Kutxabankek bere erabakia zuzendu behar du

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

BBK, Kutxa eta Vital-en fusio hotzetik sortutako Kutxabank finantza erakunde berriak urtarrilaren 1ean ekin zion bideari. Eta lehenengo urratsek eta neurriek erakusten dute gaizki ekin diola. Hasiera oso txarra izan du, ez duelako bera osatzen dutenen aniztasun politiko eta soziala errespetatu. Aniztasun hori exijitu beharko litzaioke, kolore politiko guztietako aurreztaileei erantzuten dielako, eta EAEko azken udal eta foru hauteskundeen datuei erreparatuz, erakundeen ordezkaritza funtsean aldatu delako. Ez da onargarria erakunde honen administrazio kontseilua soilik EAJ eta PPren kontrolpean geratu izana, “profesionalak” direla mila bider esan badute ere.

Gauzak horrela, logikoa da beste alderdi politikoek Kutxabank-en lehenengo neurri horiei erantzutea. Eta logikoa da ezker abertzalearen eta sindikatu abertzaleen aldetik pentsatzea erabaki horien atzean EAJ eta PPren akordio bat dagoela, erakunde berriari filosofia neoliberala ezartzeko. Enpresa txiki eta ertainentzako kredituak erraztu eta enplegu duina sustatzera (Hego Euskal Herrian ia 200.000 langabe daude) bideratutako neurriak izan beharrean, finantza espekulaziorako izatea berriz ere, alegia. Gogoan izan behar da, EAJren esku egon izan den Kutxa, higiezinen arloko operazio espekulatibo arriskutsuetan ibili zela, Mediterraneo aldean adibidez.

Espero dezagun erabaki tamalgarri horiek ez izatea norabide berean doazen beste batzuen aitzindari, Gizarte Ekintzari edo negoziazio kolektiboari eragingo lieketenak, esaterako. Kutxabank-ek bere langileei galdetu beharko lieke hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren inguruan, eta euren erabakia errespetatu beharko luke. Gizarte Ekintza mantentzeko bermea ere eman beharko luke Kutxabank-ek. Zuzendu eta konpromisoak betetzeko garaiz dabil. Eta oraintxe egin behar du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
Eguneraketa berriak daude