EOS

"Oreka perfektua du txeloak"

  • Bi urte eta erdirekin piano aurrean jarri eta melodia bat ateratzeko gauza izan zen. 4 urterekin heldu zion biolontxeloari eta 13rekin musikako goi mailako ikasketak amaitu zituen, Matrikula eta Ohorezko Saria lortuz. Makina bat premio jasoa da eta, besteak beste, Philippe Muller handiarekin ikasia. Ibilbide meteoriko horren ostean, etorkizun oparoa du Maria Eugenia Silguero biolontxelista gazteak (Irun, 1988).
Maria Eugenia SilgueroM.E. Silguerok utziak

Zure aitak kontatu izan du nola herriko jaietan jabetu ziren zure talentu handiaz, bi urte eta erdi zenituela pianoan San Martzialgo Martxa jotzen entzun zizutenean…


Oso txikia nintzen eta ez dut gogoratzen, baina aitak askotan kontatu dit anekdota. San Martzial Egunaren biharamuna zen, eta aurreko eguna San Martzialgo Martxa entzuten eman nuenez, buruan iltzatuta geratu zitzaidan. Pianora igo eta melodia jotzen hasi nintzen nire hatz txikiekin. Aita goiko pisuan zegoen eta entzundakoan pentsatu zuen ama zela pianoan ari zena… Ni nintzela jabetzean, aitak ez zuen sinesten eta amak esan zidan: “Tira, Maria Eugenia, erakutsi aitari pianoan jotzen ari zinena”, eta hala deskubritu zuen aitak musikarako nuen zaletasuna.

Ahizpa eta hiru anaiak ere musikariak dituzu. Zein erru du horretan guztian zuen aita Josetxok, musikari eta musika irakasle?


Erru guztia, kar, kar, kar. Aitarengatik ez balitz, seme-alabak ez ginateke orain musikari profesionalak izango. Anaia nagusia, Josetxo, saxofonista da, Juan Jesus flautista, Javi tronpetaria eta Maria Carmen pianista. Eta nire anaien seme-alabak ere hasiak dira musika munduan murgiltzen. Musikaren eragina oso handia da gure familian.

Haur prodijio izatearena asko entzun behar izan zenuen­? Oso sakrifikatua izan al da bidea?


Askotan entzun behar izan dut, bai, baina ni ez naiz inoiz horrela sentitu. Oso txikia nintzen eta ez nekien oso ondo haur prodijio izatea zer zen. Nekien gauza bakarra zen txeloa jotzea ondo ematen zitzaidala, marrazteko erraztasuna duenaren antzera, baina gainontzeko haurren moduan aritu naiz: eskolara nindoan, zinera, lagunekin… Desberdintasuna zera zen, eskolako gaiez gain txeloa eta kontserbatorioko ikasgaiak ere estudiatu behar nituela. Ordu asko sartzen nituen eta kasik ez nuen denbora librerik. Baina ohituta nengoen eta ondo eraman nuen.

16 urterekin zure lehen konposizioa erregistratu zenuen: The Dream. Espainiako Estatuan halakorik egin duen pertsonarik gazteena zara.


Pianoarentzako konposatu nuen. Oso gustuko dut pianoa eta hobbya da niretzat. Erraza izan zen obra konposatzea, pianoan jarri, inprobisatzen hasi eta gero papereratu egin nuen. Atsegin ditudan soinu bandetatik hartu nuen inspirazioa. Halere, ez dut nire burua konpositore ikusten etorkizunean, zaletasuna da gehiago.

Izen handiko irakasleekin ikasi duzu. Horien artean, Philippe Muller biolontxelista.


Gizon zoragarria da. Oso umila, eta lotsati samarra. Eskola orduetan denbora ziztu bizian igarotzen zen harekin. Muller-ekin Parisen hasi nintzen ikasten, Donostian goi mailako ikasketak bukatu ostean. Sei urte eta erdi eman nituen berarekin.

Rostropovich, Alfredo Kraus, Natalia Shakhovskaya... ere zur eta lur utzi zenituen!


Eta Frans Helmersonn, Radu Aldulescu, Luís Claret, Demetri Motatu, Roman Jablonski, Asier Polo… Denak bat datoz: ez dute nire moduko kasurik ezagutu eta hedabideetan euren adierazpenak jasotzen zituzten, baina esan bezala ni gainontzeko haurren modukoa nintzen, eta hala sentitzen nintzen.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoan aritu zara eta egun, Malagako Sinfonikoan zaude. Zer moduzko esperientziak izan dira?


Oso onak. Euskadikoan bi urtez aritu naiz, oso gustura. Pila bat ikasi nuen eta oso maitatua sentitu nintzen gainontzeko musikarien artean. Bakarlari aritzea oso desberdina da (hala egokitu zait Bilboko orkestrarekin, Zaragozakoarekin, RTVEkoarekin…), orkestraren baitan bat gehiago zara ehun musikariren artean, eta horrela aritzea erraza eta dibertigarria da. Lasai ateratzen naiz eszenatokira. Malagan hilabete eta erdi daramat jotzen eta bizitzen, eta oso pozik nago. Bestelako giroa da eta jendeak ondo hartu nau. Eta klimarekin pozarren nago!

Biolontxelorako konposizio asko eta onak daude, ala anaia txikia da, biolinarekin alderatuta?


Nik ez nuke esango biolontxeloa biolinaren anaia txikia denik. Txelo eta orkestrarako obra asko dago. Geroz eta jende gehiagok ikasten du txeloa, denetik duen instrumentua baita: soinu altuak eta baxuak ditu. Niretzat oreka perfektua dauka.

Musikari maila ona al da Euskal Herrian?


Bai, geroz eta hobea. Duela 28 urte, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sortu zenean, euskal musikariekin egin nahi izan zuten, baina maila ona ez zegoenez Europara zabaldu behar izan zituzten ateak. Gaur egun ordea, maila izugarri igo da eta oso musikari onak daude hemen.

Birtuoso-mundua da musika klasikoarena. Elitismo handia dago ala topikoa da?


Elitismo handia dago, bai. Musika klasikoan dena da oso kultua, zurruna, oso neurtua. Frakarekin, gau-soinekoarekin, beltzez... Aldatzen ez diren jarraibide batzuk daude, mantentzen direnak, eszenatokian egoten ere jakin behar delako.

Golden Silver duoa sortu zenuen 2007an, Rodrigo de Vera Díezekin batera. Oso desberdina al da bikotean eta orkestran aritzea?


Bai, oso. Orkestran lasai aritzen naiz, familia handi batean sentitzen naiz. Bikotean aritzea askoz konplexuagoa da, batzuetan erraza ez den elkar ulertzea eskatzen du. Entsegu asko egin behar dira eta nola jo nahi dugun adostu behar dugu. Bakoitzak bere iritzia ematen du, baina Rodrigo eta biok bikote gara duela zazpi urtetik, oso ondo ezagutzen dugu elkar eta jada begiradarekin elkar komunikatu gaitezke.

CD bat grabatu duzue AusArt Records diskoetxearekin. Zer nolako konposizioak bildu dituzue?


Elkarrekin grabatu dugun lehen diskoak hainbat autoreren obra motzak biltzen ditu, garai ugari ukitzen dituztenak. Asko gustatzen zaizkigun obrak dira eta horregatik grabatu ditugu, baina kontzertuetan zuzenean grabatutako CD gehiago ere baditugu, lehenengo diskoko errepertorioarekiko desberdinak: Beethovenen sonatak, Franck, Francoeur…

Facebook-en bat egin duzu “Antonin Dvorak-en Biolontxelorako Si minorren Kontzertuaren fanatiko” taldearekin…


Nire obra kuttuna da. Biolontxelorako errepertorioan dagoen garrantzitsuenetakoa da, eta zirraragarrienetakoa. Duela gutxi Malagako Filarmonikarekin jo dugu. Orokorrean, Dvorak-ek egin zituen konposizio guztiak biziki atsegin ditut, Mundu Berriaren Sinfonia ere asko gustatzen zait, adibidez. Musika klasikotik at, pelikuletako soinu bandak ditut gustuko; Hans Zimmer dut gogokoen. Eta txunba-txunba eta dance musika ere entzuten dut noizbehinka, kar, kar, kar.

16 urterekin egin zizuten elkarrizketa batean zenioen zure nahia zela mundu guztitik kontzertuak ematea, musika eta bidaiak direlako gustukoen duzuna.


Berdin pentsatzen jarraitzen dut. Batzuetan bakarlari edo ganbera musikan aritzea suertatzen zait eta bidaiatu dezaket, baina ezin da bizi soilik kontzertuak ematetik. Lan finkoa behar duzu. Handienak ere, Rostropovich-ek, irakasle plaza finkoa zuen. Eta gainera asko gustatzen zait orkestran jotzea, ikasten jarraitzea eta noizbehinka kontzertuak ematea ahalbidetzen didalako. Bateragarriak dira, antolatzea da gakoa.

ASTEKARIA
2010ko azaroaren 21a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EOS
Amalgamaren edertasuna

Euskadiko Orkestraren azken abonu-kontzertuan, Handiena izenekoan  –programa osatzen zuten bi obrei erreferentzia eginez– estiloen kontrajarritasuna eta soinu-bizipenen aurkakotasuna izan zen, zalantzarik gabe, topaketaren gauzarik erakargarriena.

Hasteko,... [+]


2013-01-29 | ARGIA
Euskadiko eta Bilboko orkestrak fusionatzea proposatu du Jose Luis Bilbaok

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadiko (EOS) eta Bilboko (BOS) orkestra sinfonikoak fusionatzeko proposamena luzatu dio Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari. Bat egiteak "onurak" ekarriko lituzkeela dio Bilbaok, eta "traumarik gabeko... [+]


2012-10-23
Ikusgarria

Kontzertu ederra eskaini zuten Euskadiko Orkestrakoek abonu-denboraldiaren bigarren saioan. Esan genezake irudia, inpresionismoa eta deabruzko erritmoa –nahasketa ikusgarria– izan zirela protagonistak.


2012-10-03
Kutixia

Ze egitarau polita Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldi berria hasteko! Agian koherentzia gutxikoa, bai, baina ederra, dudarik gabe. Halere, eskaintzen diren obren edertasuna ez da nahikoa taxuzko kontzertu bat emateko. “Taxua” behar da, sasoia. Eta hori... [+]


2012-08-22
Hamar puntu

Bai horixe, hamar puntu merezi izan zituen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Musika Hamabostaldian eskainitako kontzertuarengatik. Egitaraua erakargarria izan zen, oso, baina horrez gain, soinuaren oreka eta interpretazioaren dotoretasuna eta sakontasuna izan ziren ezaugarri... [+]


Eguneraketa berriak daude