Gehiegi puztutako beldurra

  • Delinkuentziak ez du gora egin Euskal Herrian, baina sortzen digun beldurra handitu egin da. Hedabideok badugu zeresanik horretan, beste interes batzuek ere bai. Herritarrak ez dira lehen bezain seguru sentitzen, eta horrek ondorioak ditu. Polizia gehiago nahi dute askok, eta etorkin gutxiago. Hein handi batean haiek izendatu ditugu errudun. Etorkinak, ez poliziak.
Lerro hauek idazteko unean, Donostia asaldatuta dabil. Sexu-erasoak, hilketa saiakerak, lapurretak... Rodolfo Ares Herrizaingo Sailburuak, Odon Elorza alkatearekin bildu eta gero, Gipuzkoako hiriburuan segurtasuna areagotzeko neurri bereziak iragarri zituen maiatza bukaeran. Poliziaren presentzia handiagoa, irakur bedi. Arriskutsu bihurtu dira gure hirietako kaleak?
 
Cesar San Juan EHUko Kriminologia Institutuko zuzendariordearekin hitz egin dugu gai honetaz. Hiritarrok segurtasunaz dugun pertzepzioa da haren ikerketa eremu nagusia. Orain dela pare bat urte Donostia izan zuten aztergai, aurten bertan Bilbo. Eta paradoxa bat aurkitu dute: jendearen beldurrak ez du bat egiten delinkuentziari buruzko datu objektiboekin. “Lortutako datuak hiriko maparen gainean kokatzen ditugu, eta hala jakiten dugu, hiritarrek segurtasun faltaz duten pertzepzioa norainokoa den ez ezik, pertzepzio hori zein lekuetan den handiagoa”, azaldu digu San Juanek. Segurtasun mapa subjektiboa litzateke hori. Poliziak ere, indarrak nola banatu behar dituen erabakitzeko, antzeko azterketak egiten ditu, baina datu errealetan oinarrituta. Kriminologia Institutukoek behatu dutenez, mapa biak, objektiboa eta subjektiboa, ez datoz bat. Hala da Bilbon nahiz Donostian.
 
Paradoxa hori azaltzeko hiru hipotesi darabilte, San Juanen esanetan. “Horietako bat biktimazio-aldagaia da, hau da, jendeak delitu gehiago jasan dituen lekuetan, beldur handiagoa dago”. Baina Donostian esaterako, horrek ez ditu emaitzak azaltzen. Segurtasun faltaren pertzepziorik handiena Altza auzoan dago, baina ez da biktima kopuru handiena daukan hiriaren zatia. Eta auzo baterako balio duenak balio du hiri osorako. Rodolfo Aresek berak, donostiar agintariekin bildu zenean, neurrigabekotzat jo zuen hiritarrengan sortutako alarma. Berez behar lukeena baino beldur handiagoa dugu, eta ez Donostian bakarrik.
 
Kriminologia Institutuan delinkuentziaren pertzepzio hori esplikatzeko darabilten bigarren aldagaia psikosoziala da, Cesar San Juanen hitz berak erabilita. Batez ere, hedabideekin zerikusia dutenak dira. “Gertakari batzuei oihartzun handia ematen zaie. Orain aste batzuk irakurri nuen, egunkari bateko titularrean, Bilbo eta Donostia arriskutsu bilakatzen ari direla. gero, barruko informazioan, benetako datua ematen zen, alegia, delinkuentziak behera egin duela bi hiri horietan”. Bada hedabideen jarreran eragiten duen beste faktore bat, berez merkatuari dagokiona: segurtasun-industriaren gorakada. “Jendea ez-seguru sentitzea bultzatzen du merkatu horrek”, dio San Juanek. Gai honetaz askoz argibide gehiago aurkituko duzue iazko abuztuan argitaratu genuen Neure burbuila seguruan erreportajean (Argia, 2148. zenbakia).
 
Hirugarren aldagaia inguruaren ezaugarri fisikoak dira. Badira leku batzuk, zenbait delitu mota egiteko aproposak direnak. Sexu-erasoak, batik bat. Eta kasu horretan bai, bat etortzen dira delitu kopurua eta herritarren pertzepzioa. Emakumeena, zehatz esateko. Ezagun dira azken urteotan hainbat hiritan (Basauri, Donostia...) egindako beldurraren mapak: emakumeak nekez eroso ibiliko diren guneak batzen dituzte halakoetan.
 
Sexu-erasoak alarma gehien eragiten duten delitu motetako bat dira, baina zenbakiz neurtuta oso gutxi dira, Euskal Herrian behintzat. Bortxaketa bakarra bada gehiegi, baina estatistika hotzari begiratuta antzeman daiteke era horretako erasoek oso pisu txikia dutela delinkuentziaren datu orokorretan. Gauza bera esan liteke hilketez, baina azken batean horiek dira, sexu-erasoekin batera, herritarrengan alarma gehien sorrarazten dutenak. Oro har, eraso fisikoek ikaratzen gaituzte, Cesar San Juanek dioskunez. Beldur handiagoa diogu kaletik goazela norbaitek, labana eskuan, 30 euro kentzeari, gauez lapurrak gure negoziora sartu eta urtetan pilatutako ondasun guztiak eramateari baino. Baina bigarren motakoak dira gehiago.
 
Hego Euskal Herria oso segurua da Espainiako Estatuan antzeko biztanle kopurua duten guneekin konparatuta, eta baita ere konparazioa Europar Batasunarekin egiten badugu. Hala ere, zenbait datuk delinkuentziak gurean hazkunde handia izan duela iradokitzen dute: 2004tik 2008ra %20 igo zen Ertzaintzak aztertutako delitu eta falta kopurua, eta %27 atxiloketena, Gasteizko Herrizaingo Sailak emandako datuek diotenez. Tentuz hartu beharreko datuak dira, hala ere. Esaterako, legedian izandako aldaketek eragin dute bide-segurtasunarekin zerikusia dauzkaten arau-hauste asko delitutzat hartzea orain, lehen ez bezala. Horrek asko puztu ditu delinkuentziari buruzko estatistikak, baina delitu “berri” horiek oso kezka gutxi sortzen digute. Besterik dira ondare pribatuaren aurka egiten direnak, lapurretak eta ebasketak. Manu Zarragoitia Bilboko Segurtasun zuzendariak adierazi digunez, Bizkaiko hiriburuan autoan egiten ditugun hutsekin batera horiek dira azken urteotan areagotu direnak –ez gehiegi hala ere–, eta beraz ulertzekoa da, haren ustez, herritarren segurtasun pertzepzioak behera egitea, Bilbo hiri lasaia izan arren.
 
Herritarrak babes eske

“Urtero egiten ditugun inkestetan kalean polizia gehiago ibiltzea eskatzen digute herritarrek”, dio Zarragoitiak. Segurtasunaz ditugun usteak ez dira teoriazko kontu hutsa, ondorioak dauzkate. Cesar San Juanen iritziz, “bizi-kalitateari dagokionez, gauza bera dira jendeak segurtasunik ez dagoela pentsatzea eta benetan segurtasunik ez egotea, horregatik garrantzitsua da administrazioak horri aurre egitea”. Ez da erraza ordea. San Juanek berak gogoan du orain urte batzuk Donostian suertatutako polemika: Altzako auzotarrek polizia gehiago eskatzen zioten Udalari, hark erantzuten zuen ezin zela polizia gehiago bidali jendeak segurtasunaz kezka handiagoa duen lekuetara, benetan delitu gehiago daudenetara baizik. Baina oro har, jendartearen eskariak aintzat hartzen dituzte agintariek, lehenbiziko paragrafoan esan ditugunak argi uzten dutenez. Babes eske ari gara, eta polizia gehiago ipintzen digute kaleetan, sarritan –ikus goiko koadroa– kalean jarritako kamerekin batera. Cesar San Juanek dioskunez, gainera Euskal Herrian oso ongi baloratuak dira segurtasun indarrak, kontrakoa pentsatzea balegoke ere. Orobat, lasaitu egiten gaitu patruilak kalean ikusteak.
 
Ondorio gehiago ere baditu zabalduz doan alarma honek. Horietako bat justizia-sistemari biguntasuna leporatzea da. Alfonso Gonzalez-Guijak, Bilboko epaile dekanoak, zera dio: “Egia da herritarrek sentsazio hori dutela: zigorrak txikiegiak dira, eta gainera ez dira behar bezala aplikatzen”. Delitu egile gehienak epaitegiko ate batetik sartu eta bestetik irteten direla kalean bolo-bolo dabilen leloa da. Eta ez kalean bakarrik. Manu Zarragoitiaren hitz hauek berretsi egiten dute, nolabait, uste hori: “Bilboko Udaltzaingoak atxilotzen dituenen %4 besterik ez dute espetxera bidaltzen; agian fiskaltzak beste kalifikazio bat eman beharko lieke aske gelditzen direnek egindako delituei, eta epaileek erabaki zorrotzagoak hartu”.
 
Kezka horri erantzuteko sortu ziren epaiketa azkar deritzen prozedurak. Ideia ona, Alfonso Gonzalez-Guijaren esanetan, baina porrot egin duena. “Egia da arau-hauste larriak, baina ez oso larriak –hiru urtera arteko espetxe zigorra daukatenak– egiten zituztenak ate batetik sartu eta bestetik irteten zirela, eta irten eta berehala delitu egiten hasten zirela berriz. Epaiketa azkarren filosofia zen mota horretako delituak guardian bertan epaitu ahal izatea, egilea lehenbailehen espetxeratu ahal izateko. Baina praktikak erakutsi du ezinezkoa dela epaiketa horiek aurrera ateratzea, egunak ez du ordu nahikorik eta epaitegietako langileak ez ziren iristen”. Justiziari biguntasuna egozten diotenen argudioek zutik jarraitzen dute, beraz.
 
Droga da delinkuentzia eragile nagusia

Delinkuentziaz oso bestelako irudia daukate Salhaketa elkartean. Carlos Hernandez Bizkaiko koordinatzaileak esan digunez, “delitu batzuk ‘delituago’ diren sentsazioa zabalduta dago jendartean, beste batzuk bezain arriskutsuak ez diren arren, eta ondorioz gehiago jazartzen dira batzuk besteak baino”. Espetxe barruetako egoera du eguneroko ogia Salhaketak, eta ikuspuntu horretatik dator delinkuentziaz egiten duten erradiografia: “Presoen %70 droga-trafikoarekin zerikusia duten delituengatik dago espetxean”, dio Hernandezek. Trafikoa bera dago batetik, droga lortzeko lapurtzea bestetik. “Uste dut delinkuente gehienak ez zutela horraino iritsi nahi, baina bizi duten errealitateak lehen delitua egitera bultzatu ditu, eta behin horra helduta zaila da ihes egitea”.
 
Etorkinak jomugan

Arrazoi sozio-ekonomikoak daude delinkuentziaren oinarrian, Salhaketaren ustez. Izan ere, Hego Euskal Herriko delitu-tasak Estatuko gainerakoekin konparatuz txikiak izatea EAEn eta Nafarroan ematen diren oinarrizko errenten ondorioa direla uste du Hernandezek, beste inon baino handiagoak baitira. Baina hedabide eta politikari askok beste leku batzuetara bidaltzen gaituzte errudun bila, salatu du. “Esaten ari dira delituak gero eta bortitzagoak direla, eta gezurra da. Pertsonen aurkako erasoek behera egin dute, eta ondarearen aurkakoak zertxobait handitu, baina datu guztiak nahasten dira ‘delinkuentzia’ izenpean, eta segurtasun falta sentsazioa eraikitzen ari dira. Dena biribiltzeko, etorkinei leporatzen diote horren erantzukizuna. Jendeak horixe entzun nahi du, azken batean arrazista delako”.
 
Immigrazioa eta delinkuentzia lotu nahi dituzten mezuek bide sendoa egin dute azken urteotan. SOS Arrazakeriara joan gara gai honetaz galdezka, eta erantzun digute nahiago luketela kazetariak ez joatea eurengana horrelakoez hitz egitera. “Delinkuentziaz hitz egiten den bakoitzean immigrazioaz hitz egiten bada, lotura horri balioa ematen ari zaio, eta ez du”, kexu da Diego Jauregui, Bizkaiko SOS Arrazakeriako bozeramailea. Jaureguik onartzen du, hala ere, mezu hori indar handiz zabaltzen ari dela, eta nola edo hala erantzun behar zaiola.
 
Erreportaje hau egiten genbiltzala, gure mintzakideetako bik aipatu dute atzerritarrek egindako delituen gorakadagatik kezka: Manu Zarragoitia Bilboko Segurtasun zuzendariak eta Alfonso Gonzalez-Guija epaileak. Datuetan oinarritzen direla diote, ez dagoela inolako arrazakeriarik horren atzean: delitu egileen artean, etorkin proportzioa handiagoa da jendarte osoan baino. Zarragoitia eta Gonzalez-Guijaren asmo onez zalantza egin gabe, kontua da delinkuentzia eta immigrazioa elkartzen dituzten estatistikek erro-erroan dutela gaitza, SOS Arrazakeriak zein Salhaketak eta baita ere Kriminologia Institutuko Cesar San Juanek azaldu dutenez.
 
Delinkuentziarekin benetan lotutako aldagaiak generoa eta adina dira, Diego Jaureguiren esanetan. Baita ere, nola ez, baldintza sozio-ekonomikoak. Eta jakina, etorkinen portzentajea askoz handiagoa da populazio-tarte horietan. Nolabait esateko, datozkigun atzerritar gehienak “delitu egiteko adinean” daude. Baina behin datuak behar bezala interpretatuta, ez da alde handirik sumatzen bertoko nahiz kanpoko jatorria duten delitu egileen artean. Kontuan hartzekoa da, bestetik, berton bizitzeko baimena ematen duten agiri ofizialak ez izatea badela delitua. Estatistikak gizentzeko osagai ederra.
 
SOS Arrazakerian lan handia egin dute urtetan, hedabideetan delinkuentziari buruz ematen diren berriak modu egokian tratatu daitezen. Jaureguiren berbetan, kazetaritzaren ikuspunturik ez du zentzurik delitua egiten duena atzerritarra denean haren jatorria aipatzeak. “Horrek gertatutakoa hobeto ulertzen lagunduko balu bezala!”. Komunikabideekin harremanean, denetik aurkitu dute; egunkari batzuetako arduradunek esan zieten eurentzat garrantzitsua dela delitu egilea etorkina denean horren berri ematea. Kasualitatez, edo ez hain kasualitatez, gehien irakurtzen diren egunkariak dira. Hala ere, lortu zuten zerbait: egunkariek zabaltzen dute albistea, baina hark badu jatorri bat SOS Arrazakerian jabetu ziren segurtasun indarrek zabaldutako prentsa oharretan zegoela atxilotutakoen jatorriaren aipamena, eta azkenik lortu egin zuten Arartekok gomendioa egitea Ertzaintzari eta Udaltzaingoei, aipamen horiek ezabatzeko. Ezin gauza bera esan Espainiako Estatuan ari diren poliziez.
Kamerak Bilboko San Frantzisko auzoan
Euskal Herrian delinkuentziak “hiriburua” badu, zalantzarik gabe Bilboko San Frantzisko auzoa da, gainerako euskal hirietan parekorik ez duen gunea. Azken asteotan, hizpide izan dugu San Frantzisko, Udalak delinkuentziari aurre egiteko paratu dituen 35 zaintza-kamerak direla eta. Auzotar asko ados ez, eta kalera atera dira oinarrizko eskubideei egindako erasotzat jo dutena salatzera. Manu Zarragoitia Bilboko Segurtasun zuzendariak dio, berriz, intimitateari kalterik ez zaiola egingo neurriarekin, besteak beste “ez delako egongo inor 24 orduetan kamerak grabatutakoa ikusten; delituak argitzeko besterik ez da erabiliko”. Arturo Izarzelaia Auzo Elkarteko kideak ez du uste, ordea, neurriak delinkuentzia gutxitzeko balioko duenik, orain dela urte dezentetik auzoan indarrean dagoen poliziaren zabalkunde bereziak balio izan ez duen bezala: “Ez dute delinkuentzia hemendik benetan atera nahi,hala gertatuko balitz hiriko beste leku batzuetara zabalduko litzatekeelako”.

ASTEKARIA
2009ko ekainaren 21a
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude