"Berrikuntzaren apologia bizi dugu"

  • Abadiño, 1972. Soziologian doktorea da eta pentsamendu psikoanalitikoaren jarraitzailea. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean (Eskoriatza) dihardu irakasle. Berandu baino lehen. Erretratuak XXI. mendeari liburua (Alberdania) kaleratu berri du. Azken bost urteetako gogoetak bildu ditu. “Gatxa” egin ei zaio gogoetok hedabideetako parametroen arabera adieraztea. Kasuon ez da bere “gabezia”, gabeziarik izatekotan, kazetari honena.
Joseba Azkarraga
Joseba AzkarragaDani Blanco
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Joseba Azkarraga Etxagibel saiogileak dioenez “egungo ordena sozial hegemonikoa, Berlingo Harresiaren erortzearekin garaile atera zen hura, krisi sistemikoak jota dago”. Ordena honek ez du kontzeptu argirik eta formulazio baliagarririk XXI. mendeko dilemei aurre egiteko. Zentzu honetan, amets eraldatzailearen krisiaz eta iraultzaren paradigmaren gainbeheraz berba larregi egin dugu.

Zeri erantzun nahi dio Berandu baino lehen liburuak?


Nire saioen tonua eta forma, akademikoagoak izan dira orain arte, hau askatasun gehiagoz idatzi dut. Eguneroko pasarteak txertatu ditut, niri edo lagunei gertatuak. Liburua kontu handiei zein txikiei ateratako erretratuez osatuta dago, bineta moduko batetik abiatuz irakurketa soziologikoak eskaini ditut. Zientzia soziala dago, baina gaiak publiko zabalaren eskura eroaten saiatu

naiz.

Gai mardulak landu dituzu: krisi soziopolitiko-ekonomikoa, klimatologikoa, psikologikoa, energetikoa...


Ikuspegi panoramiko bat eskaintzen saiatu naiz. Esaterako, krisi energetikoak zer pentsatua eman beharko liguke euskaldunoi. Burujabetzaz hain kezkaturik bizi den herri honek krisi energetikoaren gaian ardura gehiago ez izatea oso kezkagarria da. Gure baliabide energetiko guztien %95a inportatzen dugu, gure etorkizuna determinatuko duen datu itzela da. Aro post-fosilistarako prestatzen hasi beharko genuke berandu baino lehen.


Berandu baino lehen izenburuak larritasuna adierazten du. Tonu apokaliptikoa hedatzeaz kritika zaitzakete.


Inondik inora. Liburuan espreski diot urruti nagoela “guztia kontrolpean dago” dioen moderno teknofilotik eta “guztia galduta dago” dioen fatalistatik. Berandu baino lehen goiburuak adierazi nahi du erabaki garrantzizkoak hartzeko urte gutxi dugula aurretik, eta gaur hartzen ditugun zein hartzen ez ditugun erabakiek etorkizunean inpaktu handia edukiko dutela. Auto azpian bonba bat itsatsita daroan zibilizazioa da gurea, eta kilometroak eta kilometroak egiten ari gara. Baina horrek ez du esan nahi bonba ezin denik desaktibatu. Apokalipsia desmobilizatzailea da, ihes egin beharko genioke. “Errealismo kezkatia” da hondoan dagoen jarrera, hondamendia saihestu aldera berau posible dela onartzetik datorrena. Arduraz jokatzea ezinbestekoa da honezkero.

Literatur baliabideak erabili dituzu.


Konplexutasuna hitz bakanetara ekartzearen hautua egin dut, eta testua literatur baliabidez busti. Gauza konplexuak modu eskuragarriagoan esatearen artea interesatzen zait, pentsamendua demokratizatu aldera. Urduri jartzen naute ezkerreko pentsalari hiper-kriptikoaren semantika eta egitura testual ulertezinek. Jarrera aurrerakoiak eta norberaren produkzioak kontsonantzian egon behar dute, sinplekerian jausi gabe, noski.


Diskurtsoa politizatu beharraz ari zara.


Nolabait. Adibidez: minbizia da gaur egun nozitzen dugun arazoetako bat. Seguruenera hainbat faktore dira gaitz petral horren azpian, nondik datorren ez dakigu zehatz-mehatz. Gure amamarentzat halabehar jainkotiarra da ziurrenera. Modernitateak eman dion azalpen eredua beste bat da: epidemiologia soziopolitikoagoa da, polisaren antolaketari loturikoa; bizi estiloak, garapen hiperteknologikoak eta modernitateak erditu duten bizimoduaren ondorioa. Orain, berriz, postmodernitateak beste azalpen ildo batzuk mamitu ditu, nitasunarekin lotura dutenak, “ni” horiek bizi duten istripu emozionalekin. Nitasun hori izango litzateke errealitatea sozialaren ekoizle nagusietakoa. Historiak determinatu ditu orain arte gure bizierak. Gure psikeak determinatzen dituela sinestera heldu gara ondoren. Gaixotasunek badute jatorri psikosomatikoa, duda barik, baina arriskua dago Bourdieuk “ilusio biografiko” deitu zuen horretan erortzeko

Noraezean gabiltza, antza.


Arazo sozialak arazo intrapsikiko bihurtzen ari gara. Behiala espazio publiko-politikoan kokatzen ziren hainbat gertakari –baita hauen azalpena– gero eta gehiago espazio pribatu-indibidualean kokatu ditugu. Kontraesan sistemikoak norbanakoaren ardura dira. Gizakiok fenomeno askoren internazionalizazioaren eta internalizazioaren artean bizi gara. Mundua interpretatzeko beste modu bat jalgi da. Pentsamenduaren despolitizazioa eta esperientziaren pribatizatzea dago horren atzean. Euskal Herrian ere nabarmena da azken urteotan bizi dugun bizitzaren pribatizatzea. Euskararen normalizazioan, demagun, hiztun indibidualaren asertibitatea bihurtu dugu etorkizunerako ardatz nagusi. Hori garrantzitsua da, baina arriskutsua litzateke hizkuntza politika soilik hor ardaztea, gutxiago hitz eginez Txepetxen hiztun-komunitateaz, edo ahaztuz euskarak ez duela segurtasun juridiko-instituzional berbera –euskara jakitea ez da derrigorra euskararen herrian–.


Zenbat du munduak soziologiatik eta zenbat psikoanalisitik?


Diziplina bakoitzak ikuspegi bat eskaintzen du. Soziologiak paisaia marrazten dizu: paisaia soziala eta historikoa. Psikoanalisiak, berriz, norbanakoaren bidaia biografikoa, bere barrunbe intimoak. Norbanakoa ezin da ulertu paisaia historiko-soziala ulertu barik. Paisaiarik gabeko bidaia, zuringo gabeko arrautza da. Eta, era berean, ezin da paisaia historiko-soziala ulertu bidaia biografikoak aztertu gabe. XXI. mendeko gizarte hau ulertzeko, bi diziplina horien bidegurutzea oso emankorra zait.


“Bizitza zelan bizi” planteatu duzu liburuan. Eslogan polita.


Zein da bizitza ona? Milaka urteetako tradizio kultural eta espiritual guztiek muinean izan duten galdera da. Mundu hiperteknologizatu honek –galderon aurrean– jendea despistatuarazi du. Liburuan aldarri hau egiten da: “Gelditu apur batez eta, ikuspegi indibidual zein kolektibotik, analizatu ezazu zein den bizitzea merezi duen bizitza”. Hazkunde etengabeko dileman murgildu gaituen “zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto” delakoa, erantzun egokia ote da? Ez dut uste. Bestetik, etengabeko aldaketak gertatzen ari diren honetan, norbanakoei gainegokitzapen moduko bat eskatzen zaigu, egoera berrietara egokitu behar izatea etengabe. Berrikuntzaren apologia bizi dugu. Norbanako zein kolektibo moduan deliberatzea dagokigu, erabakitzea dagokigu gertatzen ari diren aldaketetatik zein diren merezi dutenak eta zein ez. Egokitzapenaren inperatiboari autodeterminazio pertsonal eta kolektiboa gehitzea. Deliberazio demokratikoa funtsezkoa da etorkizuna eraikitzeko.

Badugu zer gainditua gizabanakook...


Egungo arazo handiena diskurtsoaren eta ekintzaren arteko leizea da. Gai askori buruz jakinduria asko pilatu dugu. Adibidez, aldaketa klimatikoaz datu asko dugu dagoeneko, baina bidaide izatetik gogaide izatera pasatzea falta zaigu. Gai batzuekiko ukipena landu dugu, baina hunkipena falta zaigu. Etorkizuneko desafioa horretan datza. Honezkero ez da nahikoa esatea “garapen eredu honekin ez goaz inora”. Hori aspalditik dakigu. Arazoa da hori guztia nola bihurtzen dugun portaera eta biziera, norbanako eta gizarte gisa.


Hazkuntzaren mugak liburua hizpide hartu duzu zurean. Baby boomaren urtekoa zara: 1972koa, Abadiñon jaioa. Horrek guztiak gaiak lantzeko bestelako ikuspegi bat eskaini al dizu?


Euskal herritarra izateak –Abadiñokoa edo beste leku bateko izatea ez da ere gauza bera– kokapen berezia eman dit, baita gizartea analizatzeko aukera berezia ere. Neronek hiru taupada biografiko daramatzat: bat, aurremodernoa. Gurasoak baserritarrak dauzkat. Mundu mental, sozial eta sinboliko hori gertuko dut. Bi, taupada moderno kaletarra. Nire imajinarioa mundu modernoaren gogo eraldatzaileari lotuta eratu da. Moderniari lotzen zaion etorkizuna humanizatzeko gogo intimoa daramat. Hiru, taupada posmodernoa neurea dut: iraultzaren paradigmaren eta dispositibo ideologiko mesianikoen gainbeherak bizi izan ditugu. Topos hau ez da paristar edo San Pauloko batena, ezta ere Boliviako indigena batena. Espazio sozial bakoitzak begiratu bat ematen digu. XXI. mendeko euskal herritarra izateak perspektiba oso interesgarria damaigu.


Bizi dugun egoeraz jabetu al dira azken belaunaldiak?


Hazkunde ekonomikoa hemendik aurrera ezin dela utopia izan badakigu belaunaldi berriok, jakitetik jakitera aldea badago ere. Areago, hazkunde ekonomikoa eta hobetze materiala nolabaiteko utopia izan zen aurreko belaunaldientzat, eskasiatik atera behar baitzen, baina gaur arrisku iturburu galanta da. Gainera, ohartu gara hazkunde ekonomikoaren eta bizipozaren marrak, grafiko batean biak marraztuz gero, une batean aldentzen direla elkarrengandik: puntu batetik aurrera hobetze materialak ez dakar ongizate subjektibo handiagoa. Gure belaunaldiak badaki kontsumismoa dela sekula sortu den suntsipen masiboko armarik kaltegarriena. Zentzu horretan, gu dilema berrien eramaileak gara.


Nora joan nahi dugun jakiteko, nondik gatozen ikastea ezinbestekoa dugu.


Eszenatoki historikoa asko aldatu da. Testuinguru kultural eta moral homogenoago batetik gatoz eta berau ikaragarri aldatu da. Egungoa askoz polizentrikoagoa da, eta anitzagoa aldi berean. Erlatibismo moralak agintzen duen eszenatoki batera pasa gara. Gure portaera finkatzeko eta gure bizitza orientatzeko ez daukagu mapa bakarra. Menu zabala dugu aukeran. Gure existentzia testuinguru historiko honetan antolatu behar izateak zalantza eta antsietatea sortzen dizkigu. Horiek aro honen berezko elementu bihurtu dira. Aukeratu ahal izatearen ederrari, aukeratu behar izatearen zama. Azken honek tentsio eta higatze psikiko-emozional handia sor dezake norbanakoengan.

Nitasunari hainbat atal eskaini diozu.


Bai. Esaterako, kontsumismoak zein nitasun eredutan hartzen duen oin. Gure estruktura psikikoak bi langa dauzka, behean “naizena” dago, eta goian “izan nahi nukeena”. Bi marren arteko aldea zenbat eta laburragoa izan, orduan eta zoriontsuago biziko naiz. Gizaki modernoak goiko langa hori inoiz baino gorago eraman du, areago gizaki hipermodernoak. Polisaren antolamenduaren arazoa da hein batean, subjektibitate oro produktu historiko eta soziala delako. Goiko langa hori produktu sozial-historikoa da hein handi batean, norbanakoak ez du autogenesiz ezarri. Goiko langatik behekoa ikusiz gero, “desegokia naiz” sentimendua sortzen da. Lotsa, alegia. Nahi genuke beheko langa horretatik saltoak eman eta goiko langara heldu. Liburuan defendatzen dudan tesiak dio goiko langa horiek merkatu ekonomiak, publizitatearen artearen bidez, gure baitan instalatu dituen frankizia psikikoak direla. Publizitate bidez, barru arrakalatua, norbanako zauritua, ez nahikoa, lotsatua, sortzeko makinaria perfektua da egungo sistema. Eta sistema honek sortzen duen sufrimendu psikikoak plusbalia ikaragarriak ematen dizkie batzuei. Beheko marra kuestionatu beharrean, goikoa leherrarazi behar genuke. Gure psikismoa merkatu-ekonomiatik gero eta aldenduago egon, orduan eta handiagoa izango da barruko bakea.

Azkenak
Kneecap, Last Tour eta protestaren merkatua

Kneecap taldea BBK Liven egoteak eztabaida piztu du makrofestibalek protesta politikoaz egiten duten instrumentalizazioaz eta kultura-eredu nagusiaren kontraesanei buruz.


Baionako fiskaltzak ikerketa abiatu du Ane Lindanek EHZn egindako emanaldiaren harira

Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak Bilboko artista salatu du arrazoi beragatik, “eskarnio delitua” egin duela argudiatuta. EHZk barkamena eskatu die artistaren emanaldiak mindu dituenei, baina egoera gorrotoa sustatzeko baliatu dutenengandik “urrun”... [+]


Munduan 220 milioi tona plastiko sortu eta %10a baino ez dira birziklatzen urtero

220 milioi tona plastiko sortzen dira munduan eta %10a soilik birziklatzen da, zifra hori hamar urtez mantendu da bere horretan. Hainbat talde ekologistek salatu dute egoera uztailaren 3an, plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko egunean.


Amnistia Internazionalak exijitu dio CAFi Jerusalemgo tranbiaren proiektua bertan behera uzteko

NBEren txosten batek azaldu du Beasaingo enpresak lagundu egiten duela Israelgo legez kanpoko kolonien hedapenean. Amnistia Internazionalek deialdia egin die gobernuei “urgentziaz” esku hartu dezaten txostenaren ondorioekiko.


2025-07-04 | ARGIA
TindEHEr egitasmoa: gazte-taldeen arteko ‘matxak’ euskaratik eta euskaraz

Oraingoz hamabi gazte-taldek eman dute izena. Taldeen arteko bikoteak osatuko dituzte, eta haien arteko harreman informalak euskaratik eta euskaraz garatuko dituzte. Helburua da kontzientzia linguistikoa berpiztea. Euskal Herrian Euskarazek eta Gazte Euskaltzaleon Sareak abian... [+]


Foruzaingoak taser pistolak eskura izango ditu 2026tik aurrera

Nafarroako Barne Sailak araudia aldatu du Foruzaingoak taser pistolak erabiltzen hasteko hurrengo urtean. Pistola elektrikoen erabilera poliziek daramatzaten kamerek kontrolatuko dute.


Lurramak “Bihar ere laborari” lelopean ospatuko du 20. urteurrena

Laborantza herrikoia eta jasangarria bultzatzen duen azokak 20. urteurrena beteko du. Azaroaren 7tik 9ra antolatu duten erakusketa eta merkatuan parte hartzera dei egin du.


Hau altxorra, geure geurea!

-Kax, kax, kax.

-Aurrera!

Maratila kirrikariari buelta eman eta barrura.

Hor zaude zure Donostiako Ibaetako EHUko bulegoan, eserita, lanean, aurrean mahaia bete irakurgai. Hor daude zure poltsatxo beltza lurrean, zure erlojua, ohiko legez, eskumuturrean beherantz buelta... [+]


Tomasita Quiala, munduko “bertsolari” txapelduna

Ekainaren 12an, 64 urte zituela hil zen Tomasita Quiala Kubako izar handia. Azkeneko aldiz, 2018an etorri zen Tomasita Quiala repentista Euskal Herrira, Bertsozale Elkarteak antolatutako inprobisazioaren nazioarteko topaketa batzuen bidez. Dena hartzen zuen gogoan eta denari... [+]


Leire Martinez, Equala berdintasun aholkularitza
“Zaila egiten zaio gizarteari onartzea albokoa izan daitekeela erasotzailea”

Erasoen aurrean jarduteko protokoloaren garrantziaz mintzatu da Equala berdintasun aholkularitza zerbitzuko Leire Martinez. Eraso baten aurrean zer egin, nora deitu eta nola babestu jakiteko balio du. Iruñeko Peñen Federazioarekin aritu dira elkarlanean aurten ere.


Amurrioko Correoseko langileek mobilizazio gehiago egingo dituzte, zuzendaritzak ez baitu kontrataziorik egin gainkarga konpontzeko

Hiru eguneko greba egin zuten ekainean eta enpresak ez ditu bete adierazitako konpromisoak. Horien artean zegoen udako oporren hutsuneak betetzea, CCOO sindikatuak azaldu duenez.


Eguneraketa berriak daude