ARGIA.eus

2022ko urtarrilaren 29a
80ko hamarkadako musika iruditan

Muturreko musika zuri-beltzean

  • 80ko hamarkada apurketa sasoia izan zen, gauza berriak deskubritzearena; frankismo ilunetik demokraziaren hastapen antzekoetara bat-bateko jauzia. Aldarrikapenak, borrokak eta bizi-nahiak handiak ziren, eta guztiek kalean bat egin zuten. Ez hori bakarrik, ezerezetik musika, drogak eta pentsaera ezberdinak, kritikoak eta irekiak, biderkatu egin ziren ia era mugagabean. Historia hura liburuetan bezain ondo kontatu dute Jon Iraundegik eta Aitor Arregi “Txisto”-k beraien argazkietan.
Iker Barandiaran @IkerBarandiara
2009ko maiatzaren 17a
Lärm talde alemaniarra Andoainen. Aitor Arregik makina bat talderen irudiak hartu zituen 80ko hamarkadan
Lärm talde alemaniarra Andoainen. Aitor Arregik makina bat talderen irudiak hartu zituen 80ko hamarkadanAitor Arregi, "Txisto"
Gauza asko, ugari, zegoen egiteko eta borrokatzeko; eta ortzadar koloretsua oraindik heldu gabe zegoen, helduko bazen. Kaleko ahotsa, ezinegona, amorrua eta aldarrikapenak zabalduko zituzten lehen musika taldeak sortu ziren, ordura arteko ikuspegi artistiko eta ludikotik harago zihoaztenak. Instrumentuak lortu, gutxienekoa entseatu eta kanpora irten ziren esateko zeukatena axolagabeki, zekiten modu bakarrean, oihukatuz. Ahal zuten lekuetan jotzen zuten, uzten zietenean edo utzi gabe, lortzen zutenean. Dantzaldietan, jaietan, inprobisatutako lekuetan, arriskatzeko prest zeuden taberna edo pub-etan; eta gerora, autogestioa praktikan jarrita, lehenengo gaztetxeetan.

Halakoa zen bizipen eta sentsazio berrien egarria, gehienek momentua irentsi nahi zutela, gelditu eta gertatzen ari zenari erreparatu gabe. Esaerak hala dio: oso zaila dela momentua bere horretan bizi, eta aldi berean gertatutakoa jasotzea eta ñabarduretan eta zergatietan adi egotea, besteei kontatzeko. Hala, oso gutxi ziren talaiatik gertatzen ari zenari so egin eta idatziz zein irudiz ondorengoentzat hori guztia jaso zutenak. Horietako bi izan ziren Andoaingo Aitor Arregi “Txisto” eta Irungo Jon Iraundegi, orrialde hauetara ekarri ditugun sasoi hartako bi testigantzen egileak.

Jon Iraundegi oso gaztetan hasi zen aitaren kamera hartuta kontzertuetan argazkiak egiten; eta Bidasoaldean zein Donostialdean hara eta hona ibili zen lehen kontzertu haietan, 90eko hamarkadaren erdialdean aspertu eta nazkatu zen arte. Azken urteotan berriro ekin dio zaletasun horri; eta horrekin batera, 80ko hamarkadan egindako ehunka argazki azalera atera ditu, luzaroan gordetako altxorra erakutsi eta aldi berean publikoarekin elkarbanatuz.

Aitor Arregi “Txisto” zorionekoa izan zen sasoiko beste gazte asko bezala, bere herriko, Andoaingo, gaztetxea Euskal Herriko eta atzerriko talde askorentzat erreferente bihurtu zelako. Euskal talde esanguratsu gehienez gain, nazioarteko underground eszenako talde garrantzitsuenak handik pasa ziren; eta guztiak “Txisto”-k jaso zituen. 90eko hamarkadan Santi Manterolak eta biek bere lanaren muestra bat Scrapbook izeneko photo-fantzinean argitara eman arren, “Txisto” hil eta hamabost urte pasa behar izan dira Manterolak eta gazte asanbladakoek 3.000 argazki inguru eskaneatu eta Istorio bat kameraren atzean liburu-DVDa kaleratu duten arte. Interneten eskuratu daiteke liburua.
Andoaingo gaztetxea: rockaren erakusleku eta nazioarteko undergroundaren enbaxadore
80ko hamarkadan kontzertuak egiten hasi ziren Euskal Herriko hainbat lekutan; eta nabarmenetako bat Andoain izan zen. 1983an egin zituzten lehenak, pilotalekuan, eta Aitor Arregi ”Txisto” musikazalea kontzertuak irudietan jasotzen hasi zen. 1984an, baina, lehenengo gaztetxea okupatu zuten herrian eta Euskal Herri guztiko taldeek bisitatu zuten Andoain: Basura, RIP, Bap!, Cicatriz, Hertzainak, Heriotza, Puñetazo, Eizen, Tijuana In Blue, Tortura Sistematika, Karkaxa, La Polla Records, Familia Iskariote, Anestesia eta beste asko; baita Kataluniako Subterranean Kids, L’odi Social, Antidogmatics eta Aragoiko IV. Reich ere, besteak beste. Guztiz erreferentziala zen gaztetxea musika ekimenari dagokionez, eta Javi Destruyeri esker nazioarteko underground taldeak ere hurbiltzen hasi ziren: Negazione, BGK, Lärm, Jingo De Lunch, Scream –Foo Fighters eta Nirvana taldeetan gerora arituko zen Dave Grohl barne–, Snuff, Toxic Reasons, Blut & Eisen, Frites Modern eta beste asko. Atzerriko punk eta hardcore taldeen artean puntakoak ziren gehienak, eta Destruyek eta Andoaingo Gazte Asanbladakoek –beste leku gutxi batzuetan moduan– erakutsi zuten do it yourself leloa ekintzara eramatea posible zela: inongo aurrekontu, beste munduko azpiegitura gabe, baina ilusio handiarekin. Gerora, etorriko ziren areto komertzialak, baina ilusioz eta ekimenez betetako zuri-beltzezko garaiak ”betiko” gelditu dira izan zenaren lekuko ahaztezin.
Jon Iraundegirekin elkarrizketa
Iraganeko ehunka pasadizo errebelatu gabeko oroimenean

Noiz hasi zinen argazkiak egiten?


1984ko abuztuan. Nire talde kuttuna zen AC-DCren Donostiako kontzertura joan nintzen eta aitaren Zeiss Ikon kamera hartu nuen. Egunkarietako kontzertuen argazki eta artikuluak gordetzen nituen; eta antzeko zerbait egin nahi nuen. Dokumentua izatea, neuk gorde eta gogoratzeko. Luzaroan jarraitu nuen. Bigarrena Irungo Urantzu pilotalekuan izan zen: Kortatu, Zarama eta Baldin Bada taldeek jo zuten.

Bazegoen beste argazkilaririk? Zer zailtasun izan zenituen?


Ez nuen beste argazkilaririk ikusten, ez behintzat inguru honetan. Pablo Cabeza ere bazebilen, baina gehiago... inor gutxi. Orduan ez nuen lanik, ezta dirurik ere. Kontzertuetara karrete bakarra eramaten nuen. Horregatik argazkien aukeraketa oso garrantzitsua zen, argazki oso gutxi egin nitzakeen.

Zeintzuk dira zure argazki kuttunenak? Eta zeintzuk erretratatu ezin izan zenituen taldeak?


Asko poztu ninduen Kortatu taldearekin Fermin Egiako gaztetxean salto egiten harrapatzeak. Aspalditik neukan buruan, eta saiatu eta lortu nuen. Oso gustuko dut La Pollako Txarliri bota batetik edaten egindakoa ere. Bestela, Eskorbuto eta The Clash harrapatu ez izanak asko penatzen nau.


90eko hamarkadan argazkiak egiteari utzi zenion. Iggy Popen kontzertu batek eragina izan zuen.


Hainbat gauza izan ziren. Batetik, errebelatu, pelikula, paperera pasatu... lan handiegia zen. Bestetik, atzerriko taldeei argazkiak egiteko eragozpenak jartzen zizkiguten... Iggy Popen kontzertu batean argazkilari guztioi karreteak kendu zizkiguten. Nazkatu egin nintzen, eta luzaroan ez nuen argazkirik egin, nahiz eta kontzertuak ikusten jarraitu.


Orain dela urte batzuk kamera berriz hartu zenuen...


Bai, argazkiak egiteko tentatuta nengoen berriro, eta kamera digital bat eskuratu nuen. Iraganeko errebelatuen magia galdu egiten da, baina praktikotasuna kontuan hartuta, nahiago dut honela aritzea.

80ko hamarkadako argazkiak luzaroan etxean izan dituzu eta azkenean jendaurrean erakustea erabaki duzu...


Bai, 2007an Flickr-en kontu bat sortu nuen eta argazki zaharrak eskaneatzen hasi nintzen. Gaur egungoak eta zaharrak batuta 1.400 bat irudi izango ditut zintzilikatuta, eta dagoeneko 47.000 bat bisita izan ditu. Harrituta nago jendearen mezuekin, harrera oso ona izan dute. Argazkiak niretzat egiten nituen, baina bistan da orduko taldeen oso argazki gutxi dagoela, eta jendearen arreta pizten dutela.


Talde haiek arrasto handia utzi zuten zugan?


Nire taldea Kortatu zen, baina zuzenean Cicatriz ziren onenak. Talde eta une oso onak ditut gogoan, baina gaur egungo talde batzuk ere ikaragarriak dira: onenak Berri Txarrak. Bestela, Bidasoan ere talde onak eta interesgarriak daude: Lisabö, Bad Sound System, Layo Raser...

Espero zenuen zure Flickr-en kontuak eta Beltza Recordseko erakusketak halako harrera izatea?


Ez, gehien harritu nauena da komunikabideetan izan duen oihartzuna. Ez nago ohituta. Bestalde, argazkilaritza hobbya da niretzat, baina argazkiak sinatu egin beharko lirateke.

Azkenak
Jokin Bildarratz
"Haurrak ez dira dianan jarri, bilatu da defentsa gutxiago zituztenak babestea"

Pandemia garaiko hezkuntza protokoloen eraginkortasunaz, umeei ezarritako neurriez eta ikastetxeetako lan kargaz galdetu diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari. Curriculuma, Euneiz eta konpetentziak ere izan ditugu hizpide, baita Legebiltzarrean egosten ari den... [+]


Nazionalismo espainiarraren armak gerra kulturala irabazteko

Hamarkada hau arma sinboliko berriak karga-karga eginda abiatu du nazionalismo espainiarrak. Sumatzen da. Sentitzen da. Zenbatu daiteke. Baina nola lortu dute eztabaida publikoan horrela eragitea? Pablo Batalla Cueto historialari eta idazle asturiarrak iaz argitaratu zuen Los... [+]


2022-01-30 | Julen Azpitarte
David Wojnarowicz
Rimbaud-en mozorropean hazitako artista disidentea

David Wojnarowicz (New Jersey, 1954 - New York, 1992) artista estatubatuarrak  hizkuntza, baliabide eta egiteko moduen arteko mugak hautsi zituen bere obran, zeina 1980ko hamarkadan garatu zen. Diziplina anitzeko sortzaile, artista bisual, poeta, idazle, musikari,... [+]


Ezetz astea ondo bukatu
Eskandaluak eta balizko maniobrak

Goiko esferetan mugitzen diren gizaseme zoriontsu guztiak antzekoak dira, eta egin behar ez luketen zerbait egiten atzematen dituzten guztiak berriz, bakoitza bere modukoa. Boris Johnson eta Iñaki Urdangarin, BoJo eta Besoluze –horrela deitzen omen dio Juan Karlos... [+]


Irakurrienak
ASTEKARIA
2009ko maiatzaren 17a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude