"Amnistiaz hitz egin behar da, kontzeptuan sakondu aldera"

  • Donostia, 1968. Antigua auzokoa da. Euskal preso politikoen abokatu ezaguna. Iragan urteetan bederatzi hilabete eman ditu preso, ETAko kide izatearen akusaziopean. Beraren aurkako karguek indarrean jarraitzen dutela adierazi digu. Hernaniko bulegoan hartu gaitu. 

"Prozesuan presoen kaleratzeaz eta iheslarien bueltatzeaz gain "“guztiena, ez parte bat geratuz iraganean bezala"“ funtsezkoa da gatazkaren erroei heltzea".Dani Blanco

Jon Enparantza abokatuarekin izandako solasaldiaren azken hitzak  dira honako hauek, etorkizun politiko hurbilaz galdetutakoan: “Ez dakit. Ikusteko dago gobernu berriaren jarrera. Mariano Rajoy  zuhur ari da. Itxuraz, modu sakonagoan hartu nahi du euskal afera. Gobernu berriak kristoren ‘pastela’ dauka: krisi ekonomikoa, estatua egokitu beharra... Ziur aski, diseinu politiko osoa prestatzen ari dira. Zein erabaki hartuko duten? Euskal gatazkari dagokionez, aurreko gobernuak baino baldintza hobeak ditu honek. Gobernu ohiaren praktika mugatua izan da oso: agian ezin izan du, baina nahia ere ez du agertu. Ausardiarik ez du izan PSOEk”.

Nolakoa da uneon, Espainiako Botere Judizialaren jarduera?

Azkeneko urte honetan gertaera politikoak abiadura handiz eman dira, baina gure eremuan –eremu edo botere judizialean– aldaketa positiborik ez da izan. Egoerak berdin jarraitzen du. Espainiako Botere Judizialaren abiapuntuan bere independentzia eskasa dago. Normalean, botere politikoak, botere exekutiboak, justizian presionatzen du. Espainia horren adibide garbiena da. Horrek ez du esan nahi beste estatuetan ematen ez denik, presio politikoa beti dago administrazio judizialaren aurrean. Espainian baina, euskal afera dela medio, arazoa areagotu egiten da. Espainian zuzenbide estatua dagoenik ezin da ukatu, baina berau demokratikoa denik oso kuestionatua da. Justizia administrazioaren abiapuntua eskasa da, estatu arrazoia nagusitzen denean, jarrera ez demokratikoa agerikoa da.   

Epaileen artean, justizia elkarteetan, ba al dago jarrera berririk aro berriaren aurrean?

Ez, edo gauza gutxi, tamalez. Zentzu horretan komeni da gogoratzea, Garzonek judizializatu zuen “dena ETA da” teoria polizialaren kontra epaile batzuk agertu zirela. 4. Sekzioko epaile hauek teoria horren kontrako erabaki judizial batzuk ere hartu zituzten. Auzitegi Nazionala bunker bat da, gotorleku bilakatu da. Finean, gaitz bat da. Batzuetan, botere eta administrazio judizialean ahots batzuk altxatu dira, baina  makinaria hori desaktibatzeko borondate politikoa beharko da. Hemendik aurrera, agian, ahots batzuk entzungo dira egoera politiko berria dela-eta.

Europako esparru judizialetan, berriz, jarrera berririk bai?

Momentuz han ere ez. ETAren azken su-eten iraunkorretik eta behin betiko su-etena bitartean, gobernu aldaketa garaia izan da. Gobernu berriak agian denbora behar du. Ziur aski, Espainiako egoera politikoa egonkortzen bada, jarrerak aldatuko dira nazioartean. Azken urteetan, Espainiako Gobernuaren kontrako erabaki judizial batzuk eman dira Estrasburgon. Baina, funtsean, hango justizia Espainiako botere politiko judizialarekin lerrokatu da. Pentsatu nahi dut, Aieteko Adierazpenak eragin politikoa izango duela.

Egoera politiko-judiziala desaktibatu daiteke? Nola?

Indargabetuz. Auzitegi Gorenak lehen aktibatu zuena kolpe batez desaktibatuz. Noski, ez da erraza, azken 30 urteetan zuzenbidearen teoria eta aplikazioa mutur-muturrera eraman dituzte, ikuspegi errepresiboaren mugaraino. Hain absurdua da, ezen, kasu batzuetan zigor osoa lehenago betetzen dela zigor kondizionala baino. Gure kasuan, egoera muturreko hori 73 presori aplikatu zaie. Horietatik 49 kondena amaituta, bahituta dituzte.

Parot doktrinaz ari zara.

Bai. Parot dokrinaz baino, Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrinaz. Kasu gehienetan, zigorra beteta eta kalera irteteko unean, presoei bezperan adierazten zaie doktrina aplikatuko zaiela. 20-25 urte bete ondoren, beste 10 urte gehitzen zaizkie. Hori oso larria da. Presoen kolektiboak jaso duen zigor gogorrena da. 2006an Auzitegi Konstituzionalak jarri zuen indarrean neurri hori de facto Loiolako prozesua pil-pilean zegoela. Bizi arteko zigorra da. Irizpide berri hori zuzenbidearen kontrakoa da guztiz. Noski kontestu politiko batean indarrean jarri zuten eta helburua bete dute. Eskandalu izugarria da, orain gutxi Auzitegi Konstituzionalak berak, nonbait interpelatua sentituta, “todavía es pronto para tratar el fondo” esan du!

Alegia...

Gu, abokatuok, testuinguru horretan ari gara, askatasun izapideak egiten. Baina hauek ez dira berriak. Baldintzapeko eskaerak aspaldikoak dira. 2003ko legea berritu ondoren, hainbeste zorroztu eta hain urrun eraman zutenez, zirrikiturik ez dago legea bera aplikatzeko, presoak baldintzapean ateratzeko damutu gabe. Baldintzapean ateratzeko, hirugarren graduan egon behar du presoak, denboraren hiru laurdenak beteta eta “jarrera ona” izan. “Buena conducta” delakoa aplikatzean, espetxe administrazioak arbitrarioki edo diskrezionalki jokatzen du. Zer ote da “buena conducta”? Izan ere, jarrera on horretan “responsabilidad civil, colaboración, repudio, perdón...” kontzeptuak sartu dituzte-eta.

 Preso gaixoen egoera berriz nola kudeatzen duzue uneon?

Berdin-berdin. Gatazka armatuak eragindako ibilbidean, makinaria errepresio juridikoa hainbeste garatu dutenez, preso gaixoekin ere berdin jokatu dute. Guk, legeak dioenari jarraikiz, presoaren baldintzapeko askatasuna eskatu ohi dugu. Espetxe sisteman badago irizpide bat: malgutasuna. Egoera ezberdinen aurrean modu ezberdinez aplikatzeko. Espetxe arinduarekin egin dute, askatasun kondizionala aplikatu ordez. Halere, askatasuna kondizionala ez emateko baldintza zorrotzak asmatu dituzte. Beraiek sortutako amaraun juridiko hori desegitea arazoa bilaka dakieke orain, edo aitzakia.

(...)

Gainera, preso gaixo larriez gain badago beste multzo handia. Adinez nagusiak dira, espetxe denbora luzea daramate. Preso batzuek 70 urte inguru dauzkate, 20 urte luze daramatzate barruan. Gaixo-gaixo izan gabe egoera larriak bizitakoak. Kolektiboarentzat premiazkoa da muturreko egoeran aurkitzen diren kideak kaleratzea. Eta horretara datoz, une politiko esanguratsu honetan azken hiletako ekimenak.   

Euskal Herrian batzeko eskaera egin du EPPK-ko preso bakoitzak. Zer iritzi duzu erabaki horretaz?

EPPK-k azken agirian dioenez, eztabaida prozesu bati heldu dio. Egoera politiko eta estrategia lantzeko erabakia hartu dute eurek ere. Askotan esan dute, Kolektiboak gatazka politikoaren parte eta ondorioa den heinean, presoek konponbide demokratikoaren parte aktiboa izan behar dutela. Bere kokapena berritu eta eguneratzeko asmoz ari dira. Kontestu horretan planteatu da eskaera orain, gaixo eta baldintzapean daudenen kaleratzea sustatzeko, Auzitegi Goreneko doktrina indargabetu aldera, baita Euskal Herrira presoak ekartzeko ere.

Artean, bi estatuen jazarpen jarrerak indarrean segitzen du.  

Ez da erraza hori eramatea, noski. Ezker abertzalearen erabakiak   astindu handia ekarri du politikagintzara. Euskal Herrian ematen ari diren urratsak barneratzea ez bada erraza, pentsa 1.000 kilometrora preso dagoen batentzat. Prozesu ezberdinak bizi izan ditugu lehenago ere, definizio edo diseinu ezberdinak izan dituzte. Oraingo honek aurreko bien jokabideak jasotzen ditu, oraingo prozesua aurrekoen esperientzien bidez ari da garatzen. Ezker abertzalea legez kanpo eta zokoratua izatetik ateratzen ari da. 10 urteren ondoren indar handiz plazaratu da. Itxaropenak handiak dira. Azken bisitetan harreman estua garatu dugu presoekin, eta  euren ilusioa eta interesa jaso ditugu. Baina, beste aldean ez dago ezer ordainean, alderantziz: egurra, euroaginduak, estradizioak, aurreko bi urteetan torturaren bidez izugarrizko sarraskiak egin dituzte. Errealitatea hori da, ilusioa bai, baina oinak lurrean dituzte presoek.

Bilbora deitutako euren aldeko manifestazioa kolosala izango omen da.

Lan handia egiten ari dira, leloak erakarrita hasteko. Manifestazioak eragile politikoak mugiarazi behar ditu gobernuetan eragiteko. Ez da testimonio hutsean geratu behar, presio eraginkorra garatu behar da.

Ez zaitut oso baikor ikusten.

Bai. Optimista naiz. Garai politikoa indartsua da. Azken hauteskundetako emaitzak prozesua bultzatzeko lagungarriak izan dira. Indarren berreskuratze modukoa izan da. Indarrak batu behar dira beste aldea mugiarazteko. Prozesuaren diseinua aldebakarrekoa da hastapenetik, beraz, beste aldea behartu behar duzu presoen gaian nahiz auzi politikoan bere jarrera alda dezan. Estatuen borondate ezak hautu estrategikoa blokeatu ez dezan. Aurreko prozesu politikoetatik desberdintasuna ere presoen auziaren kokapenean dago. Ezker abertzaleak lehen planoan jarri du presoen gaia. Orain arte bestelakoa izan da, agian presoen gaiak gai politikoa desitxuratzen zuelako. Une honetan, bi planoak jarri dira mahai gainean, presoen gaian urratsak eman ahala bestea elikatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Idoia Mendia eledunak, presoek eragindako mina aitortu behar dutela esan du.

Garbiago hitz egin beharko luke. Zein da presoek sortu duten mina? Nori? ETAri buruz ari da?  

Presoak ETAkoak direla esan du.

Eztabaida interesgarria da. Horren bueltan ari dira. ETAk kalteak sortu dituela ez dago dudarik. ETAk berak onartu du hori beti, eta ardura politikoa ere bere gain hartu du, bere helburuetan asmatu duenean eta asmatu ez duenean. Eta gogor ordaintzen ari dira ETAkideak, beste aldeak ez bezala, egindako krimen guztiengatik. Preso asko dago ez dena ETAkoa. Zer kalte egin diete presoek gizarteari? Alderantziz galdetu daiteke: presoei zer kalte sortu zaie oraingo legedia aplikatutakoan? Dispertsiotik hasita. Espetxe politikak hildako ugari utzi dizkio euskal gizarteari, horretaz ari ote zen Mendia? Eta erantzukizunak?

Gernikako adierazpenean amnistia aipatzen da. Nola ulertu behar da Amnistia gaur egun, zure ustez?

Gaia interesgarria da guretzat ere, denontzat. Batzuetan ez dugu asmatzen hitzen erabilpenean.  1977an Amnistia Legea aplikatu zenetik denbora asko pasa da. Esan dezagun ENAMek ez zuela ontzat eman amnistia, indultu moduko bat izan zen, barkamena. Gauden egoerara iritsi gara. Amnistia etimologikoki amnesia da, ahanztura. Baina egia da ere, hitzak berak bilakabide bat izan duela, finean, amnistia kontzeptu juridiko politikoa da guretzat. Ezker abertzaleak 30 urte luzeko ibilbidea dauka. 1977ko esperientzia hor dago. Orain, egoera politikoa aldatu denean, berriro ere, egokitasun handiz mahairatu da amnistia kontzeptua. Legean ez dela jasotzen? Lehen ezta ere eta  ad hoc sortu zuten. Autodeterminazioa ere ez da jasotzen. Beste gauza bat  da, berau nola gauzatu. Zertaz ari gara amnistiari buruz hitz egiten ari garenean? Amnistiaz hitz egin behar da, kontzeptuan sakondu aldera.

Sakabanaketarekin amaitzea lagungarria litzateke horretarako, noski.

Bai. Eztabaida abiatu da, baina errazagoa litzateke presoak batuta baleude, baldintzak ezberdinak lirateke. Hor dago koska. Erabakiak hartzeko orduan, presoek baldintza egokian egon beharko lukete.

Badago aurrera egitea, hortaz.

Bai. Noski, ezker abertzaleak presoak kaleratzeaz gain, beste osagai bat beharrezkoa dela esan izan du beti. Hau da, gatazka sortu duten arrazoiak gainditu behar direla. Bestela, 1977an gertatua errepikatu daiteke. Amnistia indultu soilean geratzen bada, ez badira baldintza demokratikoak garatzen gatazka politikoak jarraituko du. Hori errepikatu ez dadin, arazo politikoari heldu behar zaio. Presoak kaleratzearekin hustu egiten da arazoaren partea. Nahikoa al litzateke? Prozesuan presoen kaleratzeaz eta iheslarien bueltatzeaz gain –guztiena, eta ez parte bat itzuli gabe geratuz iraganean bezala– gatazkaren erroei heltzea funtsezkoa da, bestela, gure buruari kalte egingo genioke, guztion kalterako litzateke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EPPK
2023-04-17 | ARGIA
EPPK-k berretsi du "denen sufrimendua" amaitzeko urratsak emateko prest dagoela

Apirilaren 17an Preso Politikoen Nazioarteko eguna dela eta, agiri bat kaleratu du kolektiboak, eta gogorarazi du urruntze eta sakabanaketa politika bukatu izana “luzaz itxarondako albistea” zela.


2020-07-03 | ARGIA
Marixol Iparragirreren askatasuna aldarrikatu dute bere aurkako epaiketaren aurrean

Uztailaren 8an eta 9an egingo da espainieratu zutenetik izango duen lehenbiziko epaiketa. Marixol Askatu ekimenak Iparragirreren askatasuna aldarrikatu du, egungo ziklo politikoan “epaiketa oro soberan” dagoela esanez.


2020-05-30 | ARGIA
EPPK: "Patxi Ruizen muturreko erabakiaren aurrean sektore jakin batek izan duen jokabidea oso larria da"

"Aipatu sektore horrek, EPPKko kide, EH Bildu, Etxerat, Sare eta Sorturi erasotzeko baliatu nahi izan du egoera hau guztia, Patxiren egoera konpontzeko ezer ez egitea egotziz eta, areago dena, egoera orokorraren errua ere leporatuz", dio Euskal Preso Politikoen... [+]


2019-07-08 | Hala Bedi
Jose Angel Ochoa de Eribe baldintzapean aske geratu da

Urkabustaizko bizilagunak gaixotasun larria du.


2019-04-17 | ARGIA
EPPK-k "beharrezkoak diren ekarpenak" egiten segituko duela berretsi du

EPPK-k  agiri berria plazaratu du Preso Politikoen Nazioarteko Egunean. Egoera “gordina” dela adierazi du, baina ez duela “atzera” eginen erran du ere.


Eguneraketa berriak daude