Afganistan

Hamar urte, hamaika dolu

  • Afganistango azken inbasio saiakera hamargarren urtean sartzera doa. Milaka herri, lagun eta amets erre ondoren, baliteke gatazka amaigabea gerra zibil bilakatzea aurrerantzean
Karlos Zurutuza @karloszurutuza
2010ko azaroaren 28a
Karlos Zurutuza
Afganistango hegazkin-konpainiek ospe eskasa dute. Hegazkin oso zaharkituak dauzkate eta, gainera, tiketen prezioak izugarri garestitu dira azken hilabeteotan. Nolanahi, herrialdean zehar bidaiatzeko aukera bakarra dugu airekoa. Iparralderantz izan ezik, ezin daiteke atera Kabuldik errepide bidez. Gaur, Karzairen Gobernuaren kontrako oposizioak menderatzen ditu lurreko bide gehienak.

“Talibanek errepide erdian geldiarazi dezakete zure ibilgailua eta dena miatu gero, batez ere zure telefono mugikorra. Izen arrotzik edo latindar zenbakirik topatuz gero, akabo!”. Ashrafek ederki asko daki, autobus gidaria izan baitzen urte askoz. Egun, oso afganiar gutxik bidaiatzen dute errepidetik eta Ashraf langabezian gelditu da.

Eta mugikorrik ez eramatekotan? “Ez dio axola, irakurtzen dakizun ala ez erraz bereiz dezakete zure aurpegieran, zure hitz egiteko moduan… eta irakurtzen dakien orori (biztanleriaren %20a) ‘kolaboratzaile’ kutsua hartzen diote”, dio autobus gidari ohiak.

Ariana, Kam Air eta Pamir bertako hegazkin-konpainiek probetxu ederra atera diote egoera honi. Kabuldik herrialdeko edozein hiribururainoko tiketaren prezioa nekez jaitsiko da 170 euroetatik, iazko bikoitza, eta polizia, bulegari edota Gobernuko langile askoren hilabeteko soldata.
Nola doa gerra?

Goizeko seiak Kabulgo aireportuan. Lashkar Gahrako itxarongelan, erraz bereiz daiteke Robert beste bidaideen artean. AEBetako armadako ofiziala da eta bost hilabete daramatza jada Afganistanen, bertako segurtasun tropen instruktore. Gaur Helmandera doa, herrialdeko eskualderik arriskutsuena, Kandaharrekin batera.

 “Gerra gaizki doa”, onartu du bostondarrak. Espero ez bezala, ez du inolako ahaleginik egin etsipena ezkutatzeko. “Gerraren lehenbiziko bi urteak (2001-2003) lasaiagoak izan ziren, talibanak berrantolatu arte. Gero, NATOk hegoaldean gogor jo zuen baina talibanak herrialde osotik sakabanatu ziren. Nonahi daude egun. Esperientziak diosku ofentsiba handiek ez dutela ezertarako balio Afganistanen. Posizio xume bat irabazi eta mantendu ahal izateko, milaka soldadu behar ditugu”.

Agian Helmandeko Marjah eskualdea dugu horren adibiderik garbiena. NATOk eta ANAk (Afganistango armada) bost hilabete behar izan dituzte interes estrategikorik apenas duen eskualde hori kontrolatzeko. Marjah herri txikia baino ez den arren, milaka soldadu daude han, “segurtasun baldintzak bermatzeko”. Bitartean, oposizioa alboko Farah, Kandahar edo Nimroz eskualdeetan babestu da.

“Zuek munduko erloju guztiak dauzkazue, baina guk denbora”, esan omen zien talibanen komandante batek bera harrapatu zuten atzerriko soldaduei. Denbora falta da, hain juxtu, Afganistan inbaditu dutenen arazorik handiena.

Marjah txikiaren gaineko ofentsiba erraldoia angelu ugaritatik azter daiteke. Joan den urtean, bederatzi sendagile (sei afganiar eta hiru italiar) atxilotu zituen Lashkar Gahn afganiar poliziak, britainiar armadaren laguntzaz. Italiar Emergency Gobernuz Kanpoko Erakundeak kudeatutako ospitaleko langileak ziren eta “Helmandeko gobernadorea hiltzeko ekintza bat prestatzen ari ziren”; hala zioten Kabulek eta Londresek. Hori gutxi ez eta “lehergailuak aurkitu ziren ospitaleko biltokian”. Medikuak aske gelditu ziren berehala, akusazio larriok ez baitziren frogetan sustengatzen.

“Marjah erasotzen hasi zirenean pasabide humanitario bat irekitzea eskatu genien atzerriko tropei, biktimak gure ospitalean hartu ahal izateko”, gogoratu du Mateo Dell´Airak, atxilotuetako batek. “Lashkar Gahko ospitalera iristen diren biktimen %90 zibilak dira; horietatik erdia, umeak”, dio Milangoak. Horrela doa gerra Helmand eskualdean. Dell’Airak argi dauka: “Koalizioko tropak hemen burutzen ari diren basakerien lekuko deserosoa bilakatu gara, horrexegatik baztertu nahi gaituzte”. 

Afganistango hiru matxinadak

Nimroz eskualdea Helmand alboan dago. Duela ez hainbeste, Lashkar Gahtik bost ordutan iris zitekeen Zaranjera (Nimrozeko hiriburua) errepidetik. Egun, aldiz, hegazkinez baino ezin da: Kabulera lehenengo, Heratera gero eta, handik, Zaranjera. Zortea lagun, hiru egunetan egin liteke Lashkar Gah-Zaranj bidea. Oztopoak oztopo, lur eta giza paisaiak apenas bereiz daitezke Nimroz eta Helmanden artean; pentsamoldeak ere apenas aldatzen dira.

 “Aspaldi ez naiz Khang nire herrira joan. 20 kilometro besterik ez dira hemendik (Zaranjetik), baina beldur handia diot errepideari”, dio Muhamadik. 24 urteko pastundar honek bizar beltza eta durbante zuria ditu. Askok talibanen itxura hartuko zioten, baina Zaranjeko gizarte-dinamizatzailea da, Kabulgo Gobernuarentzat egiten du lan. Edonola, ezin esan bere diskurtsoa “amerikarren morroi” batena denik, inondik ere: “Askotan esaten da talibanak Pakistandik, Saudi Arabiatik, Uzbekistandik edo Txetxeniatik iritsi direla, baina bertako pastundarrak dira gehienak. Gure herria inbaditua ikusten dute eta, jakina, ez dute gustuko. Kabulen amerikarrak ala talibanak dauden jakiteko badugu modurik eskualdeotan: lehenengoek gerra ekarri dute; besteek, mendez mende mantendutako legeari eutsi diote. Eta Afganistan hegoaldeko herri txikietan ez dute besterik ezagutu”, dio Gobernuko funtzionario honek.

Talibanek hiru helburu nagusi dauzkate: subiranotasuna, erlijioa eta balioak. Diotenez, 30.000 gerlari pasatxo dira, nahiz eta, atzean, milioika gazte pastundarren harrobi sendoa dagoen. Edonola, nekez esan genezake talibanek talde homogeneoa osatzen dutenik. Pakistango madrasetan (eskola islamikoetan) ikasitakoak daude, edota senide batzuk (edo sendi oso bat) mendekatu nahi dutenak; opio eta heroina trafikoan aritzen direnak; errepideko bidaiari urrien lapurrak edo, besterik gabe, soldata baten truke borrokatzen dutenak –taliban batek 200-300 dolarreko soldata jaso lezake; afganiar soldata bat, ordea, 150 dolarrekoa baino ez da–. Eta egon badira ere nekazariak direnak egunez eta gerlariak gauez…

Ados, oposizioa ez da espero bezain “konpaktoa”. Eta “posizioa”?
Batetik, Kabulgo Gobernua dago, garai bateko gerra-kriminalen bilgune, bai eta ustelkeriaren paradigma. 2009 eta 2010eko hauteskundeetan salatutako irregulartasunek nahiz ustelkeri akusazio anitzek Gobernua ahuldu besterik ez dute egin herriaren aurrean.

Bestetik, Koalizioko tropak: estatubatuarrak, britainiarrak, alemanak, espainiarrak, kanadarrak, errumaniarrak, georgiarrak, kroaziarrak, estoniarrak, turkiarrak, bulgariarrak… Eta ezin ahaztu Xek taldekoak (lehen “Blackwater”) edota herrialdean zehar sakabanatutako tankera bereko hamarka mila mertzenarioak.

Talibanentzat “amerikarrak” dira horiek guztiak eta AEBetako Gobernua ikusten dute horien atzean. Baina hitz egin dezakegu estatubatuar administrazio bakar batez? Obamaren Gerrak liburuan, Bob Woodward kazetari amerikarrak bikain deskribatzen ditu Gobernu barruko desadostasunak Afganistango gerra dela-eta, tropen kopurutik erretiratze dataraino. Gauza jakina da “Washington” deitzen dugun entitate horren atzean makina bat talde eta azpi-talde daudela, hots, Estatu Departamentua, Pentagonoa, NSC (Nazio Segurtasun Kontseilua), CIA, FBI, NSA (Nazio Segurtasun Agentzia)… Bakoitza bere aurrekontu eta agenda propioekin.

Afganiar kazetari Davood Moradianek formula ulergarria erabiliz askatu du Asiar herrialdea lotzen duen korapiloa: “Afganistanen hiru matxinada mota daude: Quettakoa (talibanen buruzagi Omar mularena, Pakistango zerbitzu sekretuek babestua); Kabulgoa (Karzairen Gobernua) eta Washingtongoa”.
Eta aktore nagusion atzean Iran dator, talibanei lagunduz eta Karzai erosi nahian, aldi berean. Estatubatuarrei fronte guztietan min egitea da honen helburua.

Negoziatzeko irrikan

“Talibanekin negoziazioak abian dira”. Horixe Washington-Kabul binomioak berriki gehien errepikatu duen mezua.

“Borrokatzen ez duten talibanak baino ez dira negoziatzen ari”, dio Nangik. San Frantziskon (AEB) hogei urte eman ondoren, Herat jaioterrira bueltatu zen iaz. Eraikuntza negozio bat jarri nahi zuen martxan, baina etsita dago jada: “Badirudi Gobernuko funtzionario guztiak sobornatu behar ditudala nire enpresa ezartzeko. Eta zertarako inbertitu aurki hondoa joko duen herrialde batean?”, dio, Ameriketan ikasi duen ingeles bikainaz. “Kabulgo Gobernua gero eta ahulagoa da eta Koalizioko tropak joateko presiopean daude. Bestalde, Omar mulak argi utzi du beti, atzerriko tropak erretiratu arte ez dago negoziatzerik. Zergatik negoziatu nahiko lukete talibanek orain? Gerra irabazten ari dira-eta!”, gaineratu du.

Rashidek ere urte ugari eman ditu erbestean, Pakistanen, hain juxtu. Duela bost urte etxera bueltatu eta alfonbren denda bat ireki zuen Kabulen. Sasoi hobeak ezagutu ditu, baita okerragoak ere: “15 urte nituela aitarekin joan nintzen Hezkuntza Ministeriora, nire ikasketa agiriaren bila. Talibanak zeuden agintean eta bulegoetan ez zegoen ez mahairik, ez apalik, ez idazteko makinarik… Azkenean dokumentua sinatu behar zidan funtzionarioa aurkitu genuen, gela huts baten erdian zegoen, estufa baten alboan eserita. Sua bulegoko paper ofizialekin elikatzen ari zen”. Rashidek, jakina, ez zuen bere ikasketa agiria inoiz eskuratu.

Talibanak boterean zeudela, hiriek sufritu omen zuten gehien. Ministerioak eta Gobernuko bulegoak itxi zituzten eta herrialde osoko fabrikek porrot egin zuten; kaleko zaborra ez zen jasotzen eta argi-indarra, berogailu sistemak, klinikak… Dena desagertu zen. “Ez sinistunen” exekuzioak izan ezik, gainontzeko jarduera guztiak eten ziren Afganistanen.

“Gorroto ditut kanpoko tropak, ez zait gustatzen nire herria inbaditua ikustea. Baina azkarregi erretiratzekotan, talibanak erraz nagusituko dira eta erbestera jo beharko dugu berriz”. Rashiden “ezin zurekin bizi, ezta zu gabe ere” sentimendua oso zabalduta dago afganiarren artean.

Bitartean, AEBek iaztik bultzatutako estrategia berriari gogor eusten diote: bertako talde paramilitarrak sustatzea. Kandahar eskualdea dugu horren adibide garbiena. Nazioarteko kazeta medio handiek makina bat aldiz salatu dute presidentearen anaia den Wali Karzai bertako pastundarren talde armatuak finantzatzen ari dela, CIAren diruaz, hain juxtu. Berak ez du inoiz ukatu, eta CIArekin lan egiten duela maiz baieztatu du.

Gilles Dorronsoro adituak aspaldi ohartarazi zuen estrategia horrek dakarren arriskuaz. “Honelako talde ugari sortzen ari dira, baina kontrolaezin bilaka daitezke epe laburrean. Gainera, talibanen garaipena eragin zuen eskenatoki bera eraikitzen ari da Koalizioa Afganistanen”, azaldu du Zientzia Politikoetako irakasle ospetsuak, aurten argitaratu duen txostenean.

Zoroastro eta Avicenaren herria, Somaliaren antza hartzen ari da gaur. Bada, hamar urte betetzera doan gatazka hau gerra zibilaren atari bilakatu da dagoeneko. Gerrak erraz piztu daitezke Afganistanen, baina nekez irabazi.
Pastundarrak, gutxitutako gehiengoa
Azken populazio errolda 70eko hamarkadan egin bazen ere, egun 28 milioi afganiar daudela kalkulatzen da. Afganistan herrialde kultur anitza da; pastundarrak, tajikoak, uzbekiarrak, turkmeniarrak eta balutxeak bizi dira bertan. Pastundarrak herrialdeko ekialde eta hegoaldean dira nagusi eta biztanleria osoaren %60a osatzen dute.

Hala ere, eurenganako bazterketa salatu dute azken urteotan, Gobernuko postu gehienak, polizia eta armadatik ministerioetaraino, beste etniakoek hartu baitituzte. Hainbat sektorek “Iparreko Aliantzaren (talibanen kontrako mugimenduaren) itzala” sumatu dute Karzairen Gobernuan. Presidentea ei da, hain juxtu, kabineteko pastundar urrietako bat.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-03-20 | ARGIA
"Maskarada, horixe ari dira antzezten Gipuzkoako Aldundia eta Ehiza Federazioa"

Gipuzkoako Ehiztarien Federazioak grebara deitu ditu ehiztariak, Gipuzkoako Aldundiari presio egin asmoz. Ehiztarien argudioak, baina, iruzurra direla salatu du Naturkon talde ekologistak eta datuak eman ditu: hamar urtetan 1.768.567 euroz lagundu du Aldundiak Federazioa.


2019-03-20 | Topa Gaitezen
Oraina euskaratik eraikitzeko... Gazteok korrikan Plentziara!

Bi urtetik behin gertatu bezala, badator berriz ere Korrika gurera. Herri euskaldun batean amesten dugun gazteoi ezinbesteko zaigu ekimen hau gure buruan kokatzea, bi urterik behin bada ere, zentroan kokatzea. Ez zen nolanahiko apustua izan bere garaian ez. 1980an, aurreko urteetan taberna bateko mahai inguruan ernaltzen hasitako ideiari hasiera eman zitzaion; eta horrela, herri honen euskalduntzearen alde inoiz egindako ekimen handienetariko bat martxan jarri zen. Euskal Herriaren eraikuntzan... [+]


2019-03-20 | ARGIA
'Roundup'ak kantzerra eragiteagatik bigarren aldiz kondenatu dute Monsanto-Bayer AEBetan

San Franziskoko (Kalifornia, AEB) epaitegi batek ebatzi du Monsanto –gaur Bayer multinazionalak erosia– dela  Edwin Hardeman 70 urteko nekazariak nozitzen duen minbiziaren errua, bere linfoma Roundup (glifosatoa) erabiltzeak eragina.


2019-03-20 | ARGIA
Verdes liburu-dendak euskal kulturari egin zion ekarpena omenduko du Bilboko Loraldiak

Loraldia Festibalak Bilboko Verdes liburudendako azken kudeatzaileei omenaldia eskainiko die martxoaren 24an Arriaga Antzokian, Loraldia Festibalaren 5. edizioaren baitan.


2019-03-20 | ARGIA
"Kazetaritza ez da delitua" aldarrikatu du ARGIAk Donostiako epaitegi aurrean

ARGIAko lantaldeak Donostiako epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin du asteazken goizean.


2019-03-20 | Guaixe .eus
Altsasuko gazteen gurasoak Bruselara joango dira auziaren berri ematera

Altsasuko Auzia nazioartekotzeko bidean, Altsasu Gurasoak taldeko eta Altsasukoak Aske herri plataformako kideak, atzera ere, Bruselarako bidea hartuko dute asteazken honetan eta ostiralera arte han izanen dira.


2019-03-20 | ARGIA
Uber enpresa Bilbon: VTC-ekin ezin lan egin, janari-banatzaile prekarioekin bai

Eusko Jaurlaritzak VTC ibilgailuen sektoreari galga jarri dien arren, Uber enpresak kudeatutako etxez etxeko janari-aplikazioak ez du inolako eragozpenik aurkitu Bilbon.


2019-03-20 | ARGIA
50 lagun itsasotik erreskatatu dituen barkua konfiskatzeko agindu du Italiako Gobernuak

Mare Jonio barkua konfiskatzeko agindu du Italiako Gobernuak, itsasontzi horrek astelehen honetan 50 lagun erreskatatu ondoren. Italiako bandera dauka barkuak eta Mediterranea Saving Humans proiektuko partaidea da.


2019-03-20 | Usurbilgo Noaua
Atez ateko bilketak 10 urte bete ditu Usurbilen

Ohitura aldaketa txiki batek hondakinen kudeaketa eredua irauli zuen duela 10 urte. 2009ko martxoaren 16an albiste genuen Usurbil, ez herri mailan baita udalerritik kanpo ere. Aitzindari bilakatu zen udalerri hau Euskal Herrian, hondakinak lehengai bihurtu eta herritarrak "teknologia" aurreratuenean bilakatu zituen atez ateko bilketa sistemari esker. Atez atekoak 10 urte bete ditu joan den larunbatean.


2019-03-20 | ARGIA
Galizian eukaliptoak ezabatuz ospatuko dute Basoen Mundu Eguna

Larunbatean, martxoak 23, Basoen Munduko Eguna dela eta, aldarrikapen giroan ospatzeko kanpaina antolatu dute Galizian: bertako mendi eta ibarretan monolabore bilakatua diren eta azken aldian sekulako suteak eragin dituzten eukaliptoak erauziko dituzte egun eta ordu berean, baso iraunkorrez ordezkatzea aldarrikatuz.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude