"Enetako, euskara laborategi bat da"

  • Zergatik da arrunta behinola sinesgaitza zena? Zergatik da sinesgaitza behinola arrunta zena?
Niko Etxart
Niko EtxartDani Blanco

“...Pariserat banüazü...” kantatu baino lehen joan zinen zu Parisera.


Sortu eta bi urtera. Gure aitak elizaren zerbitzuko lan bat kausitu zuen bertan, eta ni soldaduskatik landa baizik ez nintzen Euskal Herrira itzuli. Nahi ala ez, haurtzaroan eta gaztaroan bizi eta ikusitakoek markatzen dute izaera, eta egun, geroz eta garrantzi handiagoa ematen diot ene paristar mentalitate hori atxikitzeari. Nire burua zinez Euskal Herrian finkatzeko Paris gibelean utzi nuenean, Paris baino gauza gehiago utzi behar izan nituen bazter hemengo jendearekin ongi moldatzeko. Beharrik bitxikeriak errazago onartzen zaizkiola artistari. Baina adibidez, ekimena eta gauzak egiteko ausardia Parisi zor dizkiot. Hemen taldeak, diskoak edo proiektuak sortzen ibili naizelarik, hemengo ene garaiko gazteek metxa falta zuten. Kostua, onarpenik eza... Beti zuten aitzakia bat. Nik, aldiz, ene paristar mentalitatearekin dena posible zela pentsatzen nuen beti. Gaur egun, mentalitateak berdindu dira, baina orain dela 40 urte euskaldun jendea oso apala zen.


Ez da beti erraza haur bati Euskal Herrian euskal kontzientzia pasarazten, baina Parisen...


Gure aitak 37 urtez lan egin du hiriburuan, baina Parisen bizi izan da Altzürükün balitz bezala. Etxean euskaraz mintzo zen, boneta buruan joaten zen karrikara, eta segur naiz ez duela sekula kuriositaterik izan Louvrera joateko. Ez, gure aitaren aste-hondarretako gutizia Euskal Etxera joatea zen. Hor ezagutu ditut manexak, hor nahasi naiz Hegoaldekoekin, eta geroxeago errefuxiatuekin. Horrek piztu dit euskal grina, nahiz eta kontzientzia militantea askoz berantago etorri zaidan. Gauzak diren bezala, luzaz golfo bat izan naiz. Eskolaz paso egiten nuen, eta musika eta futbola baizik ez zitzaizkidan inporta. Baina bakantza oroz Altzürüküra jiten ginelako, etxean euskal giroa genuelako, eta astebururo Euskal Etxean sartua ginelako, oso giro euskaldunean bizi nintzen etxea Montparnasse inguruan izanik ere.


Soldaduskatik landa, Euskal Herrira itzultzea deliberatu zenuenean ez zenuen pentsatu zure ametsen betetzeko Paris baino egokiagorik ez zela?


Luzaz pentsatu dut hori. 14 urterekin finko nekien musikaria edo kantaria izanen nintzela. Ene buruan, alta, argi ikusten nuen euskaraz kantatzea ene plazerarendako zela, baina hortik bizi nahi banuen aukera bakarra frantses kantaria izatea zela. Ni baino kide zaharragoez osatutako talde batean jotzen nuen Parisen eta 15-16 urterekin gaitzeko arrakasta genuen auzoan. Pentsa, Eddy Barclay-ren diskoetxe ospetsuko enpresari batek begiz jo eta kontratua eskaini zidan frantses kantari gisa karrera egiteko. Hori izan da ene bizitzan soldatapean egon naizen urte bakarra. Nicoleta edo Michel Sardou izan ziren bezala, ni ere etorkizuneko frantses kantari hautatuetan nintzen. Baina 1972a zen, hippyen mugimendua pil-pilean zegoen, eta etengabe errepikatzen zuten norbere lurretara itzultzeko ideia hori, eta batez ere, hiriburutik kanpo ere dena zela posible. Egun batetik bestera erabaki nuen euskaldun kantari bat izanen nintzela, eta ene zizpa sorbaldaz aldaturik, Barclaykoei agur esan, eta geroztik ene kontura ibili naiz.  


Zenbaitek rocka euskaraz entzun baino nahiagoko zuen frantses kantari izan bazina.


Garai haietan Pantxoa eta Peio, Manex Pagola eta folka ziren modan. Nik Odol Berria izeneko folk taldea nuen, Jean Mixel Bedaxagarrekin ere a capela kantatzen genuen, baina banekien bizitzeko dirua behar zela, eta horretarako bide errazena dantzaldiak ziren. Dantzaldi horietan, ipurdiak mugitzeko rocka behar zen eta horregatik hasi nintzen euskaraz rock dantzagarria lantzen. Parisen ere kantatzen nuen rocka euskaraz, baina gaztetan erradikala izaten zara, eta rocka ere halakoa zen. Banekien hemen rocka gaizki ikusi zela, euskalduna oso kontserbadorea zela. Batzuentzat rocka euskaraz egitea euskara zikintzea eta traizionatzea zen, bekatu mortala. Pentsa, autoko gurpilak ere zulatu izan dizkigute! Gure aitzineko belaunaldiaren mentalitatea hori izanik ere, gazteak alde genituen, eta zorionez jendea saldoan mugitzen genuen. Anje Duhalde eta bioi egotzi zaigu euskal rockaren aitzindaritza, eta gaur egundik begiratuta oso titulu ederra da, baina urte haietan ez zen beti goxo.


Kasualitatea da euskal rocka euskal periferiatik sortu izana? Josu Zabalak ere askotan esaten du Hertzainak Gasteizen baizik ez zitekeela sortu.


Ez da kasualitatea. Paristar mentalitateari zor diodan ausardiak eraman nau euskal rocka sortzera, eta Paris periferia da Euskal Herriarentzat. Gurea underground zen. Odol Berriarekin folka eginez edo kantu tradizionalak kantatuz askoz arrakasta handiagoa nuen rocka eginez baino. Nik ez dut euskal rocka sortzeko planorik egin. Nik euskal kantari profesionala izateko egin ditut planoak. Horretarako burua nekatu behar duzu, eta oso logikoa zen dantzaldia euskaraz egin nahi banuen rocka euskaraz abestea.

Profesionala izateko, burua bakarrik ez, gorputza ere nekatu behar izan duzu.


Minxoriak-ekin urtean 170 kontzertu egiten nituen, eta horiei Niko Etxart bezala egiten nituenak gehitu behar zaizkie. Udako nire egun normal batean, esaterako, Larzabalen kantu tradizionalak ematen nituen eguerdiko aperitifa denboran, arratsaldez Niko Etxart bezala kontzertua Basauriko futbol zelaian, eta gauez Minxoriakekin dantzaldia Barakaldon. Martxa horretan ibili naiz anitz edanez, autoan lo eginez... Luzaz egin dut hori, hamar urtez tai gabe. Bidean ez dut sekula arazo handirik izan, baina azken bi urteak oso gogorrak izan ziren. Bazen bulta bat totela nuela, eta ostatuan trago bat galdetzeko ere norbaiten laguntza ezinbestekoa nuen. Zonbi bat nintzen. 1986ko goizalde batez, Bilbotik etxera nentorrela, autoak birako oso bat eman zidan autobidean. Ez nik ez autoak ez genuen deus izan, baina dantzaldiak uztea, ene estudioa muntatzea eta ene bizitza lasaitzea erabaki nuen.

Gaur egun zergatik gutxiesten da dantzaldia? Zergatik daude plazak hutsik?


Mentalitate urbanoaren ondorioak. Enetako erru handia da berbenetako musikaria gutxiestea. Gure geografian, dantzaldia euskal kantagintza zabaltzeko tresna izugarria izan da. Gainera, jendeak eskatu egiten zuen. Baina Euskal Herri jator, goxo eta puta honetan modan izan dena desmodatzen da laster. Semeei herriko bestetako dantza taldea zein den galdetzen diedanean ez dute jakiten. Kontzertua nork eman duen, aldiz, beti dakite, talde ttiki bat izanik ere. Gure sasoian dantzaldiak zuen prestigioa kontzertuak du gaur egun.

Kontzertu taldeak ere krisiaz mintzo dira, alta.


Enetako musikari batek, artista batek, ez du negar egiteko eskubiderik. Hori da beti mantentzen saiatzen naizen urrezko arau bat. Noski, nik ere ikusten dut parametro anitz aldatu direla, diskogintzatik ateratzen diren etekinak ez direla lehengoak, baina ez dut sekula negar egin, eta ez dut negar egiteko gogorik. Bizitzeko behar dudan errutinak oraindik funtzionatzen dit, baina ez du esan nahi beste musikariekin elkartasunik ez dudanik. Alderantziz. Bakoitzak bere burua salbatzera jotzen badu denak itotzeko arriskua dago. Baina ni baikorra naiz neurez, eta batzuetan baikorregia izanik ere, Alphonse Allais frantses idazleak zioenarekin bat nator guztiz. “Ilusio sinple batekin zoriontsu izaten dakien gizona askoz abilagoa da errealitatearekin etsitzen dena baino”.

Kasu, negarrik egiten ez duenak ez duela jaten esango dizu are abilagoak.


Anormala atzematen dudana da ACDC edo Bob Dylan BEC-era etortzen direnean jendea 80, 100, 150, edo 200 euro ordaintzeko prest egotea eta euskal kantari bat ikusteko 5 edo 10 euro ez ordaindu nahi izatea. Leku batzuetan sarrera kobratzeak bekatu bat dirudi! Iparraldean, jendea ohitua dago bere sartzea ordaintzen, eta nik behintzat, askoz hurbilago sentitzen dut ni entzuteko esfortzu hori egin duena. Hegoaldera joatean aldiz, biziki famatua izanik ere, anonimotasun bat bada. Adibidez, Azpeitiko kioskoan jarriko zaituzte, eta jendeak ordaintzen ez duenez, publikoa ostatu batetik besterako bidean ikusten duzu. Segur naiz, alta, kantari ultra-espainol bat ekarriko balute, sarrera kobratu eta denak hantxe geldirik eta adi egongo liratekeela.

Betidanik da nekeza norbere herrian profeta izatea.


Nik ez dut esan nahi Biarritzen denek Niko Etxart ezagutzen dutenik, baina badakit Iparraldean euskara gozatzen duen orok badakiela Niko Etxart nor den. Gisa berean, badakit Hegoaldeko euskaldunek badutela Niko Etxarten aditzea, baina badirela sektore anitz ez dutenak euskara bihirik ere entzun nahi. Hori hala, egia da modan izan naizela, multinazional batekin atera dudala disko bat, 40 Principales-eko zerrendetako 16. postuan egon naizela, nire kantuak entzun direla Espainia osoko diskoteketan... Baina hori dena Madrildik manatutako zerbait bezala ikusi da beti, eta Madrilgo Niko Etxarten erabilera hori biziki urrundik bizi izan dut nik, Zuberoatik. Nik Zuberoatik ikusten dut mundua, eta horregatik iruditzen zait ez naizela ez modan jartzen, ez desmodatzen. Badakit, adibidez, Larrabetzura joaten naizelarik zale zenbait izanen ditudala nire izenak eramanik, baina fama edo ez fama, moda edo ez moda, aspaldi da ez dudala hori kontuan hartzen. Ez du inportantziarik enetzat. Ene zortea eta pribilegioa da nik hautatzen dudala non eta zer kanta.


Kantatu aitzin sortu behar da, alta.


Musika sortzean ikaragarrizko plazera hartzen dut. Instintiboki, senez, lan erraza da niretzat. Askoz gehiago kostatzen zait hitzak idaztea, baina hor ere plazera dut gidari. Kantu batendako gaua zuritzea erabakitzen badut zaude segur ez dela guruzbide bat. Gaitzena lana abiatzea da, baina behin abiatuta... Enetako euskara laborategi bat da. Badakit ez naizela olerkari handia, baina uste dut badakidala kantu bat egiten. Musika sortzen hasten naizenean, deus esan nahi ez duen ingeles moduko batean xaramelatzen dut, eta bitxia dena da, diskoa grabatu arte ene musikariek bertsio hori baizik ez dutela entzuten. Harrigarria da, alabaina, euskarazko hitzak ezartzean kantuak beste nortasun bat nola hartzen duen. Gero batzuen gustukoa izango da eta besteena ez. Batzuek oraindik esango dizute, rocka ingelesez baizik ezin dela egin, ez frantsesez, ez gaztelaniaz, ez serbokroazieraz, eta are gutxiago euskaraz. Baina zorionez, onartua izateko xantza dut.


Ez zara olerkari handia izango baina Ürrüti Jauregiko Peirot Pastorala idatzi zenuen 2002an. Nola esplikatu euskara galtzen ari dela eta pastorala indartzen?


Hertsiki lotua da. Iparraldean, euskal kontzentrazioa txikia da eta beste molde batean funtzionatzen du. Hemen tradizio abertzalerik ez den lekuetan ere euskarak badu bere tokia. Anitz antolatzailek esango dizute oraino posible dela pastorala edo maskarada muntatzea herria azkar delako. Herri batzuetan pastorala egiteko argumentu nagusia da “orain ez badugu egiten berantegi izanen dela”, “ahal duguno kanpokoei azkar garela erakustea”. Horrek erran nahi du oso epe motzeko pertzepzioekin ari dela jendea, oraindik euskara aski erabiltzen dela herrian, baina itxaroten badugu hau eta hura ez direla gehiago hemen biziko eta kaka zaharra. Zuberoan, kontzientziatuak eta politizatuak ez diren gazteetan ikusten dut euskararen galtzea. Nostalgiaz bizi dute hizkuntza. Badakite haien aitatxi eta amatxiak euskaraz mintzatzen zirela, harro dira hortaz, baina ez dutenez beste modu batez arrazionalizatzen, euren inplikazioa nostalgia hutsean gelditzen da. Zorionez, gure herrietan, geroz eta jende kontzientziatuagoa ere bada, eta ederra da ikustea pastoralaren osaketarekin herri dinamika bat sortzen dela. Bizi zarela erakusteko modu bat da, eta nostalgikoa asetzeaz gain, kontzientziadunak ere bere mezua pasarazten du.
Nortasun agiria
1953ko maiatzaren 9an sortu zen Altzürükün. Haurtzaro eta gaztaroa Parisen iraganik, 21 urterekin itzuli zen Euskal Herrira, kantu tradizionalean, dantzaldietan, zein bakarlari euskal panorama musikaleko izen esanguratsu bilakatuz. Bide luzea luzatzeko asmoz, udazkenerako bakarkako disko berria prestatzen ari da.
OFF THE RECORD -Ordua
Arratsaldeko 4etan egin dugu zita Altzaiko Nikoren estudioan. Arratsaldeko lehen ordua da guretzat, goizeko lehena beretzat. Orhiko txoriak Orhi maite duen gisan, maite du gaua gau-txoriak. Lanak bukaturik, anpliak piztu, eta bateriaren atzean esertzeko agindu dio Nikok bateria-jole esnatu berriari. Inprobisazio eta energia deskarga baten ondotik heldu zaigu partitzeko tenorea. Afalordua da guretzat, bazkalordua Nikorentzat.

Azkenak
2024-03-19 | ARGIA
NBEk ohartarazi du maiatza baino lehenago gosetea Gaza iparraldera iritsiko dela

31.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Natasha Rueda, Gasteizen euskaldundua:
"Euskarak duen traba nagusietako bat da ikasteagatik dirutza ordaindu behar izatea"

Astelehen iluntzean ibili da 23. Korrika Gasteizko kaleetan zehar, eta euskaltzaleek hiria aldarriz bete dute. Bertan izan da Natasha Rueda ere, eta prestaketa lanetan zebilela hitz egin dugu berarekin. Kolonbiarra jatorriz, Gasteizen bizi da duela 25 urtetik; Korrika pasa dela... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


Elkarrekin Arabak Euneiz-en proiekturako zuhaitz mozketa masiboa salatu du

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduera horrek “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Eguneraketa berriak daude