"Kubak ez du keinurik egin behar"

  • Zeresan ugari eman dute duela gutxi Kuba eta homosexualitatearen inguruan ETBko Pásalo telesaioan emandako iritziek. Kubak pairatzen duen manipulazio informatiboaren beste atal bat baino ez da. Halakoak salatzen hogei urte beteko ditu aurten Euskadi-Kuba elkarteak. Elkarteko Jose Manzanedarekin mintzatu gara.
Jose Manzaneda,
Iñigo Azkona

Kubaren gaineko manipulazio informatiboa iraultza bera bezain zaharra da. Ezagunak dira jomugak: gerontokrazia, demokrazia eza, giza eskubideei muzin egitea... Zergatik kritika bortitz hauek?


Funtsezko arrazoia ideologikoa da. Munduan hegemonikoa den sistema kapitalistaren alternatiba –edo eredu ezberdina, behintzat– islatzen du Kubak. Hirugarren Munduko testuinguruan, are nabariagoa da Kubak suposatzen duena eta, hasieratik, behin eta berriro saiatu dira eredu hori deuseztatzen AEBen eta kapitalismoaren botere ekonomikoa zein ideologikoa ordezkatzen dutenak. Asko dira erabiltzen diren baliabideak. Bata indar militarra da, Cochinos badiako inbasioarena, besteak beste. Beste bat ekonomikoa: 1962an ezarritako blokeoa, oraindik ere leundu ez dutena. Bestalde, hedabideen bidez, gezurren bidez, eta Kubako egoera lekuz kanpo utziz, zilegitasuna kendu nahi diote Kubako ereduari. Kezka Kubako eredua dute. Noam Chomskyk esaten duenez, Kubak aukera desberdina erakusten dio nazioarteko kapitalari, erabat onartezina dena, jakina. Nazioarteko botere ekonomiko horrek hedabideen gaineko kontrol osoa dauka. Hein handi batean, hedabideak enpresa pribatu handiak baino ez dira; ideologia baten (kapitalismo liberala) zerbitzura. Hedabide publikoak ideologia bera defendatzen duten gobernuen esku daude. Manipulazio informatiboaren jatorria, beraz, gerra ideologikoa da, beste eredu bat eraikitzen saiatu den herri txiki baten kontra.

Zeintzuk dira Euskal Herriko hedabideetan politika horri eusteko zioak?


Nire ustetan, eragin handiko faktorea izan liteke telesaio zehatz bat nork zuzentzen duen. Pásalo telesaioko aurkezleei, esaterako, patroi ideologiko bat dagokie eta Kuba ez dute gogoko. Aurreiritziz beteta daude. Batek daki, Kuban egonak diren aurreiritzi guztiak eta euro-zentrismoa soinean zituztela, eta ikuspuntu europar horretatik izandako sentsazioak erreproduzitzen dituzten. Berdin egiten dute solaskideek: Kubak nolabaiteko Suedia tropikala izan behar du; Kubako osasungintza, adibidez, bertan behera laga behar da gurea bezalakoa ez delako, edo beren lan egiteko moduak ez du ezertarako balio, ez baita hemengoa bezalakoa. Kuba, inguruan duenarekin konparatu behar da, sekulako blokeoa pairatzen duela kontuan izanik. Baldintza hauei kasu eginez, txarto ala ongi egiten ari diren eztabaidan jar daiteke; ez dut uste bidezkoa denik Kubarekin zerikusirik ez duten eremu geografikoekin eta egoerekin konparatzea. Dena dela, Pásalo-ko taldean sentsibilitate handiagoko jenderik badagoelakoan nago. Izan ere, kexa adierazteko bidalitako posta elektronikoak direla-eta, Kubako homosexualitateari buruzko beste telesaio bat egitea horren isla da; “kale egin dugu, hura konpontzeko zerbait egin dezagun” pentsatuko zuen baten batek, nahiz eta asmo ona ezerezean geratu, berriro kale egin dutelako. Egin zuten beste telesaio hartan, aukera sexualari dagokionez ez dutela inor espetxeratzen argi geratu zen. Hala ere, aurkezleak esan zuen duela hamabost urte homosexualak ikerketak egiteko erabiltzen zituztela, eta hori guztiz faltsua da. Jarduera homofoboak badaude Kubako gizartean, baita Mexikon, Argentinan, El Salvadorren edota Euskal Herrian bertan ere. Dena den, ez dituzte kontuan izaten gizarte kubatarrean emandako aurrerapausoak, ondoko herrietan parekorik ez dutenak: sexu aldaketa ebakuntzak, kasu, estatuaren kontura egiten dira; nik dakidanez, Andaluzian baino ez dagoen aukera. Kuba bezalako herri batentzat historikoa da hori, eta ez diote inolako garrantzirik ematen.


Emigrazioa dugu Kuba erasotzeko erabiltzen den argudioetako bat. Solaskideek esaten dute politikak bultzatutako emigrazioa dela, krisialdi ekonomikoak ez duela eraginik.


Kubako emigrazioaren zenbakiak ondoko herrietakoak bezalakoak dira. Telebistan okerreko datuak, maltzurrak, ematen dituzte. Barregarria bada ere, 3.000.000 erbesteratu daudela esaten dute. AEBetako Gobernuak esaten du 800.000 direla Kuban jaioak direnak. Bestelakoa da ondorengoen kasua, haiek ez baitira emigranteak: milioi bat eta erdi kubatar daude munduan; Kubako populazioa, guztira, hamaika milioi eta erdikoa da. Latinoamerikako egoerari so eginez, oso zenbaki arruntak edo txikiak dira horiek. Bestalde, jendeak Kubatik alde egiteko dituen motiboak beste inon dituzten berak dira: gaur egungo motiboak ekonomikoak dira, are gehiago blokeo ekonomikoa kontuan izanez gero. Kubako egitura ekonomikoa ez dago estatu garatuenetan bezain dibertsifikatuta eta baliabide gutxiago dago krisialdiari aurre egiteko. Ez da harritzekoa, beraz, Kuba bezalako herri batean, non denek dituzten ikasketak, jendeak alde egitea etorkizun hobeagoaren bila. Emigrazioan oso jarrera arrunta da, ez diogu beste esanahirik zertan bilatu. AEBetara joaten dira Kubatik gertu daudelako, gizatalde kubatarra dagoelako. Halaber, AEBetako legediaren arabera lurra zanpatzen duten guztiek bertan geratzeko eskubidea daukate, beste lekuetako emigranteek ez duten pribilegioa.


Zer egiten duzue manipulazio informatiboaren burbuila apurtzeko?


Aurten hogei urte beteko dituen Euskadi-Kuba elkartea Kubaren adiskide da, mundu osoan diren bi milatik gora taldeetako bat. Kubako iraultzarekiko elkartasun talde klasikoa da. Hainbat gauza egiten ditugu maila ezberdinetan. Alde batetik, garapenerako kooperazioa lantzen dugu; Kuban hamabost ekimen ditugu abian: laborantza ekologikoa, abeltzaintza, eguzki energia edota etxebizitzak eraikitzea. Sentsibilizazioa dugu beste sestra bat, Kubako benetako egoera aditzera emateko egiten ditugun formatu klasikoko ekimenak: hitzaldiak, jaiak, kontzertuak, erakustaldiak eta abar. Hirugarren arloa hedabideena da eta Cubainformación egitasmoa dugu haren bihotza. Ez dugu nahi Euskadi-Kuba elkartearen beste egitasmo bat izatea, elkartasun mugimendu ororena baizik. Lau euskarri edo zutabe ditu: sare bidezko telebista, Bilboko Tas Tas Irrati Libreko estudioetan ekoizten dugun irratsaioa –Europako eta Amerikako hainbat irratitan emititzen dena–, hiruhilabeteko aldizkari bat eta eguneroko albisteak jasotzen dituen webgunea. Ez pentsa hauek guztiak Euskadi-Kubakook egiten ditugunik, beste taldeetako jendea ere badago; Mexikotik, Argentinatik, Kubatik, AEBetatik lan egiten duen pertsona asko.

Nazioarteko elkartasuna dela-eta, euskaldunok oso estima handian kokatu ohi dugu gure burua. Pentsatzen dugu Kubarekiko grina sentimendu hegemonikoa dela hemen. Egia al da?


Apurka-apurka, hobetzen ari gara. Egitasmo gehiago izan ahala, gero eta presentzia gehiago daukagu, baina ezin ditugu ez errealitatea ez Kubarekiko adiskidetasun poltsak mitifikatu, azken batean betiko parametroetan mugitzen baitira. Cubainformación egitasmoaren bidez, hedabideekin gero eta mesfidantza handiagoa daukan jendearengan eraginik izan dezakegu, manipulazioa ukatzen ez duen eta gaia ezagutzen ez duen arren arreta jartzen digun jendearengan. Pásalon Kubako gaia mahairatu gure sentsibilitatea duen solaskideren bat eraman izan balute, besteek esaten zutenaren kontrapuntua izango zukeen. Egun hartan, baina, ez zegoen inor. Tsunamiaren kontrako surflari baten borroka da. Beste telebista kateetan, berriz, horrelakorik ere ez dago. Obamaren ustezko erreformei buruz egindako telesaio guztietan Kubako Gobernua eraso, besterik ez zuten egin. Pásalon, behintzat, guri elkarrizketa egin ziguten, guztira telesaioaren %9.


Zintzoak al dira Obamaren ekimenak?


Obamaren inguruan itzelezko propaganda kanpaina garatzen ari da. Sistema inperialista yankeeari interesatzen zaio Obama, Bushek egindako guztiak porrot ekonomikorantz eta militarrerantz eramaten zituelako. Ondo deritzet iragarritako neurriei, baikorrak dira, blokeoaren egitura deuseztatzeko lehenbiziko aurrerapausoa da. Hala ere, 50 urteko egitura da eta ez dut uste aldaketa gehiagorik egongo denik. Oso mezu sinplea da: “Zu itotzeko erabiltzen dudan soka apur bat askatzen badut, aldatzeko beharra duzu; azken 50 urteotan esan dizudan guztia (merkatu ekonomia eta nireak bezalako hauteskundeak ezartzea) hitzez hitz bete behar duzu”. Kubak ez du inolako keinurik egin behar. Egin behar dutena egingo dute, baina ez azaleko murrizketak desagerrarazi dituztelako.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kuba
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).


Kubak 17 urtez Pentagonoan infiltratu zuen espioia aske, 20 urte espetxean egin ostean

AEBetako Defentsarako Inteligentzia Agentzian analista lana egiten zuen, eta hainbat informazio sekretu helarazi zizkion Kubako Gobernuari 1984tik aurrera. 2001ean atzeman zuen FBIk, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Bere aurkako 2002ko epaiketan egin bezala, orain... [+]


Emilio Aranguren. Euskal DNA-dun gotzain kubatarra
"Iraultza ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean"

Habanan egindako elkarrizketa baten bigarren atala izan liteke hau. 2011ko ekainaren 19an ARGIAren orrialdeetan mintzatu ginen Holguineko (Kuba) gotzainarekin. Francok estatu-kolpea jo zuen garaian Legazpiko alkate Daniel Arangurenen eta Emilia Etxeberriaren semea dugu, gurasoen... [+]


2022-11-22 | ARGIA
Pablo Milanés abeslaria hil da

Pablo Milanés abeslari kubatarra zendu da, 79 urterekin. Madrilen eman ditu azken urteak, baina han eta hemen kontzertuak eskaini ditu, azken unera arte.


Eguneraketa berriak daude