Irakurleak galdezka: Landareekin harremana

Ixil asko Jakoba. Landareekin soinutan egoteko jardueran nauzu. Enborrak eta adarrak astindu, hostoak zapaldu edota esku artean kraska karrakatu, belarriondoak petaloz ferekatu... Bai eta haizea eta zuhaitzen arteko esamesa amaigabe eta entziklopedikoa irakurri: zuhaize. Batzuek musika paratzen omen diote zenbait landareri, emankorrago haziko direlakoan. Iruditzen zait landareak ere aspalditik hasi zaizkigula haien musikarekin gu entretenitzen eta bideratzen. Landareekin egiten dugun larru edo azal jotze horretan, noraino ahal du landareak? Arbola koxkorra astintzea edota etxeko salako landare exotikoari hostoak igurztea edo abarrak tolestea... Maite al dute haiek, landareek? Guk bezain beste?
Alex Mendizabal (Erroma, Italia).


Alex, fereka bat belarriondotik...

Landareekin soinutan bada ere, egoteko jarduerak zailak zaizkidak. Landareekin soinutan ari hadi.

Zuhaitz eta haize. Zu haize. Gauza bera ez al dituk bada? Ez al ditek zuhaitzek adarrak mugituz haizea sortzen? Ez al ditek zuhaitzek haizetik bazkatu eta lurpeko, benetako zuhaitza elikatzen?

Landareekin larrua jotzeko kontuari helduz: guk bezain beste maitatzen ote duten galderak berak min ematen zidak. Haiena bai maitasuna. Gurea? Gurea, larru berri bat jotze hutsaz ezerezten diagu, hiltzaile bihurtzeraino. Landareen maitasuna ez zegok larruan, ez duk azalekoa. Begiratu eta begiak itxi, usaindu eta aditu, darion musika entzun, urrutitik ukitu eta batez ere jan. Azala, zortena, begia, hostoa, lorea, fruitua, hazia... jan. Haren onena hire hoberena izango duk. Orduan zainduko hatzaio. Itsu motzetik ireki, goitik behera ireki hadi landareari.

Orain hostoz jantziko duk, azalak eguzkitik babesteko; hi ere soineko horren pean jarri. Loratu eta fruitutuko duk; hik ken eta jan, loretik hobe, alde ederrekoak...

Udazkenean, hostoak lurrera jolasera bidali eta biluzten duk; hik gauza bera egin.

Idazle batek Jean-Jacques Rousseauren landareei buruzko idatziak irakurtzeko aholkatu zidaan. Suitzar ilustratuak idatzi zian: landareen jakintzak “arimaren bekatuak garbitzen ditu” eta “pasioen gar iskanbilatsuei aurre egiten die”. Orri honetako neureak irakurtzeko ohitura baldin baduk, honez gero badakik: nik arimaren eta gorputzaren bekatuak eta pasioen garren zalapartak atsegin dizkiat. Landareak maitatzeko ezagutzen dudan era onena duk.

Bukatzeko, ilustratuak ahaztu eta landareen musika nahi baduk tori bi, nafarrak biak: Josetxo Azkonaren Arbola naiz, eta zuhaitza eta Ander Olaizolaren Baso baten egunerokoa liburuak hor zeuzkaagu, gu bezalakoen zain... Ez zegok horrelako Rousseaurik!
Alex, ondoloin eta bizi. Pott.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galderak
2017-12-31 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka

Kaixo Jakoba. Etxe inguruan 4-5 sagarrondo ditugu. Noiz inausi behar dira?

Larraitz Aurrekoetxea (Elorrio)


2017-12-24 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka

Kaixo Jakoba, permakultura erara jarria dugu baratzea, eta azkenaldian barazki artean perretxiko batzuk ari zaizkigu ateratzen. Zer esan nahi du horrek? Eta desorekaren baten adierazle balitz, zer egin genezake zuzentzeko?   

Bego Tapia (Altzo)


2017-10-01 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka

Kaixo Jakoba. Hur zuhaitz bat dugu eta urtero ale mordoa izaten ditu, baina heldu ahala guztiak erortzen dira zulo txiki batekin, “hutsik”, ustelduta... Zer izan daiteke? Sagarrondo eta aranen alboan dago.

Ana Zarandona (Etxebarria)


2017-09-17 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka

Kaixo! Baratzea argazkiko belar txarrarekin josita daukagu. Zer da? Ba al dago baratzetik kentzeko modurik? Ahal duzunean erantzuterik izango bazenu eskertuko nizuke.

Asier Altuna (Azkoitia)


2017-09-10 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka

Kaixo Jakoba. Veza soloari buelta eman ostean ortuariak landatu edo erein baino lehen karea dantzatzea egoki?

Juan de Atxirika (Murueta)


Eguneraketa berriak daude