Bermaturik al dago konfidentzialtasuna?

  • Herritarrok datu ugari lagatzen dugu administrazio publikoaren esku, eta horiek txarto kudeatzeak, arrazoia edozein izanik ere, kolokan jarriko luke datu babeserako oinarrizko eskubidea. Nahikoa zorrotz babesten al dute pilatutako informazioa?
Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren (DGT) webgunera sartuta, gelditzen zaizkien puntuen gaineko informazioa kontsulta dezakete 24 milioi gidarik. Norberaren historiala errepasatzeko, nahikoa da nortasun agiriaren zenbakia, gidatzeko baimenaren luzapen-data eta helbide elektronikoa ematea. Informazio gutxiegi dela uste du Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (AEPD), sistema ez dela nahikoa segurua, erabiltzaileen datuen konfidentzialtasuna ez dagoelako guztiz bermaturik. Alegia, pazientzia eta abildade apur bat duen edonor sar daitekeela gure historialera eta informazio hori bere probetxurako erabili.

Datuak Babesteko Agentziak DGTri ohartarazi dio Datu Babesen Lege Organikoa urratzen ari dela, eta gidarien gaineko informazioa zorrotzago babesteko agindu dio. DGTk, ordea, ez du eskaera aintzat hartu. Sistemak “zuloak” dituela onartu arren, “ikuspuntu juridikotik” hura aldatzera derrigorturik ez dagoela adierazi du. Gainera, oraindik inork ez omen du gidarien identitatea ordezkatu. Oraindik. Inoiz halakorik gertatzen bada, zein neurri hartuko lirateke? Zein zigor ezarriko litzaioke DGTri, edo dagokion administrazioari? Nork jarriko lioke zigorra? Eta bitartean, nork behartu dezake DGT babes-neurri eraginkorrak aplikatzera?

 “Estatu mailako erakundea denez, Datuak Babesteko Espainiako Agentziari dagokio DGTk egindako arau-hausteak deklaratzea”, esan digu Román Intxaurtieta Datuak Babesteko Euskal Bulegoko (DBEB) lege-aholkulariak. Entitate publikoa den heinean, DGTri ezin zaio zigor ekonomikorik aplikatu: “Arau-hausteak deklaratzearen xedea da portaera desegokiak desagerrarazi eta etorkizunean ere halakorik gerta ez dadin bermatzea. Hori ez dute isunek lortuko, zentzugabekeria litzatekeelako administrazioak administrazioan bertan biltzea dirua”. Arau-hauste argia dagoen kasuetan, administrazioari ondare-erantzukizuna exijitu ahal zaio, bere fitxategietan dagoen informazio pertsonala arduragabekeriaz babesteagatik. Intxaurtietaren hitzetan, “zigor ekonomikorik ez aplikatzeak ez du esan nahi erantzukizunik eta kalte-ordainik ez dagoenik, erantzulea kaltea egin duen langilea izango baita, eta diziplina-neurriak ezar dakizkioke; kalte-ordainari dagokionez, ondare-erantzukizunaren bidea dago, kaltetuak administrazioaren aurrean edo bide judizialean baliatu dezakeena”.

Datu-babeserako eskubidea –administrazioaren aurrean– lekuan lekuko agentziek edo Espainiako AEPDk bermatzen dute. EAEn, Datuak Babesteko Euskal Bulegoari dagokio euskal administrazio publikoek egiten dituzten datu-tratamenduak zaintzea. Aldiz, Hego Euskal Herriko entitate pribatuek egiten dituzten tratamenduak Espainiako Agentziak kontrolatzen ditu. Horiei, enpresa pribatuei, jarri ahal zaizkie zigor ekonomikoak. Hain justu, kritika gehien alde horretatik jasotzen ditu datu-babesaren kontrol lanak. Administrazioak ez du egindako arau-hausteengatik (dirurik) ordaintzen, eta entitate pribatuek bai; legea ez betetzeak ez du kostu ekonomikorik administrazioarentzat. Herritarren begietara, gainera, ezer gutxi egin daiteke administrazioaren kudeaketa kontrolatu eta salatzeko. Esparru ezezaguna da askorentzat.

 “Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren eginkizunetako bat hori da: oinarrizko eskubide hau herritarren artean ezagutaraztea”, dio Intxaurtietak. “Oro har, jendeak uste du pribatutasuna galtzea ez dela gauza hain larria, baina herritarrei azalduz gero zein ondorio ekarri ahal dizkien datuen erabilera okerrak, interesa pizten da haiengan, eta une horretatik aurrera, gaiari buruzko gero eta informazio gehiago eskatzen dute”. Herritarrak badaki haren eskubidea noiz urratzen duten: “Fitxategia, tratamendua, lagapena, datu pertsonala, arduraduna eta eragilea bezalako kontzeptuez eta arlo honetako oinarrizko printzipioez ari naiz”, azaldu digu Intxaurtietak, “esate baterako, informazioa, adostasuna, eta datuen kalitate edo segurtasuna”.

Telefono-gidetatik ken nazazue

DBEBko lege-aholkulariaren hitzetan,  “funtsezkoa da datuaren kultura hedatzea”. Herritarrak eurengana noiz jo dezakeen azaldu digu: “Batetik, euskal administrazio publikoen aurkako salaketak jar ditzake, uste badu ez dutela errespetatu datu-babeserako oinarrizko eskubidea. Bestetik, gure babesa eska dezake datuetara sartu, zuzendu edo ezerezteko eskubideak ez direla bete pentsatzen badu”.

Badira beste eskubide batzuk, Datuak Babesteko Erregistroa kontsultatzeko, kalte-ordaina hartzeko, telefono-gidetatik kentzeko eta nahi ez den publizitatea ez jasotzeko eskubideak, esaterako. Telefono-katalogoetan agertzen diren oinarrizko datuak interesdunaren onespenik gabe lortu daitezke. Telefono-zerbitzuetako abonatuen katalogoetan gure izena, abizena eta helbidea agertzen dira, eta horietatik kentzeko eskatu ezean, datuok edonork kontsultatu eta erabil ditzake. Nahi izanez gero, abonatuen katalogoetatik gure datu guztiak edo batzuk doan ken ditzaten eskatzeko eskubidea dugu.

 “Ahalegina egiten dugu herritarrari laguntzeko”, adierazi digu Intxaurtietak: “Oinarrizko eskubide honen gainean behar duen informazioa eskaintzen diogu, eskura dituen baliabideei buruzkoa, administrazioei eskatzen diegu pertsonen eskubideak asebetetzeko eta administrazioek deklaratuta dituzten fitxategiak argitaratzen ditugu Erregistroaren bidez, besteak beste”.

Zein datu truka ditzakete administrazioek?

Administrazioek guri buruzko informazio piloa biltzen dute. Geroz eta prozedura gehiago has daitezke Internet bidez: zerga aitorpenak, eskaera konkretuak toki-korporazioetan (udaletan, adibidez), langileen kotizazioei begirako aitorpenak, erregistro publikoak… Batzuetan, zilegi da administrazioek bildutako datuak elkarren artean trukatzea. “Oso zaila da zerrenda zehatza egitea”, dio Intxaurtietak. “Zenbait kasu oso argiak dira: legeren batek esaten duenean trukeak egin daitezkeela; bi administrazioek (lagapen-hartzaileak eta lagatzaileak) gai berari buruzko eskumenak dituztenean (gizarte zerbitzuen kasuan gertatzen den bezala); edo fiskaltzak, epaileek, epaitegiek, Arartekoak edo Herri-Kontuen Epaitegiak eskatzen dizkietenean datuak administrazioei”. Hala ere, gehienetan, arau orokorrak hala zehaztuta, nahitaezkoa izaten da interesdunek oniritzia adieraztea lehenbizi. Bereziki babestutako datuak direnean (ideologia, erlijioa, sinesmenak, sindikatu afiliazioa, arraza, osasuna eta bizitza sexuala) datu-tratamenduak egiteko bete behar diren baldintzak zorrotzagoak dira.
Datuak, enpresa pribatuen esku?
Posible al da administrazioak dituen datuak enpresa pribatu baten eskuetan erortzea? Román Intxaurtietaren hitzetan, “posible, posible da, baina administrazioak kasu gehienetan ondo babesten ditu herritarren datuak. Egin ditugun inkesten arabera, jendea fio da administrazioaz; bildutako datuak ongi babesten ditu. Batzuetan, administrazioak zerbitzu bat (aplikazio informatiko baten mantentze edo garapen lanak, adibidez) kontratatzen dio enpresa bati, eta nahitaezkoa da hari datu pertsonalak ematea. Kasu horietan, kontratuak agindu zehatzak jaso behar ditu: datu horiek nola erabili eta babestu behar diren, lana amaitzean administrazioari itzuli behar zaizkiola eta abar. Kontratuan agindu edo klausula horiek sartuz gero, enpresa izango da erantzulea datuak txarto erabiltzen baditu”.

ASTEKARIA
2010ko urriaren 17a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude