Amelia Barquin

"Etorkinak ez du arazo berririk ekarri euskararen auzira"

  • Gurasoak ikastolako patioan, subjektibotasuna gainezka. “Halako ikastetxea zegokigun, baina alaba hara ez bidaltzea erabaki genuen immigrante pila daudelako. Gainera, konflikto asko, eta kalitate eskasa”. Barquin irakasleari joan gatzaizkio, bestelako diskurtso osasungarri baten bila.
Miel Anjel Elustondo
2010ko martxoaren 21a
Amelia Barquin
"Immigrazioarena fenomeno azkarra izan da eta, hala ere, nik esango nuke, oro har, sistemak nahiko ondo erantzun diola egoera berriari".Zaldi Ero

Immigrazioa dugu hizpide, eta ez bestelako gairik, dela ikasleen balioak, euskararen erabilera eza, edota jangeletako elikadura. Zergatik jardun immigranteez?


Duela hamar urte ez bezala, gaur egun etorkinen kopurua aintzat hartzeko modukoa da. Duela hamar urte, hezkuntza sisteman etorkinen seme-alaba ez zen %1 ere. Oraintxe, EAEn, %7 da gutxi gorabehera. Etorkinen presentzia dugu, beraz. Beste kontu bat: hezkuntza sistemak ez zuen etorkinen presentzia aurreikusten. Fenomeno azkarra izan da eta, hala ere, nik esango nuke oro har sistemak nahiko ondo erantzun diola egoera berriari.

%7 ei da etorkinen kopurua EAEn. Sistemak nahiko ondo erantzun arren, zerbaitek karranka egin du, bestela ez genuke gaia hizpide.


Oraindik orain entzun nion Francesc Carbonell irakasleari esaten hezkuntza sistema gai izan dela magnitude hori daukan ikasleria berriari harrera egiteko. Hori horrela da, baina kontu gehiago ere badira. Hara, etorkinak hirietan kokatu dira gehienbat, nahiz eta gainerako herrietan ere badiren. Hirietan herrietan baino desoreka handiagoak gertatzen dira: etorkinak halako eta halako auzoetan bizi dira; autoktonoen erreakzioa ere kontuan hartzekoa da: bertan geratzen dira, edo beste norabait alde egiten dute?; autoktono horiek nora bidaltzen dituzte beren seme-alabak, auzoko ikastetxera, edo beste batera, etorkinen seme-alabekin ez dezaten harremanik izan? Ereduen auzia ere tartean dago, sare publikoan etorkinen kopurua askoz handiagoa delako, oro har.

A eredura jotzen dute etorkinen seme-alabek.


Hala zen hasieran, baina hori ere aldatzen ari da. A eredua dagoen lekuetan gertatzen da hori, egia, baina eredu hori ez dagoen lekuetan nekez gertatuko da. Donostia baten, adibidez, gutxiagotan, Gasteizen baino. Bestalde, etorkinak ez du hemengo hizkuntz egoeraren berririk. Gehienek ez dakite hemen gaztelania ez beste hizkuntza bat hitz egiten dela. Etortzen dira eta gure egoera soziolinguistikoarekin egiten dute topo, eta ez dute erraz ulertzen. Eta nola ulertu? Zergatik ikasi behar dute beraien seme-alabek, kalean entzuten ez den hizkuntza bat? Batzuek bi hizkuntzak ikasi behar izaten dituzte, euskara eta gaztelania. Beste alde batetik, ume asko ez datoz bi edo hiru urterekin, hamabi, hamalau urterekin baino. Horiek hemengo bi hizkuntzak ikastea ezin erraz izan. Hala ere, esan egin behar zaie ezinezko dela haien seme-alabek gaztelaniaz ez ikastea Gasteiz batean, adibidez, nahiz eta eskola euskaraz izan. Soziolinguistika pixka bat dakienak badaki hori, baina atzerritar baten aburuan hori ez da hain ebidentea, ez du seme-alabak gaztelaniaz ikasiko duen segurantziarik, eskolan nagusiki euskaraz egiten bada: “Nik gure umeak kalean hitz egiten den hizkuntza ikas dezan nahi dut”, “Bai, ikasiko du”, “Baina nola, eskolan beste hizkuntza batean ikasten ari bada?”. Eta azaldu beharra dago, eta denbora eta energia inbertitu.

Kanpotik etorritakoari ematen diogun mezua, euskaraz eskolatu arren gaztelaniaz ere ikasiko dutela seme-alabek.


Uste dut gure gizartea abegikorra dela etorkinekin, oinarrizko gauzetan behintzat. Hala ere, mesfidatia ere bada, euskarari dagokionean, esaterako, edo hezkuntza kalitatearen inguruan, gatazka berriei buruz, eta abar. Euskara dela eta, gure hizkuntzarekiko atxikimendu eskasa leporatzen zaie etorkinei. Duela gutxi esaten zidan politikari batek: “Lortu behar dugu etorkin nagusiek ere euskaraz ikastea!”. Eta nik: “Bai, nahi duzun guztia, baina pentsatu behar dugu ez dugula haiekin lortuko bertako elebakarrekin lortu duguna baino gehiago. Gure erronka nagusia ez da hori, haien seme-alabak baino. Bertako elebakarren kasuan gertatzen zaigun bezala”.

Gizarte autoktonoari dagokionean, zein da zuzendu behar zaion mezua?


Hor izugarrizko erantzukizuna dugula uste dut. Ezin dugu dena etorkinen gain utzi. Niri asko gustatzen zait dantzaren metafora. “Integrazioa” elkarrekintzan egiten den zerbait da; dantza baten moduan irudikatzen badugu, bikote dantza da, ez bakarkakoa. Lagunik gabe izan liteke dantza, baina ez da integraziorik izango. Eta, gure eskoletan, etorkinen seme-alaba asko integrazio dantza hori beren kabuz, bakarrik dantzatzen ikusten ditugu, eta integrazioa ez da posible, ez bakarrean jardunda. Horixe gertatzen da etorkinen seme-alabak bakarrik dauden ikasgeletan, edo nagusiki haiek beste inor ez dagoenean. Zenbait lekutan, etorkinen umeek gelak beteak dituzte, eta autoktonoek ez dute bertarako asmorik. Hezkuntza Sailak erantzukizun handia dauka desoreka horretan: bada garaia neurri sendoak hartzeko ghettoak desagertzeko.

Autoktonoek ez dute etorkin berriekin gela banatu nahi?


Kasu latzak ikusiak gaude, bai Gasteizen, bai Bilbon. Zenbait lekutan, ia-ia %100 dira ikasle etorkinak. Euskara gutxien duten ereduetan gertatzen da hori, A eta B ereduetan. Eskola batek, eman dezagun, bi lerro baldin baditu, euskara gutxien duenean etorkin gehiago pilatuko dira. Horrela jardunez, umeak banatzen eta parekotasun eza sustatzen ari gara. Asko hitz egiten da etorkinen integrazioaz, eta apur bat nazkatuta ere banago. Oraindik orain, jardunaldi batzuetan esan zuten Frantzian etorkinen seme-alaben artean esateko modu bat erabiltzen dutela: “Zoaz, integra zaitzaten!”. Inor antzarak ferratzera bidaltzeko beste era bat… Integratu eta integratu, zer arraio da hori, ordea? Integrazioa eskatzen diegu, baina bikotekiderik gabe. Eta nola egin behar dute? Umeen kasuan argi eta garbi ageri da hori. Ez badituzte indigenak ezagutzen, ez badira haiekin harremanetan sartzen nola integratu? Eta A ereduko eskola publikoan nekez gertatuko da hori, autoktono gutxik nahi dutelako hara joan.


Integrazioa eta inklusioa, berdin dira?


Hezkuntzan inklusioa hobesten da. Integrazioak halamoduzko konnotazioa du: kanpoan dagoen zerbait, edo norbait, barrura sarraraztea. Bi multzo ageri dira hor: kanpoa eta barrua. Inklusioan aldiz, ez: ez dago barru ez kanpo, dena da bat, guztiona, guztiontzat. Era horretara, eskola ere guztiontzakoa da, berdin da nor datorren bertara, etorkin nahiz autoktono, berea duen lekua beteko du, eskubide eta betebeharrez. Inklusioan kultur aniztasuna beste aniztasun mota bat da, askoren artean: genero aniztasuna, sozio-ekonomikoa, norberaren gaitasun edota interesei lotutakoa…

Aniztasuna, aberastasunaren sinonimo?


Hori da hezkuntzaren diskurtso profesionala, eta politikoki zuzena. Aniztasuna aberastasun da, kudeaketa egokia baldin bada tartean. Gainerakoan, ondorio negatiboak ere izan ditzake. Ijitoak ditugu adibide. Joan deneko 40 urtean hezkuntza sistemaren barruan ditugu. Aniztasuna izan da hori ere. Baina, nola kudeatu da aniztasun hori? Ikasle batzuek eta besteek, ijitoek eta paioek, zer ikasi dute? Elkarrekin ezin dela bizi! Aberastasun izan zitekeen aniztasun hura, ez da hala gertatu, hein handi batean kudeaketa egokirik ez delako izan.


Immigrazioaren alderdi positiboak azpimarratu izan dituzu inoiz.


Bai, akuilu da-eta metodologia arloan. Gela batzuetan aniztasuna areagotu da; adibidez ikasle berantiarrak agertu dira, delako eskolako curriculumaren berri izan ez dutenak… eta eskolak egoera horiek denak kudeatu behar ditu, era batera edo bestera, baina modurik egokienean beti. Metodologia tradizionalak ez du emaitza onik ematen aniztasunaren kudeaketan; berrikuntza pedagogikoari ekitea, berriz, onuragarria da etorri berrientzat, baina baita beste guztientzat ere.

Etorkinen seme-alabek, Omarrek, Alexeik, Aminak… dakarkiguten kulturaz jabetzen ote gara?


Eskolak umeek etxetik dakarten kulturari zer harrera egiten dion ikusi behar. Ijitoekin gertatu zena. Zenbat irakaslek baliatu dute haiek zekarten kultura? Zenbatek eman diote prestigioa? Ijitoek sentitu zuten eskola hura ez zegokiela, eskolak berak ez ziolako ijitotasunari tarterik egiten. Horrek zer ikasia eman behar digu. “Ikasketa esanguratsua” esaten da orain, alegia, ikasleak sentitu behar du ikasten duenak zentzua duela eguneroko bizimoduan, haien bizipen, esperientzia eta interesekin lotzen dela. Gure kasuan, etorkinen seme-alaben bizipen, esperientzia eta interesak esplizitatu behar dira ikasgelan. Baliabide ezin hobeak izango dira ikasle guztiek ikaskuntza berriak egiteko. Ez dugu ahaztu behar, bestalde, bertako kultura ume etorri berrien kultura ere badela; hemen hazten eta hezten ari dira eta hemengo guztia haiena da, eta berdin da non jaio diren haiek edo haien familiak.

Immigrazio berriak hezkuntzara ekarri duen aldaketaz ariko ginateke hizketan etorkinak behartsu, pobre ez balira?


Ez dut uste. Arrazakeriaz hitz egiten da, baina egokiago da Adela Cortinak asmatutako terminoa: aporofobia. Etorkinak ez ditugu gustuko, baina ez kanpotik datozelako, pobre direlako baizik, langile klaseak. Erdi mailako herritarrak maila bereko edo goragoko lagunak nahi ditu bere seme-alabentzat. Alemaniako kontsularen edo Baskoniako jokalariaren seme-alabak gure ikastetxera etorriko balira, arazorik ez legoke. Arazoa sukaldari txinatarraren umea da, edo eraikuntzan ari den marokoarrarena. Behartsuak direlako, alegia. Elitismo puntu bat dago hor: “Nor eta nor dira gure seme-alabaren lagunak? Nor eta nor gonbidatu ditu urtebetetze festara? Zein sare sozial izango du etorkizunean?”. Elitismoa, alegia. Hala ere, gai hauetaz ez da hitz egin ohi. Hezkuntza kalitateaz hitz egiten da.

Aporofobiaz ez?


Ez, ez! Ez da gauza ederra. Nork hitz egingo du, bada, horretaz? Kontuok ez dira esplizitatzen. Nork esango du, bada, “halakorekin bai, gizarte maila berekoa dudalako. Halakorekin ez, pobrea delako, eskulangilea delako”. Pentsatu bai, pentsatuko dugu, modu inkontzientean bada ere. Esan ez. Hezkuntza kalitatea, ikasketa maila… gisako arrazoiak bai, besterik ez.


Immigrazio berriak gure erronkak agerian jartzen dituela irakurria dizut han edo hemen. Zein gizarte mota nahi dugun, euskararen normalizazioa, gure gizartearen balioak…


Bai. Etorkinak ez du arazo berririk ekarri euskararen auzira. Gasteizen, Bilbon… etorri berria zein eredutan matrikulatu zalantzak baldin baditugu, geuk ditugu dudak, ez etorkinak. Zalantza horrek gure gizartearen egoera erakusten du, ez besterik. Etorkinaren etorrerak nabarmenago egiten du euskararen egoera normalizatu gabea, eta eginkizun dugun bidea. Arazoa ez dira haiek, etorkinek arazoa agerian uzten dute. “Gatazka” dakartela diote batzuek. Guk badakigu zer den gatazka, etorkinak azaldu baino lehen ere! Balioak… Zein balio lantzen ditugu familian? Esan, gauza asko esaten dugu. Egin, beti da zailago. Sahararrei elkartasuna adieraztea da bat, edo Boliviako eskola batera liburuak eta jostailuak bidaltzea, eta bestea da norberaren umeak ikasten ari diren ikastetxean sahararrak, boliviarrak hartzea, eta haiekin bat egitea. Elkartasuna, urrun dauden herritarrekin soilik? Ondora datozkigunean, norberaren umeak haiengandik urrunarazi? Zergatik, zein dira gure beldurrak? Horrek zer pentsatu handia eman izan dit. Zein balioren arabera eraiki nahi dugun gure gizartea, alegia.
Etorkinak, eta zer?
Amelia Barquin (Bilbo, 1965). Filologia Erromanikoan doktore. Etorkina zuen aita, Kantabriatik etorria. “Gaur egun, ikusten dut nola joan zen bertakotzen, zein estrategia garatu zituen horretarako. Bilboko Arangoiti auzoan bizi ginen, langile auzo peto-petoa. Espainiatik etorriak ziren bertako guzti-guztiak. Bazen emakume bat ‘la vasca’ esaten ziotena! Euskaldun bakarra Arangoitin! Gure etxepean baziren Extremadura, Gaztela, Galizia eta gainerako bazter guztietatik etorriak. Eta langileak. Euskalduna ontziolan lan egiten zutenak, hainbat…”.

Amelia Barquin Mondragon Unibertsitatean, HUHEZIn hasi zen lanean 1999an, gaztelania erakusten. Joan deneko bederatzi urtean, berriz, hizkuntza ez ezik Kultur Arteko Hezkuntza, Herritartasunerako Hezkuntza eta beste, erakusten ditu. Bi ume dituzte, etorkinen portzentaje handia duen ikastetxean. “Bizi garen auzoak eskola bat du. Hura zen guretzat aukera naturala. Auzokoa, D eredukoa, publikoa… Etorkinak joaten omen ziren. ‘Bai, eta zer?’, gure erantzuna, ez diogu horri beldurrik, ez dago zertan izan eta. Auzokoak joaten ziren eskola horretara, ez besterik. Oso gustura gaude, eta eskola ere aurrera doa. Klaustroa oso saiatua da, metodologikoki oso aurreratua, hezkuntza estrategia puntakoak darabiltzate, dela bikote hezitzailea, proiektuen araberako irakaskuntza, aniztasunarekiko sentiberatasun handia… Aniztasuna altxor da ikastetxean. Oso eskola interesgarria da gaur egun, eta aniztasuna izan da berrikuntzarako akuilu”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Gutxiengoa dira immigrazioa arazotzat duten EAEko herritarrak

2015ean hasitako joerari jarraiki, immigrazioari buruzko iritzi eta jarrera positiboak sendotu egin dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizartean. Hala berretsi du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak aurkeztu duen 2018ko Barometroak.


Osasunbideari ere errieta, euskara egoki ez baloratzeagatiik

Osasunbideko deialdietan, lehiaketaldian 40 puntutik euskarak 4’29 puntu eman beharko lituzke eremu euskaldunean, eta 2’73 puntu eremu mistoan. Baina euskararik jakin gabe ere 39 puntu lortu daitezke, beste merezimendu batzuekin. Beraz, praktikan, ez da betetzen euskarari buruzko foru dekretu berriak dioena.


2018-10-17 | ESK sindikatua
Pobrezia eta gizarte-bazterketaren kontrako 51.000 sinadura

Euskal Herriko Eskubde Sozialen Kartak pobrezia eta gizarte-bazterketaren kontrako herri-ekimen legegilea butzatzeko beharrezkoak diren sinadurak entregatu ditu.


Bardean benetako bonbekin maniobra militarrak eginen dituzte asteazken honetatik aurrera

Urriaren 17tik 19ra eginen ditu Espainiako Armadak maniobrak, beste behin. Tiro Poligonoaren Aurkako Taldeak salatu du "Parke Naturalean gailentzen dela maniobra horiek egiteagatik Armadak ordaintzen duen kanona segurtasuna eta ingurumenaren gainetik".


2018-10-17 | ARGIA
Pinuen gaitzari aurre egiteko oxido kuprosoa erabiltzea oso toxikoa dela salatu dute

Pinuen gaitzari aurre egiteko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek aurkeztu duten plana gogor kritikatu du Naturkon kolektiboak, besteak beste gaitzari aurre egiteko erakundeek proposatu duten oxido kuprosoa toxikoa baita: “Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten ziurtatzea gure ibaiak edo edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 hektarea fumigatzen badira?”.


2018-10-17 | Iņigo Igartua
Manifestazio nazionala deitu dute urriaren 27an Nafarroako gaztetxeen alde indarrak biltzeko

Maravillas, Errotxapea eta Lizarrako gaztetxeen aurkako prozesu judizialak irekita daude eta epe motzean kaleratuak izateko arriskuan daudela ohartarazi dute manifestazioa deitu dutenek.


2018-10-17 | ARGIA
Karlos Apeztegia kartzelaratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak Hernanin duen bulegoan egiten du lan Karlos Apeztegiak. Asteartean bertatik atera zenean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta asteazken goizean, espetxeratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta.


2018-10-17 | ARGIA
Iruņeko sutea indarkeria matxista kasu bat izan daiteke

Hipotesi hori darabil gertakaria ikertzen diharduen Espainiako Poliziak. Hala bada, ikerketa bere gain hartu zuen instrukzio epaileak Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegira bideratuko du kasua.


2018-10-17 | ARGIA
Eider Rodriguez, Irene Aldasoro eta Kepa Altonaga Euskadi Sarien irabazle

Asteazken honetan jakinarazi dituzte literaturako Euskadi Sarietan falta ziren kategorietako irabazleak: Eider Rodriguezek aurtengo bigarren saria eskuratu du, oraingoan haur eta gazte literaturari eskainitako kategorian, Santa familia liburuari esker.


2018-10-17 | Iņigo Igartua
Kalean bizi den jendearen zenbaketa: errefuxiatuen auziari erantzun ezean, ez espero miraririk

Ostegun honetan zenbatuko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zenbat pertsona bizi diren kalean. Erakunde publikoak konprometitu ziren etxegabeen kopurua %20 jaistera, baina errefuxiatuen krisiari emandako erantzun eskasa ikusita, zaila dirudi aurreikuspena betetzea. Bilboko kasuari erreparatu diogu.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude