"Hizkuntzarekin gozatzea ahantzi zaigu bidean"

Miren Intxausti
Miren Intxausti
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ia berrogei urte irakasten. Zein da zure bilana?


Irakatsi baino gehiago, ikasi egin dudala iruditzen zait; eman dudana baino gehiago zor dudala, eta benetan diot. Interes minimo bat, gogo minimo bat duenak ikasi egiten du eta niri gauzak jakiteko grina pasatu didate ikasleek. Kontabilitate orokorra eginda, zorte izugarria dudala iruditzen zait.

Nork irakatsi dio irakasleari? Zer edo nor izan duzu etsenplu?


Donibane Lohizuneko ikastolan –eta Hendaiakoan azken bi urteetan– lankide izan ditudan gehienak etsenplutzat ditut, arlo jakinen batean apartak izateaz gain, haien dohainak ondokoei pasatzeko grazia hori badutelako. Baina guztien gainetik ezer jartzekotan, ikasle integratuak aipatuko nituzke. Horiei esker, eskolan zailtasunak dituztenekiko begirada aldatu egin zait guztiz.
Bestalde, pena da baina ofizioan eman ditudan urte mordoan oso gutxitan izan dut besteen lana ikusteko aukera, gure irakaskuntza horrelakoa izan baita. Irakasleak gure gelan bizi gara. Beharbada besteren batekin prestatuko dituzu lanak, baina gero zure gelan sartu, atea itxi eta bakarrik gelditzen zara. Azken bi urtez aritu naizen bezala, gela beste irakasle batekin konpartitzea, hori benetan mundiala da.

Zer egiten da ateak itxi eta zure mundu horretan gauzak nahi den bezala ez doazenean?


Bakoitza den bezalakoa agertzen da horrelakoetan. Eta normalean, txarretik gehiago ateratzen da. Frustrazioa, tristura sentitzen da… ikasleei barkamena eskatzea ere egokitzen da zenbaitetan. Gero, autokritika, eta azkenean, ez dakit nondik nora, argiren bat pizten da, eta ilusioak harrapatuta, beste bideren bati ekiten diozu ia konturatu gabe.

Zein izan duzu erronka nagusia, zure buruari helburutzat jarri izan diozuna?


Gu, irakasleak, ikastola osoa, etengabeko kontraesanean bizi izan garela iruditzen zait.

Jende askorentzat garrantzi handirik ez duen zerbait garatu nahi izan dugu: euskara, herria, euskal kultura, euskalduntasuna... Jakina, konbentzituak beti izan dira, baina gainerakoentzat arazoa zen. Haurrak irakurtzen eta idazten ikasi ote zuen, matematika maila gainditu duen, frantsesa ikasten ari den edo jakin badakien, hori da espero dena, axola duena. Eta guk irakasleok ere horixe bera indartu dugu, ez genekielako gure egitekoa nola burutu. Harrapatuak izan gara eta azkenean euskarak garrantzi soziala, prestijioa, galdu du apurka. Euskal kultura goratzea edo ‘euskaldunak gara eta hau egingo dugu euskaldunak garelako’ bezalako diskurtsoak ezin dira, antza, aipatu ere egin. Berdin aterako zaizu bakarren bat esanez mintzeko puntua dela. Ez gara gure herriaz, gure historiaz gogoz, indarrez, ilusioz eta prestijioz mintzatzen. Eta era berean, gero eta kezkatuago agertu izan gara beti, ikasleak geroz eta gutxiago mintzatzen direlako euskaraz. Zurrunbilo hori nire buruan argitzen eman ditut azken urteak.
Bestalde, beti pentsatu izan da haurrek, ikastolara eramanda, salbatu egingo zutela euskara. Hori gezur handia da, hemen eta Euskal Herri osoan. Ikasleek ez dute nagusia kopiatu besterik egiten. Euskara salbatu behar bada, nagusiei egotzi behar zaie ardura hori, euskaldundu egin behar dira. Euskal Herriko eskola izateko bokazioa duen eskola orok integratzailea izan behar du. Alegia, haur eta gurasoen integratzaile.

Zer izan da zailena?


Irakaskuntza ez da ‘zer’, baizik eta ‘nola’. Haurrei edozer irakats dakieke nola hori zaintzen bada. Eta nire ustez, ezagutzaren kooperatiba da ‘nola’ edo gakoa.

Ikasleek ondotxo dakite gelan nork egiten duen euskaraz hobekien, nor den matematiketan ona, nor den korrikalari azkarrena, marrazki politenak nork egiten dituen... Konparatzea ona da, nahiz eta urte batzuetan horren kontra aritu garen. Konparaketa ikasketaren oinarria da. Kontua da irakasleak nola gestionatzen duen hori, konparaketa nola egiten den. Hori da kooperazioa. Alegia, irakaslea ez da dakien bakarra, eta hori ulertzen denean eta nork zer dakien detektatzen denean, kooperatiba egitea. Gakoa laguntzea da, konfiantza ematea, beti talde handian ez aritzea. Hona denok etortzen gara ikastera eta irakastera.
Horixe da zailena. Gu zaharrak gara, mahaian jarri eta erakustekoak izan gara gu, baina badira benetako artistak. Oso berandu konturatu nintzen beste era horretan lan egin behar dela, talde txikitan aritu behar dela, eta ez dela horrenbeste galdetu behar, eginaraztea eta mugiaraztea dela kontua... Helburua laguntzea da. Ikaslea pertsona nagusi bezala errespetatzea dago horren oinarrian.

Zenbat denbora galdu dugun, zenbat beldur izan den horren atzean.

Zerk merezi zuen arreta gutxiago, zerk gehiago... Zer aldatuko zenuke irakaskuntzan?


Hizkuntzarekin gozatzea ahantzi zaigu bidean. Olerkiak errezitatzea, abestea, ondo pasatzea, txisteak kontatzea, barre egitea... Hori guztia bukatu da, ahozkoa gero eta gutxiago lantzen da, eta egiten denean mugimendu guztiz kalkulatua izaten da.
Gaiei dagokienez, iruditzen zait oker gabiltzala. Denbora gehiago eskaini beharko genioke gure gorputza ezagutzeari eta zaintzeari, pertsonari, harremanei, elkar laguntzeari. Jakina, inguruneaz ikasi beharko genuke, erreziklatzen, natura ezagutzen eta zaintzen, baina eginez. Orain hizkuntzak dira moda, eta komunikazioa: Internet, ordenagailua...

Euskararekiko eta ikastolekiko jarrerari dagokienez, zer aldatu da berrogei urteotan?


Lehen bagenuen proiektu bat, eta hori dela medio, enfrentatuta bizi ginen proiektua genuenak eta gainerakoak. Atzetik heldu direnak epelagoak izan dira. Beldurrez etorri dira eta hasierako zera hori leundu egin da, egoera hori desagertu egin da. Orain ez dakigu zergatik etortzen diren ikastolara. Esaten zaigunez, talde txikiagoak direlako izan liteke, edo haurrak ongi segituak eta ongi zainduak direlako... Eta euskaragatik ere bai. Beraz, euskara ez da beti ardatz nagusi eta bakarra. Euskara zerbait gehi da. Ingelesa sartuko balitz, gehiago etorriko lirateke, ingelesa ere gehi delako. Horrela bizi dute. Herri eskola egin behar dugula, herrigintzan ari garela, proiektu bat behar dela sinesten duenik gutxi da. Edo beharbada badute eta ez dute esaten, euskaldun agertzea ez delako une honetan oso salgarri.

Gero, hainbeste jende abertzale eta euskaldun etorri da Hegoaldetik Hendaiara, eta harrituta uzten naute, horietariko askok euren haurrak eskola frantsesean sartu dituztelako, ez dituztelako ikastolara ekarri. Horrek zer esan nahi du? Ez dugu geurea baloratzen, bestea da beti inportantea, kasu honetan frantsesa. Han oso euskaldunak beharbada, baina begira zer hautu egin duten hona etorrita, haurraren plastizitatearen izenean. Euskara ez da inportantea, ez duguna baloratuz bizi gara euskaldunak.

Gainera, guretzat helburua ez da euskara bakarrik izan, baizik eta euskaraz ikastea, euskal eskola egitea. Guk euskal eskola gure seme-alabekin egin dugu eta denen artean, elkartasunean. Hori da nire harrotasuna. Orain lekukoa pasatzen dut, baina ez bakarrik euskararena, baizik eta Iparraldean euskal eskola eraikitzearena.


Seaskako gurasoei militantzia eskatzen zaie eta parte aktibo izatea. Hortan ere aldatuko ziren gauzak.


Parte hartzea geroz eta eskasagoa dela esaten dute denek, talde guztiek, jendea geroz eta gutxiago inplikatzen dela, baina nik sekula baino talde gehiago ikusten dut. Lehen, Seaskak antolatzen zituen kantaldiak edo jaialdiak ia bakarrak ziren. Gaurko panoraman ez dago Seaska bakarrik, AEK ere hor dago, eta bertsolariak, herriko taldeak... Ez dakit zer esan, Seaskan parte ez hartzeak ez du esan nahi inon parte hartzen ez denik.

Halere, guraso guztiak animatzen ditut, eta ez lan egitera deitzen dituztenean bakarrik. Ardurak hartzera animatzen ditut. Ardura bat hartzeak ilusioa dakar, aurre egitea; eman eta ikastea esan nahi du.


Haurren nahiz gurasoen euskara mailaz eta erabileraz, zer eboluzio ikusten duzu?


Geletan haurren artean geroz eta erdaldun gehiago dago. Ikasleak erdaldunak badira, gurasoak ere bai, bat edo bestea, zeren eta bietako bat euskalduna ez bada, euskaldunak bestearen hizkuntzan egiten du normalean.

Bestalde, guraso alfabetatuak datoz, lehen ez ziren. Hala ere, nire inpresioa da euskal produktuak ez direla kontsumitzen, helduek ez dituztela kontsumitzen, eta produktuak diodanean, irratia, telebista, aldizkariak ere barne hartzen ditut. Euskal kantak ere izugarri jeitsi direla iruditzen zait. Irratian bertan ere. Paisaia hori geroz eta erdaldunagoa da. Irakasleok (eta gurasook) ez badugu gure produktuetan, gure gauzetan sinesten, edo ikasleek behintzat horien orbitan irudikatzen ez bagaituzte, zer nahi duzu egitea haurrek?

Oso zaila ikusten dut euskararen geroa. Eskolari esker, euskararen ezagutza gero eta handiagoa da, eta horretan segitu behar dugu, lana hobeto eginez, noski. Baina erabilerarekin ez da horrela gertatzen.

Lehen, baserritarrengatik edo, esaten zen euskaldunak kolonizatu espiritua duela. Orain lehen baino askoz kolonizatuago gaude, orain autokolonizatuta gaude. Geure baitan, helduen baitan dago gakoa, guk aldatu behar dugu jarrera. Ez dugu eskubiderik haurrei ezer eskatzeko.

Euskaldunak beti erakutsi behar du besteak adina dela. Eta ez daukagu ezer demostratu beharrik. Besteak baino gehiago gara: nik bestea ulertzen dut, bestea da ni ulertzen ez nauena. Geuregan dago gakoa.
Miren Intxausti
"Iparraldera bizitzera etortzeak Euskal Herria bere osoan ikusteko aukera eman dit"
“Niretzat zorte izugarria izan da Iparraldera bizitzera etortzea. Askotan galdetu izan diot nire buruari nola ulertuko ote nukeen Euskal Herria Lasarten gelditu izan banintz. Han biziz, hango kulturatik edanez, hango euskalduna izango nintzatekeen. Beharbada, oraingo modari jarraituta, Euskal Herrian bi hizkuntza daudela esango nukeen. Ez nintzatekeen aberrazio izugarri horretaz jabetuko. Hona etortzeak ikuspegi zabalagoa eman dit, Euskal Herria bere osoan ikusteko aukera eman dit. Hegoaldean geldituta oso mugatuta zaude euskaldun bezala. Ikastolen munduan sartzeak ere asko lagundu dit, bistan da. Hori gabe, deserrotuago sentituko nintzen. Hona heldu ginen garaian, Iparraldea eta Hegoaldea bereizten dituena bi erderak edo bi erdal kulturak direla esaten zen, alegia, frantsesa eta gaztelania. Batzuek desberdintasuna ikusten zuten tokian loturak ikusten enpeinatu ginen gu, eta garai hartako Argia dut eredu: batzen gaituena, euskara da.

Azkenak
Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Bilboko Udalak muntatu gabeko eszenatokia, mehatxuak eta kronika faltsu bat

Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvadorren kontzertua bertan behera utzi zuen Bilboko Udalak joan den igandean. Hiru musikariek azaldu dute gertatutakoa.


Israelek Espainiako Vueltan parte hartzeko eskubidea daukala esan du txapelketaren zuzendariak

Espainiako Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra izango da, bertan, Israel-Premier Tech taldeak hartuko du parte. Txapelketaren zuzendari Javier Guillének esan du "ezin dituztela kanporatu, puntuazioa dela eta parte hartzeko eskubidea" irabazi baitute.


Jon Sarasua
“Ikusi behar dugu zenbateraino komeni zaigun sententzia judizialen akzio-erreakzio jokoan sartzea”

Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]


Komunikazioa errazteko eta mintzamenaren errehabilitazioa lantzeko IA-Speak tresna garatzen ari dira Nafarroan

Adimen artifizialarekin garatutako tresna bat da IA-Speak. Bi erabilera nagusi izanen ditu: mintzamena itzultzen duen gailu bat eta erabiltzaileen mintzamena aztertzen duen plataforma bat.


Aste Nagusia manteroen erreparaziorako eta justiziarako aukera gisa

Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.


Sexu-indarkeria Antartikako ikerketa-base estatubatuarretan

AEBko Zientzia Fundazioaren Antartikako Programak (USAP) jakitera eman duenez, Antartikako ikerketa-baseetan 2022-2024an egin duten galdeketan, parte-hartzaileen % 41k adierazi du sexu-erasoa edo sexu-jazarpena jasan duela.


Gasteizen kalean bizi diren maliarrak Oñati eta Tolosara mugituko ditu Jaurlaritzak

50 maliar inguru ari dira kalean bizitzen Gasteizen beren asilo eskaeren ebazpenaren zain. Eusko Jaurlaritzak Oñati eta Tolosako harrera zentroetara mugituko ditu Espainiako Gobernuaren pasibotasunaren aurrean, horren eskumena baita eskaerak ebaztea eta ostatu alternatiba... [+]


Feng Shui pianoan

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Victoria Eugenia Zikloa. Mitsuko Uchida (pianoa).
Egitaraua: Beethovenen hiru azken sonatak.
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia Antzokia.
Data: abuztuaren 18a.

Mitsuko Uchidak Musika Hamabostaldia bisitatzen duen hirugarren aldia da. Bere estiloak... [+]


Eguneraketa berriak daude