"ETA oker dago gatazka politikoa ahaztuko dugula uste badu, EAJk ez du ahaztuko"

  • Beasain, 1965. Informazio Zientzietan lizentziatua eta Europar Zuzenbidean diplomatua. EAJko GBBko kidea eta EAEko legebiltzarkidea. Asteasun zinegotzia da. Bertan bizi da. Urte zaharra bukatzear elkarrizketatu genuen, ETAren agiria edozein unetan iritsi zitekeelakoan.

Luke Uribe-Etxebarria
Dani Blanco

ETAren agiria egonarriz itxaron du jendarteak. Egoerak elkarrizketa hau egiterakoan eragina du. Nola ikusten duzu zuk egungo egoera politikoa?


ETAk badaki bere jarrera argitu behar duela lehenbailehen. Gernikako agiriaren eta Bruselako adierazpenaren sinatzaileek hori eskatu zioten, ETAk hori adierazi zuen azken agirian. Beraz, agiria etorriko da, ziur. Egoera hau bizi izan dugu lehen. Urtarrilerako zela esaten zen eta irailean heldu zen. Udan gertatu zen bezala orain, inportantea etortzea da. Noski, inportanteena agiriaren edukia da.
 

Nolako agiria espero duzu zuk?


Biolentziaren estrategia behin betiko lurperatuko duena. Baina, errealista izanda, inportanteena abian den prozesua atzera buelta ez izatea da, hau da, iraileko agirian ETAk hartu zuen bideak atzera bueltarik ez izatea. Prozesu hau ezberdina da, ETAri gelditzeko eskatzen diona ezker abertzalea baita. Orain arte gizarteari entzungor egin dio, baina ez dut uste ezker abertzaleko jendeari bizkarra emango dionik.


Artean, Paris inguruan izan zen nortasun agirien lapurreta egotzi diote ETAri. Nola baloratzen duzu hori?


Puntu beltz bat bezala. Espero dezagun ETAk ukatu ez duen hornidura alorrera mugatu izatea. Noski, erakunde armatu bat hornitzen denean zertarako den galdetu behar diogu gure buruari. Atentatuak egiteko bada, gaizki. ETA militarrak su-etenak iragarri dituenean ez du inoiz aho batez hartu, orduan, baliteke, talde batzuek hori ez onartzea. Geroak esango du.
 

Horiek horrela, Rubalcakak nola balora dezake ETAren agiri berria?


Rubalcaba eta Madrilgo Gobernua oso kontzienteak dira ezker abertzalea ematen ari den pausoen garrantziaz. Beren iturriak dituzte, ezker abertzalea kezkatua ikusten dute egin duen apustuaren aurrean. Baina Moncloan oso gogoan daukate Barajasko aireportuaren T-4an gertatu zena. Zapaterok inozoarena egin zuen bezperan. Hori gobernuburu batek ez du erraz ahazten.


Otegik ETA biolentzia uzteko prest dagoela esan du bien bitartean.


Hori ETAk berak esan zuen irailean. Otegiren hitzak testuinguru horretan hartu behar dira. Osagai inportantea da. Ezker abertzalearen prozesua aldebakarrekoa dela baieztatzen duena, hau da, ez dio beste eragileei –Espainiako Gobernuari bereziki– trukean ezer eskatzen.


Bake edo normalizazio prozesuan bagina bezala hitz egiten duzu. Hala al da?


Bai. Inoiz ez gara hutsetik abiatzen. Halere, ez dezagun ahaztu Brian Currinek esandakoa: ETAren kezka hauxe da: berea bukatzen den bitartean, bakegintza lantzen den bitartean –presoen eta biktimen arazoa konpondu bitartean– normalizazio politikoa etenda geratzea. ETArentzat, 50 urteren ondoren, ordainetan “legalizazioa” besterik ez jasotzea drama da. ETAk normalizazio politikoa ekarriko duen alderdien arteko mahaia nahi du gutxienez.
 

EAJk zer dio horren aurrean?


Guk ibilbide bat daukagu, ez gara hutsetik hasiko. Hor daude Lizarra-Garaziko Akordioa, Estatutu Berria, Kontsulta [Ibarretxe lehendakari zenekoa], Loiolako Adierazpena... EAJk normalizazio politikoari ekingo dio ETA izan edo ez izan, Euskadiren eta Espainiaren artean gatazka politikoa egon baitago, ETA bera jaio aurretik zegoena. Guk ETAri hau esaten diogu: kontuz, zu ez zara alderdien mahaiaren zaindaria, elkarrizketak doazen arabera bueltatzearekin mehatxatuko duena. ETAk gatazka politikoa ahaztuko dugula uste badu, oker dago, jakin dezan EAJk ez duela ahaztuko.


Ezker abertzalea maiatzeko hauteskundeetan egoteko modua ikusten duzu?


Oraingo koiunturari begiratzen badiogu, ezker abertzaleak bere time dauka: ETAren agiriak eta alderdi berriaren estatutu berriak baldintzatua. Ezker abertzaleak “ETAren agiririk ez badago, guk ez ditugu estatutu berriak aurkeztuko” esatea zeukan, baina jarrera hori baztertu du. Hauteskundeetan egon nahi duela esan du. Hartara, ezin izango da zalantzan jarri beren estatutuen izaera erabat demokratikoa denik. Estatuko botere judizialek lanak izango dituzte juridikoki eta formalki berauek atzera botatzeko.
 

Orain arte hori egin dute.


Bai, baina, ezker abertzalearen oraingo jarrera ez da lehengoa. Ezker abertzalea ETAren ekintzaren aurka agertzeko prest dago, alderdi berriaren estatutuetan esplizituki idatzita. Eta beste arlo bat ere dago, politikoa...


Ezker abertzalea legez kanpo uzteko erabaki politikoak hartu izan direla esan nahi nuen. Edo ez?


Bai. ETAk A edo B esan arren, ezker abertzaleak eskubide osoa duela hauteskundeetan egoteko esan nahi dut. Baldin eta ezker abertzaleak dioena gauzatzen badu, eskubide osoa dauka, tatxarik gabeko estatutuak izango baitira. Nik arlo politikoa aipatzean, Moncloan dauden mesfidantzarekin eta kalkulu elektoralarekin lotu ditut. PSOE egoera larrian dago maiatzeko hauteskundeen aurrean. Egoera ekonomikoa dela-eta PP gogorki ari da eta Zapatero kili-kolo dago. Ez bakarrik hori, autonomia erkidegoko presidenteek eta hiri askotako alkateek presio garbia egingo dute Zapaterorengan: “Nahiko ate itxita daukagu, saiatu bakearen atea irekitzen” esango diote.
 

Euskal politika besterik da, ordea.


Euskadiri begira, politikoki, kurioski, Patxi Lopezi ez zaio komeni ezker abertzalea presente egotea, kontraesan handiak dauzka PSOEk. Euskadirentzako ona dena Patxi Lopezentzat kaltegarria bada, horrek esan nahi du PSEk arazo handia daukala. Ageri da gehiengo soziala ez dagoela bere atzean.
 

Zer iritzi duzu Eusko Jaurlaritzak azken bi urteotan egindako politikaz?


Gobernu honek hanka motz hasi zuen bere ibilbidea eta hanka motz bukatuko du. Nuñez Freijo galiziarrak “hautestontzien kontra osatzen diren gobernuak hautestontzietan amaitzen dira” esan zuen Galiziari zegokionez, eta esaldi hori aproposa da hemengoa ulertzeko. PPk erabat baldintzatzen du Patxi Lopezen gobernuaren jarduera.
 

Horiek horrela, EAJ abstenitu da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen bozketan. Zergatik ez kontra?


Guk emendakin kopuru dezente aurkeztu genuen. Gobernuak eta ekonomia sailburuak gure emendakinak oso ondo landuak zeudela onartu zuten. Horiek horrela ere, Patxi Lopezen gobernuak hiru emendakin onartu dizkigu soilik, horietako bat teknikoa; guztira 80.000 euroko balorea duten hiru emendakin izan dira. Probokazioa izan da. Gobernu sozialistari halere, komeni zitzaion guk kontrako botoa ematea. Batzuetan arerioarengandik probokazioa gomendio bezala hartu behar da. Gainera, gure jarreran enplegu politikaren eskumenak eragin du, gure ekimenen ondorioz etorri dena. Horregatik abstenitu egin gara.


Madrilgo gobernuarekin sinatutako akordioak ere eragiten du horretan.


Ez.
 

Han aurrekontuen alde egin zenuten, hemen, berriz, abstenitu zarete.


Madrilen bi arrazoi izan dira: eskumen batzuk lortu dira, eta falta diren bestetzuk gauzatzeko programa ere landu dugu, inbertsioak tarteko. Baina, bake eta normalizazio politikaren gaia ere mahai gainean egon da. Oso puntu garrantzizkoa, benetan.
 

Hori ez duzue modu esplizituan esan.


Gure adierazpen publikoetan esan dugu, baina ez dago inolako paperik. Aznarren garaian nahiz Zapatareroren aurreko gobernuekin EAJ prest azaldu zen bide hori urratzeko, eta orain ere bai. Madrilgo azken elkarrizketan bake eta normalizazio gaia egon da mahai gainean. Puntu hori izan da elkarrizketen arrazoietako bat, eta ezker abertzaleak hori eskertu du. Ezker abertzaleari interesatzen baitzaio Zapaterok jarraitzea. Raxoik irabaziko balu, eta areago gehiengo osoarekin, prozesuak etenaldi bat izan dezakeelako. Ezker abertzaleak ez du publikoki hori horrela esaten, baina eskertzen du Zapateroekin akordatu duguna.


Zein dira Madrilen, programan landu dituzuen beste eskumenak?


2011ko lehendabiziko sei hilabetetan eskumen batzuk transferituak izango dira, eta bigarren seihilekoan bestetzuk. Horien artean inportanteena Gizarte Segurantzaren kutxaren kudeaketa da.
 

Ramon Jauregik hori ematea independentziarako bidea zabaltzea zela esan zuen garai batean.


Beharbada. Baina ezin dezakegu halako jarrera politikorik onartu. Baldin eta Gernikako Estatutua paktua bada, ezin dugu onartu bi aldeen artean adostutako itun bati buruzko halako posizio politikorik. Ituna bada, bete behar da. Bestela, Justizia ministro ohi Fernando Ledesmak esaten zuena bermatuko dugu: “Gernikako Estatutua urruti joan zen”, esan zuen. Ezin da hori onartu. Hori da, besteak beste, azken hamar urteetan Euskadiren eta Espainiaren artean beste harreman marko bat behar dugula baieztatzen duena. Eta hori lantzen ari gara, garantia guztiekin gauzatu dadin.
 

Bestalde, Zer azpimarratu zenuke Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu buru Markel Olanoren lanetan?


Markel Olanok egoera zailean hasi zuen agintaldia. Dena den, hiru ideia nagusi hauek ezarri zituen mahai gainean: elkarlanerako kultura politiko berri bat, indarrak metatu eta krisi ekonomikoari aurre egitea. Ideia horiek harturik aurrerapauso oso nabarmenak eman ditu.

Krisi ekonomikoari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen finantzak txukun behar ziren, eta zor maila oso txukunki kontrolatua izan da. Aldundiak enpresen eta ekonomiaren sektoreak dituen ahalmenak sustatu eta bultzatu ditu, kohesio soziala ahaztu gabe. Askotan esaten baita, goazen aberastasunak sortzera gero banatzeko. Ez. Paradigma beste bat da. Aberastasuna sortzen ari garen unean, berau sozialak izan behar du, ez gerora begira, momentuari begira baizik.

Halaber, Aldundiak parte-hartze eta kultura politiko berriaren arloan adostasun handiak lortu ditu Gipuzkoako eragile ekonomiko zein kulturalekin. Parte-hartzeari dagokionez aurrepausoak eman ditu arau foralaren ildoan, hau da, hiritarrek ez bakar-bakarrik lau urtero parte hartuz hauteskundeen bitartez, baizik eta beste bide batzuk ere zabaldu ditu azken hiru urteetan. Inkestek horren balorazio txukuna eman diote.

Gipuzkoan izan diren ustelkeria kasuak bideratuak izan al dira? Irungo Ogasun Foralekoa... besteak beste...
Bai, uste dut bideratu direla... Arlo judizialak hor dihardu, eta politikoki Batzar Nagusiek ardura politikoak zuritu zituzten. Egoera politiko larriena 2007ko maiatzean izan zen, Markel Olano diputatua hautatu izan zen unean. Baina, harrezkero politikoki bere jarduera eta informazioa zabalagoa da lehenago izan zena baino. Jendeak gero eta gehiago ezagutzen du diputatu nagusia, eta ondo baloratzen du.
 

Gobernuak aurrekontuak aurrera atera ditu, H1!en laguntzaz. Aldiz, Aralarrek aurrekontu antisozialenak direla kritikatu du, baita EBk ere. PSE eta PP, aldiz, abstenitu dira.


PSEren eta PPren jarrerak ulergarriak dira, hau da, ez dute jokalekutik kanpo geratu nahi izan. PP eta PSE, berezitasunak berezitasun, EAJren posizioetara etorri dira. Gogoratu, besteak beste, PPk osoko zuzenketa aurkeztu zuela lehenengo unean, eta laster erretiratu zuela. Gero abstenitu zen.

Aralarren eta EBren kritikak, ezkerreko alderdiak izaki, zilegiak dira. Baina aurrekontuen zifrak eta ematen diren zerbitzuak kontuan izanda, alor soziala babesten ari gara. EAJrentzat, alor horrek lehentasuna dauka betidanik, hasieran aipatutako filosofiaren ildoan, hau da, ezin dira aberastasunak nolanahi sortu, arlo sozialean eta gizarte osoan eragingo badute.


Ezkertiarrek ez dute hala ere hala ikusten...

Eta zilegia da, berriz diot, baina alor sozialean aurrerapauso handia eman dira, alde kualitatiboan nahiz alde kuantitatiboan. Aurrekontuek %25 gora egin dute.
 

Maiatzeko hauteskundeetan bakarrik aurkeztuko zarete, edo H1!ekin. Nola baloratzen duzu H1!? Zer da fenomeno hau zuretzat Gipuzkoan?

Lehenik, guk H1! errespetuz hartu dugu. Dena den, gure iritzia helarazi genien ez bakarrik Gipuzkoan, Euskadi mailan ere bai. Alderdi politiko bat sortuz gero ez zituztela alderdien arteko harremanak erraztuko esan genien. Batez ere, ez baitakigu EH1!ek gizartean zer-nolako pisua daukan. Ondorioz, hori ez dakigunez, oso zaila zaigu guri koalizio klasiko bat egitea. Bigarrenik, oso zaila zaigu guri, abertzaletasunaren espektroan koalizio bat eginda, alderdi politiko berri bati “egiaztagutuna” ematea. Nahiko alderdi dago, nahiko zaituta dago espektroa, eta ez dugu baikor ikusten beste alderdi politiko bat sortzea. Alegia, beste alderdi politiko bat gehiago izateak ez du abertzaletasunaren alorra sendotuko.
 

Datozen hauteskundeetan ezker abertzaleak parte hartuko balu, demagun EArekin batera plataforman, nola eragingo luke Gipuzkoako gobernagarritasunean? EAJk nola hartuko luke hori?

Errespetuz hasteko, hori horrela izatea erabat zilegia da-eta. EAren ibilbidea aztertuta, normaltzat har daiteke plataforma edo koalizio hori osatzea. Gure ustez, ordea, EAren ohiko hautesleria guregana etorri da dagoeneko. Eta ez naiz oker, soziologikoki hori aztertu dugu. Ezin dugu hartu EAk 2007an lortu zituen emaitzak eta batu ezker abertzaleak lor dezakeen boto kopuruarekin sinpleki.

Guk Gipuzkoan irabaziko dugula uste dugu eta guretzat, inportanteena ez da beharbada, ezker abertzaleak eta EAk egin dezaketena, hemen PP eta PSE direlako arerio politikoak. Eta hauek, dudarik gabe, Eusko Legebiltzarrean egin zutena egingo dute ere Gipuzkoan boto-zenbakiek aukera ematen badiete. Horri aurre egin behar zaio, eta euren estrategiari aurre egiteko guk gure posizioa sendo ikusten dugu.
 

EAren oinarri soziala bereganatu du EAJk, H1!-ren bidez?

Ez, zuzenean.

"PSEk eta PPk Euskadiren errealitatea Espainiaren errealitatearen parte bezala agertu nahi dute"

Iragan abenduan Jose Antonio Pastorrek EITBren egoerari buruzko ikuspuntua eman zigun, eginen al diguzu zuk zuek zurea?


Arloz arlo ekinen diot: alde batetik, alderdi politiko baten karneta ez izateak ez du bermatzen agerkari publiko bat independentea izatea. Beste modu batez esanda, zuk alderdi politiko baten karneta izan dezakezu, eta lan profesional oso txukuna egin dezakezu. Hori gure alderdiak frogatu zuen Jaurlaritzan izan zen urte guztietan.

Beste aldetik, EITBren balantzea atera da orain gutxi: ETB2k lau puntu galdu ditu 2010ean. Ikuslegoari dagokionez: %30. ETB1ek puntu bat galdu du, ikuslegoaren %11. FORTA barruan gehien jaitsi den telebista da. Beste datu bat: 2009n batez besteko FORTAren mailan bukatu zuen ETBk. Orain askoz beherago dago: ETB2k ikusleen %9,4a dauka, %2,2 ETB1ek. Bigarren honen ehunekoa 3,2tik 2,2ra jaitsi da.

Beraz, gobernu honen kudeaketa ez da ona izan.

Bestalde, zentzu demokratikoa faltan botatzen dut. Izan ere, oraingo gobernuak ez du egiten duen kudeaketaz arduratu nahi, eta ondorioz, kulpak beste guztiei botatzen dizkigu, errudunak bila ari dira, eta gainera ez dute beren jarduera kontrolatzen.
Halaber, PSEk eta PPk EITB politizatu dute. Beraien ituna egin zutenean EITBren ildo editoriala sakonki aldatu behar zutela sinatu zuten. EITB aldaketaren tresna bihurtu nahi izan dute, aldaketa helarazteko tresna nagusia.

Zertan datza hori?


Bat: PSEk eta PPk Euskadiren errealitatea Espainiaren errealitatearen parte bezala agertu nahi dute. Hau da: Espainiaren errealitatea euskaldunon errealitatea da eurentzat. Hori da euren ildo nagusia. Errealitatea hori ez dute ongi bereizten, baina egoera sozialak oso ezberdinak dira, esaterako, egoera ekonomikoa hasteko. Ez dute bereizten Espainiaren egoera, ez EAEko egoera ez Euskal Herriarena orobat.

Bi: normalizazioaren izenean, hemen gatazka politikoa dagoela ezkutatu nahi dute edo hori horrela irudikatu. Horregatik egon da EITBko informatiboetan despolitizazio bat. Teleberriak ikusten baditugu, politika arloko gaiak 17-18 minututik aurrera jorratzen dituzte, mespretxu puntu batez gainera.

Hori Patxi Lopezen nahiz PPren politikaren muina da. Gobernu hori ez zuten osatu ETAren kontra borrokatzeko, ez. ETAren eta ezker abertzalearen kontra borrokatzeko, 2007an, Alderdi Politikoen legea egin zenean hasi ziren. Ondoren, EAJ eta Ibarretxe lehendakari erditik kendu nahi izan zuten. Hori Zapaterok berak aitortu zuen 2009ko maiatzean, Espainiako Kongresuan Josu Erkoreka diputatuari emandako erantzun batean.

Izan ere, jakin bazekiten ETA ez zela gai, Estatua kili-kolo jartzeko, Ibarretxek bai ordea. Ibarretxe kendu zuten, eta hortik dator beren lelo hau: “ETA bukatu ondoren, gatazka politikoa desagertu da”. Baina, guk gure ibilbidea daukagu, hemen gatazka politikoa dago eta ekin behar zaio, ETArekin edo ETA gabe.

ASTEKARIA
2011ko urtarrilaren 16a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude