten ditu bi marken artean. “Eusko Label sagardoa %100 bertako sagarraz egindako sagardoa da eta kalitate parametro batzuk betetzen ditu. Oraindik produkzio mugatua du Eusko Label sagardoak, sagardogileak eta sagardotegiak eskakizun berrietara egokituz joan behar dutelako eta merkatuek ere pixkanaka heziz eta informatuz joan behar duelako”, dio zuzendaritza taldeak. Gorenak sagardoari buruz nabarmendu du bertako eta kanpoko sagarrarekin egindako marka kolektiboa dela, “ziurtagiri gabea”.

Kontuak kontu, sagardogileen elkarteko kideak diosku Gipuzkoan ekoizten den sagardo kopururik handiena bi marketatik kanpo dagoela gaur egun –izan ere, marka horien baitan ez dagoen sagardoa ere ekoizten baitute aipaturiko sagardotegiek eurek–, eta sagardo horren guztiaren alde ere egin behar duela elkarteak, orain arte sagardo ona izan dena hemendik aurrera ere hala izango baita.

Bide bana

Bi proiektuak martxan jartzeko prozesuak gogorrak izan dira: Eusko Labelarena, %100 bertako sagarraz ekoiztutako sagardoaren alde egindako erronkagatik; Gorenak taldearena, marka pribatua sortzeko sagardogileek beraiek euren dirua erabili behar izan dutelako. Helburuak ere eremu ezberdinetan ipini dituzte: Euskal Herriko sagarrean oinarritzea batetik, produkzioa areagotzea bestetik –egun Gipuzkoan pertsonako eta urteko batez beste kontsumitzen diren 8 litroak gainditu nahi dituzte Gorenakekoek–.

2010. urtean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak argi ikusi zuen Eusko Label sagardoaren proiektua bultzatuko zuela eta sustatu beharreko produktua %100 bertako sagarraren alde egiten zuen ekimena zela. Sagarrak izan beharreko ezaugarriak biltzen dituen araudia osatu du labelak: sagar barietateak, bilketa sistemak, zukutzea, hartzidura eta aukeraketa prozesuak aztertu dituzte, besteak beste. Labela lortzeko ezaugarriak findu ostean, 2011ko martxoaren 23an Eusko Label Sagardoa zigilua kaleratu zuten. Taldearen helburu dira, Euskal Herriko sektore produktiboak indartzeaz gain, paisaia, ondare historikoa eta aberastasuna eta biodibertsitatea mantentzen laguntzea. “Gurea %100 hemengo sagarraz egiten den sagardoa da, eta sagardo marka ofizial bakarra”, azpimarratu du labelaren zuzendari teknikoak, Alazne Uribarrik. 2008. urtean, Euskal Herriko Nekazaritzako Elikagaien Legea kaleratu zen eta hor jasotzen denez, Eusko Label Sagardoa da nekazaritza arloko elikagaiak kontrolatu eta egiaztatzeko bermea duen lehenengo erakundea eta bakarra Euskal Herrian.

Gorenak, zortzi urteko prozesuaren ondorio, iazko martxoaren 4an aurkeztu zuen marka. “Marka honekin, kalitatezko produktua beste produktuez bereizi nahi dugu, eta hain produktu generikoa den sagardoari balio erantsia eman diogu. Kalitatea da gure erronka”, dio taldeko kide Pello Irizarrek. Hori lortzeko, euren buruari arau batzuk jarri dizkiote, eta horiek gainditu behar dituzte produktua merkaturatzeko. Hasiera batean, Jaurlaritzarengana jo zuten laguntza eske eta instituzio horren bitartez, hiru lan ildo jarri zituzten martxan: sagarraren egoeraren, upeltegien eta merkatuaren azterketa. “Sagastien egoeraren azterketa egin ondoren ikusi genuen sagar gutxi dagoela behar dugun sagardo guztia egiteko, eta gutxi horretan are gutxiago dela sagar ona, kalitatezkoa”, adierazi digu Irizarrek.

Euskal Herriko sagarra auzitan

Eusko Labela osatzen duten kideek zalantzak izan zituzten ea hemengo sagarrarekin bakarrik egindako sagardoak etorkizunera begira aurrera egiteko aukera izango ote zuen. Baietz ondorioztatu zuten. “Kalitatezko produktuak egin daitezke Euskal Herriko lehengaiekin”, dio Eusko Labeleko zuzendari teknikoak. Taldea kontzientziazio kanpaina egiten ari da bertako sagar ekoizleen artean, normalean sagasti txikiak dituzten baserritarrak, adinez helduak. Laguntza teknikoa ere eskaintzen die Eusko Labelak. “Gure sagastiak oso gune txikiak dira, aldapa handiekin, sagarra jasotzea asko kostatzen da eta sagastien jabeak pertsona zaharrak izan ohi dira, belaunaldi erreleborik ez dutenak… Guk ondare hori mantendu nahi dugu”, azaldu du Uribarrik.

Irizarren iritziz, “kalitatearen epaile bakarra kontsumitzailea da; hemengoa izateak ez du bermatzen ona izatea. Gorenakekoek baliabide gehiago dituztela gaineratu du, eta horrek kalitate hobea lortzeko edo ona izango dela ziurtatzeko aukera ematen diela. Nahiz eta gurean ez dagoen nahikoa sagar sektoreak produzitzen duen sagardo kopuruari aurre egiteko, Gorenakeko bozeramaileak ez du helburua baztertzen. Sagarra homologatu behar dela dio, eta urte batzuen buruan Euskal Herrian produkzio lineala lortzen bada, modu horretan egitera joko dutela: “Zenbat urtetan lortuko dugun %100? Ez dago jakiterik. Azkenean, gure esku ez dagoelako; hori baserritar, teknikari, instituzio, elkarte eta hamaika eragileren nahiz egoeraren esku dago”.

Datu ofizialik ez dagoen arren, Unai Agirrek argitu du Gipuzkoan erabiltzen den sagardo-sagarraren %80 Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardogileek hartzen dutela. Gainera, azken bi urteetan ahalegin berezia egin da bertako sagarra kanpora joan ez dadin.

Zerk bermatzen du kalitatea?

Sagastiak egokitzeko beharra ikusten du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, eta bide horretan pauso asko ari dira ematen: besteak beste, interesgarriak diren sagar motetara aldatuz, sagastia planifikatuz sagar mota bakoitza aparte biltzeko moduan, sagastiak urtero sagarra eman dezan lan eginez, produkzioak neurri jakin bat lortu arte hobetuz...

Gorenakeko kideak dio sagar onarekin sagardo txarra egitea badagoela baina sagar txarrarekin sagardo onik ez, eta hori gerta ez dadin zenbait ekintza burutzen dituzte: esaterako, belarraren mozketa, berez urtean behin egiten dena, hiru aldiz egitea, edota botatzen den purina edo pixa kontrolatzea, landarea ahuldu ez dadin. “Guk badakigu sagasti asko ez direla zaintzen”, gaineratu du, baina analisiak egiten dituzte, eta horrekin ongarriak zeintzuk eta zein tamainakoak izan behar duten neurtu dute. Gainera, arjoa gaixotasuna tratatuz, ekoizpena handitzea eta sagar hobea izatea lortuko luketela dio. “Sagar hori homologatzeak berme batzuk emango dizkigu, eta horretan lan egitea gure esku dago, gaur egun ez dugu berme nahikorik bertako sagarrarekin sagardo guztia egiteko”.

Labeleko kideak aldiz, hemen kalitate egokia aurki daitekeela ziurtatu du. Taldeak konpromiso jakin batzuk hartu ditu, eta sagardoak horiek bete behar ditu zigilua eskuratzeko. Hala, sagarra bere heldutasunaren momentu onenean jaso behar da; sagarra ahal den gutxiena mindu behar da; ezin da kaxa eta ontzi hermetikoetan mugitu, arnasa hartu behar duelako; sagardoa sagarra jaso ondorengo 48 orduetan egin behar da; eta prentsatzea tenperatura jakin batean egin behar da. Finean, araudi publikoan dauden puntuak bete behar dituzte labela nahi duten sagardogileek.

Kontrol publikoa vs. pribatua

Gorenak markakoek, talde pribatua izanik, sagarra euren etxeetan jasotzen dute, eta bertan egiten dute lehenengo kontrola. Sagarra beraiek aztertuta, onarpen bat jasotzen du. Ondoren lehenengo zukua atera eta berau ere ikertu egiten dute. Hori guztia egin ostean ikusten dute sagardoa egiteko oinarria ona den ala ez. Nahasketa burutu eta egindako sagardoak hartzidura kontrola pasatzen du tenperatura kontrolatuz. Behin sagardoa eginda, botilaratu aurretik Fraisoroko Laborategira eramaten dute. Han, Gorenak taldeak zehaztutako parametro jakin batzuk bete behar ditu sagardoak. Gaur egun, Fraisorok onartzen duen edozein produktu ofiziala da; ez badu parametroak eskaturikoa betetzen, ezin du sagardo hori botilaratu.

Eusko Labelaren kontrola berriz, publikoa da. “Eusko Labela eta Gorenak markak bereizten dituen hiru ezaugarriak hauek dira: sagardoaren jatorria, marka ofiziala izatea eta taldetik kanpoko beste pertsona batek gu kontrolatu eta gure produktuak egiaztatzea” dio Alazne Uribarrik. Egiaztatzeak esan nahi du dokumentu ofizialak ezartzen dituen ezaugarriak betetzen direla, eta horretarako bermea izateak esan nahi du norbaitek independente, inpartzial eta konpetente moduan aitortu duela. “Guretzat oso garrantzitsua da kontsumitzaileari jatorria, kalitatea eta benetakotasuna bermatzea. Eta bestetik, sektorea laguntzea”, azpimarratu du Uribarrik. Eusko Labelak 221 ekoizle ditu erregistratuak: 274 hektarea Gipuzkoan, 82 Bizkaian eta 11 Araban. Horiek guztiak satelitez daude kontrolatuta eta egiaztatuta. Ekoizle baimendu eta erregistratu horiek araudia kontuan harturik jasotzen dute sagarra, eta euren upeltegietara eramaten dute, edo beste upeltegi batzuei saltzen diete. Sagarra aztertu eta bildu ostean, sagardotegian jasotzen da, eta jasotako kopuruaren zerrenda egiten da. Sagar horri zukua ateratzen diote sagardotegiek eurek dituzten sistemak erabiliz; tankeetan sartzen dute. Muztioa irakin eta gero jartzen zaie zigilua.

Laburtuz, sagarraren, muztioaren eta sagardoaren analisiak egiten dira kalitatea ona dela ziurtatzeko. Analisi fisiko-kimikoak, mikrobiologikoak eta, garrantzitsuenak, organoelektrikoak, burutzen dira guztia aztertzeko.

Eusko Labela zigilupean ekoizten duten sagardotegiek produkzio osoaren kopuru bat baino ez dute bideratzen labelera, sagardotegi handienek adibidez bertako sagardun produktuarekin tanke batzuk egin ditzaketelako, baina ez dute upeltegian egiten den sagardo guztiarentzako adina hemengo sagar. Horregatik, lanean hasi zenean, zalantzak izan zituen Eusko Labelak: tankeetan bildutako sagardoari egin nahi zizkioten azterlanak, ez upeltegi osoari, eta hori zenbaiti ez zitzaion egokia iruditu. “Guk esperientzia pittin bat bagenuen arlo horretan, eta bagenekien zenbait tresnaren bitartez tanke bakoitzean zegoen sagardoa azter zitekeela”, diote. Argi daukatena zera da, Eusko Label zigilua eramango duen sagardoak bertako sagarraz egina behar duela izan eta baliabide guztiak jarri behar direla hori horrela izan dadin.

Etorkizunerako asmoak

Etorkizunera begira helburu ezberdinak dituzte bi markek. Gorenakek “hemengo sagar on batekin sagardo ona egitea” du helburu. “Eragile askok parte hartu behar du hori lor dadin, ez bakarrik sagardotegiek”, dio Irizarrek, eta instituzioen diru-laguntzez hitz egin beharko litzatekeela uste du: “Instituzio batzuek ez dute nahikoa ematen, eta batzuek ezer ere ez”.

Bere aldetik, Eusko Label sagardoak jatorri izendapenaren ziurtagiria lortzea du helburu. Datorren hiruhilekoan dokumentua sortu eta Bruselara bidaltzeko asmoa dute Euskal Sagardoak izendapen hori lor dezan. Horrek esan nahi du izena babestuta egoteaz gain erreserbatuta geldituko litzatekeela. Horrez gain, ONAC-i, Berme Nazionaleko Erakundeari, berme eskaera bidali diote. Erakunde horrek egiaztatzen du egiten diren kontrolak egokiak diren ala ez, eta produktua kalitatezkoa eta benetakoa den.

40 sagardotegi

Euskal Herriko sagardoaren %50 baino zerbait gehiago (botiletan 6 milioi litro urtean) sortzen dute Gorenak egitasmoa osatzen duten 13 sagardotegiek. Eusko Labelari dagokionez, aurten 19 bodegatan 764.000 litro sagardo inguru sortu dituzte, baina 27 dira taldea osatzen duten sagardotegiak. Eusko Label egitasmoa ondorengo sagardotegiek osatzen dute: Gipuzkoan, Aburuza, Aginaga, Añota-Tolare, Astarbe, Baleio, Iparragirre, Bereziartua, Calonge, Eula, Larrarte, Itxas-buru, Astarbe, Lizeaga, Ola, Petritegi, Rezola, Saizar, Txindurri-iturri, Urbitarte eta Urdaira; Bizkaian, Axpe, Etxebarria, Kandi, Laneko, Malgarrazaga eta Uxarte; Araban, Iturrieta. Gorenak proiektua berriz, honakoek: Alorrene, Altzueta, Barkaiztegi, Begiristain, Egi-luze, Gartziategi, Gaztañaga, Gurutzeta, Isastegi, Olaizola, Sarasola, Zapiain eta Zelaia, guztiak gipuzkoarrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagardo denboraldia
"Ez da sagardoa, zu zara" kanpaina jarri du abian Hernanik, eraso matxista eta arrazisten aurka

Herriko zenbait eragilerekin batera, "ez da sagardoa, zu zara" lelopean aurkeztu du kanpaina asteartean Hernaniko Udalak.


2023-01-11 | ARGIA
Abian da txotx denboraldia

“Inflazio eta igoeren gainetik ilusioa eta pasioa elkartuta” aurkeztu du Euskal Sagardoak txotx denboraldia. Sektoreak “pozik” hasiko du sagardotegi garaia, bi urteren ondoren txotxetik dastatu ahal izango delako sagardo berria.


2021-01-20 | Usurbilgo Noaua
Sagardoa txotxetik mahaira, otsailean hasiko den denboraldi berrian

Urte garai honetarako dagoeneko sagardotegiek zaletuez gainezka behar zuten honez gero. Ilara luzeak edari berria dastatzeko irrikan. Jendetza mahaien bueltan, kupeletan. Pandemian gaude ordea eta halako irudirik ez da errepikatuko aurtengoan. Txotx denboraldi berria izan izango... [+]


Sagardo denboraldiaren irekiera

Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean... [+]


Eguneraketa berriak daude