Arrisku eta istripuak langileek kontatuta

  • Lan sektore arriskutsuenetan jazo ohi diren ezbehar ohikoenak kontatu dizkigute langileek eurek. Eguneroko jardunean dituzten baldintzak eta jokamoldeak ezagutu nahi izan ditugu, garrantzitsuenari erantzuna bilatzeko: nola saihestu istripuak?
Imanol Urrestarazu eta Xabier Pellus CAFeko langileak
Imanol Urrestarazu eta Xabier Pellus CAFeko langileakMikel Garcia
Mikel Telleria donostiarrak 33 urte ditu eta eraikuntzan egiten du lan, duela hamabi bat urtetik. Eraikuntza, siderurgia, muntaketa-kateak eta garraioa dira, hurrenez hurren, lan-istripu gehien jasaten dituzten sektoreak, eta horregatik hurbildu gara lehenik Telleriarengana.

Eraikuntzan, tranpa-ohol irekiak, eskailera baxuegiak

Gipuzkoako eraikuntza enpresa batean hasi zen Telleria, baina hiru hilabete inguru iraun zituen, hango baldintza txarrak ikusita. Aldamio moduan ohol batzuk erabiltzen zituzten, ez zegoen plataformarik, ez babes-barrerarik atzean, eta arrisku handia zegoen adreiluak oholean jarri, pisuarekin berau puskatu eta beheraino erortzeko. Ahal bezain pronto handik alde egin eta fatxadak zaharberritzen dituen Teusa enpresan sartu zen, seguruagoa bai, baina eraikuntzan ohikoak diren arriskuekin.

Enpresako kamioneta eramaten txofer jarri dute orain Telleria, bi hernia izan ostean. Izan ere, pisu handia kargatu behar dute eraikuntzan, baina sikiera, arazoa txikitu egin dela dio, garai batean 50 kiloko zementu zakuak egiten zituztelako, eta orain 25ekoak. Lehenengo hernia laneko gaitz gisa onartu zuen mutualitateak, bigarrena ez ordea, eta epaitegietan da orain. Istripu gehiago ere izan ditu: zulatzeko makinarekin ibiltzeagatik bekaina moztea esaterako, edota burua irekitzea, errotaflexaren kablea nahigabe zapaldu zuelako eta makinak buruan eman ziolako.

Arriskurik ohikoenetakoa, dioskunez, aldamioetatik zerbait erortzea da, behean dauden langileen zoritxarrerako. Sarri, ipintzen eta kentzen ez ibiltzeagatik, erosotasunagatik, ez omen dute toldoa jartzen, pikatzen hasten dira eta behean dagoenari obra-hondakinak erortzen zaizkio. Halaber, alturan lan egitea ez al da arriskutsua? Erortzea behintzat ez da erraza, ez dagoelako tarte nahikorik aldamioaren eta paretaren artean eta obra berri bat hasi aurretik segurtasun neurriak hartzen dituztelako –enpresa pribatuko ikuskaria dute kontratatuta; aldiz, Gizarte Segurantzakoak obra bakarrean baino ez ditu ikusi Telleriak–. Dena den, beste eraikuntza enpresa batzuetan ikusi ditu lardaskeriak: burdin on bat eta krokadura edo lotura izan beharrean, eusteko burdinatxo bat baino ez aldamioan, “eta estropezu egin eta horri heltzen badiozu, burdinarekin eta guzti zoaz behera”.

Aldamioa asko bermatuagatik, materiala lekuz mugitzen ibili ohi dira langileak, puntu zehatz batean pikatzeko adibidez hor dagoen plataforma beheko aldamiora eramanez, eta berriz ere bere lekura bueltatzen ez badu, hurrena datorrenak ez daki hor plataforma egon behar duela, eta erori egin daiteke. Berdin tranpa-oholekin: eskaileretatik igotzerakoan egurrezko tranpa-oholak igaro behar dira, eta ondoren itxi, baina nagikeriagatik irekita uzten dira sarri, eta altuera horretan dabilena zulotik behera joan daiteke; “behin baino gehiagotan gertatu da”. Eta kezkatzekoa baita ere: eskailerak erabili beharrean aldamio kanpoaldetik igotzen edo jaisten dira hainbatetan, horrek daukan arriskuarekin.

Lan-istripuekiko sentsibilizazio falta? Bestelakoa da Ibon Zubiela eta Iker Espolosin LAB sindikatuko kideen iritzia: “Langileei baino, enpresariei galdetu beharko genieke ea sentsibilizazio hori duten, beraiena delako ardura. Egunero berandu iristen bazara lanera, ez duzu asko iraungo enpresa horretan. Aldiz, neurririk ez baduzu hartzen, inork ez dizu ezer esango, produkzio arloa asko kontrolatzen delako, baina lan segurtasuna ez. Eta prozesu produktiboa kontrolatzen erdi-mailako mandoak baldin baditut, horiek badakite enpresan zer gertatzen den; nola ez dute jakingo honek edo hark ez duela kaskoa jarri? Hori bai, gero istripua jazotzen denean, ‘kausa: ez zeraman kaskorik’. Legeak dio neurrien kontrola egin behar dela, ezin da soilik neurria jarri, egokia dela eta betetzen dela kontrolatu behar da baita ere, eta enpresaren ardura da hori”. Hain zuzen, aldamioan aritzeko kaskoa oso deserosoa dela onartu du Mikel Telleriak, eta ahal dela ez dutela erabiltzen. Kaskoa, tapoiak… dena den, babes indibidualeko prebentzioa, hartu beharreko azken neurria dela gogoratu dute sindikatukoek, “baina nola merkeena izan ohi den…”. Izan ere, makinaren zaratari aurre egiteko soluzioa ez dira tapoiak, makinak zaratarik ez ateratzea baizik, edo zarata hori langilearengana ez iristea. “Neurri kolektiboak dira garrantzitsuak, lan antolakuntzan eragiten dutenak”.

Duela gutxi, lanean ezbehar baten lekuko izan zen Telleria: lankidea bi metroko alturatik erori zen, muturrez aurrera. Eskaileratik erori zen, murru bat igarotzen ari zela, eskailera eta guzti, eta saihets bat puskatu zuen. Eskailerak murrua baino metro bat garaiagoa izan beharko zuen, baina murrua baino beherago geratzen zen eta ondorioz puntu batean bai ala bai eskuak eskaileratik askatu egin behar zituen langileak, hankak jarri ahal izateko. Bakarrik bidali zuten obra hartara, eta are okerragoa izan zitekeen emaitza. “Kasualitatez ni han nengoen orduantxe iritsi nintzelako, baina bestela han egongo zen botata, inor ez zen konturatuko, arnasa hartzea ere kostatzen zitzaion. Gutxienez bi pertsonek joan behar dute obra batera, zer gerta ere, aspaldiko aldarrikapena da”.

CAFen, leku gutxiegi

Muskulu eskeletikoak (zaintiratuak, lunbagoa…) dira CAFeko lesioen rankingean lehenak. 2.500 langile dira Beasaingo enpresan, eta egunero lauzpabost istripu arin dituzte; ebaki txikiren bat edota txirbilak begietara salto egitea, adibidez. Hala azaldu digute Imanol Urrestarazu ordiziarrak (20 urte CAFen) eta Xabier Pellus ataundarrak (7 urte). Mediku zerbitzu propioa daukate eta egunero 10-12 pertsona artatzen dituzte. “Geroz eta gehiago ikusten ari gara baja eman beharrean, adibidez burua ireki duen norbaiti, benda jarri eta berriz lanera bidaltzea”.

Lantegi guztian orokorrean oso leku gutxi dagoela kexu dira Urrestarazu eta Pellus, eta horrek eragiten dituela muskulu eskeletiko asko, anabasa handia dagoelako, materiala nonahi, eta lasai lan egin ahal izateko piezak alde batetik bestera mugitu behar izaten dituzte langileek. Esaterako, lankidea bere postuan eroso mugitzeko lekurik ez zuelako erori, halabeharrez belaunarekin pieza bat jo eta guztiz izorratu zuela kontatu digute.

Makina asko berritu egin dituzte, eta beraz gehienak prestatuta daude segurtasun aldetik, hatz harrapaketak eta halakoak gerta ez daitezen, baina mantentze-lanekoentzat ere neurri bereziak hartu beharko liratekeela aldarrikatu dute elkarrizketatuek, tresna konpontzeko edo garbitzeko segurtasun neurri guztiak kendu behar baitituzte. “Esaterako, lan egiteko orduan tornuan ateek itxita egon behar dute, baina konpontzeko irekita”. Aldi berean, zenbait lekutan makinaren segurtasun neurriak guztiz kentzen dituzte, denek jakinda, langileek nahiz maisuek. “Komeni zaielako, bizio horiek hartu dituztelako, lana azkarrago ateratzeko edota batzuetan beharrak berak eskatuta: adibidez, soldatzeko robotean dena automatizatuta dago, baina zenbait operazio konplikatutan langileak barrura sartu beharra dauka eta sartzeko ateko pultsadorea baliogabetzen du, lanak berak eskatuta. Bestetan ez dago ondo definitua nola egin behar den lana, edota denok onartzen dugu hori dela egiteko modu bakarra…”.

Alturan ere bada lanik CAFen, eta katedraletik –trenak muntatzeko bi metrora dauden pasilloak– erorita izan da ezbeharrik. Katedralean, esaterako, ateak jartzen dira, baina prozesu osoaren azken fasean, eta bitartean zuloa irekita dago uneoro. “Sareak-eta jartzen dira, baina ez dira eraginkorrak; jendea lanean dago hortxe, soldatzen-eta, eta eroriz gero, lurrera doa”.

Neurriak askotan istripua gertatu ostean hartzen direla kritikatu dute Urrestarazuk eta Pellusek. Iaz, zutabe baten eta garabi baten artean harrapatuta geratu zen lankide bat –zutabea konpontzen ari zen eta atzetik etorri zitzaion garabia–, hil egin zen, eta ordutik garabien sarrerak egokitu dituzte, eremuak seguruagoak izan daitezen. Lanpostuen arrisku ebaluazioa egiten da, baina zuzenketek oso erritmo geldoa dutela diote, eta sarri adabakiak baino ez direla. Intzidenteak gainera –istripua gertatzeko zorian egon denean– ez dira ikertzen, eta beraz ez dira istripu posibleak prebenitzen. Eta administrazioko Lan Ikuskaritza ez omen da inoiz agertzen.

Fundizioan oina izorratu, eta arrantzan hortzak

Patxi Iraetak –izena aldatu diogu– 50 urte ditu eta Gipuzkoako herri batekoa da, baina ia 20 urte eman ditu itsasoan, baxurako arrantzan, Getariako portutik abiatuta. Bere hitzetan, oihanaren legea da nagusi itsasoan, ahaztu segurtasuna. Hegaluzearen kanpainan, 10-15 egunerako ateratzen ziren itsasora, goizeko 6etatik gaueko 10ak arte lanean, egunsentitik ilunabarrera, eta erreflexuak behar bezala mantentzeko nahikoa lan. Gainera, 16 laguneko ontzian gehienek alkohola edo/eta beste droga batzuk kontsumitzen zituzten, egoera gaiztotuz. Itsaskia eta eguraldi txarra dira arrisku handienetakoa arrantzan: kolpe pila hartu ohi dira ontzia mugimenduan dela eta arrantzalea arraina batetik bestera eramaten. “Uretara ere erori izan dira, itsas-kolpe bat medio; horrela saihetsak puskatu zituen batek, eta beste bat 20 bat kiloko hegaluzearen pisuak bota zuen itsasora. Igerian ez zekienez, sotapatroiak atera behar izan zuen, zailtasun handiekin”. Harrigarria iruditu arren, adin batetik gorako arrantzale ugarik ez baitaki igerian; Iraetaren barkuan, bospasei ziren ez zekitenak, bera tartean.

Zimarroiak ere ez du pisu makala; hari tiraka amuak ihes egin zion gure solaskideari eta kolpeak hortzak izorratu zizkion. Gertakari arrunta da arrantzan, amua oso estu baldin badago, presio handia dela-eta, kanabera ziztu bizian ateratzen baita. Bere lankide batek begia galdu zuen, amuak jota. Arraina fresko mantentzeko hozkailura ere erori zen taldeko beste bat, bost metro kubiertatik. Itsasontzia gelditzean arraina igotzeko, argiak jartzeaz arduratzen da ontzira sokarekin lotuta txalupatxoan doanak, bada, horietako hainbat galdu izan omen da bidean, itsasontziaren mugimenduren batek iraulita.

Istripuei aurre egitea, gainera, ez da hain erraza itsasoan. Ontzi-ospitalea ibiltzen da inguruan, baina milia batera edo hamar miliatara egon daiteke, eta 12 ordu ere pasa daitezke elkartu arte. Iritsi bitartean, ontzi-ospitalekoek esaten diete armairu-botikin berezitik zehazki zer baliatu behar duten. Arrantzari ekin zionetik, gauzak ez direla gehiegi aldatu dio Iraetak: marinel izateko ikastaroak eginarazten dituzte orain, prestatuago iristen dira gazteak, baina baliabideak ez dira hobetu: “Itsasoa itsasoa da, eta segurtasuna –segurtasun eza–, bera edo oso antzekoa”.

Duela hiru urte, errota eolikoen fundizio enpresa batera aldatu zen. Piezen tamaina itzela da arrisku nagusietakoa eta kontu handiarekin maneiatu behar dira, alde batetik bestera garraiatzen dituztelako eta piezaren edozein mugimendu ezbehar bihurtu daitekeelako –sustoren bat edo beste izan dute–; garabiaren mugimendu txiki batek eragindako piezaren zanbulua zaila da gero geratzea. Hala ere, Iraetak duela gutxi ikusi zuen lantegiko pintorea 6.000 kiloko piezaren azpian jarrita, azkarrago bukatzeko gora begira margotzen. Eta hilabete batzuk lehenago, 9.000 kiloko piezak oinik gabe utzi zuen kasik gure elkarrizketatua. Garabian zeramaten pieza, lau kakorekin eutsita, eta tako baten gainean jarri zuten, baina takoa apurtu egin zen eta erdibidean geratu zen, Zumalakarregiren hankaren eta takoaren artean, oina ezin atera. “Hain pieza handia ikusita, pentsatu nuen ‘agur hanka!’, baina tako zati horrek salbatu ninduen, eskerrak! Dena den, takoak, noski, ez zuen zertan hautsi”. Hilabete eta erdi egon da bajan eta oraindik ere mina du noizbehinka, baina hanka dauka, eta ez omen da gutxi, pentsatzen zuenerako.

Enpresan sartu eta lehen hilabeteetan, errebarban aritu zen funditutako piezei txatarra kentzen eta garbi uzten. Sei kiloko makina da eta ustekabekoak ez dira arraroak: “Gorputzeko atal bat baino gehiago ebaki dut nik, lau bat aldiz sei hilabetetan, hasiberria nintzelako, eta ikasi arte… Lankide batek besoa moztu eta muskulua atera zitzaion, dena kanpora. Makina astunak dira, indar handiarekin erabili behar direnak, mugimendu txar batekin segituan egin diezazuke ihes eta moztu egin zaitzake –moztu baino, azala jaten dizu, erauzi–”. Etengabe txinpartak botatzen, toxikoak arnasten direla ere kexu da. Haizagailu batzuek langileak arnastu beharreko airea jaurtitzen dute buzoaren atzetik, filtroetatik igaro eta kaskoraino, baina diosku aire hori inoiz ez dela arnastutakoaren %100.

Orain, kanoia deituriko postuan egiten du lan, 300 kilo dituen aire konprimituko eskopeta modukoa, txatarra puskatu arte piezei tiroka. Ez da erraza maneiatzen eta tiroa oker joanez gero zartako bat eman diezazuke, alde batera bota. Berak egunero jasotzen omen du zartakoren bat, baina zortea izan duela dio, ez duelako piezaren baten aurka jo. Hala ere, lan honetan ohikoa da sorbaldako minarekin amaitzea. Hori bai, kontrol neurriak asko indartu direla gaineratu digu: enpresa pribatua daukate ikuskari eta segurtasunarekin kontzientziatuago daude; “bajak ez zaizkio interesatzen enpresari”.

In itinere
, ezinbestean gertatu beharrekoa

Astean bederatzi ordu Pasaiako ikastolan laguntza eskolak ematen, beste zazpi eskolaz kanpoko euskara irakasle Donostian eta arratsaldero harreran Hernaniko denda batean. Soldata duina atera ahal izateko, hilabete batzuetarako hiru lan zituen Ainara Garcia 21 urteko altzatarrak (Donostia), eta orduak ematen zituen autoan alde batetik bestera –baita bertan bazkaltzen ere– leku guztietara garaiz iristeko. Ondorioa? Pasa den maiatzean auto-istripua izan zuen, bihurdura zerbikala eta beste, eta egun osoa medikutan pasa zuen: hiru lan, hiru Mutua, hiru mediku. Astero, sei aldiz joan behar izaten zuen medikutara (bakoitzera bi bider), eta paper pila bat bete behar zituen, Mutuek eskatuta.

Mikel Telleriak bezala, Mutuekin ez du batere esperientzia ona izan Ainara Garciak. LAB sindikatuko Iker Espolosinek eta Ibon Zubielak argi dute enpresarien mesedetan jokatzen dutela beti Mutuek, ahal denean lan-istripua izan dela ukatuz, langileari alta ahalik eta goizen emanez, behar duten errehabilitazioa ezeztatuz, ezintasunak ezkutatuz…

Ezbehar arrunta da in itinere ematen dena, hemen ere ez direlako neurriak hartzen, Zubielak azpimarratu duenez: hirietatik industria-guneetara atera dituzte enpresak, garraio publiko eskasekin (edo horien ordutegia kontuan hartu gabe) eta autoa hartzera behartuz. “Industria-guneetan egotea errentagarriago ateratzen zaie, zerga gutxiago ordaintzen dituzte askotan, langileek joan-etorrian xahutzen duten diruaren bizkar”.

Garraiolarien kasua larriagoa da, sindikatutik azaldu digutenez: istripua dutenean, lantoki kamioia badute ere, ez da lan-istriputzat hartzen, trafiko-istriputzat baizik. Hala, ez dira lan-baldintzak eta halakoak ikertzen, “eta agian kamioilariak egun pila zeramatzan jarraian gidatzen, edo ez zituen frenoak ondo, gurpilak higatuta zeuden…”. Administrazioak bi adar garatu baititu arlo honetan: kalte-ordainena eta prebentiboa, bakoitzak bere bidea egin du eta prebentzioa oso eskasa dela kritikatzen dute sindikatuetatik, istripuak ikertzeko garaian, langileen prestakuntza aldetik edota neurriak hartzerako orduan –ikus koadroa–.

Michelinen, deskantsurik hartu gabe

Mantentze-lanetan 12 urte daramatza 33 urteko Gorka Laranga añorgatarrak (Donostia) Lasarteko Michelin enpresan. 700 langile inguru ari dira egun, eta kontatu digunez, lankide batek jasandako azken istripua izan da tapizaren eta arrabolaren artean hatzak harrapatzea eta irekitzea. Duela pare bat urtetik zailagoa da halakorik gertatzea, makina gehienak berritu baitituzte, automatizatuak eta prestatuak daude, baina aurrekoak oso zaharkituak zeuden, 60ko hamarkadako makinak ziren eta Michelin bezalako enpresa batean horrek harritu zuen gehien Laranga, lanera sartu zenean. CAFen bezala, dena den, mantentze-lanetan daudenentzat segurtasuna ez da bera, makina modernoak izanagatik: langilea sartu ezin daitekeen lekuetara sartu beharra daukate eta susto bat baino gehiago hartu dute.

Arazo ergonomikoak arruntak dira, mugimendu oso errepikakorrak dituzten postuak daudelako. “Adibidez, erregulatu daitezkeen egiaztapen mahaiak eskatu genituen, mahai finkoetan altua denak makurtu egin behar duelako, txikia denak besoak gehiegi luzatu… eta arazoak sor ditzake horrek. Bi urteren ostean mahai bat egin dezaten lortu dugu, ea beste lanpostuetan ere egiten dituzten”.

Larangak gaineratu duenez, hainbatek uko egiten dio atsedenari –ordu erdi dute ogitartekoa jateko–, bereziki jende nagusiagoak, produkzio helburuetara iristea gehiago kostatzen zaielako. Izan ere, puntu sistema daukate: 8 ordutan 800 puntu atera behar dituzte eta produkzioaren arabera puntu gehiago edo gutxiago lortzen dituzte. Hainbat alditan 800 puntu baino gutxiago eginez gero, soldata ere horren araberakoa dute. “Horregatik, jendeak tranpatxoa bilatzen du beti, makinari denbora pixka bat irabazteko. Enpresako dio denborak ondo kalkulatuta daudela eta ez dela halakorik behar”.

Prestakuntza ikastaro dezente jasotzen dituzte, baina Larangaren hitzetan ez dira oso baliagarriak “eta bakoitza sinatu egiten dugu, pentsatzen dut dirua dagoelako tartean”. Aurreko elkarrizketatuek ere bizpahiru ordutako ikastaroak jaso izan dituztela kontatu digute, orokorrean ez probetxugarriegiak.

Kontuak kontu, Michelin sarreran duten kartel elektronikoa da añorgatarra gehien mintzen duena: bajadun istripurik gabe hainbeste egun daramatzatela adierazten du kartelak, baina negargarria iritzi dio, baja horiek ezkutatu egiten direlako. Bere esanetan, istripua izan ostean, baja eman ordez bete dezakeen bigarren arduraren bat ematen diote langileari, edo ezer ez, baina bajarik hartu ez dezan ziurtatuz. “Sentsibilizazio hitza polita geratzen da paperean, baina errealitatea bestelakoa da. Sabaitik harri puska handi batzuk erori ziren behin, langileak barruan ginela, eta nagusietako batek, asko pentsatu gabe, zera bota zuen: ‘Eskerrak ez direla erori produktuen gainera’. Horixe da oraindik mentalitatea: produzitzea, ahalik eta gehien, ahalik eta azkarren”.
Istripuaren kausak

Hego Euskal Herrian, urtean 100 lan-istripu inguru ematen da –47 heriotza 2010ean–, baina LABeko Iker Espolosinen eta Ibon Zubielaren hitzetan, datu ofizialak ez dira zuzenak, jende asko ez baita estatistiketan sartzen, lurpeko ekonomiagatik, autonomo izateagatik, azpikontratengatik… edota enpresen presioagatik: zergatik deklaratzen dira hainbeste istripu arin eta hain larri gutxi? Zergatik igo dira bajarik gabeko istripuak eta gainontzekoak gutxitu? “Zenbat eta prekarietate handiagoa, orduan eta segurtasun gutxiago. Entrega datak atzorako direnean, denborarik ez dagoenean eta ez daukagunean neurriak hartzeko eskubiderik, istripuak gertatzea errazagoa da”, diote.

Lan-istripuen atzean bospasei kausa daude batez beste; arruntenak: lan antolamendu edo prozedura desegokia, neurri nahikoak ez dituen makinaria, prozesu produktiboen protokolo gabezia, prebentzioaren gestiorako sistemarik ez izatea –adibidez, estali gabeko zulo bat–, eta ezaugarri pertsonalak –halako ez izatea lan horretarako egokia–. Sindikalistek salatu dutenez, ordea, partean honakoak irakurtzen dira gero: “Istripuaren kausa: korrika zihoan. Konponbidea: polikiago joatea”, kontuan hartu gabe lan horretarako prestatua al zegoen, eremua segurua al zen eta adierazia al zegoen…

Formakuntza falta ere kausen artean dago, baina aitzakia ere izaten dela nabarmendu du Zubielak: “Ikastaro bat eskaini eta kito, prestakuntza emana, zuk jakin behar duzu nola egin… Eta bai, nik badakit nola egin, baina ez daukat lana gestionatzeko gaitasuna, ez ditut baliabideak eta ezin da erantzukizuna nire gain utzi. Gainera ikastaro eskasak dira, ordu pare bat, sinatu eta aurrera”. Espainiako Estatuaren Lan Ikuskaritzak du Hego Euskal Herriko prebentzioaren ardura, eta erakunde oso burokratizatua dela dio Zubielak, baliabide falta izugarria duena. Europan ikuskari bat dago 8.000 langileko; Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan oro har, 20.000 langileko bat.

ASTEKARIA
2010ko irailaren 05a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sindikalgintza
Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


50.000 afiliatuko langa gainditu du LABek, mende erdia bete berri

Langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera eraman, eta aldaketa soziopolitikoa lortzeko "eragile aktibo" izanen dela nabarmendu du LABek 50. urteurreneko ospakizunean.


Soldaten emendioa aldarrikatzeko greba eguna burutu dute Ipar Euskal Herriko sektore publikoan

500 lagun batu dira Baionan buruturiko manifestazioan. Sektore publikorako erreformarekin Frantziako Gobernuak sektore pribatuko logika funtzionarioen baitan txertatu nahia salatzeko mobilizazioa ere izan da.


EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Eguneraketa berriak daude