Malgusegurtasuna: malgu eta segur?

Azken urte hauetan gero eta oihartzun handiagoa du malgusegurtasun –flexisecurity– kontzeptuaren inguruko eztabaidak. Hitzak berak esaten duen bezala, malgusegurtasunaren helburua lan merkatuaren malgutasuna eta langileen segurtasuna uztartzea da, tradizionalki arerio izan diren bi ezaugarri hauek bateratuz, eta zirkulu bertutetsua ahalbidetuz nolabait. Esaterako, Europako Komisioak malgusegurtasun ereduaren aldeko apustua egin du eta Danimarkako eredua hartu irizpidetzat. Danimarkan, lan-arauketa txikiko lan merkatua eta era berean langileen gizarte-estaldura handiko eredua garatu egin da, langileen lan-mugikortasunean oinarrituz. Horrela, adibidez, daniar lan merkatuan langile bat kaleratzea erraza izaten da; halere, langileen etengabeko formakuntzek eta gizarte-prestazio kabalek ez dute ondorio ezkorrik sortzen langileen artean, hartara, malgutasunaren jasangarritasuna ematen da nolabait.

Lehenengo begiradan eredu interesgarria izan daitekeela ematen du. Dena den, hainbat galdera erantzutea behar-beharrezkoa da. Lehenik eta behin, ondo aztertu behar da Danimarkako errealitatea –5,5 milioi biztanle duen lurraldea– handiagoak diren beste lurraldeetara esportatu daitekeen ala ez. Zentzu honetan, ezin dugu ahaztu Alemaniak 82 milioi biztanle dituela eta gure Estatuak 46 inguru. Bestetik, lurralde eskandinabiarren kultura eta sistema politikoak ere bereziak dira eta ikusi beharko litzateke han garatutako politika publikoak beste eremuetan hedatu daitezkeen ala ez. Ezberdintasun hauen adibide bat aipatu aldera: Danimarkako presio fiskala %30,9koa den bitartean Espainiako Estatukoa %20,3koa da.

Honen guztiaren harira, azken finean malgusegurtasun ereduaren inguruan hitz egiten dugunean argi gelditu behar da: ekuazioaren ze aldeari ematen zaion garrantzi gehiago, baita posible ote den ere malgutasuna eta segurtasunaren arteko oreka perfektua lortzea. Izan ere, hauen konbinaketaren arabera emaitza eta ondorio sozialak oso ezberdinak izango dira. Horrela bada, argi utzi behar da lehenengo momentutik, malgusegurtasunaren benetako helburua hurrengo urteetako lan-merkatuaren inguruko eztabaidara aire berriak ekartzea den edo malgutasuna eta lan ezegonkortasuna areagotzeko marketin estrategia edota Troyako zaldia den, hartara, ideia neoliberalak hainbat sindikatutan eta ezkerreko mugimenduetan barneratu eta errotu ahal izateko.

ASTEKARIA
2010ko otsailaren 14a
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude